Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-07-14 -- 1862.zenb

Iñaki Iturain: "Orion 'det' eta Atutxak 'dut'"

Iñaki Iturain


Orioko elizan herritarrak, kantari, "sinesten dut"-ka aritzea ez da egokia eta Euskal Legebiltzarreko presidente Atutxa jauna ETB-1entzat eta Legebiltzarretik bizkaiera eder bezain euskaldun askorentzat ulergaitzean jardutea ere ez da egokia. Euskara batua eta euskalkien erabileraren auzian muturreko jarrerak dira biak. Orioko herritarrek, azken mendeetan behintzat, esan duten "sinesten det" alde batera utzita, elizan hitzak gogorarazteko jarri duten pantailaren bidez herritarrei "sinesten dut" esanaraztea ez da egokia. Eta Atutxa jaunak, berriz, jakin behar luke euskal legebiltzarburu den aldetik, ETBrentzat ari denean, hau da Euskal Herri osorako, "dot" baino "dut" egokiagoa dela. Eta hemen "det", "dot" eta "dut" hizkera oso baten adibide huts besterik ez dira.

Muturreko erabilera, nire ustez, desegoki bi horien arteko eremua oso zabala da. Ondorengo aldagai hauen guztien artean eman daitezkeen konbinazioek betetzen dute eremu hori: ahozkoa, idatzia, batua, euskalkia, tokian tokikoa, etxea, kalea, lagunartea, eskola, irratia, herri aldizkaria, eskutitza, txateoaà Aldagai asko dira eta horien inguruan egoki jarduteko, senez, Koldo Zuazoren "Deba ibarretik euskararen herrira" liburuko proposamena ezin egokiagoa da, aspalditxo honetan sena erdi galduta dabilen gure herri honetarako.
Egia aitortu behar badut, nik aurreiritziak nituen liburuari ekin nionean, izan ere, nire ustez, orain dela urte batzuk liburuko ideia horiek zabaltzen hasi zirenean, euskalkiak erabiltzearen izenean, oker eta gehiegikeria kaltegarri nabarmenak egin ziren herri aldizkari batzuetan. Horregatik, liburua irakurtzen hasi aurretik aurreiritzi horiek idaztea erabakinuen. Paperean jarri nituenen artean bi ekarri nahi ditut, liburua irakurri ondoren idazten ari naizen honetara: Esaten nuen, batetik, Koldo Zuazoren saioan ez zirela behar bezala bereizten idatzia eta ahozkoa eta, bestetik, ez zela behar bezala azaltzen zer den euskara batua. Eta ustezko bigarren hutsune hori betetzeko-edo, honako hauxe idazten nuen: Jakin behar genuke, eta dakitenek zabaldu, euskara batua oso kutxa handia dela, gauza asko kabitzen direla bere baitan eta euskalki bakoitzeko aberastasunarekin hornitu behar dugula kutxa hori, erabilpenaren erabilpenaz. Eta jakin behar dugu, eta adierazi, batua direla: "Berba egin lotsa barik!" eta "heldu den igandean jinen gara". Eta, aldiz, ez direla euskara batua: "Europako leku desberdinetan izan gara" bezalako esaldiak. Izan ere, euskara batua, aurrena, euskara da eta aurreko hori bezalako esaldiak azaletik bakarrik dira euskara.
Zorionez, aitortu behar dut "Deba ibarretik Euskararen herrira" liburuak ez dituela hutsune horiek eta oso proposamen baliagarriak dakarzkigula Euskal Herriko gainontzeko eskualde euskaldunetarako ere. Zuazok ez dio, inondik ere, lekurik eta baliorik kentzen batuari eta banan bana ematen dizkigu euskara batuaren onura guztiak eta, gero, euskalkiaren balioa, lekua eta zeregina zehazten saiatzen da. Nik Koldoren ondorengo ideia hauek azpimarratuko nituzke, bere hitzetan: "Ahozko jarduna da euskalkiaren berezko esparrua. Berez ateratzen zaigu lagunarteko hizkera, eta hor ez dago inolako araurik ematerik. Bide errazera jotzea da onena eta etxean eta herrian, oharkabean, ikasi dugun hizkera da bide erraza. Geure hizkerarekin eta batuarekin nahikoa dugu gaur egun; ez dago herrialdeko euskalki baturik sortzen eta ikasten jardun beharrik".
Zalantza bakarra geratu zait bere alderdi teorikoan guztiz konbentzitu nauen liburua irakurri ondoren: ea merezi ote duen liburuaren bigarren partean egin duten lan filologiko zehatza egiteak; alegia ea eskualde guztietan egin behar ote den bertako hizkeraren ezaugarri guztien bilketa lan sistematikoa. Ez ote da egokiagoa lan filologikoa baino lan psikologikoa egitea, ahozkorako, tokian tokikoaren harrotasuna indartzeko, lotsak eta gutxiesteak alde batera utzita? eta lan politikoa, hizkera horrentzat espazioak irabazteko, baita komunikabideetan ere, tokikoentzat ari garenean; herritarrak bultzatzeko berea erabil dezaten, lasai eta libre? Nik, behintzat, araugintza à-tzaindiekin lotzen dut, EGArekin, eta batuarekin. Sena berreskuratzen ahalegin serioa egitea ez al dugu nahikoa?

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan