Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-07-14 -- 1862.zenb

OLGA
Maria Dolors Salat i Torras
HIRIA
111 orrialde
9 euro


DROGAREN ATZAPARRETAN ERORIA

Horrelakoxea dugu Mari Jesus Iartzak euskaratu duen liburu honetako protagonista nagusia, drogaren atzaparretan erori eta menpekotasun horri aurre egin nahian dabilen neska gaztea. Aske izan nahi du Olgak, Maria Dolors Salat i Torrasek idatzitako idazlan honen protagonista nagusiak. Aske izan nahi du, baina atzera begira, ez baitu geroko ametsik egiten, bizitzak ihes egiten diola jabetzen delako. Bizitzeko oreka, laguna, aurkitu dituela dirudienean, ez du bizi itxaropenik ikusten. Barrua erabat jota daukala somatzen du, gaitza erraietaraino sartua duela. «Olga»ren egilea, drogaren munduak dauzkan miseriak, eta bere kontakizuneko neskak bezala, mundu horren barruan nor izateagatik ahaleginak eta bi egin dituzten asko ezagutu dituen pertsona da. Maria Dolors Salat i Torras, Vidal i Barraquer Fundazioan Psikologian diplomatua den emakume hau, 35 urtez osasun laguntzaile tekniko bezala lanean aritua da. Horrez gain, idazlea ere bada, eta katalanez idatzi ditu beti bere lanak. «Olga», gaztelaniara itzulia eman zioten argitara, eta orain euskarazko bertsioa ezagutu du, Mari Jesus Iartzaren eskutik.

OSTIRALERO AFARIA
Enkarni Genua Espinosa
KUTXA
55 orrialde
3,61 euro




DONOSTIA HIRIKO KUTXA ANTZERKI SARIA

Iazko Donostia Hiriko Kutxa Literatur sarietan Antzerki atalekoa eskuratu zuen Enkarni Genua Espinosak, «Ostiralero afaria» lanarekin. Ama alargun batek eta bere lau seme-alabek osatutako familia dugu bertako protagonista. Familia hori nahikoa sakabanaturik dago, batik bat bi anaia zaharrenen haserrea dela-eta. Bata enpresa bateko gerentea eta politikoki kontserbadorea da, eta bestea, espetxean egona den ezker abertzaleko politikoa. Bestalde, etxeko alaba langabezian dago eta nahiko ondo eramaten da hamasei urteko anaia gazteenarekin. Dena den, anai-arrebok ezusteko galanta izango dute, duela gutxi hil zaien izeba zahar batek testamentuan 40 milioi pezeta (240.404,84 euro) utzi dizkiela jakitean. Halere, diru hori eskuratu ahal izateko, baldintza bat bete beharko dute.

HAIZEAK EZ ERAMANGO!
Patxi Altuna S. J.
DEUSTUKO UNIBERTSITATEA
567 orrialde
30 euro




PATXI ALTUNAREN IDAZLANEN BILDUMA

Elixabete Perez Gazteluk eta Esther Zulaika Ijurkok eginiko bilketa eta testu-paratze lana medio osatu ahal izan da Patxi Altunak urtetan zehar eginiko idazlanen bilduma hau. «Haizeak ez eramango!» liburua, 40 urte luzetan Deustuko Unibertsitateko Giza Zientzien Fakultateko irakasle izandako Patxi Altunaren omenez argitaratu da, eta bertan Etxepare, Oihenart, Larramendi eta Mendiburu idazle klasikoak aztertzen ditu, eta baita Aizpitarteren hiztegi argitara gabea Loiolan, Bonaparte eta Aita Aranak elkarri egin kartak, Jose Inazio Arana jesuitaren bizitza, Mr. DÆAbbadie eta Jose Inazio Arana, joan zen mendeko jesuita gazteen euskal olerkiak, eta abar.

EL MUNDO DE LOS PIRINEOS
Batzuen artean
SUA
122 orrialde
6 euro


PIRINIOETAKO GAILURRIK EDERRENAK

Sua edizioak kaleratzen duen «El mundo de los Pirineos» aldizkariak zenbaki berezi bat argitara berri du, Pirinioetako 50 gailurrik ederrenak modu erosoan egin ahal izateko zehaztasunak eskainiz. Argazki zoragarriak lagun dituztela, Larrun, Adi, Urkulu, Ori, Hiru Erregeen Mahaia, Auñamendi, Bisaurin, Aspe, Pic de Sesques, Midi dÆOssau, Collarada, Peña Telera, Grand Cabizos, Tozal de Guara, Balaitous, Picos del Infierno, Vignemale, Ardiden, Moun Né, Taillón, Néouvielle, Monte Perdido, La Munia, Midi de Bigorre, Culfreda, Cotiella, Bachimala, Posets, Gourgs Blancs, Perdiguero eta beste zenbaitetara igotzeko jakitea behar den guztia daukazu aldizkarian, gailur bakoitzera igotzeak duen zailtasuna ere garbi adierazten delarik.

AUTO-ERREALIZAZIO BIDEAN
Pedro Hernández Hernández/ Ramón Aciego de Mendoza
TAFOR
2 liburu + 6 bideo



12-16 URTEKO NESKA-MUTILEI ZUZENDUA

Nor bere buruaren jabe izatearen garrantziaz dihardu «Autoerrealizazio bidean» bildumak, gazteen artean pentsaera kritikoa eta baloreak garatu ahal izateko Pedro Hernández Hernándezek eta Ramón Aciego de Mendozak sortu duten ikus-entzunezko programak. «Norberaren Koadernoa» eta «Manuala» liburuez eta sei bideoz osaturik dago, eta taldean edo bakarka landu daiteke. Programaren bidez landu daitezkeen gaien artean, honakoak daude: bizitzan asmo sendoak eta itxaropenak izatearen balioa, bakoitzaren asmo horiek egunetik egunera nola gauza daitezkeen, ikastearen eta lan egitearen garrantzia, drogaren amarruak saihetsi ahal izateko dauden bideak, benetako maitasuna eta adiskidetasunaren arteko ezberdintasunak, sexualitate arduratsua zer den, eta abar.

MIKELA NAHASTUTA DABIL
Mercé Aránega
IBAIZABAL
29 orrialde
4,75 euro


MIKELA ARRETAZ ENTZUTEN IKASTEN

Etxeko txikienei zuzendutako Mikela igeltxoaren bilduma Mercé Aránegak sortua da, eta Patxi Zubizarretak euskaratu du. Kontakizun bakoitzean, igeltxoak ikasitako gauza berriren bat azaltzen da, eta honetan, esaten zaiona arretaz entzuteak duen garrantzia ikasiko du. Mikelak izugarri gustuko ditu sagar tartak, eta bat egitea bururatzen zaio. Beraz, gurasoei baimena eskatu eta beharrezkoak dituen gauzen bila abiatzen da. Sagarrondora joan eta hark zintzilik dauzkan sagar mardul eta gorriak biltzen saiatzen da, baina sagar horiek oso altu daude, eta ez da iristen, zaldiari laguntza eskatu arte. Ondoren, Pinpirin oiloaren etxera doa, arrautz bat eskatzen dio, eta honek goiko saskitik hartzeko esaten dio.

LO ETA AMETSEN IRATXOA

Hans Christian Andersen
GERO
53 orrialde
6 euro



HANS CHRISTIAN ANDERSENEN LILURA

Mari Eli Ituarte Zarragoikoetxeak eginiko lanari esker daukagu berriro Hans Christian Andersenen ipuinekin euskaraz gozatzeko aukera. «Lo eta ametsen iratxoa», gainera, José María Muñozek eginiko marrazkiekin horniturik dator. Umeloeragile deritzan iratxoa da bertako protagonista, gauero, artean umeak mahaian eserita daudela, poliki-poliki etorri, eta, «ssss», umeen begiak ixteko ixurki misteriotsu bat botatzen duen izakia. Gero, atzean kokatu, eta «fuuu», haizea botatzen die leun lepo gainean, loguraz burua makurtzen zaien arte. Izan ere, haurrek geldi-geldi eta isil-isilik egon beharra daukate, Umeloeragilea ipuinak kontatzera geratuko bada. Liburu honetan, iratxo horrek Yalmar haurrari astebetez kontatzen dizkionak agertzen dira.






BIZITZA ALAITZEN DIGUN MUSIKA HORI

HI BIZI HADI
Urgabe
ELKAR
12 kanta
13 euro


Erromeria beti izan da lagungarri bizitzako une ez oso atsegin horiez ahaztu eta gozatu ahal izateko. Eta dantzatzeko zeharo aproposa den musika eskaintzen digu Urgabe talde bizkaitarrak bere bigarren lan honetan ere. «Hi bizi hadi» CDa erabat baikorra eta errotik alaia dugu, Jose Agustin Barandiaranen trikitiak eta ahotsak, Ainara Arrizabalagaren panderoak, gitarrak eta ahotsak, Mikel Romeroren gitarra guztiak, Kike Moraren baxuak eta Kepa Calvoren bateriak osatua. Honoko hamabi kanta hauek eskaintzen dizkigute: «Lamie», diskoari izena ematen dion «Hi bizi hadi», «Goizeko bostak», «Oihuka», «Musikari baten aitortzak», «Marigorri», «Ura», «Bilatu barik», «Andrakaseko errementeria», «Arrosa beltza», «Lana», eta «Arin-latin».

hemeroteka

1861. zenbakia | 2002-07-07
1860. zenbakia | 2002-06-30
1859. zenbakia | 2002-06-23
1858. zenbakia | 2002-06-16
1857. zenbakia | 2002-06-09

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan