LETRA TXIKIAZ BADA ERE
Joan Mari Irigoien
ELKAR
283 orrialde
17,80 euro
JOAN MARI IRIGOIENEN AZKEN POEMAK
Dokumentu garrantzitsuren bat izenpetu beharrez gero, hobe adi egotea letra ñimiñoetan agertzen den zehaztasunari, itxuraz ez dirudien arren haietantxe egon ohi baita zizelkaturik agindutakoaren benetako esanahia. Eta antzeko zer edo zer egitea proposatzen dio Joan Mari Irigoienek bere azken poema liburuaren balizko irakurleari, letra txikitan ezartzean barren-barrenetik ateratzen zaizkion gogoeta horien gezirik zorrotzenak. Gauzak horrela, begiak behartu behar baditu ere, zentzumenak erne eduki beharko ditu «Letra txikiaz bada ere» poema bilduman adierazten dena bereganatu nahi duen orok, letra arruntaz ematen zaion mezua borobiltzen duten txikitasun horietara jarriz. Joan Mari Irigoien ez datorrelako bat munduko izugarrikerien aurrean burua harrien azpian ezkutatzen dutenekin, ostruken antzera, eta are gutxiago beste aldera so egiten dutenekin. Izan ere, Joan Mari Irigoieni ez zaio zorion bigunik interesatzen, izugarrikeria guztiak aintzakotzat harturik eraiki nahi ditu bere esperantzak. Horrela aitortzen du bere poema liburu honen hitzaurrean bertan, izugarrikeria eta esperantza hitzak letra txikiaz agertzen diren horretan.
KEA UR GAINEAN
Iban Zaldua
ELKAR
74 orrialde
5,90 euro
NESKATO HEAVY METAL-ZALE AMORRATUA
Hamabi urtetik aurrerako irakurleei zuzendua dago «Kea ur gainean», neskato heavy metal-zale amorratu bat protagonista duen kontakizuna. Iban Zaldua idazleak gaztetxoentzat espreski burututako lehen argitalpen honetan, Deep Purple, AC/DC, Scorpions, Motorhead, Su ta Gar eta enparauekin primeran pasatzen duen neska kementsu bat aurkituko dugu. Hainbeste gustatzen zaizkio, bizitza pasako lukeela haiek entzuten, bere gurasoengatik ez balitz. Izan ere, haiek gorroto dute musika «zaratatsu» hori, edo horrela ematen du behintzat, Iron Maiden-en azken diskoa oparitu beharrean, Alaitz eta Maiderrena ekartzen baitiote, eta neskatoak bere dirutik Blind Guardian-en alkandora eder bat erosten duenean, alkandora hori janzten ez baitiote uzten.
BASAMORTUKO GAUAK
Roberto Mielgo
GERO
55 orrialde
6 euro
DROMEDARIO BIZANTIARRAREN JAKITURIA
Zortzi-hamar urtetik aurrerako irakurleentzat oso dibertigarriak izan daitezkeen kontakizunen bilduma bat eskaintzen du Roberto Mielgo Merino sestaoarrak idatzitako «Basamortuko gauak» liburuak. Narratzailea basamortura doa oporretara, baina behin han, ezin du jasan egiten duen bero gogorra eta lo pasatzen ditu egun guztiak. Gauak iristean, ordea, logurerik ez du, eta aspertu egiten da zeharo, ahalik eta hitz egiten dakien dromedarioa ezagutzen duen arte. Geroztik ezinhobeto ibiliko da, zergatik dauzkaten gameluek bi konkor, nolatan ateratzen zaigun kakazia belarrietan, zer dela-eta zenbait puzkerrek ez duten hotsik ateratzen eta beste hamaika gauza interesgarri ikasiz.
CUENTOS DEL TREN
Seve Calleja
ESPASA
242 orrialde
6,75 euro
TRENA ARDATZ DUTEN KONTAKIZUNAK
Makina bat idatzi da trena ardatz harturik. Zela trenaren historiaz, trenbidea eraikitzeak erakarri zituen aldaketa izugarriaz, trenean bertan gertatutako egiazko edota fantasiazko gorabeheraz, ala trenean joan zitezkeen bidaiarien konportaeraz, gauza da trenaren inguruko lan ugari eta oso ezberdinak plazaratu direla. Eta horren adibide garbia ditugu Seve Callejak osatutako antologia honetan agertzen diren hamazazpi kontakizunak, Zane Greyk, R. L. Stevensonek, Stephen Cranek, O. Henryk, Arthut Conan Doylek, Émile Zolak, Isaak Babelek, Jan Nerudak, Vicente Blasco Ibañezek, Leopoldo Alas «Clarin»ek, Sakik, Anton Chéjovek, Charles Dickensek, Guy de Maupassantek, Eduardo Zamacoisek eta Ignacio Aldecoak idatziak.
JAINKOAREN ANTZERKIA: PURGATORIOA
Dante Alighieri
HIRIA
171 orrialde
14,50 euro
«DIVINA COMMEDIA»REN BIGARREN ATALA
Dante Alighierik sortu zuen «Divina Commedia» epopeia mistikoa Aita Onaindiak egokitu zuen osorik euskarara, bere egunean, «Jainko Antzerkia» izenburuarekin. Hiria argitaletxeak orain kaleratzen duen «Jainkoaren antzerkia: Purgatorioa» deritzan hau, bertsio hartan sustraiturik Joxan Agirre Begiristainek eginiko lanaren bigarren atala da. Joxan Agirre Beristainek ahalik eta gehien bere hartan utzi du Santi Onaindiaren itzulpena, euskara batuaren arauek ezinbestekotzat jotzen dituzten aldaketak izan ezik, egungo irakurleek poeta italiarraren lan paregabea goza dezaten. Infernua, Purgatorioa eta Paradisua kantuez osaturik dago drama espiritual hau, non Dante, Beatrice eta Virgilioren eskutik, Jainkoaren itzalera hurbiltzen doan.
MARIASUN LANDA
Xabier Etxaniz Erle/ Mariasun Landa
DONOSTIA KULTURA
24 orrialde
MARIASUN LANDA IDAZLEAREN LIBURUAK
Mariasun Landak idatzitako guztia jasotzeko irrikaz egon ohi direnei oso lagungarri gertatuko zaie Donostiako Liburutegi Nagusiko Haur eta Gazte Liburuaren Dokumentaziogunetik igorri diguten irakurketa-gida hau. Xabier Etxaniz Erleren aurkezpena, Mariasun Landa beraren «Elefante txori-bihotzak» eta idazle honek 1982tik aurrera urtez urte kaleratu dituen liburuen erreferentziak eskaintzen ditu, hala nola gaztelerara, katalanera, galizierara, grekerara, bretoierara, albanierara, ingelesera, frantsesera, aranesera eta alemaniarara itzuliak izan diren ipuinei buruzko zehaztasunak. Horrez gain, Mariasun Landaren artikuluen zerrenda, egile honen inguruan idatzi diren zenbait artikuluena, eta Interneten berari buruzko informazioa non aurkitu.
KARMEL
Batzuen artean
EUSKAL HERRIKO KARMELDARRAK
127 orrialde
11,50 euro urteko harpidetza
«KARMEL»EN AZKEN ZENBAKIA KALEAN
Euskal Herriko Karmeldarrek kaleratzen duten «Karmel» aldizkariaren azkenengo zenbakian, honoko gai hauek aurki daitezke, besteak beste: Bitoriano Gandiaga gogoan: heriotza bizitza-hazia, Euskalkia eta Administrazioa, Nafarroako euskara 2002an, Irakaskuntzaren berbalizazioa, Lehen sektorea aldatzen Euskal Herrian, Euskararen gizarte erakundeen Kontseiluaren historia eta egitasmo nagusiak, Irakasle kaleratuak hamar urte luze unibertsitateko atean Euskal Unibertsitatea eskatzen, Eukaristia: erreiñuaren sakramentua, Bakea prestatu: Bilbo, Donostia eta Gasteizko gotzainen Pastoral Idazkia, Kronika euskal bertsoetan, Joxerra Garziaren «Tunelaz bestaldean» idazlanaren kritika eta Joxean Artze eta Lorentzo Zugazagaren zenbait olerki.
Cuerno de Chivoren gizarte kritika
CUERNO DE CHIVO
Cuerno de Chivo
GOR
10 kanta
13,19 euro
Nafarrak dira Cuerno de Chivo osatzen duten guztiak, batzuk Olitekoak, beste zenbait Noaingoak eta iruindarrak gainerakoak. 1999an sortu zen taldea, Flemako Isaac eta Criando Malvaseko Iban eta Bolas Iñigo eta Jorge abeslariekin eta Begoña eta Maider trikitilariekin elkartu zirenean. Orduan, inolako musika eredu finkorik ez zuten jarraitu nahi eta, besteak beste, hip-hop, funky eta hardcore doinuak jotzen zituzten. Honokoa da denak baturik eta Gor diskoetxearen eskutik grabatu duten lehen CDa, eta hauexek eskaintzen dituzten kanta zirikatzaile bezain zorrotzak: «Progre SOS», «H.P.», «El columpio», «Música», «La llamada», «Antipatrix», «Mora verde», «Imagínate», «Encefalograma plano» eta «!50 X (Cuerno de Chivo)».