Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-07-14 -- 1862.zenb

DEBA IBARRETIK EUSKARAREN HERRIRA

Serafin Basauri

Koldo Zuazoren eta Badiharduguren liburuak bi atal ditu. Lehenengo atalari lotuko natzaio, "Hizkuntza Egitasmoa" izenburuarekin Koldo Zuazok idatzi duenari. Bigarren atala, "Hizkuntza ezaugarrixak" deritzona, Deba ibarreko 55 lagunen artean egindako lana da, Koldo Zuazok aurkeztutako txostenetan oinarrituta, eta eskualdeko hizkeren ezaugarri nagusiak aztertzen ditu.

Koldo Zuazok, euskara batuaz eta euskalkiaz egiten du gogoeta, euskara suspertzeko, euskararen osasuna hobetzeko eta euskaraz gustura eta eroso jarduteko helburuarekin.
Helburuotara iristeko oinarrietan hiru ardatz nagusi azaltzen dizkigu: euskara batua, herriko hizkerak eta hizkuntzaren gaineko osagaiak.
Lehenengoan, inolako zalantzarik gabe, euskara batuaren erabateko aldekotasuna agertzen du, eta euskara batuak ekarri dizkigun onura nagusiak aipatzen. Bigarren ardatzean, herriko hizkeren gainean dihardu, eta euskalkiak gutxietsita ikusten baditu ere, euretatik atera dezakegun etekina handia dela diosku: transmisioa edo hizkuntza lotura sendotzea, sena eta sormena indartzea, euskara zuzenagoa eta indartsuagoa, eta euskalduntzea erraztea; "herri euskaldunetako ahozko jarduna" bertako euskalkian oinarritu behar delakoan dago, etxean, kalean, eskolan eta herri barruko hedabideetan. Hirugarren ardatzean, hizkuntzaren gainerako osagaien inguruko gaia darabil; arazoa ez da, dio Koldok, batua ala euskalkiak bietatik zein erabili, batua non eta noiz, eta euskalkia non eta noiz erabili da askatu beharrekoa; gainera, hizkuntzak bere baitan dituen osagaiak, beste hizkera batzuk, izan behar dira kontuan: haur hizkera, gazte hizkera, lagunarteko hizkera, lanbideetako argotak... denak sendotu eta indartu beharrekoak; hizkuntzak, komunikatzeko zereginaz gainera, gozatzeko eta gustura egoteko ere badirela, eta hizkuntz politikaren orain arteko ardatz nagusiei ezinbestekoa dela gehitzea, euskararekin jolas egitea eta gozatzea; hizkuntza sortzeko gaitasuna, lagunarteko hizkeran ikusten du, eta horixe jartzen digu lantegi: gazteek lagunartean euskaraz jardutea lortzen badugu, berez-berez etorriko zaigu hizkuntza bizia, indartsua eta sendoa.
Azkenik, helburura iristeko bideak datozkigu. Deba ibarreko herrien arteko hizkeren aldeak gora behera, gure artean ez dela aditu ezinik sekula izan, eta "Deba ibarrerako euskara batu bat egitea ez dela inondik inora gure asmoa". Zenbait egoeratan eta zenbait jardunetan, "eskualdeko euskara batua" erabiltzearen aldeko garela.
Herriko hizkera edo euskalkiaz: alde batetik, "non" eta "noiz" erabili galderari, erantzun zehatza da ematen diguna, "ahozko jarduna da euskalkiaren berezko esparrua"; bestetik, euskalkia nola erabili erantzuteko, euskalkiaren barruan hizkera bi daudela, "lagunartekoa eta jasoa".
Lagunartekoa izenak berak esaten digu, baina hizkera jasoak baditu, ostera, baldintza batzuk bete beharrekoak: lagunarteko erdarakadak baztertzea, hitzak osorik esatea eta idaztea, idazterakoan Euskaltzaindiak euskara baturako eman dituen arauak betetzea; hizkera jasoaren esparrua ere jartzen du: batzarretan, hitzaldietan, Administrazioko langileek herritarrekin... eskolako Haur Hizkuntza zikloan; hizkera jasoa idatzian erabiltzearen gainean esaten denak, euskara batuaren eredutik aldentzen diren alderdietarako balio du, beraz, Deba ibarrerako ere bai, hau da, gertuko lagunarekin gertuko hizkera, baita "esparru jakin batzuetan" ere: herri barruko ohar eta iragarki laburrak, haurrendako ipuinak, herri barruko aldizkarietako sail bereziak, ahozkotasunarekin lotuta dauden zenbait literatura generotan.
Eskualdean erabiltzeko "eskualdeko euskara batua" deitzen diona proposatzen du. Euskal Herri osorako testuetan ahalik eta euskara berdinena egitea komeni denez leku txikia dauka hor norbere eskualdeko hizkerak; baina beste kontu bat da esparru mugatuetan dihardugunean, geure herri barruan edo geure eskualdean, hurbilagoko euskara batu bat egokiago izango dugu: adibide polit bi jartzen ditu, testu bera euskara batu desberdinetan, bata Leintz aldekoa eta bestea Lesakakoa; azken urteotako jokabidea aldatu beharra proposatzen du, ba, eta herritarrengandik hurbilen dagoen euskara erabiltzea, "eskualdeko euskara batua" deitu duguna. Laburrago esateko, euskara batua egiterakoan geure hizkeran oinarritu behar dugula, euskara batua norberaren berbeta besterik ez da-eta Euskaltzaindiaren arauak gehituta gero.
Gaur egun geure herriko hizkera eta euskara batua nahikotzat ditu eta desegokitzat jotzen du "herrialdeko euskalki batua"ren aldeko ahalegina, euskalkiak homogeneoak ez direlako, euskalki batuak ikasteak dakarren lanagatik, hizkuntzaren batasunerako oztopo ere badirelako.
Eskualdea jartzen du lanerako esparru. Egitasmoak aurrera ateratzeko bitarteko gehiago dago eskualdeka norbere herri barruan baino. Deba ibarrean, transmisioa makalduta daukagun herrietan ahozko hizkera indartzeko, esate baterako, Elgoibarren, Eibarren, Ermuan eta Arrasaten, beharrezkoa da eskualdeko herri euskaldunen eredua, Antzuola, Elgeta eta Mutrikukoa; hori da eskualdeka jarduteak dakarren beste onura bat. Adibide hauxe iruditzen zaio beste alderdi batzuetarako ere: Gipuzkoako Goierri, Nafarroako Sakana, Bizkaiko Arratia...
Honaino, Koldo Zuazoren lanaren ahal izan dudan azalpenik laburrena. Lan bikaina benetan Koldorena. Hortxe dugu jarraibidea. Bat nator harekin. Erabat. Euskara batuak, Arantzazuko Batzarra egin zenetik hona, 1968an, sustrai sendoak hartu ditu, indartu egin da. Sekulako lana egin da, hezkuntzan, hedabideetan, unibertsitatean, literaturan... euskaldun guztiondako nazio hizkuntza garatzeko. Euskara batuak, gainera, Hiztegi Batua egin zenetik, behar zuen malgutasunean irabazi du; kontua da euskara batua ere erabiltzen ikasi behar dugula, eta hor ditugula makina bat hitz "eskualdeko euskara batuan" erabilgarri. Hala ere, euskalkiaren, edo nahi baduzue, ahozko berbetaren eta herrietako hizkeren aldeko gauza handirik ez da egin. Mendebaleko euskalkiak, eta hor kokatzen dugun Deba ibarreko euskarak, baditu bere ajeak, txikiena ez, erdararen eraginetik aparte, geure hizkeran berba egiteko daukagun lotsa edo konplexuak, transmisioaren etena, eta horrekin batera galduz doazen makinatxo bat esapide jator, azentua eta abar. Batez ere, ahozkotasuna irten da galtzen eta herrian eta lagunartean erabiltzeko euskara batuaren formaltasuna lehor samarra gertatzen zaigu.
Deba ibarreko euskararen aldeko ahaleginak lehen ere egin izan dira. Juan Martin Elexpuruk eta Fernando Muniozgurenek, badakite horretaz zer edo zer baino gehiago. Herrion arteko kohesioa sendotzera datorkigu orain Badihardugu Alkartia, eta Koldo Zuazoren lan hau geure asmoak eta ideiak indartzeko tresna aparta da.
Imanol Laspiur zenak, gure lagun ahaztu ezinak, Eibarko Euskera Mintegiko batzar haietako baten ondoren, bota zidana datorkit gogora: "Bagabixak gu ahalegiņak egitten baiņa Eibarko euskeria hil dok". Hori da hainbatek eta hainbatek sentitu izan dugun etsipena herriko berbeten gainbeheraren aurrean. Berreskuratzea ez da erraza, baina ahalegina egitea merezi du

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan