Urdin, xuri eta gorri...
Allande Boutin
Horra frantses banderaren koloreak ... baina azken hauteskunde orokorren emaitzak ikusirik, urdina eta xuria dira nagusi, gorria kasik desagerturik! Zeren eta hemen erraten den bezala, uhin urdin handi batek, Ezker Anitzaren gehiengoa hankaz gora bota duen, eskumara sekulako lema golpea emanaz. Frantziako itsasontziaren kapitain pilotuak, Jacques Chiracek, datozen bost urtetako gehiengo sendoa dauka bere politika aitzina eramateko.
Bide batez, frantziarrek adio erran diote kohabitazioari. Hots, presidente eskuindar eta parlamentu ezkertiar izateari. Indar politiko uztartze bitxia, baina azken hamabost urte hauetan, hiru aldiz izan duguna François Mitterrand sozialista 1986an eta 1993an gehiengo eskuindar batekin: Chirac neogaullista 1997an gehiengo sozialista batekin. Sistema honi zernahi leporatzen zaio orain: gobernagarritasun eza, instituzioen paralisia, Europa nola munduaren aitzinean bi burudun exekutiboaren barne tirabirak. Klarifikazioa behar omen zen... Izan dugu: 369 eserleku eskuinarentzat; 178 ezkerrarentzat. Jendeak ez bide zuen gehiago diferentziarik egiten eskuina eta ezkerraren artean. Mezuak nahasiegiak ziren. Hau dela eta, jendeak Jean-Marie Le Pen eskuin muturreko kidearengana ala hautagai troskistengana jo zuen hauteskunde presidentzialetan. Chiracek garaitu eta, gehiengoa eskaini diote. Koherenteak izan dira frantziarrak.
HALA ERE, kohabitazioaren abantaila bat azpimarratu nahi nuke. Mende laurden batez, Frantziak ez zuen alternantziarik ezagutu, 1958tik 1981era arte, Mitterrand Frantziako bosgarren Errepublikako lehen presidente sozialista bilakatu arte. Erreforma erradikalak bururatu ziren: dezentralizazioa, lan orduen murrizketa (39 orenetakoa), 5. opor astea, enpresetan langileentzako eskubide berriak, enpresa pribatu zenbaiten nazionalizazioa, besteak beste. Orduan analistek zera zioten: sekulako hausturak suposatzen zituela bi Frantzia izateak, eskuinekoa eta ezkerrekoa. Geroztik alternantzia eta kohabitazio politikoek barne frakturak ez zirela hain handiak erakutsi dute.
Barealdiak erreformak trabatu ote ditu? Ez dut uste. Azken bost urte hauetan, objektiboki, Ezker Anitzak makina bat aldaketa bultzatu du: 35 lan orenak, behartuentzako CMU delakoa (denentzako babesa eri izan orduko), homosexualen eskubide berriak eta abar. Nahikoa ez da izan, noski. Eta zenbait erreforma gainera ez da ongi aplikatua eta beraz konprenitua izan. Adibide bat: 35 lan orenarena. Daukatenak ondo. Baina, indarrean ontsa eman delarik, zeren eta zenbat enpresatan, ordu arte langileek zeuzkaten eskubideak, kafe eta jan pausaldiak galdu baitituzte. Ordu estra gehiagorik ez, zenbat aldiz gainera, lanpostu oso guti sortu da. Eta 35 orenetara iragan ez direnek ez dute noski begi onez ikusi erreforma, enpresa ttipi eta ertainetan bereziki. Bi langileri mota sortu dira : pribilejiodunak eta besteak... Lanik gabekoei buruz zer esanik ez !
HAUTESKUNDE kanpainan, eskuinak zer aldarrikatu du? Askatasuna. Lan askatasuna. Lanaren partekatzea? Ahaztua. Eta beste lelo bi: seguritatea eta etorkinak. Bestalde, «Beheko Frantzia» aipatu eta bereganatu du, ezkerra «Goiko Frantziaren» defendatzailetzat aurkeztuz. Eskuinak hauteskunde kanpainako norabidea inposatu dio ezkerrari. Bere ohizko lema ebatsiz: libertatearena. Bost urtez egia erran herriarekiko nahiko gor izan da ezkerra, eta garesti ordaindu du «Ipar sozialaren» galtze hori. %40 abstentzioa hor da ere bai !
Azken gauzatxo bat: ezkerreko batzuek maiz erran dute gauza batzuk ezin direla aldatu «mundua» hala delako... Ados. Baina orduan zergatik bozkatua izatea eskatu, ezertarako ez bada? Jacques Chiracek alderantzizko mezurik dauka. Anitz promesa dagi. Eta gero zera erraten ohi du: «Promesek entzuten dituztenak baizik ez dituztela engaiatzen...». Eta entzule andana bat erakarri du!
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.