Donostiako Medikuntza fakultatean ikasten ari ziren zenbait gazte osasunaren munduan euskarak bultzada baten beharra zuela ohartu ziren. Hala, 80ko hamarkadaren bukaera aldean bilerak egiten hasi ziren, eta Nafarroako, Arabako eta Bizkaiko zenbait sendagile, erizain eta ikaslerekin bildu ostean, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea jaio zen. 1990ean elkarte bezala eratu zenetik, OEEren bazkideen kopurua etengabe hazi da, eta dagoeneko 650 ikaslek, erizainek eta sendagilek osatzen dute. Hauetako askok OEEren zuzendaritza batzordeak antolatu ekitaldietan parte hartzen dute.
Nafarroako Autonomia Erkidegoan, berriz, egoera zerbait hobea da. Izan ere, Administrazioko legeek zonalde euskaldunean eta mistoan jardun behar duten sendagile eta erizain euskaldunen gutxieneko kopurua aurreikusten dute. UPNren Gobernuak, dena den, legeok bete ez daitezen oztopo ugari jarri ditu, eta Osasunbidean gutxieneko kopuru horiek askotan ez dira errespetatzen. Hori dela-eta OEEren kideek behin eta berriz salatu dute Hego Euskal Herriko zerbitzu publikoetan euskaldunen oinarrizko eskubideak egunero urratuak izaten direla.
Osasun munduan, gainera, mugikortasuna eguneroko ogia denez, Espainiatik mediku eta erizain erdaldunak etortzen dira, eta kasuon gaixo euskaldunek gaztelerara jotzeko ohitura dute. Honen inguruan zera dio Jose Ramon Furundarenak: "Gaixoak eta sendagileak elkar ezagutzen ez dutenean, gaixoak gaztelerara jotzeko ohitura du, nahiz eta biak euskaldunak izan. Antza, gaixoak uste du, euskaraz eginez gero, sendagilearekiko harremanak mikaztuko direla. Sarritan, gainera, gaixo horrek sentitzen duen mina euskaraz hobeto azalduko du".
Unibertsitatean ere nahi eta ezin.
Medikuntza, Erizaintza eta osasunarekin zerikusia duten beste ikasketetako fakultateetan ikasle eta irakasle euskaldunek ez dute egoera gozorik bizi, euskarazko klaseek oztopo asko baitituzte. Esate baterako, oraindik liburu asko gazteleraz baino ez daude, eta apunteekin lan egitera behartuak dira. Ildo horretan, OEEk urtean zehar osasunaren inguruan euskarazko liburugintzan nabarmendu direnei Jose Antonio Agote saria ematen die eta, bide batez, euskarazko liburuen sorrera sustatzen du.
Dena den, hori ez da euskal adarrak duen arazo bakarra, irakasle euskaldunek bete behar dituzten lan baldintzek ere kexu asko eragiten dituzte. Irakasleok Medikuntza fakultateetan lan egiten dutenen %5 baino ez dira (545etik 25), baina beraiei dagokie ikasketen kredituen ia erdia ematea, eta irakasle gehiago kontratatu ezean, klaseen masifikazioa larriagotuko da.
EHUko irakasle Angel Bidaurrazaren hitzetan, "erdal sistema batean ezin da euskara garatu, eta unibertsitateko agintariei gure hizkuntzaren erabileraren normalizaziorako abian diren planei bultzada ematea dagokie. Gainera, euskarak fakultateetan ez ezik, praktikak egiten diren erietxeetan ere bere lekua izan behar du, eta horretarako unibertsitatearen eta Osakidetzaren arteko hitzarmen bat beharrezkoa da". Izan ere, Medikuntza eta Erizaintzako ikasketetan trebatutako gazte euskaldunek ez dute praktika eskola horiek euskaraz egiterik. Odontologiari dagokionez, bukatu berri den ikasturtean matrikulatu ziren 50 ikasleetatik 16k euskal ereduan ikasteko borondatea agertu zuten, nahiz eta ikasketotan euskaraz derrigorrezko irakasgai bakarra egon, mikrobiologia hain zuzen ere. Azkenik, Farmazia karrerako lagunek oraindik ezin dituzte lehen ikasturteko irakasgai guztiak euskaraz jaso
![]() |
|
||||
1864 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa