Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-07-28 -- 1864.zenb

Pilar Iparragirre

Zer-nolako indarra daukaten kantuek! Zozoena eta errepikakorrena izanda ere, atsegin osoz gogoratuko dugu, bizitzan dastatu ahal izan dugun une politen baten oroigarria bada. Eta alderantziz, onena izanda ere, higuin bereziz entzungo dugu, bihotzean min eman zigun mementoa ekartzen badigu gogora. Nago, behintzat, horrelako zer edo zer gertatuko zitzaiola ZERUKO ARGIAko editorialgileari, 1972ko udan oso ezaguna egin zen kanta batekin, «Baserrian ala kalean obeto?» izenburua zeukan editoriala idazteko oinarritzat hartu zuen harexekin prezeski.



NON OTE NEKAZARIA?

«Nun da nekazaria?» edo antzeko tituluren bat zeukan kanta horrek, baina ezin esango dizuet nork kantatzen zuen, nahiz ahalegin bat baino gehiago egina naizen hori jakin nahian. Oso ondo gogoratzen dut abestiak zeukan leloaren hasiera, eta binaka helduta dantzatzeko baltse moduko baten doinua zuela ere bai, baina hortik aurrera, jai duzue nirekin! Nolako mezua ote zen berea? Ideiarik ere ez. Ziur dakidan bakarra, Z. ARGIAko editorialgileari sortu zion amorru mindua da. Hara zergatik diodan hori: «æNun da nezakaria?Æ abesten ari ziren oraindik orain Gipuzkoako errixka batean, festa egunez, soiñujoleak. Ez dakit dantzan zebiltzan gaztetxoak baserrikoak ala kalekoak ziren. Kalekoak, noski».
Txan-ta-ta-txun! Zer zela-eta horrelako baieztapen lehorra, irakurle orori zuzendua zihoakion editorial batean? Irakurri, irakurri, jarraian zioena: «Nun da nekazaria? Sasoia ere alakoa da eta baserrian, noski, lan eta lan, jo eta ke. Belar ontzen, agian. Ez dauka dantzarako astirik. Ezin egin ahala lan dauka eskuartean. Nun da nekazaria? Baserrian, bakardadeaz eta lanaz, okiturik. Kalera jeisteko irrikatzen. Kaleko zarataren eta jende pilloaren egarriz».
Ene, bada! Ederra egin zuen kantu haren asmatzaileak, kale bazterretik lurra landuz bizi den pertsonaz gogoratuz! (Editorialgileak zioenaren eraginpe hutsean jotzen dut kaletartzaz «Nun da nekazaria?» horren egilea, noski. Barkatuko ote dit hala ez bada...). Edonola ere, nekazariak kalera jaisteko daukan grina gaiztoan geunden, eta hara itzultzea hobe: «Ez da arritzekoa», editorialgilearen esanetan. Ezetz? Zergatik ote zion hori? «Baserria ez da kaletik ematen duen bezain eder eta zoragarri. Eguzkitik eguzkira lana, jan aukerarik ez, lagunarte motza, ezin-bizi latza, etorkizunik gabe, zahar eta gazteen arteko burruka sukalde berean, atseden eta jolasik eza, kultura bideak auzoan...».



KALEAN ERE, ZAKURRAK HANKA HUTSIK

Gelditzeko moduko lekua, alajaina, editorialgileak irudikatzen zuen baserriarena! Harritzekoa da nola bizi ote zitekeen inor bertan, aterabide bakar bat ere ez zuen zulo beltz horretan. Dena den, arazoak ez zuen irtenbide errazik, zeren kalean ere zakurrak hanka hutsik zebiltzan, Z. ARGIAko editorial hark zioenez: "Aspertuta, nekazaria, baserrian. Nazkatuta, kalean, ikusten denez zenbait tokitan kaletarra. USAn, ægazteetarik %85-ek kaletik, hiritik alegia, aldegin nahi dutela. Nora ote? Herri txikitara batzuek, hiri-inguruetara beste batzuek; baina baserrira gehienek: mutiletarik %28,2-k eta nesketarik %35,8-k baserritar izan nahi luketeÆ».
Nonbaitetik jasotako datuak behar zuten izan haiek, jarraian hau zetorren-eta: «... Suezia dator, USAren orpotik, Europako aintzindari. Frantzian bertan, atzerago, ia bostehun ækomunaÆ daude gaur. Arrigarri eta berri den beste zerbait ere ari omen da gertatzen USAn: postu inportanteei utzita, lan txikitara bihurtzen direla, gizatar kutsua duten eginkizun apaletara eta esku-lanetara beraz. Ekonomi-maillan jetxi beharrak ez omen ditu inolaz ere atzera arazten».
Gero, fenomeno hark guztiz txunditua zeukan editorialgileak arrazoiak bilatzeari ekiten zion bat-batean: «Bakardadeak eta lanak ez ezik, jendearen emanak, zaratak, dantzak, jolasak, zurrutak, diruak eta abarrek ere okitu egiten du jendea. Ez dituzte ekonomiak eta politikak gizonaren arazo guztiak konpontzen. Zibilizazioa bera bihurtu da gizonarentzat gogaikarri. Kale zuloak ere nazkatu egin du jendea. Eta ostera mendiruntz abiatu da. Berriro baserria du amets. Baserriko pakea. Baserriko bizimodua. Izan ere, zulo bat itxi eta beste bat ireki egin ohi zaigu gizonoi. Arazo bat zuzendu eta bestea sortu. Orregatik erakunde berri bat ez ezik zibilizazio berri bat ere eskatzen du gaurko gizonak. Ez dio erdizkako erantzun bat eman nahi bere bizitzari, erantzun oso bat baizik».

Paradoxikoena zera da: berak gogoeta hau guztia idazten zuen bitartean, seguruenik hor izango zuela buruan «Nun da nekazaria?» abestia, kolpeka...

Daniel Udalaitz

Euskal Herrian, menderatu ezineko gorabehera bihurtu zaigu laneko istripuen eta heriotzen arazoa. Bistan denez, gero eta handiagoak dira produkzio kateko agente guztien kontzientzia, prebentzioko kanpainak eta arreta publikoa, baina hala ere ez dira batere aldekoak eta pozgarriak 2002ko lehen sei hilabeteetako datuak. Horrela jarraituz gero, behin behar eta, gailurra joko dugu berriz ere urtearen amaieran, laneko istripu larrietan eta heriotzetan. Lehen aldi honetan, istripu arinak soilik gutxitu dira, eta, ondorioz, laneko bajak. Horixe da aldeko datu bakarra.
Esan gabe doa, beraz. Batetik, ezinbestekoa da prebentzioko neurriak ugaltzea. Bestetik, katean parte hartzen duten guztiek jabetu behar dute beren erantzukizunaz, hala nola, langileak berak, enpresako komiteek, enpresaburuek, sindikatuek, administrazioek eta justiziak. Horrela bakarrik murriztuko da ia zeharo edo desagertuko lan munduko lakra hori, zeinen ondorioz mila langilek baino gehiagok galdu baitute bizia Euskal Herrian joan deneko hamar urteetan eta aulki gurpildunetan edo betirako elbarri geratu baitira beste ehunka langile.
77 LANGILETIK GORA HIL DIRA. Urteko lehen sei hilabeteetan, 77 langiletik gora hil dira Euskal Herrian. Oraingoz ez dago zifra ofizialik. Kopuru hori hilez hil jaso ditugun datuetatik atera dugu, eta litekeena da errealitatea gordinagoa izatea. Artikulu hau idazterakoan, urteko lehen bost hilabeteen gaineko datu ofizialak genituen aurrean: 73 langileren heriotza agertzen zitzaigun, lanerako bidean hildakoak barne. Estatistika ofizialek laneko heriotza gisa hartzen dituzte laneko joan-etorrietako heriotzak, "in itinere istripuak" baiteritze legeak horrelakoei. Iazko aldi bereko zifra ofiziala eta aurtengoa konparatuz gero, heriotzak %15ean igo direla ondorioztatzen da. Lehen sei hilabeteetako heriotzen geure datuetan, bestalde, otsailean eta apirilean Lapurdin eta Nafarroa Beherean hildako hiru langile ere jaso ditugu. Zifra horrek gogotik kezkatzen du, ongi aztertuz gero, adierazten baitu Euskal Herrian batez beste 13 langile hil direla hilero, joan deneko sei hilabeteetan.
Datuak herrialdeka hartuz gero, Nafarroan gertatu da heriotza igoerarik handiena, iazko eta aurtengo aldien artean. Bederatzi langile hil ziren lurralde horretan 2001eko lehen sei hilabeteetan; alabaina, 16 hil dira 2002ko aldi berean. Ehunekora aldatuz gero, %77ko igoera ateratzen da. Gipuzkoa ageri da hurrena, heriotzen igoeren zerrendan: %55,56ko hazkundea gertatu da lurralde horretan. Hogeita zortzi hildako guztira, horietako zazpi laneko joan-etorrietan. Beraz, 21 langile hil dira lanpostuan, 2002ko lehen sei hilabeteetan. Iaz baino 10 gehiago edo %91 gehiago. Araban ere gora egin dute heriotzek, urteko lehen sei hilabeteetan: 28,57ko igoera ehunekoetan. Beste era batera adierazita, 7 heriotza 2001ean, 9 heriotza 2002an. Bizkaian, aldiz, behera egin du laneko heriotzen zenbatekoak, 2002ko urtarriletik ekaina bitartean: %37an hain zuzen. Iaz 27 langile hil ziren lehen sei hilabeteetan; aurten, ordea, 17 heriotza gertatu dira.
Datuak sektoreen arabera aztertuz gero, industriakoan ez beste guztietan behera egin dute laneko heriotzek EAEko hiru lurraldeetan, hots, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, eraikuntzako sektorean goratu da gehien laneko heriotzen zenbatekoa. Ipar Euskal Herriari dagokionez, laborantza eta mantendu elektrikoko sektoreak izan dira zoritxarrekoenak.
Ekaineko datu ofizialak eta Ipar Euskal Herrikoak falta bazaizkigu ere, egiaztatu dezakegu laneko 30.517 baja izan direla Hego Euskal Herrian, urteko lehen bost hilabeteetan. Hortaz, iazko aldi berean baino %5,7 gutxiago. Bestalde, Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroa lurraldeak batera hartuta, %5,8an murriztu dira istripu arinak eta %5,7an igo dira istripu larriak.
KEZKA SORTZEN DU ENPRESETAKO PREBENTZIOAK. Sindikatuak eta enpresetako komiteak etengabe ari dira salatzen laneko istripua, baita prebentzioko nahiz laneko segurtasuneko neurri gehiago aplikatzeko eskatzen ere. Aspalditxotik, laneko heriotzaren bat gertatu orduko antolatzen dituzte kontzentrazioak eta egiten dituzte lana uzteko deialdiak. Bistan denez, ordea, salatze hutsa ez da nahikoa. Laneko osasunaren ardura duten organismo ofizialek, EAEko Osalan erakundeak kasu, enpresetako antolamendu prebentziozkoa hobetzeko ahaleginean dihardutela adierazi dute azkeneko aste hauetan.
Alde horretatik, Osalan erakundeak dio datu sistema gutxieneko bat garatzen ari dela, osasuna kaltetzeko eran lanean diharduten langileen egoeraren berri denbora errealean izate aldera. Aurtendik aurrera, Osalan erakundeak kontrolatu egingo du prebentzio sistemak ikuskatzeko betebeharra. Berebat, Dekretu bat landuko du, enpresez kanpoko prebentzio-zerbitzu espezializatuko erakundeak baimentzeko eta erregistratzeko sistema hobetzeko asmoz. Azkenik, prebentzioaren gaineko ikastaroak osatzen eta sakontzen segitzeko asmoa du, enpresetan laneko osasunaz arduratzen diren ordezkariak trebatuagoak izan daitezen

Ainara Gurrutxaga

Kartoizko maletak. Barruan ezer gutxi eduki arren, zama eramangaitza izaten dute emigrante batzuentzat. Izan ere, arropek baino kilo gehiago pisatzen dute sarritan oroitzapenek, tristurek eta usainek. Ezin ahaztu, ordea, maleta hori emigrantearen lagun min bilakatzen dela munduan zehar ogi bila -edo askatasun bila, nork daki- abiatzen denean.

Tanttaka antzerki taldeak Castro izeneko galiziar etorkin baten maleta zabaltzen digu bere azken ikuskizunean, barruan daramatzan sentipen eta bizipen ezkutukoenak erakusteko. Manuel Rivas idazle eta kazetari galiziarrak 2000. urtean argitaratu zuen «A man dos paínos» eleberria da muntaiaren oinarri. Jatorrizko liburua oso ezberdinak diren hiru atalez osatuta dago. Lehen atala emigrazioari buruzko narrazio bat da, fikziozkoa. Bigarren eta hirugarren atalak, aldiz, Rivas berak aterarako hainbat argazkiz eta kazetari-testuz osatuta daude. Azken honetan hainbat naufragoren testigantzak bildu zituen. Tanttakak elementu horiek guztiak bildu nahi izan ditu azken lan honetan. Beraz, esan daiteke, irudimenak eta errealitateak talka egiten duten eremuan kokatu dela taldearen azken proposamena.
Laguntasunaz, beldurrez, kondairez eta nostalgiaz mintzo den ikuskizuna izan arren «La mano del emigrantek» erreibindikazio kutsua ere badu. Antzezlanaren zuzendari Fernando Bernuesen hitzetan, «duela ez urte asko eskulana esportatzen zuen Espainia ahanzturaren birusak jota dagoela dirudi», gaur egun Afrika eta Europa artean eraiki den harresiari erreferentzia eginaz, besteak beste. Garai batean emigratu behar izan zutenen gorabeherak eszenaratzeak «isilarazia izan den gure historiaren garai garrantzitsu baten argi-ilunak deskubritzen lagunduko du» antzezlanak era berean.
Gizakiaren bizitza markatzen duten atxikimendu eta galera bezalako oinarrizko sentimenduei buruzko istorioa da «La mano del emigrante», bere protagonistei muturreko esperientzia horiek bizitzea egokituko baitzaie.

Magia gailegoa.

Harrizko lagunak. Etxetik urrun egon beharraren patuak izaera ezberdinetako pertsonak biltzen ditu, ustekabean, elkarren beharra sentitzera iritsi arte. Zoriak elkartutako lagunak betiko lagun bilakatzen dira.
Jose Ibarrola eszenografoak Fernando Bernuesekin batera sortutako espazio eszeniko deigarrian hamaika pertsonaien gorabeherak kontatzen dira. Carlos Acosta, Aitor Beltran, Carmelo Moreno, Teresa Calo, Kike Díaz de Rada, Fran Lasuen, Tomasa Fontán eta Rafael Martín dira, besteak beste, pertsonaia horiei bizia emateko ardura duten aktoreak. Euren bitartez ikuslea Londreseko Old Crow tabernan murgilduko da ikuskizunaren lehen minutuetan. Izan ere, Castro eta bere adiskideak Londresko erietxe batean aritzen dira lanean eta taberna hartan elkartzen dira beti billarrean eta dardotan egiteko, edateko eta kontu-kontari aritzeko. Castrok bere istorioekin, oroitzapenekin eta eskuan tatuaturik dituen hiru ekaitz-txorien irudiarekin liluratuta uzten ditu bere lagunak. Castroren esku horrek sekretu dramatiko bat gordetzen du bere baitan.
«La mano del emigrante» galiziarren istorio bat da. Teresa Calo aktoreari, aitortzen duenez, galiziarren mundura berriro ere gerturatzeko aukera eman dio antzezlan honek: «76an ni neu etorkin gailegoekin bizi izan nintzen Londresen». Caloren aburuz Tanttakaren azken lana «mamuz eta istorio gogor nahiz samurrez beteta dago. Baina galiziar kondaira gehienetan bezalaxe, honetan ere ez da umorerik falta». Hala, gertaera garratzenari ondorio baikorra ikusteko gai diren pertsonaiez betetzen da oholtza. Aitor Beltranek gorpuzten duen gazte galiziarrak, esaterako, zera dio memento batean: «Nik ere bi anaia dauzkat emigrazioan. Bata gertu dago, Buenos Airesen, baina bestea Alemanian dago».

Lengoaia berrien bila.

Itsas haizearen doinuak. Nostalgiak jota, maiz, bihotzean gordetako musikak entzuten ditugu etengabe, itsasoak ostertzetik ekarritakoak izango balira bezala.
Tanttakaren azken ikuskizunak eszenaratze konplexua du. Aktore kopuru handiaz gainera, zuzeneko musika ere barneratzen du. Hala, antzezlana musika doinu ezberdinek gidatzen dutela dirudi. Fran Lasuenen biolinak eta Aitor Beltranen eskusoinuak narrazioa harilkatzen dute, ikuslea ia ohartu gabe. Bernuesen hitzetan «musika ez da dramaturgiari erantsitako elementu bat, Rivasen diskurtsoren parte bat baizik».
Protagonistaren amarena egiten duen Tomasa Fontán aktorea -Pilar Rodriguezek ordezkatuko du zenbait emanaldietan- izatez galiziarra da, eta honenbestez, Galiziako zenbait abesti herrikoi berreskuratzeko orduan laguntza paregabea eskaini du.
Marinelei buruzko istorio hau puzzle gisa azaltzen zaio ikusleari, denbora eta espazioan etengabe jauzi eginaz. Horrek nahikoa nahasmen sortzen du ikuslearengan. Zuzendariak, ordea, gaur egungo antzerkiak errealismotik ihes egin behar duela defendatzen du, narrazioari dagokionean bederen: «Ikus-entzunezko lengoaian hezten 70 urte daramatzagu, eta horrek ikuslea ikaragarri aldarazi du. Gaur egun, egoera baten aurrean askoz azkarrago kokatzen gara».
Antzezlanaren beste gakoetako bat hizkuntzen erabilera da. Taldeak Xosé Estévez-en laguntza izan du gazteleraz mintzo diren pertsonaietan galiziar azentua egoki lantzeko. Galegoz eta ingelesez ere hitz egiten dute pertsonaia batzuk.
Tanttaka euskarazko bertsioa entseatzen hasi da uztailean eta abuztuaren amaieran jada jendaurrean aurkezteko asmoa du. Ritxi Lizartzak egin duen euskarazko bertsioan -«Ekaitz-txorien eskua» izenburua du- euskara izango da hizkuntza nagusia, nahiz eta pertsonaia batzuk, «hizkuntzaren atxikimendua nahiz berori galtzea etorkinen ezaugarria» izanik, gazteleraz eta ingeleraz ere mintzatuko diren

Gontzal Landa

Donostiako Medikuntza fakultatean ikasten ari ziren zenbait gazte osasunaren munduan euskarak bultzada baten beharra zuela ohartu ziren. Hala, 80ko hamarkadaren bukaera aldean bilerak egiten hasi ziren, eta Nafarroako, Arabako eta Bizkaiko zenbait sendagile, erizain eta ikaslerekin bildu ostean, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea jaio zen. 1990ean elkarte bezala eratu zenetik, OEEren bazkideen kopurua etengabe hazi da, eta dagoeneko 650 ikaslek, erizainek eta sendagilek osatzen dute. Hauetako askok OEEren zuzendaritza batzordeak antolatu ekitaldietan parte hartzen dute.

Ildo horretan, osasunaren espezialitate guztiei komuna zaien gai bat euskara hutsean jorratzen dute urteroko jardunaldietan. Apirilean egindakoak hamabigarrenak izan ziren, eta gaixo terminalentzako zainketa aringarriak izan zituzten hizpide. Ohi denez jardunaldiotako parte hartzaileak, nagusiki, sendagileak eta ikasleak izan ziren.
Talde euskaltzalea Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean aritzen da, zenbait ikastaro antolatuz eta ekonomikoki lagunduz. Liburugintzan ere aritua da, honezkero bi hiztegi kaleratu ditu. Batek giza anatomia du mintzagai eta besteak osasun jardunaldietako terminologia. Gainera, urtero osasunaren inguruan idatzitako testu onenari Jose Antonio Agote saria ematen dio, zendutako sendagile euskaltzalearen omenez.
Bestalde, Hego Euskal Herriko ospitale eta kontsultategietan euskarak duen presentzia txikia dela salatu izan dute OEEko kideek. Osakidetzak hogei urtean ez du zerbitzu publikoetan normalizaziorako planik abiarazi. Orain urtebete inguru Eusko Jaurlaritzak sindikatu eta zenbait talde euskaltzaleri lehenbiziko plangintzaren zirriborroa helarazi zien, eta laster martxan jarriko zela ziurtatu. Baina ez da hala gertatu, eta OEE kexu da, taldeko idazkari eta Donostiako Andre Maria Erresidentziako sendagile Jose Ramon Furundarenak azaldu bezala: "Planak honezkero indarrean egon beharko luke, baina politikoek behin eta berriz atzeratzen dute, eta badirudi beraien aldetik borondaterik ez dagoela. Martxan jarri ezean, euskarak Euskal Autonomia Erkidegoko osasun zerbitzuetan ez du aurrera egiterik izango".
Nafarroako Autonomia Erkidegoan, berriz, egoera zerbait hobea da. Izan ere, Administrazioko legeek zonalde euskaldunean eta mistoan jardun behar duten sendagile eta erizain euskaldunen gutxieneko kopurua aurreikusten dute. UPNren Gobernuak, dena den, legeok bete ez daitezen oztopo ugari jarri ditu, eta Osasunbidean gutxieneko kopuru horiek askotan ez dira errespetatzen. Hori dela-eta OEEren kideek behin eta berriz salatu dute Hego Euskal Herriko zerbitzu publikoetan euskaldunen oinarrizko eskubideak egunero urratuak izaten direla.
Osasun munduan, gainera, mugikortasuna eguneroko ogia denez, Espainiatik mediku eta erizain erdaldunak etortzen dira, eta kasuon gaixo euskaldunek gaztelerara jotzeko ohitura dute. Honen inguruan zera dio Jose Ramon Furundarenak: "Gaixoak eta sendagileak elkar ezagutzen ez dutenean, gaixoak gaztelerara jotzeko ohitura du, nahiz eta biak euskaldunak izan. Antza, gaixoak uste du, euskaraz eginez gero, sendagilearekiko harremanak mikaztuko direla. Sarritan, gainera, gaixo horrek sentitzen duen mina euskaraz hobeto azalduko du".

Unibertsitatean ere nahi eta ezin.

Medikuntza, Erizaintza eta osasunarekin zerikusia duten beste ikasketetako fakultateetan ikasle eta irakasle euskaldunek ez dute egoera gozorik bizi, euskarazko klaseek oztopo asko baitituzte. Esate baterako, oraindik liburu asko gazteleraz baino ez daude, eta apunteekin lan egitera behartuak dira. Ildo horretan, OEEk urtean zehar osasunaren inguruan euskarazko liburugintzan nabarmendu direnei Jose Antonio Agote saria ematen die eta, bide batez, euskarazko liburuen sorrera sustatzen du.
Dena den, hori ez da euskal adarrak duen arazo bakarra, irakasle euskaldunek bete behar dituzten lan baldintzek ere kexu asko eragiten dituzte. Irakasleok Medikuntza fakultateetan lan egiten dutenen %5 baino ez dira (545etik 25), baina beraiei dagokie ikasketen kredituen ia erdia ematea, eta irakasle gehiago kontratatu ezean, klaseen masifikazioa larriagotuko da.
EHUko irakasle Angel Bidaurrazaren hitzetan, "erdal sistema batean ezin da euskara garatu, eta unibertsitateko agintariei gure hizkuntzaren erabileraren normalizaziorako abian diren planei bultzada ematea dagokie. Gainera, euskarak fakultateetan ez ezik, praktikak egiten diren erietxeetan ere bere lekua izan behar du, eta horretarako unibertsitatearen eta Osakidetzaren arteko hitzarmen bat beharrezkoa da". Izan ere, Medikuntza eta Erizaintzako ikasketetan trebatutako gazte euskaldunek ez dute praktika eskola horiek euskaraz egiterik. Odontologiari dagokionez, bukatu berri den ikasturtean matrikulatu ziren 50 ikasleetatik 16k euskal ereduan ikasteko borondatea agertu zuten, nahiz eta ikasketotan euskaraz derrigorrezko irakasgai bakarra egon, mikrobiologia hain zuzen ere. Azkenik, Farmazia karrerako lagunek oraindik ezin dituzte lehen ikasturteko irakasgai guztiak euskaraz jaso

Arantxa Iturbe

Orain hamar urte lehendabiziko ipuin bilduma argitaratu nuenean "hondartzarako moduko liburua" idatzi nuela esatea bururatu zitzaidan. Ez nuen definitzeko era egokiagorik aurkitu. Ez nuen esan nahi horrekin nire ustez txarra zenik edo inoren atentziorik merezi ez zuenik. Errazkerian idatzitakoa zenik ere ez. Hondartzan neuk irakurtzen dudan eran irakurtzeko aproposa iruditzen zitzaidala, besterik ez. Hamar urte geroago hondartzarako liburuen bila joan naiz zenbait editore, idazle eta kazetarirengana. Eta gauza bat argi dago: oraindik ez dago ondo ikusia liburu bat hondartzarako modukoa dela esatea.

Arazoa, berez, ez dago hondartzan. Beno, hondartzan ere bai, gehienek erantzun baitidate hondartza ez dela oso toki egokia irakurtzeko. Batetik, jende gehiegi, umeak jolasean, hondarra eta bustitzeko arriskua dituelako berarekin, eta bestetik, irakurtzeko postura erosoa aurkitzea nekeza delako. Baina arazo nagusia hondartzarako liburuak beharko lukeen ezaugarrietako batek sortzen du: arintasunak. Arina beharko bailuke, izatekotan, hondartzarako liburuak. Horretan, gehienak ados.

ZENBAT BURU HAINBAT ABURU.

«Euskaldunon Egunkaria»n literaturaz arduratzen den Juan Luis Zabalak oso garbi dauka zer den hondartzarako liburu bat: "Ahalegin handirik gabe irakur litekeen hura, arina, bigarren irakurraldirik eskatzen ez duena eta segituan ulertzen dena". Nahiz, bere ustez, hondartzan ere era guztietako irakurketak egin litezkeen. Badu gutxiespen zentzu bat, azken urteotan dena nahastu egin delako. "Badago aurreiritzi bat liburu arinen kontra, eta bestalde, arintasuna, gaur egun era guztietako idazleek erreibindikatzen dute". Juan Luis Zabalaren iritziz, literatura denbora pasa hartzen duen jendea ere behar da eta bada. "Nik nahiago nuke literatura arin asko egotea euskaraz ere eta irakurleak hondartzarako liburuak ere euskaraz irakurtzea". Arina, bide batez, ez da ulertu behar pisu gutxikoa bezala, askotan arinena izaten baita mardulena: "Zenbat eta luzeagoa, liburuan sartu eta segitzea are errazagoa; hasteak berez ematen duen alferkeria errazago gainditzen da". Horregatik iruditzen zaio errazagoa nobela arinak topatzea, adibidez, ipuin arinak baino.
Alberdaniako Inazio Mujika Iraolak, berriz, egokiago ikusten ditu hondartzarako ipuin liburuak edo nobela laburrak, poliziakoak, adibidez. Eta arin-sakon edo beste edozein sailkapenen gainetik beti egongo dira "buruhauste handirik nahi ez duten irakurleak eta bestelakoak". Hori bai, esan beharrik ere ez irakurgai arinak ere ona behar duela izan. "Ez zara apropos liburu txar bat aukeratzera joango. Hasi eta txarra izatea beste gauza bat da, arintasunarekin zerikusirik ez duena".
Susako Gorka Arresek arin erantzun dit: "Liburuak ez dira inorako, ez hondartzarako, ez mendirako. Nik ez dut irakurtzen hondartzan eta ez nioke inori gomendatuko hondartzan irakurtzea. Hondartzarako toalla da". Liburuak sailkatzearen kontrakoa da bera. Asmo komertzialak besterik ez ditu ikusten sailkapen horien atzean eta ez dago liburu erraz edo zailik, arin edo astunik. "Liburu guztiek atentzio berezia merezi dute".
Txalapartako Gari Berasaluzeren iritziz ere ez dago hondartzarako libururik "mesanotxeko libururik ez dagoen bezala. Norberaren gustuak erabakitzen du liburu bat edo beste hautatzea, ez tokiak". Halere, aitorpen bat: bai, orain eramaten du liburua hondartzara. "Garai batean ez; oso maniatikoa nintzen; liburu-objektua oso gogoko nuen", dio Berasaluzek. Eta gogoratzen da behin "Babilonia" lagun bati utzi eta hondarrez josita itzuli zionean, zer nolako amorrazioa hartu zuen. Gaur egun irakurtzen du hondartzan ere, antioju beltz eta guzti «oso inkomodoa egiten zaion arren". Azkeneko etzanaldian nobela oso bat irakurri zuen, hasi eta buka. Baina hura ez zuen hondartzarako aukeratu, irakurri egin behar zuelako eraman zuen hondartzara.
Iñaki Aldekoak, Ereingoak, literaturzale amorratu eta irakurle arruntaren arteko bereizketa egiten du. Bere ustez, literaturzaleak aurkitzen den egoeraren arabera, beti edukiko du liburu bat harako. "Nik adibidez, hondartzarako gutun liburuak, elkarrizketa-liburuak, kronikak aukeratzen ditut". Irakurtzea entretenimentu bezala bakarrik bizi duenak ondo daki nora doan hondartzara doanean "eta irakurketa eten eta atzera berriro txertatzeko arazorik ekarriko ez dion liburua aukeratuko du: nahikoa erraza, narrazio lineala, gogoeta handirik gabea, sakontasun gehiegirik gabea". Halere, konbentzitua dago "hondartzarako liburua" definizioak baduela zentzu gutxieslea: "Banidade intelektualetik sortutakoa dela uste dut, kultura hierarkizatzetik datorrena". Berari bere lanen bat hala izendatzea, hondartzarako lan bezala sailkatzea, zoragarria irudituko litzaioke gaur egun, «eta nori ez?". Aldekoak ordea, susmo bat agertzen du amaitzeko: "Halere, uda aldean euskal liburuak desagertu egiten dira, ezta? Hondartzaraino ez dakit iristen ote diren".

LIBURU ARINAK.

Hondartzak dituen eragozpen guztien gainetik, hondartzan ere irakurtzen du Felipe Juaristik, «El Diario Vasco»n liburuen iruzkinak egiten dituen idazleak. "Trapezio batean zintzilik ere irakurri egingo nuke", aitortzen du Juaristik. Eta hondartzan zein egoeratan irakurtzen den kontuan izanda nahiago ditu hondartzarako liburu "arinak, konzentrazio handirik eskatzen ez dutenak, akzioa dutenak, dialogo askokoak, halabeharrez irakurtzeari tarteka utzi arren, gero jarraitzeko errazak direnak". Erraz hitzean geratu da «hondartzarako liburu»etatik abiatuta: "Errazak ematen duten liburuak dira, erraz idatzita daudela ematen dutenak; eman esan dut, ez erraz idatzitakoak". Gero eta aukera gehiago dagoela uste du literatura arin eta kalitate onekotik. Eta jakina, horiek edozein tokitan irakurtzeko modukoak omen dira, hondartzaz gain.
Konzentrazio hitza Elkarlaneaneko Xabier Mendigurenek ere erabili du «hondartzarako liburu»ek zer definitzen duten esaterakoan: "Irakurtzeko orduan konzentrazio maila txikiagoa eskatzen dutenak dira, arinagoak, eta hori berez ona da". Bere ustez «hondartzarako liburuak» eta ez direnak, denak osagarriak dira. Definitzeko era bera "hondartzarakoa, etiketa gutxieslea da, batetik, eta kontrakoa, bestetik, etiketa komertzial bezala ere erabiltzen delako. Bi aldeak ditu, beraz". Baikorra da bera, gero eta aukera gehiago dagoela ikusten duen aldetik. "Orain gutxi entzuten nion idazle bati euskaraz kontsumoko literatura gehiegi eta sakon gutxiegi dagoela; beste askori entzuten diet literatura aspergarriegia dela euskarazkoa, eta bestetik, gutxiegi dagoela, eta denek dute arrazoi: norberaren gustuko gutxiegi izaten da beti". Editore bezala bi eratako literatura iruditzen zaio onargarria, nahiz ez duen uste muga editoreek jarri behar dutenik. Eta ez dago ados, "niri hau ez zait gustatzen, beraz, hau txarra da" esaten duenarekin. «Hondartzarako liburu»ez galdetuta, kontsumokoez eta sakonez eta aspergarriez erantzuten duen arren, badaki zertaz ari den Xabier Mendigurenek ere: "Nik baditut hondartzarako liburuak: gazteentzat-eta idatzi izan ditudanak, adibidez, apropos idatzi ditut horrela: kontaketa linealarekin, aurrera jarraitzeko tira egiten duten elementuekin". Eta poztu egingo litzatekeela esaten du, norbaitek bere liburu bat hondartzarako modukoa dela esango balio, "horrek esan nahi lukeelako ondo pasa duela; ez nuke gaizki hartuko".
Halere, itxura guztien arabera, ez lukete idazle guztiek ondo hartuko bere libururen bat «hondartzarako liburu» izenez bataiatzea. Galdeketa arin jasan duten ia denak idazleak direla kontuan izanda, esan diet batzuei arin-arin erantzungo ote lidaketen zein liburu den gomendagarria aurten hondartzarako, pentsatuta, hondartzara joateko moduko giroa iristen denean -iristen bada- etorriko zaidala lagunen bat, urtero bezala, hondartzara zein liburu eraman dezakeen galdetzera. Lagun horiek inolako aurreiritzirik gabe, inolako asmo gutxieslerik gabe egiten dute galdera. Hondartzara joateko asmoa dutelako eta urte osoan denborarik ez eta hondartzarako egun horietan izango dutelako esku artean liburu bat izateko eta disfrutatzeko egokiera. Besterik gabe.
Hiru erantzun jaso ditut. Euskaraz argitaratu berri diren lanen artean bik "Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan" (Alberdania) aipatu didate hondartzarako irakurketa apropos bezala. Batek, Pablo Sastreren "Leuropa" (Susa). Eta seguru nago, beste guztien artetik liburu horiek aukeratzeko orduan arin hitzaren zentzu bakarra izan dutela gogoan erantzun didatenek: arin=erraz jasotzen dena, eta ez pisu edo astuntasun gutxikoa, larria ez dena, heldutasunik gabea edo behar den ardura gabe egina.
Arin-arin esanda, arinetik arinera ere aldea baitago

Pilar Iparragirre

Izadiaren legeei lotuak bizi ohi gara, eta gutxi-asko, giza arrazaren gehientsuenok izan dugu barren-barrenean lege horiek gaindituko dituen gertakari miragarrien ametsa. Izan ere, gaixoa, magiaren erakargarritasuna inoiz sentitzerik izan ez duena! Eta era berean, zoriontsua, azti lana egin eta gertakari harrigarriak sortzeko ahalmena duena, nahiz Inkisizio garaian bezala sutan errea izateko arrisku larrian baden ere zenbaitetan. Horrelakoxea genuen Johanes, Bargotako Aztia, eta horrelakoxe itxura du Joanne Rowling idazle ingelesaren irudimenetik sortutako Harry Potterrek.


HEZUR-HARAGIZKO AZTIA.

XXI. mende honen hasieran, mundua magiaren lilurapean aurkitzen dela esan genezake, haur, gazte eta helduek zenbait fenomenoei jartzen dioten arreta kontuan izanda. Geureak, duela bost mende Nafarroako Viana aldean sortutako Bargotako Aztiak, alde handia du ingelesarekiko, besteak halako itzalik oraindik ez badu ere, hezur-haragizko pertsona baita. Felix Cariñanos historialariak dioenaren arabera, Bargotako Johanes pertsonaia historikoa dugula frogatzeko, aski da jakitea Antonio de Guevarak, XVI. mendean Europan modako idazle izan zenak, 1522an idatzitako gutun batean nigromantiko ospetsua bizi zela zioela.
Nolanahi ere, eta Viana aldeko jendeak belaunaldiz belaunaldi oso ondo ikasitakoaren arabera, makina bat gauza harrigarriren egile dugu Bargotako Aztia. Esate baterako, bere etxea gau batean eraiki omen zuen, eta hurrengoan bere ikuilua. Halaber, paraje nafar horretako inork ez dauzka ahazteko Joan Otsoa agramondarra eta Nafarroako Erresuma Zaharraren alde Bargotako Johanesek egin zituenak. Horrez gain, eta besteak beste, Alexandro VI. Aita Santuak estimu handian zuen ere, Inkisizioaren zigorretik libratu hainako estimuan, egia esanda. Zer zela-eta? Bada, Aita Santu hori gorteko dama batekin harremanetan ibilki, dama horren senarrak hil egin nahi izan omen zuen Alexandro VI. eta Bargotako Aztiak, bestearen asmo hiltzaileen jakitun, konplotaren berri eman omen zion delako Aita Santuari.
Hala izan bazen edo ez bazen, gauza da, gertakari miragarri frankoren egiletzat hartua dela geure Aztia, bere garaikideen ustez deabruarekin itunen bat egina zuen gizona. Baina hemen ezin ditugu denak aipatu, eta beraz, haren berri zabal jakin nahi duenak, Fultxo Crespo, Mikel Fernandez eta Josu Jimenezek Txalaparta argitaletxearen bidez plazaratu duten "Johanes, Bargotako Aztia" liburura eta CDra jo beharko du, edo bestela, Interneten murgildu eta www.pnte.cfnavarra/bargotakoaztia/ orrialdeak dioena kontuan hartu.

HARRY POTTER ANTIHEROI MAITEA.

Oso bestelakoa da Joanne Rowling idazle ingelesaren irudimenak sorturiko pertsonaiaren inguruan gertatzen ari den fenomenoa. Honek, mundu guztian izan du arrakasta. Nahiz heldu gehientsuenen ustean oraingo haurrak ez duten ia irakurtzen, beti telebistari begira ari direlako edo bestela Interneten sartuak, hara non haur horiek, bazter guztietan gainera, Harry Potterri buruzko liburu nahikoa mardul batzuk irakurtzeko irrikitan agertu diren. Nola uler daiteke hori?
Iñaki Mendiguren, mementoz "Harry Potter eta sorgin-harria", "Harry Potter eta sekretuen ganbera", "Harry Potter eta Azkabango presoa" eta "Harry Potter eta suaren kopa" euskaraturik dituen itzultzailearen ustean, alderdi ezberdinak izan behar dira kontuan fenomenoa ulertzeko orduan.
"Faktore asko daude. Lehenengoa eta oinarrizkoa, liburu horietan agertzen dena literatura ona dela. Harry Potterrena, istorio global bat da, aberatsa, polita eta ondo kontatua. Primeran birsorturik dago magiaren mundua, dauzkan aberastasun eta xehetasun guztietan, eta horrez gain, idazleak, fikzioaren eta errealitatearen nahastea erabat sinesgarria izatea lortu du. Batez ere barnetegi bateko bizitza ezagutzen dugunoi, oso hurbileko gauza gertatzen zaigu liburu horietan agertzen dena".
Liburuek haur, gaztetxo eta helduen munduan funtzionatu dute ondo.
Ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka azaltzen da haietan. Protagonista, gurasorik gabeko haur bat da, Harry Potter, hamaika urteko mutikoa. Bere gurasoak aztiak izan ziren, berak ere ahalmen hori du, eta orain arte kaleratu diren lau liburutan, Lord Voldemort deritzan jaun ilunarekin ari da mutiko hori borrokan. Dena dela, J. K. Rowlingek kontatzen duen istorioa ez da batere moralista.
Zergatik egin ote da istorio hau hain erakargarria leku guztietan? Hona hemen Iñaki Mendigurenen azalpena:
"Batetik, denok omen daukagu guraso galduen beldur hori. Harry Potterrek gurasorik ez du, baina izaten ditu oroitzapenen bidezko halako topaketa emozional batzuk haiekin. Gurasoekin topo egin nahi duela adierazten da istorioetan, eta hori, dirudienez, oso erakargarria da psikologiaren ikuspegitik. Bestalde, ez da mutiko heroiko bat, oso arrunta baizik, baita fisikoki ere; hanka sartzen du bere ekintzetan askotan, arazo handiak ditu, negar egiten du, ia-ia galtzeko zorian egoten da, eta galdu ere egiten du maiz, baina azkenean lortzen du aurrera segitzea. Hortik uste dut datorrela jendeak harekiko sentitzen duen erakargarritasuna".
Baina ez hortik bakarrik, antza denez, zeren Iñaki Mendigurenek dioenez fenomeno literario on baten inguruan gaur egungo gizarte kontsumistak jada ia-ia fenomeno extraliterario bihurtu duen zerbaiten aurrean ere bagaude.

EUSKAL HERRIAN ERE BAI.

Elkarlaneaneko Joxan Ormazabalek proposatu zion Iñaki Mendigureni Harry Potterren liburuen euskarazko itzulpena egitea. Ordura arte, euskaraz ez zen ia sekula haurrentzat horrelako liburu luzerik argitaratu, baina ikusita zer arrakasta hotsak zeuden hortik zehar, bada, apustua egitea erabaki zuten.
Halere, itzultzaile honen arabera, Harry Potterren liburuak luzeak dira, baina elkarrizketa eta akzio asko dauzkate. Eta oso liburu bisualak izatean, egungo haur eta gazte jendearen psikologia edo egitura mentalarekin bat datoz. Jakina, bertute horien ondoan, beste faktore batzuk ere gogoan hartu behar.
Izan ere, Joanne Rowlingen Harry Potterri buruzko lehenengo liburuak ezusteko arrakasta izan zuen, emakume honek liburu hori lehenengo argitaletxera eraman zuenean, ez baitzioten onartu. Ikaragarri luzea zela, konplexuegia eta abarren aitzakiaz, atzera bota zioten "Harry Potter and the Philosopher's Stone". Baina J. K. Rowlingek ez zuen etsi, eta, azkenean, lortu zuen bere liburua plazaratua ikustea, Bloomsbury-ren bidez. Hark, ordea, ez zuen besteak bezalako marketing edo publizitate kanpainarik izan. Hori bai, liburuak arrakasta izaten eta, sariak bereganatzen hasi bezain laster, guztiz aldatu omen ziren gauzak.
"Hortik aurrera -dio Iñaki Mendigurenek-, konturatu zirenean zer-nolako altxorra zegoen hor, orduan bai, ondoren aurkeztu dituen liburuei izugarrizko marketing kanpainak egin dizkiete".
Izan ere, 1997. urtean lehenengo Harry Potter kaleratu zenetik, gutxienez 42 hizkuntzetara itzuliak izan dira pertsonaia horri buruzko liburuak, vietnamerara, bulgarerara, katalanera, pakistanierara, txinerara eta latinera barne. Saldu, berriz, 120 milioitik gora liburu salduak dituzte dagoeneko munduan zehar, horietarik 45 milioi Ameriketako Estatu Batuetan. Hamaika milioi Alemanian eta gaztelaniaz ere asko, zenbakia zehazterik ez badago ere, zeren Argentina eta Txileko salmentarik onenak beraiek lortu omen dituzte, eta Espanian, 600.000 inguru liburu ba omen dauzkate salduak.
Eta nolakoak diren gauzak, euskaraz ere ez dira gutxitxo saldu. Lehenengo liburuaren 15.000ren bat ale badituzte salduak, bigarrengoaren 7.000 inguru, hirugarrenaren 4.000à Horiek dira, horiek, euskal argitaletxeek beren liburu guztientzat amestuko lituzketen salmentak!
"Umeak, pentsatzen duguna baino askoz azkarragoak dira. Ezingo dutela jarraitu eta zozokeriak eman behar zaizkiela uste da, eta izugarrizko ezusteak ematen dituzte. Izan ere, Harry Potterren istorioak nahiko konplexuak dira, halako aditasun batekin jarraitu behar dituzu ez galtzeko. Gainera, hizkuntza aldetik ere oso aberatsak dira, eta euskarazko itzulpenean ere jatorrizkoaren maila mantendu da... Dena den, liburu hauek jatorriz euskaraz argitaratu balira, izango al zuten halako arrakastarik? Nekez! Ezta Frantzian edo Italian sortuak balira ere. Fenomeno anglosaxoi indartsu bat izateak, munduan zehar arrakasta izaten asko lagundu dielakoan nago", dio Iñaki Mendigurenek.


HARRY POTTER IRUDITAN.

Hain harrera ona izan duen fenomeno literario bat ezin filmatu gabe utzi, eta zine-zuzendari askoren buruan egon omen zen asmo hori, edo horrela kontatzen da behintzat. Kasurik zabalduena, Steven Spielbergena da. Diotenez, Hollywoodeko zinemagile ospetsu honek zinera eraman nahi izan omen zuen Harry Potterren istorioa, baina estatubatuartuz bai protagonista eta baita mutiko ingeles honek eta bere lagunek Ingalaterrako magia eta aztikeria barnetegian bizitzen dituzten gertaerak ere. Eta Joanne Rowling idazleak ezezkoa eman zion asmo honi. Zorionez, bazeukan Harry Potter zinemara eraman nahi zuen jende gehiago, Warner Brothers kasu, eta askoz hobeto konpondu omen zen hauekin, hitz eman ziotelako beraiek eginiko filmeetan eskuhartzerik izango zuela, filmeen jarraipen zehatza egiten utziko ziotela, protagonistak ingelesak izango zirela eta gertatu beharreko guztia Ingalaterran gertatuko zela.
"Alde horretatik, nortasun handiko emakumea izan dela ikusten da, orain arte behintzat -aipatzen du Iñaki Mendigurenek, baina segidan honakoa gehitzeko-. Dena dela, entzun dudanez, bigarren filma beste batek egin behar omen du, eta hirugarrena edo laugarrena, Steven Spilbergi emateko prest daude... Beraz, auskalo!"

Mikel Bringas

Karibe aldean bada toki bat bizikletaz gozatzeko ezin aproposagoa: gehiena laua da, eguraldia ederra, sozialismoaren mitoa, hizkuntza eta izaeragatik bertakoak gertutik ezagutzeko aukera, ia lapurretarik ez, kotxe gutxi errepideetan... erabat erakargarria bihurtzen da Kuba bizikletaz zeharkatzeko asmoa.

Goazen hemendik!
- Where are you from?
- Basque Country.
- Baco? Saturraran, neska polita, ukadi akatuta. De Santiago a La Habana a pedal? Uhtede ehtá loco!
Hasieran irribarrez hartzen genituen harrera hauek baina goiza aurrera joan ahala gero eta gogaikarriagoak bihurtu dira. Nazka-nazka eginda ihes egin behar izan dugu jinetero-putre hauengandik. Uste genuen astunak izango zirela, baina aurreikusitako muga guztiak hautsi dituzte. Kubatarrekin harremana izateko asmoz etorriak gara, baina ezagutuko ditugun guztiak horrelakoak badira...
Ordua pasa da eta aireportura eraman behar gaituen autobusa ez da azaldu. Bat-batean taxi handi bat zerutik erori da. Fitipaldi semeari esker José Martí aireportura garaiz iritsi gara.
Santiagon 10/10 km. Santiagoko aireportura gauez iritsi gara. Hotelerako bidean iluntasuna eta errepidearen bakartasuna zirela eta, iritsi berriaren urduritasuna somatu dugu.

Santiago- El Cobre- Santiago 43/53 km.

El Cobre basilikan amabirjinari eskainitako era guztietako gauzak daude: beisbol pilotak, kotxe matrikulak, Javier Sotomayorrek altuera jauzian lortutako domina olinpikoak, baita Hemingwayk 1954an lortu zuen Nobel saria ere. Bailara baten erdian gaude, basilikaren itzalpean, haize laztanak musa emankorra bihurtu dira eguneroko apunte hauetan.

Santiagoko gaua.

Hemendik aurrera eguneroko jakiak bihurtuko diren arroza, frijoleak, platano frijitua eta garaiko entsalada afaldu ondoren, Trovaren etxera joan gara musika kubatarra entzutera. Giroa "giri" ("yuma" kubatarren hizkeraz) samarra iruditu zaigu. Alemaniarrak, italiarrak, amerikarrak eta nola ez, Bilboko bikote pare bat; musikariak ezik kubatar arrastorik ez dugu aurkitu.

Santiago-Contramaestre 90/143 km.

Santiagotik urrunduko gaituen ibilbidea hasi dugu. Autopista eskuinean utzirik, Palma Sorianorako bidea hartu dugu. Errepidea guztiz aldatu da. Ingurua azukre-kanaberaz beteta dago eta asfaltoan zuloak nonahi. Aldapa behera gindoazela hauetako batean sartu gara eta atzeko gurpilak kolpe gogorra jaso du. Gurpila oso ondo ez egon arren aurrera egin dugu, Contramaestreko Alain eta bere ama Gladysen etxe xumera iritsi arte. Etxeak ez du baimen ofizialik turistei gela alokatzeko. Kubo batzuk erabili behar izan ditugu dutxarik ez baitago, eta komunean Zilarren aurreko fokoa erabili dugu argia izateko.
Alain eta Gladysekin afaldu ondoren, luzaroan hizketan aritu gara. Ondoko bizilaguna solasaldira etorri da alabarekin. Bere senarra alderdi kidea izan arren garbi da Alain eta Gladys salatzeko asmorik ez duela. Hala ere,badaezpada Gladysek esan digu arazorik sortuz gero familiakoak garela esateko. Etxeko baldintzak erosoenak ez dira baina orain arte inon ez gara hain gustura egon.

Contramaestre-Bayamo 51/194 km.

Trikimailuen erreginaren etxean lo egin dugu. Afaldu ere, etxe berean egin dugu, otarraina eta guzti. Mirtha, etxeko jabea, erraz mugitzen da "bolsa negra" giro horretan. Behin baino gehiagotan eskaini dizkigu mulatoren baten (neska zein mutilaren) zerbitzuak. Mirthak dioenez bikote baten harremana sendotzeko komenigarria omen da noizean behin "tarrito" bat egitea, adarrak jartzea, alegia. Kubatar asko bezala Mirtha dibortziatua dago, baina mutil-laguna badu. Gaur bertan bota behar izan du etxean zuen zerbitzaria bere mutil-lagunarekin maiteminduta zegoelako. Mirtha ere ez da atzerago geratzen, bere bezero batzuk lagunak baino zerbait gehiago diren susmoa dugu. Xelebreena da Manzanillon bizi den bere aitarekin duen saltsa. Aitak 74 urte ditu, hala ere oraindik sasoian omen dago. Batzuetan, ama enteratu gabe noski, Mirthak berak bilatzen dizkio mulatoak aitari. Azkeneko bolada honetan bilobaren lagun batekin ateratzen ari da agurea.
Mirtharen etxera saltzaile asko etortzen dira, denetarik eskaintzen diote. Hauetako batek CDR salgai dagoela jakinarazi dio Mirthari. Hasieran ez dugu ezer ulertu, saltzaileak CDR (Comité para la Defensa de la Revolución) eskaintzen zuen beste janari batzuen artean. Berehala konturatu gara CDR sigla horien artean ezkutatzen zena: behikia (carne de res). Mirthak bi gela ditu, baina alokatzeko zerga batekoa ordaintzen du, 100 $ hileko. Bigarrena ere alokatu ohi du, gaur berriz, ikuskatzailearen bisitaren beldur da eta ez du arriskurik hartu nahi.
Bayamo Carlos Manuel de Céspedes, "aberriaren aita"ren jaioterria da eta bertan hasi zen espainiarren kontrako 10 urteko guda. Hau zela eta, Bayamesa abestia, geroago Kubako ereserkia izango zena, konposatu zen. Bayamesa publikoki lehendabiziko aldiz jo zuen orkestran, herriko elizaren paretan adierazten denez, Hecheverria izeneko musikari bat zegoen.

Bayamo-LasTunas 82/276 km.

Afaldu ondoren ikusi dugu telebistako albistegia. Kanpotar baten begiez ikusita behintzat, deigarria da kazetarien askatasun eza. Chavez, Venezuelako presidentearen etorrera eguneko albisterik garrantzitsuena da. Aireportuan, Fidelekin batera, kazetarien galdera inozo bakoitzari "social" eta "revolucionario" hitzekin erantzuten dute.

Las Tunas-Camagüey 130/406 km.

Gazte batzuk inongo arazorik gabe azaldu digute Castroren erregimenaren aurkako jarrera. Gazta pizzak egiten ari zen gizona, elkarrizketa entzutean berehala atera da bere iritzia ematera. Haserre zegoen gazteekin. Esan digunez horiek ez dira Kubako benetako gazteak, horiek alferrak dira eta Kubako gazteria berriz, langile eta unibertsitarioa da. Orain arte hurbiltzen zaizkigun gehienak profil berekoak dira: 20-30 urtekoak, langabezian eta hizlari trebeak. Hala ere, gizartearen portzentaje txiki baten eredua diren susmoa dugu.
Gu bezalako turista baten begietatik ikusten dena errealitatearen zati txikia baino ez da. Benetako Kuba une zehatz batzuetan ezagutu dugu, esaterako Contramaestreko Alainen etxean lo egin genuenean edota gaurko atsedenaldian ikusitakoa. Siestan emakume baten garrasiek esnatu gaituzte. Haserre bizian zegoen, goiz osoa pasa baitu tropicola botila txiki bat eskuan, esne banatzailea noiz iritsiko zain.

Camagüey-Ciego de Avila 115/521 km.

Arratsaldeko ibilbidea bukaezina egin zaigu. Eolo gure kontra aritu da azken 60 kilometroetan, berriro atzeko pare bat erradio hautsi ditugu eta zuzentzen saiatu garen arren, gurpilak koadroaren patila ukitzen zuen. Eskerrak Ciego de Avilan familia jator bat aurkitu dugula eta afaria egindako esfortzuaren neurrikoa izan dela.

Ciego de Avila-Sancti Spiritus 86/607 km.

Ez geneukan lo egiteko tokirik baina horrelako kasuetan herriko plazan esertzea nahikoa da bazter guztietatik eskaintzak jasotzeko.
Sancti Spirituseko kale batzuk benetan ikusgarriak dira. Etxeetako koloreak, kaleetako harzolak, leihoetatik ateratzen den musika... ia dena zoragarria da. Ipuin bateko giro honekin nahasturik Kubako gabezia tartekatzen da.
Zail samar egiten zaigu eguna bukatzea lehendik ikusitako irudi tristeren bat gogoratu gabe. Ibai ondoko ederki apaindutako jatetxean postrea ozpindu zaigu eguneko gertaera tristeenak gogoratuz: oinutsik eta erabileraren eraginez ia gardena zen soineko guztiz zaharkitu batez jantzita zegoen atsoa, guretzako baliorik gabeko tresnak baino ez zituen eskaparatea luzaroan begiratzen zuen mutil hura... Jatetxe bera gizartearen isla zuzena da. Jatetxe txukuna izan nahi zuen, hala ere janaria guztiz bestelakoa da. Jan dugun behikia aspaldikoa zen, "ataque al cuartel de Moncada" etiketa zuela iruditu zaigu une batez.

Sancti Spiritus-Trinidad 76/683 km.

Eguzkiari aurre hartu diogu gaur goizean. Bizikletari argiak jarri, gaileta batzuk jan eta berehala ginen bidean. Gainera, gaurko esnaldia benetan azkarra izan da. Gelako argia piztu dugunean, ederki hazitako labezomorro batzuk azaldu baitira. Camagüey eta Ciego de Avila probintzietako paisaia atzean geratu da eta berdeago eta menditsuago den berri bat aurkitu dugu.
Gustura gaude Trinidaden, hankak nekatu samar, egutegia begiratuta egun bat soberan dugu eta gela oso ondo dago. Beraz, bihar ere hemen geratuko gara.
Etxeko jabeek bikote bitxia osatzen dute. Rosario emakume langilea da, badaki turista bakoitza nola tratatu behar den, zer nolako aurpegia jarri, turistak txorakeriak esan arren. Bart batek gosaltzeko saltxitxoia eskatu zion. Era dotore batez ezin zela erantzun zion Rosariok, eta gaur barrez gogoratzen zuen gertaera hori. Rosarioren ustez turista gehienak ez dira konturatzen Kuban daudela; batzuk Interneten sartzeko etxeko ordenagailua non dagoen ere galdetu omen diote.

Trinidad-Ancón-Trinidad 34/717 km.

Astebete bizikleta gainean ibili eta gero, gaur atseden eguna hartu dugu. Trinidadetik 17 kilometrora dagoen Ancón penintsulara joan gara Karibe itsasoaren urdinaz eta hondarraren zuriaz gozatzera.

Trinidad-Cienfuegos 89/806 km.

Trinidadetik ateratzean lehenengo kilometroak ikusgarriak izan dira. Ezkerraldean itsasoaren zabala eta eskuinaldetik Trinidad ondoko mendiak eta hauetatik datozen errekak. Edertasun honetan kilometroak aurrera doaz konturatu gabe, baina bat-batean zerbaitek moteldu du gure abiadura. Hasieran bakar batzuk ziren baina gero eta gehiago azaldu dira, dozenaka, ehunka, milaka, errepide osoa karramarroz beteta dago! Hasieran bitxikeria zena, beldurgarria bihurtu da. Asfaltoa guztiz gorritu da.
Aurrera begira dena berdin ikusten genuen. Lauzpabost kilometro egin ditugu karramarroen gainetik. Karramarroekin nahikoa ez bagenuen, gure buru gainetik dozenaka "aura tiñosa" izeneko hegazti harrapariak, hildako karramarroak jan nahian.
Gurpilen hotsak karramarroen gainetik pasatzen, hanketara iristen zitzaigun plisti-plastak eta oinetan jotzen zuten karramarro eta karramarro zatiek gero eta desatseginagoa bihurtu dute egoera. Azkenean handik ateratzea lortu dugu, baina bide osoan ezin izan dugu ikusitakoa burutik kendu. Geroago jakin dugunez, kotxe eta autobusetako gurpilak zulatu ohi dira karramarroen haginez eta horregatik ez dugu kotxerik ikusi errepide osoan.
Cienfuegoseko etxetik oso gertu, Gernika pilotalekua egoera kaxkarrean dago. 1920an Habana-Madrid enpresak ireki zuen pilotalekua baina zesta puntako urrezko garaia, beste lekuetan bezala, Kuban ere atzean geratu da. Cienfuegos itsasoari irekita dagoen hiria da. Bere badia ikusgarria da, bai egunez, bai gauez. Bere kale luze eta zuzenetan bizikleta ugari daude, kubatarren eguneroko garraioa dela esango nuke. Hala ere, Kuban dauden modeloak ez dira guk erabiltzen ditugun berak. Laurogeita hamarreko hamarkadan Sobietar Batasunarekiko haustura ideologikoaren ondorioz, Txinari eskatu zioten laguntza. Honek Kuba bizikletaz bete zuen.

Cienfuegos-Girón 112/918 km.

Errepidea utzi dugu eta herri txikien arteko pistetan ibili gara. Bideetan aurkitu dugun hautsa zela eta, ibilbidea gehiegi gogortu da. Hainbeste kilometro eginda, bukaeran zerbait berezia aurkitzea espero genuen, baina helmugan topatutakoa eskasa izan da. Giron turistentzako herria da. Hotela eta hondartza, beste erakargarritasunik ez dago.

Girón-Playa Larga 39/957 km.

Afal ondoko solasaldia atsegina suertatu da. Gurekin batera Heather eta Oscar, amerikar-mexikar antropologo bikotea zegoen. Kubako erregimenari buruz hizketan aritu gara etxeko jabearekin. Kubatar gehienek inoiz ez dute hitz egiten erregimenaren aurka. Asko eta asko ados daudelako eta beste guztiak beldur direlako. Azken hauek "Fidel" hitza ez dute aipatu ere egiten. Fidelen bizarra keinu batez adierazten dute izen hori esateko. Kubako biztanleen kontrola oso zorrotza da. Kubatar bat (berak eskatuta izena ez dut aipatuko), 16 urte zituela, 28 egun espetxeratua eta isolatua izan zen, salatari batek kontatu zuelako telebista ikusten ari zirela Fidelen aurkako adierazpen bat egin zuela.

Playa Larga-Habana 53/1010 km (+ 130 km kamioiez).

Gaur tristuraz beterik jarri gara bizikleta gainean, Playa Largan gustura egon garelako eta bidaia bukatzen delako. Jagüey hirira iritsi garenean autopistara atera gara eta kamioi batera igo dugu bizikleta.
Kamioian gurekin batera beste hamalau kubatar etorri dira, baita borrokarako oilar batzuk eta etengabe kaka egiten ari zen aharia ere. Ahari ondoan nengoela bat-batean euria hasi da. Besteek bezala zapaltzen ari ginen toldoa buru gainean jarri dut eta euria ez zen zerbait buru gainean erori zait. Hortik aurrera nahiago izan dut euripean bidaia egitea.
Habanatik gertu, berriro bizikleta gainean jarri gara hiri nagusiko zaraten artean azkeneko pedalkada isilak emanez

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan