EUSKALTZAINDIAREN HITZARMENA
Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu dute eta, beraz, Gobernuak akademia diruz lagunduko du, urtebetez negoziazioetan ibili ostean. Joan den urtera arte Euskaltzaindiak Eusko Jaurlaritzarekin, foru aldundiekin eta Nafarroako Gobernuarekin sinatzen zituen hitzarmenak. Nafarroako Gobernuak bakarka sinatu nahi zuen eta orduan hasi ziren tirabirak. Hitzarmenak lau urteko epea du eta urtero berritu beharko dute.
OSAKIDETZAREN LAN DEIALDIEI HELEGITEA
UEMAk eta Behatokiak helegitea aurkeztu diote Osakidetzak egindako azken 29 lan deialdiei; izan ere, lanpostu horiek betetzeko ez da inolako hizkuntz eskakizunik galdegingo. Guztira 1.800 postu inguru eskainiko ditu Osakidetzak eta oposaketetan lortu daitezkeen 160 puntuetatik 9 soilik eskuratu ahal izango dira euskararen merezimenduz, %5,6. Legearen arabera, hizkuntzaren merezimendua %5-20 artekoa behar du izan eta eta Osakidetzak gutxienekoa ezarri izana salatu dute.
NAFARROAKO GOBERNUAK ATZERA EGIN BEHARKO DU
Nafarroako Auzitegi Nagusiak eremu euskaldunean Euskararen Foru Dekretua aplikatzeko Ekintza Plana eta Euskara Administrazioan Arautzeko Dekretua indargabetu ditu, formazko akatsak direla-eta; besteak beste, Nafarroako Hizkuntza Kontseiluak txostenik egin ez zuelako. Lehenaren kontra bost alderditako zinegotzi eta alkateek aurkeztu zuten helgitea eta bigarrenaren kontra Euskara Kultur Elkargoak. Auzitegiaren erabakiak bete beharko ditu Nafarroako Gobernuak, nahiz eta Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrean helegitea aurkez dezakeen.
LAN ESKAINTZEN %12 EUSKARAZKOAK DIRA
Garapen Zirkuluak egindako «Infoempleo 2002» txostenean ageri denez, 2001eko apiriletik aurtengo apirilera bitartean, EAEn egin ziren lan eskaintzetatik %12k euskara jakitea eskatzen zuten. Aurreko azterketan, 2001ekoan, euskara eskatzen zuten eskaintzak %7,8 ziren.
EZKUTUAN
Bidaiarien begietatik urrun izaten dira Donostiako Kursaaleko Kubo aretoan irailaren 1a arte paratu dituzten «Aireportuetako Artea» erakusketako arte lanak. Izen hori darama, hain zuzen, bertan ikusgai dauden obrak AENA, Espainiako aireportu sarea kudeatzen duen enpresaren funts artistikoaren parte direlako. Dena den, duten balioarengatik kasu batzuetan, eta besteetan formatuarengatik, ezkutuan izaten dira. Nahiz eta izugarrizko tamaina eduki. Guztira, 27 egileren 30 lan dira. Horien artean, Eduardo Txillida, Pello Irazu, Agustin Ibarrola, Eduardo Urkulo edota Cristina Iglesiasen obrak daudelarik. Artea edozein lekutan ezkutuan izan daitekeela frogatuz.
PIRATERIAREN KONTRAKO OPERAZIOA
CDen legez kanpoko kopiak egiten zituzten 25 pertsona atxilotu zituen lehengo astean Bilbon Polizia Nazionalak. Guztira, 11.000 disko konpaktuetatik gora zituen prest pirateriako sare honek banatzeko. Hauetako batzuk, merkatuan astebete baino gutxiago daramaten diskoen kopiak ziren. Diskoetaz gain, grabaziorako aparatuak, mila karatula baino gehiago eta dirua aurkitu du Poliziak San Frantzisko kaleko hainbat etxebizitza arakatzean. Guztira, 200 mila eurotik gorako balioa du hartutako materialak.
PRESIOPEAN LANEAN
TAKOLO, Pirritx eta Porrotx pailazo taldeak joan den astean salatutakoaren arabera, iaztik euren kontrako kanpaina bat jasaten ari dira. Hori dela-eta iaz 20 emanaldi galdu zituzten, eta aurten hauek kontratatzeko asmoa zuten hainbat erakunde eta ikastetxek presioak jasan dituzte. Zenbait udalerritan herriko azpiegiturak erabiltzea debekatu diete pailazoen saioak antolatzeko ardura zutenei. Hala eta guztiz ere, aurten 150 emanalditik gora eskainiko ditu taldeak.
DANTZAZ DANTZA
HILAREN 10ean hasi eta 12a arte Basusarrin DantzÆHadi jaialdia burutuko da. Euskal Herriko eta atzerriko dantzen eta musiken trukea egiteko aukera izateaz gain, jaialdiak amateurrek dantza hauek ikas ditzaten lortu nahi du. Hilaren 13a aukeratu du baita ere Ereintza dantza taldeak Errenterian IV. Erromeria eguna antolatzeko. Goizeko lehen ordutik hasi eta goizaldera arte, kalean zeharreko dantza, bazkaria eta erromeria egingo dira.
ORKESTRA GAZTEA
URTERO legez, Euskal Herriko Gazte Orkestra topaketak burutzen ari dira. Hilaren 23a arte, bost kontzertu eskainiko ditu. Aurtengo berrikuntza nagusia, lehenengo zuzendari gazteen topaketak dira. Hauek Leioako Askartza-Claret ikastetxean egingo dira.
SINADURA GUZTIAK
AMARICA plataformako kideek dagoeneko lortu dute Arabako erroldako %2aren sinadurak biltzea Amarica erakusketa aretoaren itxiera galarazteko herri ekimen legegilea aurkeztu ahal izateko. 4.800 sinadura behar zituzten, eta 5.000tik gora dituzte. Arabako hautes batzordean aurkeztu dituzte hauek eta orain Batzar Nagusietara pasako dira. Dena den, hilabete bat beharko da gutxienez, eztabaida politikoari ekiteko.
JAZZA NONAHI
UZTAILA jazzaren hilabetea da. Getxoko Jazzaldia iraganda, Gasteizkoak hartuko dio txanda. Bertan Van Morrison, Buddy Guy eta Herbie Hancock izango dira, besteak beste. Ondoren etorriko da Donostiakoa. Uztailaren 24an hasiko da jazz maratoi batekin. Hilabetea amaitzerako, irekiko ditu ateak Zarauzko Nazioarteko III. Jazz Mintegiak, jazza ikasi nahi duen guztiarentzat.
- Hasier Etxeberriaren iritzia da honakoa «El Diario Vasco»n adierazia: «Ezin da esan euskal kultura guztia simulakroa denik. Simulakroa egotekotan, egon liteke politika kulturalean, ez produkzio kulturalean».
- Luis Marias gidoilari eta zine zuzendariak «El Pais»en: «Gidoilari bat ez da idazle bat. Ni idazle kaxkarra kontsideratzen naiz, ezingo nuke eleberri bat idatzi; gidoi batean egin behar den bakarra da istorio bat sortu imaginen bidez».
- Juan Luis Zabalak honakoa zioen «Euskaldunon Egunkaria»n: «Euskal literatura eta euskal antzerkigintza zein bere bidetik dabiltza. (...) Bada horren adierazgarri argia den xehetasun ñimiño baina salatari bat: hainbat obra klasiko ezagunek bi izenburu dituzte, gutxienez, gurean; literaturarako bata, antzerkirako bestea».
- Iban Zalduaren aburuz, «gure literaturan egon, badago umorea, baina, izatekotan, nagusi ez da umore alaia, ikusezinagoa den umore bat baizik, ironiaz-edo baliatzen dena hain zuzen». Baieztapen hau «Gara»n idatzitako iritzi artikuluan adierazi zuen.
Geroz eta denda gehiago irekitzen ari da gorputzarentzako produktuak saltzen dituen Ingalaterrako The Body Shop katea. Produktuen etiketak erdaraz daude, baita denda barruko kartelak ere. Web guneari dagokionez (www.thebodyshop.es), euskararen arrastorik ez dago.
Maria Bayo soprano nafarrak Nafarroako Principe de Viana kultur saria jaso du.
Pablo Pedro Astarloa idazle eta hizkuntzalariaren jaiotzaren 250. urteurrena dela-eta Euskaltzaindiak, Gerediaga elkarteak eta Otxandio, Durango eta Garaiko udalek omenaldia egin berri diote.
Tanttaka taldeak Manuel Rivasek idatzitako «La Mano del emigrante» lana taularatuko du Donostiako Antzerki Jaialdiaren baitan.
Jon Benitok eskuratu du kazetari berriaren aurtengo Rikardo Arregi saria.
Roberto Mosok «Flores en la basura» izeneko liburua idatzi berri du. Bertan, 80ko hamarkadako giroa deskribatzeaz gain, Zarama taldearen hainbat zertzelada ematen du. Liburua Interneten dago osorik.
Aizpea Goenagak «Lauterdi pirataren altxorra» izeneko liburua argitaratu du Txalapartaren eskutik.
Laura Mintegik «Jakin»en idatzitakoa da honakoa:
«Kontua da idazleek beren lanarekiko adierazten duten seriotasun eta profesionaltasuna agerikoa izaten bada ere, beste aldetik ez dutela giro onik beren interesak defendatu ahal izateko argitaletxeen aurrean, lagun giroak (atsegina bestalde) ez duelako laguntzen hainbat gai finkatzen. Eta editoreek ere antzeko egoera pairatu behar izaten dute, idazle batzuek adiskidetasuna jartzen baitiete mahai gainean transakzio komertzial hutsa baino ez den (edo izan behar ez lukeen) hainbat jardueratan. Herri txikia gara eta denok elkarren ezagun, baina agentearen irudia faltan hartzen da sarritan. Hau da, egilearen eta beronen lana modu industrialean ekoiztu behar duen editorearen artean, bitartekaria jarri. Baina, nola bidera liteke idazle baten egite profesional osoa agente baten bidez, prentsan kolaboratzeko artikulu sorta lagun minak eskatzen baldin badizu (...)?
Hurbiltasunak alde onak ditu, eta alde txarrak. Alde ona da konfiantza, (...) Txarren artean abusua dago, gehiegikeria bataren edo bestearen aldetik, idazleak beraren agentearen lana egin behar izatea, eta hurbiltasunak eragoztea interesen defentsa egokia egitea. Eta, batez ere, editorearen eskuetan utzi behar dela liburuaren promozio osoa, baita itzulpenak egiteko interesa (edo interes eza) ere, beti ere, argitaletxe bakoitzaren ahalmenaren (edo ahalmen ezaren) arabera».
Nafarroako herritarrek eta gizarte eragileek egindako lanagatik izan ez balitz, seguraski Nafarroako Gobernuak duela urte eta erdi ezarritako Dekretuak bere horretan iraungo zuen. Egindako protestak eta auzitegira jotzeak izan du fruiturik eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak Gobernuaren Dekretua indargabetu du.