UDALETAKO HIZKUNTZA PROFILAK
Jaurlaritzak emandako datuen arabera, udal funtzionarien erdiek egiaztatu dituzte hizkuntza profilak. Hizkuntza eskakizunen bat duten 15.577 postutatik 6.736k egiaztatzeko epe jakin bat dute. Bestalde, 3.299 funtzionariok jada egiaztatuta dute eskaintzen zaien 4 eskakizunetako bat, 1.418 postu hutsik daude, 559k ez dute eskakizunik egiaztatu behar adina dela kausa, 641ek profil apalagoa egiaztatu du eta 819k ez dute batere egiaztatu.
DEKRETU BERRIA PRESTATZEN
Nafarroako Auzitegi Nagusiak formazko akatsak zirela-eta indargabetutako dekretuaren eduki berak dituen dekretu berria prestatzen ari dela adierazi du Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanzek. Haren hitzetan, aldaketa bakarra zera izango da: Nafarroako Euskararen Kontseiluaren eta Funtzio Publikorako Zuzendaritza Nagusiaren txostenak izango dituela.
UEU-REN MASTER ETA DOKTOREGO PROGRAMA
Udako ikastaroetatik negukoetara jauzi egiten ari da pixkana Udako Euskal Unibertsitatea. Izan ere, datorren ikasturtean «Hizkuntza teknologiak» masterra eta graduondokoa, «Herri erakundeen kudeaketa» graduondokoa eta «Euskal Herria XXI, euskal etorkizuna globalizazioaren garaian: komunikazioa, gizartea eta hezkuntza» doktorego programa eskainiko ditu. Hirurak titulazio ofizialak dira eta EHUk balioztatu ditu.
TERMINOLOGIA AZTERTZEKO BATZORDE BERRIA
Euskarazko terminologia aztertzeko eta euskararen erabilera sustatzeko batzordea sortzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Hiru ardura nagusi izango ditu batzorde berriak: lan proposamenak egitea, lehentasunak jartzea eta aurrez egindako terminologiaren inguruko lanak bideratzea.
OPERAREN LAGUNAK
50 urte beteko ditu datorren ikasturtean Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak. Mende erdi hori ospatzeko egitaraua prestaturik dute jada OLBEkoek. Guztira, 7,3 milioi eurotako aurrekontua dute. Dirua, ohi bezala, Kultura Ministeriotik, Eusko Jaurlaritzatik, Bizkaiko Foru Aldunditik eta babesle pribatuetatik jasoko dute. Sei lan berri eskainiko dituzte eta 25 emankizun. Irailaren 21ean eskainiko da lehena: «Turandot», Nuria Esperten zuzendaritzapean eta Ainhoa Artetaren partaidetzarekin. Azkena berriz, Francisco Escuderoren «Zigor» lana izango da. Gainera, historiari errepaso egiteko, erakusketa batean argazkiak eta agiriak bilduko dituzte eta liburu bat argitaratuko dute Operaren Lagunek.
BABESLE PRIBATUAK ARTIUMEN
GASTEIZKO Artium Museoak eta Arabako Vital Kutxak hitzarmen bat sinatu berri dute. Horren arabera, Vital Kutxak urtero 100.000 euro emango dizkio gutxienez Museoari ekitaldiak bideratzeko. Horren truk, Vital Kutxa patronatuko osoko partaide izango da. Orain artean, patronatuan erakunde publikoek hartzen zuten parte soilik. Erakunde pribatuen partaidetza sustatzeko asmoa du ordea Artiumek. Akordioaren ondorioz, Vital Kutxa izango da Museoaren lehen babesle pribatua.
ERRIBERRIKO KLASIKOAK
ABUZTUAREN 9an hasi eta 25a arte burutuko da Erriberrin Antzerki Klasikoaren III. Jaialdia. Aurtengoan, 90.150 euro gutxiagoko diru laguntza jaso du Jaialdiak eta beraz, egitarauan izango diren ikuskizunen kopurua murriztu egin behar izan dute. Kalitatea mantenduko dela diote ordea antolatzaileek. Egitaraua dagoeneko prestaturik dute. Bi eszenatoki ezberdinetan, honako obrak eskainiko dira, besteak beste: Rojas Zorrillaren «Abre el ojo» hilaren 9an eta 10ean; 17an eta 18an, Teatro Corsariok «Don Gil de las Calzas verdes» taularatuko du; Noviembre Teatrok « La Fuerza Lastimosa» ikuskizuna eskainiko du 15a eta 17a bitartean; eta 23a eta 25a bitartean, « Los pícaros» obra ikusi ahal izango da.
IKASTURTE BERRIA, LA FUNDICIONEN
DENBORALDI bati ateak itxi eta hurrengoari irekitzeko garaia iritsi da. Horixe egin du La Fundicion aretoak hain zuzen. Urtarrila eta ekaina bitartean, iaz, 15 konpainia igaro ziren bertatik, eta 34 antzezpen egin zituzten. Datorren irailetik abendurako egitaraua lotu dute dagoeneko. Iraila Euskal Herriko dantza sortzaile gazteei eskainiko die. Ikutu taldeak «Bostak S2» lana estreinatuko du, Amarauna taldeak «Mania» obra eskainiko du eta Nerea Urbietak «Extremadamente bonita» taularatuko du. Ondoren, antzerkiari irekiko dizkiote ateak. Matarile teatrok «A brazo partido» antzezlana, Madrilgo La Republica Teatrok «Estudio sobre la (b)risa» eta La Coma konpainiak «Kings» obra emango dute. Horrez gain, azaroan David Barberoren testu batean oinarritutako eta Aitor Mazok zuzendutako «Cantata y fuga de Eva» lana eskainiko du Producciones Teatresek.
BOST URTEKO BIDEA
BOSTGARREN urteurrenaren ospakizunetan murgildu da Guggenheim Bilbao museoa. Antolatu dituen ekitaldietako batzuk martxan dira dagoeneko. Esaterako, «Kandinsky bere testuinguruan» erakusketa zabalik da uztailaren hasieratik. Rubensi eskainitako erakusketa, berriz, urrian jarriko da martxan. Horrez gain, Museoak gauez irekiko ditu bere ateak abuztuko bigarren hamabostalditik aurrera. Bertan, jazz kontzertuak eskainiko dira eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak ere kontzertua eskainiko du. Irailean berriz, Donostiako Zinemaldiak 50 urte betetzen dituela-eta, omenaldi bat eskainiko dio.
- Pello Lizarralde idazleak zera adierazi zuen «Nabarran»n: «Uste dut oso kaltegarria dela idazle profesionala izatea, eta are gehiago bizi dugun une penagarri honetan. (...) Idazle profesionalak inguratzen duen zurrunbilo horrek kalte egiten duela uste dut, gauza asko publikatu behar ditu eta ez du beti esateko gauzarik».
- Kirmen Uriberen hitzak dira hauek «Euskaldunon Egunkaria»n adieraziak: «Ez dut uste irakurtzea derrigorrezkoa denik. Nire inguruan bada irakurtzen ez duen jendea, eta, neurri handi batean, ni baino osoagoak dira».
- Fernando Bernusen ustez, «Antzerkia da duintasun gehien duen tribuetako bat». Adierazpen hauek «Deia» egunkarian egin zituen.
- Fito Rodriguez EHUko irakaslea honela mintzo zen Udako Euskal Unibertsitatean euskal zinemagintzari buruz: «Euskaldunok ikusi, onartu eta berarekin identifikatuko gaituen zinemagintza behar da euskal ikusleria sortzeko». Hitzok «Gara»n argitaratu ziren.
- Carmen Abadek «El Pais»en: «Arkitektoek euren funtzio soziala onartu behar dute».
Urbasan, Urederraren sorburuaren inguruan dagoen informazio taula duzue alboko argazkian. Natur erreserba bertako florari buruzko aipamenak ageri dira, bertoko hizkuntza ez ordea. Beste behin ere, Nafarroan, gaztelaniazko seinalea topatu dugu. Euskaraz dauden hitz bakarrak toponimoak berak dira.
Eneko Olasagastik idatzitako «Metxa» antzezlanak irabazi du Korrika-AEK beka. Lana Koldo Izagirreren testuan oinarrituta dago.
Rosa Valverde margolariaren hogeita hamar bat lan daude ikusgai Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko Ganbara aretoan. Bertan, margolariaren ibilbidearen etapa guztiak ikus daitezke.
Juan Carlos Irizar pianistak «Euskal doinu enblematikoak» izeneko diskoa kaleratu du. Bertan, Xabier Leteren, Itoizen edota Kortaturen kantu esanguratsuenak bildu ditu modu instrumentalean.
Bide Ertzean taldea «Maite out» izeneko hirugarren diskoa grabatzen ari da Andoaingo Garate estudioetan. Disko honetan ohiko kideez gain, Joserra Senperena teklistak parte hartuko du. Lana irailerako izango da kalean.
Belen Mijangosen hitzak dira hauek «Putz»en jasoak. Mijangos «El Tubo» musika aldizkariaren sortzaileetako bat da eta musika arloan hainbat lan eginikoa:
«Ez dut katastrofista izan nahi, dena oso ziklikoa delako eta gauzak aldatuko direla uste dudalako, baina orokorrean oso izpiritu pobrekoa dela uste dut (egungo musika)... Inoiz baino bitarteko gehiago dago, gaitasuna eta teknika duten musikari mordoa dago, azpiegiturak ere ez dira falta (kontzertu aretoak, eskolak, komunikabideak...). Itxura denez, jendeak gauzengatik borrokatu behar ez badu, ez du estimulu nahikorik. (...) Badakit lehen baino lehiakortasun gehiago dagoela eta aurrera egitea zailagoa dela, baina Espainiako Estatuan orain erreferentzia denak argi uzten du dena, ezta? Operación Triunfo. (...) Disketxe independiente gehienak pikutara joan dira. (...). Edozein modutan ere, nire barne-barnean zera uste dut: badatorrela aldaketa, jendea zaborrez gainezka eginda dagoela eta nazkatuta dagoela; talde askok gero eta garrantzi handiagoa ematen diete hitzei eta aldaketa-mezuei. (...) Batzuetan gitarra akustiko edo elektriko batekin eta ahotsarekin nahikoa da. Kontatzeko zerbait baduzu, zertarako nahi duzu beste ezer? (...) Gaur egun jendeak irudiari, poseari, talde batean dagoelako famatua dela pentsatzeari ematen dio garrantzia, kontatzeko ezer ez badu ere (...)».
Keler garagardo marka ez da dagoeneko Euskal Herrian egiten, baina botiletako etiketek euskarazko eta gaztelaniazko oharrak dituzte. Antolatu duten lehiaketetako argibideak ere ele bitan daude. Iraganeko bezeroak mantentzeko asmoz izango da akaso; baina arrazoiak arrazoi, euskara darabilte eta hori da guri axola zaiguna.