Pilar Iparragirre
Orain bezala, ekaina azterketen hilabetea izan ohi zen 1972an ere. Beraz, auskalo zein izan zen Z. ARGIAk uztailean ondo sartuta «Ikastaroaren udazkena» zeritzan editoriala ateratzeko benetako arrazoia. Beharbada editorialgilearen gertukoren bati eginiko bidegabekeriren bat, zeren, harritzekoa bada ere, ikasleen defentsa sutsua egiten zuen hartan!
UZTAREN GARAIAN
Izenburuak ematen zion aitzakiari jarraituz ekiten zion bere bideari «Ikastaroaren udazkena»ren egileak. «Udazkenari begira jardun ohi da nekazaria edo laboraria urte osoz lanean. Utsik gelditu diran lurrak goldatu eta jira. Azaroan berriro azia erein. Udaberrian jorratu eta ongarritu. Zenbat ordu lur azpitik muturra azaltzen asten diran landaretxoei begira! Zenbat itxaropen eta amets alea artzen ari diranei begira! Zenbat bildur beranduko izotzari! Zenbat kezka laińo kankar beltzak orroka eta marruka burrukan asten diranean! Arri-jasa batek desegin dezake nekazariaren illabetetako lana eta urte osoko etekińa eta uzta».
Zegoenerako nahikoa baliatu zela nekazariaren metaforaz pentsatuz, behingoan erabakitzen zen editorialgilea zein izango zen bere egiazko jomuga adieraztera. «Ekaina da ikaslegoarentzat udazken. Au du fruituak jasotzeko urte aroa. Lasai igaro dezake udaldia, onak jasotzen baditu. Baińa ez du pakerik izango txarrak biltzen baditu. Ez dirudi, baińa lan gogorra da ikasi beharra. Orduak eta orduak egin behar dituzte umeek eta gaztetxoek, toki berean, geldirik, ikasi eta ikasi. Gai zail eta astunetan gaińera askotan. Zenbat estuasun uzta jasotzeko garaian urtearen buruan lasaixeago ibiltzen badira ere. Zenbat lo-galtze. Zenbat jai arratsalde zozo!». Zer ote zeukan buruan editoriala idatzi zuenak, aurreko guztia hain poliki agerian jartzerakoan? Bere haurtzaroaz oroituko zen, apika. Horrela balitz, ez zituen ordu gozoegiak pasa eskolan. Are gutxiago azterketa garaian. «Baińa zer bilduko ote dute ikastaroaren udazkenean? Bilduko ote dituzte eta erauziko biltzailleek, adar eta osto ugari eta gazte oien azpian dauden ale guztiak? Ala erein gabeko tokian biltzen asiko ote dira? Ez dituzte, zoritxarrez, sarritan ikastaroan behar bezala zaitu, ongarritu eta jorratu. Begiratu besterik ez dago zenbait ikastetxeri, zenbait irakasleri, zenbait sistimari. Eta begiratu besterik ez dago azterketa moldeari. ęLeon-kastilloĘ bat, zozketa bat dirudite askotan azterketek. Gutxiena dakienak, gutxiena saiatu danak eman litzake fruiturik onenak, agian».
INTXAUR BILA SAGASTIAN
Editorialean garbiegi azaltzen ez zen arren, azterketetako galderaren bat izango zen «Leon-kastillo» delakoa. Izan ere, «Espania bakarra, handia eta librea» aldarrikatzen zeneko garaia zen, eta arlo guztietan nabarmentzen zen hori... «Ez zaie begiratu urte guztiko lanei. Askotan ez dituzte aztertzailleek landare oietan dauden fruitu guztiak eta onenak biltzen. Sagar billa ibili ohi dira gaztaindian eta intxaur billa sagastian. Badirudi fruiturik ez daukaten lekuan ibilli ohi dirala billatzen eta miatzen».
Gordin samarra zen baieztapena, eta beraz frogaren bat merezi zuen. Editorialgileak eskaintzen zuena, kasu. «Ona, au garbi ikus dezagun, aurten Institutoan hamaika urtekoei egindako galderetako bat: ØSabes el significado de la palabra ęchotoĘ?Ę. Antxume txikiari deitu ohi diote 'choto' Nafarroan. Txekor txikiari, berriz, Kastilla aldean. Galde iozu hamaika urteko Madrilgo umeari zer esan nahi duen ębocartaĘ itzak. Zenbatek asmatuko ote lukete? Ori itsas bazterreko umeak bakarrik jakin lezake ongi. Orretaz gaińera, batzuek obeto ematen dute beren jakitearen berri idatziz, baińa beste batzuek itzegińez. Or ere ez dago berdintasunik. Eta noiz asi behar dute gai batzuk aukeran ipińi eta beren kontura lanak egiten, ortarako behar dituzten liburuak eskuetara eman eta? Zergatik galdera batzuri erantzunaz azterketak egiten jarraitu? Ez al da beste bide ori egokiago?».
Ez dakit zenbat ikaslek irakurriko zuen Z. ARGIAko editorial hura, baina norbaitek egin izan balu, nolako poza hartuko zuen. Editorialgileak espero zuen bateren baten irakurketa, horrela ematen baitzion amaiera lanari: «Dena den, uda on bat opa diegu urte aroan saiatu diran ikasle guztiei. Atseden dezatela beren nekeetatik. Eta bidez aurki dezatela ikastetxean ematen ez zaien euskal giro eta kultura»
Daniel Udalaitz
Abian da Tecnalia, Euskal Herriko korporazio berria, ikerketako eta garapeneko I+D izeneko hiru zentro hauek batzetik gatzatu berri den taldea: Labein (Bizkaian eta Espainian dauzka zentroak), Inasmet (Gipuzkoan dauzka zentroak) eta Robotiker (Bizkaian dauka egoitza zentrala). Bestalde, noiznahi jakinaraziko dute laugarren kide baten elkartzea, hain zuzen ere, teknologia eta arrantza ikertzeko Azti institutuarena, zeinek Bizkaian eta Gipuzkoan baitauzka zentroak. Korporazio teknologiko berriak Bilbon izango du egoitza zentrala, 72 milioi euro fakturatzera iritsi nahi du 2006. urtean eta, dagoeneko, bosgarrena da Europako antzeko korporazio pribatuen rankingean.
Korporazio hori hasia da plan estrategikoa lantzen, 2002-2005 aldiko helburuak, politika eta estrategiak erabakitzeko. Dagoeneko, prestakuntza handiko 600 profesional baino gehiago ari dira lanean korporazioko enpresen EAEko, Madrilgo eta Cadizko bederatzi zentroetan. Talde berriak 2.000ren bat bezerori eskaini nahi dizkie produktuak Tecnaliaren bidez -Hego Euskal Herrikoa da multzo horren %80-, eta, horrez gainera, beste merkatu batzuetara jo nahi du, baina betiere hemengo enpresa txiki eta ertainei zerbitzua emateari utzi gabe.
Eusko Jaurlaritzaren Industria Saila gogoz ari da bultzatzen ikerketa kooperatiboko zentroak sortzeko edo sostengatzeko aliantza teknologikoak, eta plangintza horren hariko kontu bezala hartu behar da oraingo elkartze hau ere. Oraingoz, EAEko mugetan dihardu Sarenetek, teknologiako eta berrikuntzako euskal sareak, eta ondoko kide hauek biltzen ditu: teknologiako 9 zentro, 4 unibertsitateko 49 departamentu, ikerkuntzako 4 zentro sektorial, 8 I+G enpresa unitate, ikerkuntzako 3 laborategi, berrikuntzako 10 organismo bitarteko eta ikerkuntzako 2 organismo publiko.
NOR IZAN NAHI DUTE EUROPAKO TEKNOLOGIAN.
Tecnaliako arduradunek izen teknologikoa hartu nahi dute Europan, EAEko hiru zentro teknologikoen indar bateratua baliatuta. Korporazioaren sorrerako printzipioetan ageri denez, honako bi lan hauek lehenesten ditu taldeak: garapen teknologikoa sustatzea eta erdialdeko nahiz iparraldeko Europako korporazio pribatu handiek bezalako ikerlana. Alde horretatik, zerbaitegatik da lehen ere, sortzetik beretik, Europako korporazio pribatuen arteko bosgarrena. Europako rankingean, ondoko zentro edo enpresa hauexek hartzen diote aurrea: Fraunhofer (Alemania), TNO (Holanda), VTT (Finlandia) eta Sintef (Noruega).
Ondo bistakoa denez, merkatu gero eta globalizatuago honetan, noraezekoa da zerbitzu osoa eta integrala ematea; are ezinbestekoagoa, gainera, teknologiaren eta berrikuntzen alorretan. Arrazoi nagusi horrexek behartu du Euskal Herriko korporazio teknologiko berriaren sorrera, eta, ezbairik gabe, elkartze hori oso baliagarria izango da hemengo ekonomiako eta gizarteko maila teknologikoa garatzeko eta handitzeko, enpresen sare osoa indartzeko eta, batik bat, enpresa ertain eta txikien baliabideak hobetzeko. Sortzaileen arabera, «Tecnaliaren sorrerak Europan erreferentzia teknologikoko gune bat izateko masa kritiko nahikoa eskuratzea bermatu du».
Batzuk beldur dira orain elkartu diren hiru zentro teknologikoek ez ote duten zerbitzu bera emango. Tecnaliako arduradunen iritziz, ez dago zerbitzuak bikoizteko arriskurik. Luis Irazabal zuzendari nagusiak dioenez, denborak aurrera egin ahala, gero eta ikerlan espezializatuagoak eta bereiziagoak egin dituzte hiru zentroek, eta, horrenbestez, jarduera osagarriko enpresak dira gaur egun. Arduradun horren hitzetan, zentro bakoitzaren jardueraren %92 jo daiteke jarduera propio edo bereizitzat, eta jarduera propio horiek guztiak bilduko ditu Tecnalia taldeak aurrerantzean.
Korporazioko arduradunen iritziz, hiru zentroen esperientzien baturari esker da, hain zuzen, teknologia aldetik osatuagoa sortu berri duten elkartea. Esperientzien batze horretan oin harturik, posible izango dute oraingo iker arloak osatzea, beste batzuk sortzea eta enpresei zerbitzu oso eta integrala ematea. Nahiz eta hiru zentroen esperientzia metatua baliabide izan, Tecnaliari ere gerta dakioke bezeroren baten eskabidea bete ezin izana. Horrelakoetan, korporazioak merkatura joko du zerbitzu oso eta integrala emateko baliabideen bila.
LITEKEENA DA BAZKIDE GEHIAGO HARTZEA.
Tecnalia maiatzeko lehen hamabostaldian aurkeztu zuten Bilbon, eta, adierazi zutenez, beste bazkideren bat hartzeko ere prest daude. Alde horretatik, ia ziurra da dagoeneko Azti institutuaren bazkidetza, baina, horrez gainera, oso litekeena da aurrerantzean kide gehiago hartzea. Egungo Tecnaliak 72,12 milioi euro fakturatu nahi ditu 2006. urtean, baina kantitate hori bikoitza ere izan daiteke, bazkide berriak hartuz gero. Horrela gertatuko balitz, Europako antzeko edozein erakunderenparean izango genuke.
Aliantza teknologiko berri horren potentziala erakuste aldera, Tecnalian bildu diren hiru zentro teknologikoen 2000. urteko datu ofizialak jasoko ditugu ondoko lerroetan (2001ekoak ezin dira baliatu oraindik). Eman ditzagun Labein enpresarenak, lehenbizi. Kontratazioari dagokionez, 15,51 milioi euroko bolumena izan zuen eta 12,8 milioi euro irabazi zituen. Urte horren amaieran, 214 enplegatu zeuzkan, betiere espezializazioaren arabera, siderurgian, automobilaren industrian, energiaren, eraikuntzaren eta ingurumenaren alorretan eta informazioaren gizartearenean lanean ari zirenak. Jarrai dezagun Inasmetekin. Enpresa horrek 12,51 milioi euroko diru sarrera izan zuen 2000ko ekitaldian, 1,62 milioi euroko irabazia eta material berrietan eta gainaldeen tratamenduan espezializatutako 204 enplegatuko plantilla. Bukatzeko, jar ditzagun informazioko teknologietan eta telekomunikazioetan espezializatua den Robotiker enpresarenak: 8,2 milioi euro fakturatu zituen 2000n eta 160 laguneko plantilla zuen. Azti Tecnaliara bilduko balitz, 850 laguneko plantilla eta urteko 45 milioi euro inguruko diru sarrera izango lituzke korporazioak
Serafin Basauri
Koldo Zuazoren eta Badiharduguren liburuak bi atal ditu. Lehenengo atalari lotuko natzaio, "Hizkuntza Egitasmoa" izenburuarekin Koldo Zuazok idatzi duenari. Bigarren atala, "Hizkuntza ezaugarrixak" deritzona, Deba ibarreko 55 lagunen artean egindako lana da, Koldo Zuazok aurkeztutako txostenetan oinarrituta, eta eskualdeko hizkeren ezaugarri nagusiak aztertzen ditu.
Koldo Zuazok, euskara batuaz eta euskalkiaz egiten du gogoeta, euskara suspertzeko, euskararen osasuna hobetzeko eta euskaraz gustura eta eroso jarduteko helburuarekin.
Helburuotara iristeko oinarrietan hiru ardatz nagusi azaltzen dizkigu: euskara batua, herriko hizkerak eta hizkuntzaren gaineko osagaiak.
Lehenengoan, inolako zalantzarik gabe, euskara batuaren erabateko aldekotasuna agertzen du, eta euskara batuak ekarri dizkigun onura nagusiak aipatzen. Bigarren ardatzean, herriko hizkeren gainean dihardu, eta euskalkiak gutxietsita ikusten baditu ere, euretatik atera dezakegun etekina handia dela diosku: transmisioa edo hizkuntza lotura sendotzea, sena eta sormena indartzea, euskara zuzenagoa eta indartsuagoa, eta euskalduntzea erraztea; "herri euskaldunetako ahozko jarduna" bertako euskalkian oinarritu behar delakoan dago, etxean, kalean, eskolan eta herri barruko hedabideetan. Hirugarren ardatzean, hizkuntzaren gainerako osagaien inguruko gaia darabil; arazoa ez da, dio Koldok, batua ala euskalkiak bietatik zein erabili, batua non eta noiz, eta euskalkia non eta noiz erabili da askatu beharrekoa; gainera, hizkuntzak bere baitan dituen osagaiak, beste hizkera batzuk, izan behar dira kontuan: haur hizkera, gazte hizkera, lagunarteko hizkera, lanbideetako argotak... denak sendotu eta indartu beharrekoak; hizkuntzak, komunikatzeko zereginaz gainera, gozatzeko eta gustura egoteko ere badirela, eta hizkuntz politikaren orain arteko ardatz nagusiei ezinbestekoa dela gehitzea, euskararekin jolas egitea eta gozatzea; hizkuntza sortzeko gaitasuna, lagunarteko hizkeran ikusten du, eta horixe jartzen digu lantegi: gazteek lagunartean euskaraz jardutea lortzen badugu, berez-berez etorriko zaigu hizkuntza bizia, indartsua eta sendoa.
Azkenik, helburura iristeko bideak datozkigu. Deba ibarreko herrien arteko hizkeren aldeak gora behera, gure artean ez dela aditu ezinik sekula izan, eta "Deba ibarrerako euskara batu bat egitea ez dela inondik inora gure asmoa". Zenbait egoeratan eta zenbait jardunetan, "eskualdeko euskara batua" erabiltzearen aldeko garela.
Herriko hizkera edo euskalkiaz: alde batetik, "non" eta "noiz" erabili galderari, erantzun zehatza da ematen diguna, "ahozko jarduna da euskalkiaren berezko esparrua"; bestetik, euskalkia nola erabili erantzuteko, euskalkiaren barruan hizkera bi daudela, "lagunartekoa eta jasoa".
Lagunartekoa izenak berak esaten digu, baina hizkera jasoak baditu, ostera, baldintza batzuk bete beharrekoak: lagunarteko erdarakadak baztertzea, hitzak osorik esatea eta idaztea, idazterakoan Euskaltzaindiak euskara baturako eman dituen arauak betetzea; hizkera jasoaren esparrua ere jartzen du: batzarretan, hitzaldietan, Administrazioko langileek herritarrekin... eskolako Haur Hizkuntza zikloan; hizkera jasoa idatzian erabiltzearen gainean esaten denak, euskara batuaren eredutik aldentzen diren alderdietarako balio du, beraz, Deba ibarrerako ere bai, hau da, gertuko lagunarekin gertuko hizkera, baita "esparru jakin batzuetan" ere: herri barruko ohar eta iragarki laburrak, haurrendako ipuinak, herri barruko aldizkarietako sail bereziak, ahozkotasunarekin lotuta dauden zenbait literatura generotan.
Eskualdean erabiltzeko "eskualdeko euskara batua" deitzen diona proposatzen du. Euskal Herri osorako testuetan ahalik eta euskara berdinena egitea komeni denez leku txikia dauka hor norbere eskualdeko hizkerak; baina beste kontu bat da esparru mugatuetan dihardugunean, geure herri barruan edo geure eskualdean, hurbilagoko euskara batu bat egokiago izango dugu: adibide polit bi jartzen ditu, testu bera euskara batu desberdinetan, bata Leintz aldekoa eta bestea Lesakakoa; azken urteotako jokabidea aldatu beharra proposatzen du, ba, eta herritarrengandik hurbilen dagoen euskara erabiltzea, "eskualdeko euskara batua" deitu duguna. Laburrago esateko, euskara batua egiterakoan geure hizkeran oinarritu behar dugula, euskara batua norberaren berbeta besterik ez da-eta Euskaltzaindiaren arauak gehituta gero.
Gaur egun geure herriko hizkera eta euskara batua nahikotzat ditu eta desegokitzat jotzen du "herrialdeko euskalki batua"ren aldeko ahalegina, euskalkiak homogeneoak ez direlako, euskalki batuak ikasteak dakarren lanagatik, hizkuntzaren batasunerako oztopo ere badirelako.
Eskualdea jartzen du lanerako esparru. Egitasmoak aurrera ateratzeko bitarteko gehiago dago eskualdeka norbere herri barruan baino. Deba ibarrean, transmisioa makalduta daukagun herrietan ahozko hizkera indartzeko, esate baterako, Elgoibarren, Eibarren, Ermuan eta Arrasaten, beharrezkoa da eskualdeko herri euskaldunen eredua, Antzuola, Elgeta eta Mutrikukoa; hori da eskualdeka jarduteak dakarren beste onura bat. Adibide hauxe iruditzen zaio beste alderdi batzuetarako ere: Gipuzkoako Goierri, Nafarroako Sakana, Bizkaiko Arratia...
Honaino, Koldo Zuazoren lanaren ahal izan dudan azalpenik laburrena. Lan bikaina benetan Koldorena. Hortxe dugu jarraibidea. Bat nator harekin. Erabat. Euskara batuak, Arantzazuko Batzarra egin zenetik hona, 1968an, sustrai sendoak hartu ditu, indartu egin da. Sekulako lana egin da, hezkuntzan, hedabideetan, unibertsitatean, literaturan... euskaldun guztiondako nazio hizkuntza garatzeko. Euskara batuak, gainera, Hiztegi Batua egin zenetik, behar zuen malgutasunean irabazi du; kontua da euskara batua ere erabiltzen ikasi behar dugula, eta hor ditugula makina bat hitz "eskualdeko euskara batuan" erabilgarri. Hala ere, euskalkiaren, edo nahi baduzue, ahozko berbetaren eta herrietako hizkeren aldeko gauza handirik ez da egin. Mendebaleko euskalkiak, eta hor kokatzen dugun Deba ibarreko euskarak, baditu bere ajeak, txikiena ez, erdararen eraginetik aparte, geure hizkeran berba egiteko daukagun lotsa edo konplexuak, transmisioaren etena, eta horrekin batera galduz doazen makinatxo bat esapide jator, azentua eta abar. Batez ere, ahozkotasuna irten da galtzen eta herrian eta lagunartean erabiltzeko euskara batuaren formaltasuna lehor samarra gertatzen zaigu.
Deba ibarreko euskararen aldeko ahaleginak lehen ere egin izan dira. Juan Martin Elexpuruk eta Fernando Muniozgurenek, badakite horretaz zer edo zer baino gehiago. Herrion arteko kohesioa sendotzera datorkigu orain Badihardugu Alkartia, eta Koldo Zuazoren lan hau geure asmoak eta ideiak indartzeko tresna aparta da.
Imanol Laspiur zenak, gure lagun ahaztu ezinak, Eibarko Euskera Mintegiko batzar haietako baten ondoren, bota zidana datorkit gogora: "Bagabixak gu ahalegińak egitten baińa Eibarko euskeria hil dok". Hori da hainbatek eta hainbatek sentitu izan dugun etsipena herriko berbeten gainbeheraren aurrean. Berreskuratzea ez da erraza, baina ahalegina egitea merezi du
Jon Garańo
Fenomeno berri bat ari da gertatzen azken urteetan animazioaren sektorean. Izan ere, orokorrean, animazioaren munduan lanean dabiltzanak umeentzako bereziki animazioak egiteari utzi, eta publiko mota askotarako animazioak egiten hasi dira. Halaxe dio, adibidez, Baleuko produkzio etxeko Eduardo Barinagak: "Animazioa beste ezein ikus-entzunezko produkzio bezala, segmentatzen ari da. Hau da, gaur egun xede-taldeak askoz ere espezifikoagoak dira orain dela bost urte baino eta honek jende gutxiagorentzat gauza gehiago egiten direla esan nahi du".
Begi-bistakoa da horrela, azken urteetan telebistan orain artean ikusi ahal ez zen helduentzako animazioa hedatu dela. Dibulitoon animazio estudio eta produkzio etxearen bi buruetako bat den Ricardo Ramonen esanetan, "lehen ere egiten ziren helduentzako animazioak baina ez dute, jakina, ęThe SimpsonsĘek izandako oihartzunik izan. Egia esan, helduen animazioak bizi duen ęmemento oparoĘ hau neurri handi batean serie honek ekarria izan da".
«The Simpsons» iraultza bat izan zen animazioaren munduan orain dela hamar urte baino gehiago sortu zenean. Amerikar gizartearen kritika egiten duen telesail honek, animazioak helduen artean arrakasta izan dezakeela frogatu zuen. Dena den, Irusoin ekoiztetxeko Ińaki Gomezen esanetan, arrakasta hau erlatibizatu egin behar da: "Arrakasta izan duten helduentzako bi animazio serie baino ez dira izan: ęThe SimpsonsĘ eta ęSouth ParkĘ. Eta egia esan, The ęSimpsonsĘ helduentzat osoki eginiko produktua denaren zalantza badut, umeek ere ikusten duten telesaila den heinean. ęSouth ParkĘ da helduentzat osoki egin den telesail arrakastatsu bakarra. Hau, bestalde, kultukoa bezala hartu daiteke eta horren adierazpide herrialde guztietan ordu txikietan emititu izana".
«The Simpsons»en atzetik ildo bereko beste lan batzuk etorri dira. Horren lekuko dira serie amerikar honen autore berdinek eginiko «Futurama», Tele5 Espainiako telebista katean ikusi ahal zen «ķQué bello es sobrevivir!» edota, batez ere, gazteen artean Ińaki Gomezek dioen bezala, kultukoa bihurtu den «South Park».
Azken telesail honek zirkuitu alternatiboetan egiten zena esparru zabaletara hedatzea ekarri zuen. Hau da, ordura arte telebistan emititu ezin zena egiten hasi zela. Polemika handiekin hasieran, baina gaur egun publikoa serie honen lengoaiara ohitu egin da eta jada normaltzat hartzen da orain gutxi arte astakeri handitzat hartzen zena.
PENTSAEZINA EGI BIHURTZEN.
«South Park»ek mundu osoko gazteen artean, batik bat, arrakasta izatearen funtsa neurri handi batean bere orijinaltasunean eta bihurrikerian dago. Izan ere, marrazki bizidun hauek, orain artean telebistan pentsaezina zena esan eta egiteaz gain, «The Simpsons»ek egiten duen amerikar gizartearen kritika lekutan uzten du gaizki trazatutako irudien bitartez. Umeen ikuspegitik munduaren irudi berezi nahiz satirikoa egiten baitute, teorian gutxi landutako estetika erabiliz: "ęSouth ParkĘ edukietan zentratzen da. Zentzu horretan batik bat Interneterako egiten den Flash formatuko lanekin zerikusia izan dezake, nahiz eta ęSouth ParkĘ ez den Flash bitartez egiten", dio Dibulitoon enpresa irundarraren arduradun den Ricardo Ramonek.
Interneten asko ugaldu dira animazioaren bitartez kontatutako istorioak eta gehientsuenak, irudiak duen pisu urriagatik, Flash formatu honetan egiten dira. Hau da, irudi estatiko batzuei dinamismoa ematen dion formatuan edota beste hitz batzuetan esanda, animazio bektorialaz baliatzen den teknikaz baliatuz. Animazio hauen balore estetikoa nahiko baxua da eta hortaz interneterako baliagarriak izan arren, komunikabide konbentzionaletan emitituak izateko kalitate nahikorik ez dutela kontsideratzen da, nahiz eta oraintxe bertan Espainian bi animaziozko telesail egiten ari diren teknika honekin. "Flasha mugatua dagoen teknika izan arren, produkzio kostuak asko jaisten ditu. Dena den, akzioa ez da ondo errepresentatzen eta ezaugarri bereziak dituzten animazioak izan behar dute hauek: asko hitz egiteaz gain, akzio gutxi dutenak", dio Ricardo Ramonek.
HELDUEN TAMAINARA.
Ezaugarri hauek bat egin dezakete helduek eskatzen duten animazio motarekin: itxura ez dute oso landua, baina sormen handikoak dira; umore kolpe bereziak dituzte eta, batez ere, politikoki zuzena ez den lengoaiaz zein edukiz beteta daude. Hau da, hizkera gogorra, era guztietako sexu espresioak eta biolentzia mugagabea izan dezaketen istorioak. Interneten horrelako istorioak ugaltzen ari direla guztiz jakina da eta animazioak bertan tartea aurkitu duela ere nabaria da.
Helduentzako animaziozko pertsonaiek egin edota esaten dituztenak irudi errealean egitea pentsaezina da gaur egun, publiko zabal bati zuzentzen zaizkion produktuetaz ari bagara behintzat. Irudi errealean eginen balira, hauen biolentzia, sexu esplizitu edota hizkuntzaren erabilera bortitza gehiegizkotzat har zitezkeen; gizartea hauekin eskandalizatzea oso posiblea bailitzateke.
Mass-medietan horrelako produkzioak animazioan ikusi ahal izateari Juanba Berasategi Lotura Filmseko arduradunak arrazoia erraz aurkitzen dio: "Marrazki bizidunak ikusten ari denak argi dauka ikusten ari den hori ez dela egia, marrazkiak direla, eta horrek asko egiten du mezuari transzendentzia jaisterako orduan".
Animazioa ez da, izan ere, umeentzat esklusiboa den zerbait baizik eta publiko orokorrago bat izan dezakeen espresiobide bat. Barinagak dioen bezala "nahiz eta animazio konkretu bat umeei zuzendua izan, honek ez du esan nahi helduen gustuko ezin izan daitekeenik. Produktua ona bada, hau umeen zein helduen gustukoa izatea gerta daiteke".
Juanba Berasategik, horietan lan egin izanagatik, ondo ezagutzen dituen «Fernando Amezketarra», «Lazkao Txiki» edota «Txirrita» horren lekuko dira: "Marrazki bizidun hauek publiko guztietarako eginak ziren. Faktura aldetik oso onak ez izan arren fenomeno berezia ezagutu genuen Euskal Herrian telesail hauekin, umeek zein hauen aitonek ikusten baitzituzten. Bitxia izan zen hainbat urteren ostean edadeko jendea telebista aurrean marrazki bizidunak ikusten nola jartzen zen ikustea".
Ińaki Gomezek ere badu zentzu horretan esatekorik, Irusoin eta Lotura filmsek batera ekoiztutako lanak izan baitziren: "Bertsolarien arrakasta neurri handi batean publikoarentzat ezagunak ziren pertsonaia zein istorioetan oinarrituak izatean zetzan. Era horretan, umeez gain helduek ere istorio haiekiko interesa agertzen zuten".
Gaur egun egiten den animazioak publiko orokor bat du helburu. Ikusle kopuru handienak dituzten Disney, Dreamworks edota AEBetako beste ezein animazio ekoiztetxek produzitzen dituzten filmeek hori oso argi daukate. Gomez berak dioen bezala: "Merkatuari begira egiten da lan. Zinema aretoetara umeak euren gurasoekin joaten direla kontuan hartuz, azken hauen interesa piztu dezaketen lanak egin behar dira pelikulen errentagarritasuna lortzeko. Bestetik telebistan ere prime time-a bilatu behar da, eta hortaz, egokiago da publiko orokor bati zuzentzen zaizkion gauzak egitea".
«SHIN CHAN» FENOMENOA.
Merkatua aldatu egin da gizartea bera aldatu egin delako. Honen lekuko izan daiteke Euskal Herrian nahiz beste hamaika herrialdeetan fenomeno soziala bilakatzera iritsi den «Shin Chan» animazio serie japoniarra. Euskal Herrian hamar umetik zazpik Sinosuke izeneko pertsonaiaren istorioak jarraitzen ditu egunero. Hau kopuru altu bat baino ez litzateke izango animaziozko telesail japoniar honen edukiagatik ez balitz. Izan ere, «Shin Chan» serieko protagonistak, bere inozentzia medio, gurasoak zein irakasleak barregarri uzten ditu, lizunkeriak egitea gustuko du, lotsagabe handia da eta dena naturaltasun handiz egiten du, bere inguruko pertsonaien desgrazirako eta ikusleen gozamenerako.
Euskal Herrian seriea emititzen duen ETBk gurasoen kexurik jaso ez badu ere, Katalunian gauzak bestelakoak izan dira, Kataluniako ikus-entzunezko kontseilua parte hartzera behartua ikusi zen neurriraino. Kontseiluak ateratako ebaluazioak «Shin Chan»ek ez duela araudia urratzen dio, nahiz eta onartzen duen sexuaz maiz hitz egiten dela, emakumeen irudi estereotipatua ematen dela edota nagusienen agintea zalantzan jartzen dela.
«Shin Chan» Betizu programaren barruan emititzen da Euskal Herrian. Programaren arduradun den Barinagak badu «Shin Chan»i buruz iritzia: "ęShin ChanĘ ikusteko aukera izan genuenetako lehenengoetarikoak izan ginen gu eta, egia esan, bat-batean konturatu ginen arrakastatsua izanen zela seriea. Protagonistak umeek egin nahi baina egin ezin dituzten gauzak egiten ditu. Protagonistarekin gustura sentitzen dira umeak eta, bestetik, marrazkietan azaltzen diren helduak erraz identifikatzen dituzte. Bestalde filosofia eta baloreak ez dira hain transgresoreak. Formekin jolasten du, baina baloreak nahiko ondo ezarriak ditu Shin Chanek. Shin Chan mutiko ona da... lehendakari iraultzailea litzateke. Shin Chan gu guztion barrualdean ezkutatzen den umea baino ez da ".
Gizartea aldatzen doanez, eta hortaz umeak eta euren gustuak aldatu direla kontuan hartuz, gaur gazte garenok ume ginenean ikusten genituen marrazki bizidunek egun arrakasta izango ote zuten geure buruari galdetzen diogun unerako, erantzuna Ińaki Gomezek ematen digu: "Beste esparruetan bezala animazioan ere modak daude. Haietako batzuk ez lirateke gaurko umeen gustuko, baina beste batzuk, klasikoak diren heinean, hauen gustuko izan daitezke".
Salbuespenak salbuespen, garai hartako pertsonaiek gaur egungo pertsonaiek oso nabaria duten pertsonalitate indartsua falta zuten, edota akaso, politikoki onartua ez den jarrera bat. Hau da, izan ere, gaur egungo animazioak duen ezaugarri nagusienetarikoa: pertsonaiek duten pertsonalitatea eta jarrera, egungo gizartera egokitua dagoela. Animazioak hortaz, populazioak orokorrean bere aisialdia asetzeko izan ditzakeen beharretara egokitzen jakin izan duela dirudi
Maider Zapirain
Udaberri edo uda garaian, oporraldiak edo aste bukaerako txangoa aprobetxatzea aski da goi mendietara ihesaldiren bat egiteko eta bertako parajeetaz gozatua hartzeko. Nafarroako Auńamendietan Hiru Errege Mahaiak hartzen du kotarik garaiena, edozein mendizaleren handinahiak asetzeko eskuragarri izango duguna.
Inguruneko baldintzak zailak izanik ere herri txiki ugari ditugu Erronkariko bailaran zehar. Euren bizibide eta ekonomia historikoki abeltzaintza eta basogintzan uztartu badute ere, gaur egun turismoa leku egiten ari da.
Larra-Belaguan barna, txokorik ikusgarri eta hunkigarrienekin topo egingo dugu eta bere baitan biltzen ditu hain esanguratsuak zaizkigun natur erreserbak. Batetik, Larrako natur erreserba aipatuko dugu, Europako gune karstikorik handiena da eta hainbat ezaugarri berezik inon topa ezin dugun landaretza berezia garatzea eragin du. Ingurune arrokatsu eta gogor honetara egokitu den ugaztunik badago ordea, besteak beste sarrio edo marmotak ikustea ohikoa da.
Ezin aipatu gabe utzi Aztaparreta eta Ukerdiko erreserba integralak. Gizakiak ustiatu ezin dituen baso hedadura zabalek, pago eta izeien baso misto ederrek egituratzen dute nagusiki. Baso hauek kontserbazio maila ezin hobea agertzen dute, bere-berea duen fauna aberatsa ezkutatzen duelarik kasik sekretupean.
Eta harira joanez, ugaztun handien atzetik gabiltza Nafarroako txoko ikusgarri hauetan, eskualde paregabe hauek animalia hauen biziraupenerako beharrezko baldintzak eskaintzen baitituzte. Euren babesleku eta gordeleku bihurtu dira, baina bere etsai erasokor eta bortitzenak ez die sekula treguarik ematen, gizakiak hain zuzen.
Sarrioak, goi mendietako zaindariak.
Badituzte ezaugarri bereizgarriak, esaterako muturreko orban ilunak, adar mehe eta leunak dituzte, atzeraka okertuak. Okerdura desberdina da eme eta arretan eta esperientzia pixka bat ukanez erraza litzateke besterik gabe edo prismatikoen bitartez sexu bereizpena egitea. Ilajearen kolore eta tonua aldakorra da neguan eta uda aldean: marroi ilunetik marroi horixkara iragaten da.
Ahuntz, ardi eta behiak bezala bobidoen familiakoak dira. Tankeraz ahuntzak bezalakoak dira, baina bere liraintasuna dela-eta goi mendietan ibiltzeko erraztasun handia dute. Abilezia gaitza dute ingurune arrokatsu hauetara igotzeko, grabitate indarrari desafioka ariko balira bezala. Dena den, sarrioa hain goian badabil giza presioaren eraginagatik da; bestela kota baxuagoak egokiagoak zaizkio.
Etxeko ganaduek ere mendi larreak erabiltzen dituzte eta honela, nolabaiteko konpetentzia egiten diete sarrioei. Animalia honengan hainbat ohitura aldaketa eragin dute eta adibidez, baso guneak gehiago erabiltzen dituzte. Negualdiko baldintza gogorrek ere behartzen dituzte mendi gainetatik jaistera, bazkatu nahi badute behintzat.
Animalia taldekoiak dira gehienetan, beti ere emeak zuzendurik taldean ibiliko dira ar bat edo bi tartean dituztela. Arren taldeak ikus ahal dira. Taldeen tamaina aldakorra da, izan ere emeen portaera aldatu egiten baita erditze garaian; bakarzale bihurtzen dira. Baina egoera berehala aldatzen da kumeen onerako, talde handien babesera hurbiltzen baitira.
Animalia askok bezala araldia udazken aldera izaten dute eta 25-27 asteren buruan kume bakarra jaiotzen da normalean. Bi urte eta erdi dituztela lortzen dute heldutasun sexuala. Kalkulatzen da sarrioen biziraupena 15 eta 20 urte ingurukoa dela.
Pirinioetako hartza, oihanetako bakarzalea.
Deskribapenik behar ez duen animalia dugu. Iraungipen arrisku bizian dago eta inguru hauetan bakan batzuk baino ez dira geratzen. Antzinatik jasan du sekulako jazarpena, gupidarik gabe ehizatua izan da urtetan. Sinbologiaz betetako ugaztun galant eta iheskorra dugu. Astunak dira oso, 80tik 250 kilo bitarteko pisua izan dezakete eta animalia moteltzat jotzen dira.
Hemengoak tamainaz izugarriak iruditzen zaizkigu, baina Ipar Ameriketan bada azpiespezie bat honako hauek baino askozaz handiagoa dena, kodiak hartz izugarria.
Berezkoa ez badu ere, animalia gautarra bihurtu zaigu; hain da lotsatia ezen gizakiarengandik beti guztiz urrun ibiliko da, duen usaimen zorrotzak kilometrotara igarri baitezake.
Izatez orojalea da, hasi fruitu, sustrai eta hazietatik, sarraskijale edo haragijale bihurtzeraino. Ekaitza ari deneko gauren bat aprobetxatu dezake sakabanatuta dabilen artalderen bat erasotzeko. Ondorengo kalte ordainak kitatzeaz administrazioak arduratu beharko du.
Hibernazio antzekoa burutzen dute. Negua lozorroan eta atsedenean igaroko dute euren gantz erreserbak xahutu bitartean. Udaberri aldera zeharo mehartuta irteten dira gordelekuetatik.
Hartz arreek uda aldean dute estalketa garaia eta kumeak zazpi asteren buruan izaten dituzte, normalean bi edo hiru kume. Amaren babesean egon ohi dira bi urte egiten dituzten artean. Ondoren pixka batean noraezean ibili ohi dira hiru edo lau urterekin heldutasun sexuala lortzen dutelarik. Hala ere tamalez, kumeen hilkortasun arriskua handia da. 30 urte izan arteraino bizi ahal daitezke hartzak.
Marmotak, lagunkoiak eta jostalariak
. Goi mendietan ibili den orok ezagutzen ditu karraskari erraldoi hauek, nahiko lotsagabeki aurkezten baitira gizakiaren aurrean.
Ingurune arrokatsuetan edo larreren batean eraikitako galeriatan bizi dira. Marmotak talde zaleak dira, familia talde handietan bizi ohi dira, gainera guztiek batera lo egiten dute loaldi luzeetan. Gordeleku bakoitzean hamar baino marmota gehiago egon izan dira. Marmotek famili sena garatua dute, euren buruak arriskuan ikusten dituztenean txistu moduko soinu bat igortzen diete bere taldekideei, zenbaitetan sarrioek ere erreakzionatzen dutelarik. Jokabide bereziak izaten dituzte, komunikazio handia dute elkarren artean, sudurrak igurtziz agurtu egiten direla dirudi. Oso jostalariak dira euren artean eta baita beste espezietako animaliekin ere. Elikadura aldetik herbiboroak dira, mendi larreetako belar, gramineo edo sustraiak gustuko izaten dituzte.
Marmotak ezagunak ditugu hibernazio luzea egiten dutelako, 6-7 hilabete inguru, eta bitartean ez dute inolako elikagairik barneratzen. Lozorro luze horretan, noizean behin esnatuko dira eraikitzen dituzten "komunetara" joateko. Honela lozorro luzetik esnatutakoan oso argalduak egoten dira, baina lehenengo elikagaiak irentsi ostean marmoten araldia martxan jartzen da. Kasu honetan ere, jokabidea oso berezia da. Besarkada antzekoen ostean etorriko da kopulazioa, arren arteko itxurazko liskarrik ere ez da faltako. Bost asteren buruan jaioko dira kumetxoak, biluzik eta guztiz itsu. Denbora askoan egoten dira amaren babesean, eta gero taldearen babesean. Biziraupena luzea izan daiteke, 15 urte inguru bizi ahal daitezke.
Orain Nafarroan agertzen diren marmotak, Pirinio frantziarrean eginiko sartzapenek ekarritakoak dira eta ingurunera ondo egokitu ezezik, Pirinio osora hedatu dira. Berez ehunka urte lehenago desagertu zen marmota inguru hauetatik.
Urte batzuk atzera eginez, bestelako ugaztun ederrak ere topa ahal genitzakeen zonalde honetan, hala nola, basahuntzak, otsoa eta katamotzak. Horiek arruntak ziren garai batean, makina bat dokumentuk ziurtatzen duen moduan.
Zoritxarrez, desagertzeko arriskuan dauden espezien zerrenda luzea da. Espezie hauen babeserako beharrezkoa izango da euren habitat naturalen jarraikortasuna bermatzea. Helburu honi jarraiki, babesturiko natur guneen sarea geroz eta luzeagoa da, eta hauen kudeaketa egokia egitea ezinbestekoa da