Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-01 16:35:12
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • >
  • Literatura-ikasketak eta -ikerketak Euskal Herrian

2002-07-21 -- 1863.zenb

Literatura-ikasketak eta -ikerketak Euskal Herrian

Axun Aierbe

Euskal literaturari buruzko ikasketak orain hamar edo hamabost urte eta gaur egun ezberdinak dira. Orduan, askotan ikuspegi filologikoa gailentzen zitzaion ikuspegi literarioari. Gogoan dut ikasle garaietan "Euskal Testuak" izeneko irakasgaia izaten genuela urtero eta literatura-ikuspegitik aztertu genituela XIX. eta XX. mendeetako euskal egileak, baina baita aurreko mendeetako testuez mintzatzean ikuspegi filologikoa izan zela nagusi ere. Gaur egun, aldiz, literatura-arloko irakasgaietan ikuspegi literarioa da gailentzen dena.

Badira, hala ere, zenbait egile askotan literaturako eskoletan aztertzen direnak beren lanak beste ikuspegi batetik aztertzeko egokiagoak izan arren. Leizarragaz eta Larramendiz ari naiz bereziki. Egile hauen lanak garrantzi handia du euskal letretan, baina ez dut uste testu guztiak literariotzat jotzekoak direnik. Leizarragaren Testamentu Berriak garrantzi berezia du euskal itzulpengintzaren historian eta zer esanik ez Larramendiren lanek euskal lexikografiaren edo gramatiken historian, baina literaturan? Alabaina, ezagutzen ditudan euskal literaturaren historia guztietan ageri zaizkigu biak.
EUSKAL literaturaren historiak aipatu ditudanez, esan dezadan historia horiek izan direla urteetan irakaskuntza- eta ikerketa-oinarri, Mitxelenak 1960an «Historia de la literatura vasca» argitara eman zuenetik. Bitxia badirudi ere, euskal literaturaren historia orokor gehienak erdaraz idatzita daude -eta erdaraz diot, gehienak gaztelaniaz idatzita dauden arren, badelako frantsesez idatzia denik ere-, salbuespena 1971n Ibon Sarasolak eginiko «Euskal literaturaren historia» baita. Haatik, euskaraz idatzi eta argitara emaniko historia bakar horren gaztelaniarako itzulpena, «Historia social de la literatura vasca» izenekoa (1976an argitaratua), askoz ezagunagoa delakoan nago, behin baino gehiagotan galdetu baitidate euskarazkoa benetan existitzen ote den. Bada bai, existitzen da jatorrizkoa. Bestalde, literaturaren bestelako historietan -denbora-tarte jakin bat nahiz genero edo leku jakin bat oinarritzat hartzen dutenetan- euskarazkoak nagusituz doaz, besteak beste, Kortazarren, Olaziregiren eta Onaindiaren lanak lekuko.
Ikerketa akademikoaren eremuan tesiak mintzagai harturik, argitaratzear den Jon Kortazarren artikulu batean irakurria dut 1987an hiru besterik ez zirela euskal literatura gaitzat hartuta eginiko tesiak. Gaur egun, aldiz, hogeitik gora dira eta beste mordoxka bat bidean da. Monografiak eta antologiak ere ugari dira, baita liburuen hitzaurreak ere. Laburbiltzea erraza ez den arren, sakonkien ikertu diren egile gehienak, salbuespenak salbuespen, XX. mendekoak direla esan behar da. Zenbait egileri buruz badira bi tesi ere, hala nola, Lizardiz, Lauxetaz, Arestiz edo Atxagaz. Alabaina, batzuk aipatzearren, Lekuonaren, Lertxundiren, Saizarbitoriaren edo Sarrionandiaren gaineko monografia eta artikulu sakon ugari argitara eman bada ere, ez da oraino tesirik. Halaber, aipa dezadan XX. mendeko azken labealdiko egile askoren gainean nekez aurki daitekeela lan sakonik, monografietan eta literatura-aldizkarietan aipamenik baden arren. Askotan zail da zerbait aurkitzea hedabideetako eta bereziki prentsa idatziko aipamenak eta elkarrizketak kenduta.
BESTALDE, ikerketa sakonetan nahiz artikulu luze edo laburretan nagusiki eleberrigileak eta olerkariak eta hauen lanak aztertu dira, baina saiakerari buruzko ikerlan gutxi aurki daiteke. Orobat, nabarmena da ez dela antzerki lan askorik argitaratzen eta are gutxiago horiei buruzko ikerlanik. Ahozko literaturaren eremuan Juan Mari Lekuonak eta beste hainbatek argitara eman dituzten eta ematen ari diren lanak ugarituz doaz, eta bertsolaritzaren gaineko tesiak, herri-antzerki mota ezberdinei buruzko lanak, lirikari buruzkoak eta beste ari dira plazaratzen gero eta gehiago.
Askotan esan ohi da irakaskuntzan beti egile berberak aztertzen direla, baina ikerketa irakaskuntzaren ezinbesteko oinarria da

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan