Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-14 09:19:54
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-07-14 -- 1862.zenb

ATXILOKETATIK EPAILEAREN AURRERA, TORTURA POSIBLE EGITEN DUEN BIDEA

Mikel Asurmendi

Behatokiak eta TATek osaturiko txostenen arabera, 2000. eta 2001. urteetan 155 euskal hiritarrek torturak salatu zituzten. Hauetako 92k salaketa jarri zuten auzitegietan, eta hauen erdia artxibatuak izan dira dagoeneko, instrukzioa jarraitu ahal izateko froga aski ez direla argudiatu baitute auzitegi ezberdinek. Haatik, NBEko Giza Eskubideen batzordearen kontalari bereziak, Theo Van Boben holandarrak, 58 tortura kasu aurkeztu zituen Euskal Herriko 2000. urteko txostenaren barnean. Espainiako Polizia, Guardia Zibila eta Ertzaintzaren eskutik jasandako torturen kasuak salatu zituen joan den hilabetean. 58 kasuetatik 38 Espainiako Poliziari egozten dizkio, 17 Ertzaintzari eta 3 Guardia Zibilari. Txostenak Espainiako Gobernuari helarazi zizkion, baina honek ez du erantzun orainokoan. TATen eta Behatokiaren ustez, Espainia lotsagarri geratu da nazioarteko komunitatearen aurrean eta polizia indar guztiek tortura praktikatzen dutela egiaztatu da halaber.

NBEko kontalariak dioenez, atxilotuen inkomunikazioa eta berme juridiko eza begi bistakoak dira. Polizi indarrek atxilotua inkomunikatzeko aski dute «epaileari inkomunikazioa eskatzeko izapidea betetze hutsarekin». Kepa Landa abokatuaren iritziak baliatu ditugu, atxiloketa prozesuan parte hartzen duten pertsonen rola apur bat gehiago ezagutzeko.


Mediku forensea. Auzitegiko medikua edo mediku forenseak, atxilotua aurrean jantzia duela, soilik ikusten duenaren arabera parte hartzen du prozesuan, inolako azterketa medikurik egin gabe. Madrilgo Entzutegi Nazionalaren menpe diren txostenak negargarriak izaten dira Landaren ustez. Txosten hauek nazioarte mailan ez dute medikuntzaren gutxieneko etika betetzen, ete ez lukete inolako protokolo medikurik gaindituko ere: «Hori tortura katearen katebegi bat besterik ez da. Tortura ezkutatzen da. Forensearen txostenak ez du pertsonaren egoera fisikoa ez psikikoa islatzen, alderantziz, estaltzen ditu». Abokatu honen iritziz, Estatuaren instituzio medikuak torturaren praktikan kolaboratzen du. Salbuespenezko kasu bakanak dira errealitate hau ezeztatu dutenak.


Ofizioko abokatua.

Abokatu hau Madrilgo polizi egoitzetan aritzen da gehienbat. Zenbait kasutan, EAEko edo Nafarroako dependentzietan ere izaten da. Abokatu honek -Landaren esanetan-, kasu hoberenean, borondate onekoa denean, poliziaren egoitzan egiten den atestatua edo argiketa burutzen du. Hala ere, kontuan hartu behar da ez duela atxilotua ezagutzen. Abokatu honek pertsona atxilotua ikusi eta bere aitortza baino ez du entzuten, ezin du berarekin hitz egin, eta ikusten duenari buruzko diligentziak zabaltzea da egin dezakeen gehiena. Baina, jakina denez, diligentziak burutu bitartean pertsona ez da torturatzen, atxilotuaren aitortza baino ez da jasotzen. Ofizioko abokatuak sumatzen badu pertsona hau gogor galdezkatua izan dela edota tratu txarrak jasan dituela, txostenean ematen du aditzera. Bere inpresioa besterik ez du azaltzen, ordea. Gehienez, pertsona egoera larrian aurkitu duela aipatzen du, baina ez zehazki zergatik. Gainera, ordurako, poliziak ondo estali ditu torturaren zantzuak. Beraz, berea tramite hutsa izaten da: «Ofizioko abokatuak ez du defentsa eta aholkulariaren lana egiten, fisikoki han dago, besterik ez. Gero, abokatua badoa eta ez du pertsona horrekin harremanik», diosku torturatu askoren prozedurak bideratu duen Kepa Landa abokatuak.
Konfiantzazko abokatua.

Konfiantzazko abokatua Entzutegira iristen denerako, epaile, fiskala eta idazkaria bere zain ditu. Ezagutzen ez duen atxilotua ere bertan dago. Ordurako, normalki, atxilotuak ez ditu tratu txarren aztarnak erakusten. Atxilotuak aitortza egiten du, eta kito. Errenka edo lepoko bat dakarrela ikusten badu, kasu, abokatuak atxilotuari galdetzea eskatzen dio epaileari, bere aitortza txostenean idatzia gera dadin. Alabaina, hainbat kasutan, torturak elektrodo, poltsa edo baineraren bidez burutu izanda ere, ez bada ageriko aztarnarik, atxilotua jantzia baita, abokatua ez da ezertaz jabetzen. Konfiantzazko abokatuak ez du atxilotuarekin hitz egiten, harremana gero gauzatzen da, eta ordurako, forensearen txostena eta diligentziak eginak daude, hots, bezeroarekin harremanik ez duen ofizioko abokatu batek sinatua da dena. «Torturatuak izan direla ikusirik hasten da konfiantzazko abokatua lanean, baina ordurako txosten guztiak osatuta daude. Ordurako atxilotuaren defentsa egiteko aukera erabat mugatuta dago», dio Kepa Landak.


Salbuespenezko kasuak.

Zenbait kasutan atxilotuak epaileari torturatua izan dela diotso. Torturak oso nabarmenak dira eta epaileak ezin du oharkabean pasatzen utzi. Kasu horietan fiskalak ere txostenean atxilotuaren egoera ager dadin eskatu behar du, baina, fiskalak kasuen % 99an ez du deus egiten.

Kepa Landak elektrodoen tortura jasan dituztenen kasuak eraman ditu. Hala ere, torturatuen egoerak hain dira ikaragagarriak, ezen torturatuek ez dute aurretik ezer aitortzen. Arropa altxatzeko eskatu izan dienean, orduan agertu dira torturaren arrastoak. Abokatuak ez badio galdetzen, gainontzekoek ez diote galdetzen: «Behinola, mediku forenseak atxilotua ikusia zuen goizean. Elektrodoen arrastoak agerikoak ziren, baina ez zituen diligentzietan idatzi. Atxilotuak ez ziola ezer esan argudiatu zuen». Abokatu honek prozedura bideratu zuen eta torturatzaileak zigortuak izan ziren. Kasu hauek, baina, bakanak izaten dira eta urte asko pasatzen dute auzitegietan

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan