Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-02 16:46:18
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-07-07 -- 1861.zenb

Pilar Iparragirre

Duela hogeita hamar urte ere, kukuak oker jotzen zuen langileentzat. Halako zikoizkeria amorratuarekin gordetzen zuten nagusi-ugazabek lantegietatik ateratako irabazkin oro, ze egunetik egunera gehitzen zihoazen beraien eta langileen arteko auziak eta borrokak. ZERUKO ARGIAn gorabehera haien berri emateaz arduratzen zen Mikel Ugaldek, bere aldetik, zentsurari ihes egiteko zuen etorriaz baliatuz, "Suspenso" izenburua zeraman lanarekin zigortu zituen 1972ko uztaila hasieran.


ONDO MEREZITAKO NOTA

Bere zigor horren arrazoiak, artikuluaren hasieratik bertatik ematen zituen. "Bai, jauna, æsuspensoÆ eta ondo merezia gainera. Azterketa edo esamiña giroan bete betean murgildurik egon gera, eta guk ere azterketa egin beharko bagenu, epaia ematerakoan, delako æsuspenso baino ez genduke emango. Zergatik ote? Ez natzaizue historiaz, edo literaturaz, edo unibersidadeaz mintzatzen ari. Gure asignaturaren mamia lantegiko harremanak dituzu, lantegi mailan kursoan zehar sortu diren gorabeherak. Eta egia esan, arlo honetan ez dugu bake unerik ere sumatzen. Non dago okerra? Nor errudun?".
Arazoaren muina azaldu behar zuen, eta ez zen lan erraza. Badaezpada, zuen etorriari ateak ireki eta, langileei kukuak txit oker jotzen zien errealitate gordinetik, beste kuku batek soinua jo ohi zuen garai mitikora irakurlea eramaten ahalegindu zen, hasteko.
"Inoiz, nagusi eta langilearen arteko harremanak zuzenean gertatu ohi ziren, eta estaduak ere ontzat ematen zituen. Liberalismo giroan elkarteek ez zuten sentidurik, gauzak, gorabeherak, bakarka ækonpontzenÆ ziren, korapiloak nork bereak askatzen".
Balizko "berdintasun" hori langilearentzat onuragarri ala kaltegarria zen, ez zuen aipatzen, irakurtzen ziotenek ulertuko zutelakoan-edo.
"Geroztik, beste jokabiderik ere ezagutu izan dugu, eta langileria elkartzea bidezkotzat jotzen zen eskubideak behar bezala zaindu ahal izateko, legea eta zuzentasuna behar bazala bete erazteko", jarraitzen zuen esaten. Puntu honi zegokionean ere, hobe barruan zeramana ez azaltzea, arriskutsua baitzen indarrean zegoen "elkarte" bakarraz areago joatea. Espainiako Sindicato Vertical delakoaz ari naiz. Enpresari eta langileez osatutako "sindikatu" horrek, teorian, batera defendatzen zituen batzuen eta besteen eskubideak. Nola? Bada, Mikel Ugaldek, zeharka bada ere, adierazten zuen moduan, jakina.


LANGILEEK ASTEAN BI OSTIRAL

"Gure artean, konbenioak ere ezagutu ditugu, baina Maiatzeko æCuadernos para el DiálogoÆ aldizkariak dion bezala, espero zen fruiturik ez da lortu. Behar den bakerik ez da lortu lantegi mailan. Lana uztea, oporketak, burrukak ez dira falta. Langileria ez dago batere konforme egoera hau dela eta. Sindikatoaren (?) babespean sortzen dira harreman hauk. Sarritan behar den askatasunik ez da nabaritzen gauza aurkezteko. Bestetan, langileriaren izenean bildutakoak ere ez dira langileriaren egiazko ordezkari eta bitarteko. Horrelakoetan gauzak zelan zuzen konpon? Elkarrizketari hasiera emanez gero, bi taldeek interes ezberdinez ari direla berehala antz ematen diogu. Bakoitzak bere opillari su ematen dio. Elkarrizketa honetan, langileriaren posibilidadeak oso mugatuak daude. Huelgaren bidez ere indarra erakusten badu, legez kanpo gelditzen da, ez dago harremanetarako jarraipenik. Ondorenak, berriz, nork ez ditu azken huelgetako ondorenak ezagutzen? Azkenik, delako elkarrizketa zelebre horretan konponketa modurik ez badago, ælaudoÆ deritzan erabakia ematen du agintariak. Konbenio nagusienetan, agintariek dadukate azken hitza. Konbenioa izenpetu aurretik, jornalen arazoa izan ohi da punturik nagusienetakoa, garrantzitsuenetakoa. Jornala dala eta, bi alderdi ikus genitzake: Jornalak langileak dituen behar eta premiak ase behar ditu. Jornala, langileari, produkzioaren alde lana eskaintzen duen langileari zor zaion saria da hain zuzen. Badakigunez, legeak ez du jornalaren lehen sentidurik betetzen. Legepean ezarritako jornalak ez ditu langilearen behar premiazkoenak asetzen. Legeak ezartzen duen jornalarekin biziko den familiak, astean bi ostiral ditu. Bigarrengo alderdia gogoan harturik, ez zaio langileari produktibidadearen neurrian ordaintzen. Kapitalaren gehitzea, pilatzea dela, autofinantza, eta abar. Non dago langileari zor zaion saria?".
Behin horretaraino iritsita, ondorioa azaltzea baino ez zitzaion gelditzen. "Berriro, lan honen izenburuaz oroituz -delako 'Suspenso' hura-, gauzak oker daude erabat, eta egoeraren azterketak ez du epai bigunagorik merezi. Gauzak konpontzeko erabakiak hartuko direla aitortzeak ez du, nere iritziz, aprobatzeko hainbat indarrik, luze, luzeegi, bait doa gauzak bere onean ikusteko eskatzen zaigun epea. Nere aldetik suspenso borobilla jarriko det. Zure aldetik, irakurle?"

Daniel Udalaitz

Egungo egunean, Hego Euskal Herriko aurrezki kutxek arreta handiagoa jartzen diote hedatzeari fusionatzeari baino. Dakigula, lehengoan daude oraingoz Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioaren barruko lau aurrezki kutxetatik hiru (BBK, Kutxa eta Vital) fusionatzeko proiektuak. Hedatze-kontuan, ordea, Euskal Herrian ez ezik, Euskal Herritik kanpo ere gogoz ari dira ahalegintzen. Dagoeneko, bulegoen %20 dauzkate hemendik kanpo. Antza denez, Espainian barrena zabaltzeko estrategia daukate orain indarrean, eta horixe ondorioztatzen da lau kutxetako arduradunek, nork bere erakundearen urteko batzarrean, 2001eko ekitaldiaz adierazitakoetatik. Bestalde, joera bertsua azaldu zuten Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioko buruek azkeneko agerraldian.

Geldialdi horrek, nonbait, zerikusi handia du EAEko gaurko egoera politikoarekin, zeren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru kutxak berak ere ez baitaude bere osoan EAJren kontrolpean. Egungo egunean, PPk kontrolatzen du Arabako Vital Kutxa, eta alderdi horrek ez du entzun ere egin nahi fusio konturik. Era berean, gainerako kutxek ere badituzte fusioa atzeratzeko arrazoiak. Hala lehengo legegintzaldian, nola oraingoan, EAJren gobernuak helburu izan du EAEko kutxak fusionatzea, baina oraingoz ez dirudi bide horren alde ezer askorik egingo duenik.
Kutxako Fernando Spagnolo lehendakaria da, gaur egun, Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioko lehendakaria, eta duela gutxi egin zuen federazioaren emaitzak aurkezteko agerraldia. Azalpenen artean, honako hau esan zuen: "Gure kasuan, fusio proiektuak ez dira beste erakunde batzuentzat bezain presazkoak». Eta, aurrera egin ahala, bestalde, azken urte hauetan, ez dutela ezertxo ere aurreratu egiaztatu zuen fusio-proiektuetan. Adierazpen horri, berriz, beste hau erantsi zion: "Gure kutxek bi modutan eutsi diote neurriari: hedatzeko sistema baliatuta eta zorro industrialetan parte hartuz, zeinetan bikoitza izan baita emaitzen kontua, sektorekoekin konparatuta".
Oso bestelakoa da Nafarroako Kutxaren (CAN) egoera, eta guztiz baztertuta dago kutxa hori Hego Euskal Herriko beste kutxekin fusionatzea. Gaurko esparru juridiko-politikoak eta esparru hori UPNren kontrolekoa izateak ezinezko egiten dute fusioa. Horrenbestez, EAEko aurrezki kutxak bakarrik hartzen ditu fusioaren aldeko apustuak.

HAZKUNDE EZBERDINA.

Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioaren barruko BBK, Kutxa, Vital eta CAN kutxek 506,56 milioi euroko irabazi garbia izan zuten 2001. urtean, 2000n baino %7,8 inguru handiagoa. 2001eko ekitaldian, dena dela, kredituen inbertsioetan izan zuten hazkunde handiena, 19.786 milioi euroko mugara iritsi baitziren: 2000n baino %12,2 inguru gorago geratu ziren. Etxebizitzak finantzatzeko kreditu hipotekarioek ere ageriko haziera izan zuten: %23 ingurukoa. Azkenik, kutxen obra sozialetako inbertsioek egin zuten gora bista-bistan: 113,4 milioi euro guztira, 2000n baino %23 gehiago.
Iazko ekitaldiaren amaieran, 6.131 laguneko plantilla zeukaten Hego Euskal Herriko lau kutxek (2000n baino 300 langile gehiago), 904 bulego (2000n baino 34 gehiago) eta Hego Euskal Herriko kutxazain automatikoen %40aren kontrola. Hauxe da, bestalde, azpimarratzeko moduko beste datu bat: Hego Euskal Herritik kanpo dago federazioaren bulegoen %20.
Nahiz eta 2001eko bigarren seihilekoan ekonomiaren hazkundea dezente moteldu, emaitza aski positiboekin eta kredituetako inbertsioen hazkunde nabarmenarekin itxi zuten 2001eko ekitaldia Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioko kutxek. Bistan denez, erritmo oso onean hazi ziren kutxen bi negozio tradiziozkoenak: baliabideen erakartzea eta kreditu-emateak. Alde horretatik, Hego Euskal Herriko kutxek 33.000 milioi euro zituzten bezeroen baliabideetan, 2001. urteko ekitaldia itxitakoan: 2000n baino %9,4 gehiago. Atal horretan, %13an hazi ziren pentsio-funtsak eta %6 inguruan inbertsiokoak. Ondo hazi zen, berebat, kreditu-emateen jarduera: %12,2an, oro har. Etxebizitza finantzatzeko kreditu hipotekarioak, berriz, askoz ehuneko handiagoan hazi ziren: %22,8an geratu ziren azkenean.
Ondoko taulan ikusten den moduan, Hego Euskal Herriko aurrezki kutxek ez zuten irabazi berdina izan 2001. urtean. Lau kutxen hazkunde globala %7,84koa izan zen, hots, 506,6 milioi eurokoa, baina ez hala, ordea, banakakoa. Datu hori garbi ondorioztatzen da batzuen eta besteen memorien irakurketatik. Nafarroako CAN kutxari, adibidez, urritu egin zitzaizkion mozkinak: 51,3 milioi euroko irabazia izan zuenez gero, %3,37an gutxitu zitzaion etekina. Bizkaiko BBK-k, aldiz, 260,3 milioi euroko irabazia izan zuen (%13,60ko hazkundea), Arabako Vital Kutxak 42 milioi eurokoa (%9ko hazkundea) eta Gipuzkoako Kutxak 153 milioi eurokoa (%2,60ko hazkundea).

KAUDIMEN MAILA HANDIA.

Erlazio zuzenekoak izaten dira erakundeen baliabide propioen maila eta berme koefizientea, eta erlazio horrek, era berean, kaudimen maila erakusten du. Legezko izaera dela kausa, aurrezki kutxek ezin dituzte beren baliabide propioak indartu, mailegatzeko funtsak merkatuan eskatuta akzioak jaulkiz adibidez; bai, ordea, bankuek. Horregatik, hain zuzen, baliabide propioen maila handiak determinatzen du Hego Euskal Herriko aurrezki kutxen kaudimena, eta horixe ondorioztatzen da beren 2001eko memoria bateratuan. Iazko ekitaldia itxitakoan, 4.178,3 milioi euroko baliabide propioak zeuzkan Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioak. Beraz, %14,7ko berme ratioa daukate guztira, legezko %8ko gutxienekoa baino dezentez handiagoa, eta, hain zuzen ere, berme koefiziente handi horixe da hemengo aurrezki kutxek hirugarrenen aurrean daukaten kaudimen maila handiaren adierazgarri. Azken zortzi urte hauetan, oso bilakaera ona izan dute baliabide propioetan: 1.701 milioi euro 1994an, 2.641,3 milioi euro 1997an eta 4.178,3 milioi euro 2001ean

Kike Amonarriz / Xabier Letona

Gasteiz ondoko herri txiki bateko Hotel batean egin dugu elkarrizketa, Elorriagan. Eusko Jaurlaritzak egiten dituen inkesta soziolinguistikoak prestatzen eta datuen interpretazioan laguntzera etorri ohi da. 80etako bukaeran egin zen Euskararen Kongresura etorri zen Mari Karmen Garmendiak gonbidatua eta gero, Joshua Fishman soziolinguistarekin batera, lehen inkesta soziolinguistikoa prestatzen aritu zen. Bigarren inkestan ere hemen izan zen 1996an eta orain hirugarrenean aritu da lanean. Gaur egun Montrealen bizi da eta bertako Quebeceko Unibertsitateko irakaslea da Psikologia departamentuan. Baita, Kanadako Hizkuntz Ofizialen Komisariatuko aholkulari eta Quebeceko Frantses Kontseiluko kide. Euskal Herriko egoeraren berri badu, besteak bestea, astero «Enbata» aldizkaria hartzen duelako Montrealen.

Eremu ugari landu dituzu, baina seguruenik zuk jorratutakoetatik hemen gehien ezagutzen dena bizitasun etnolinguistikoarena da. Azalduko al diguzu bere mamia modu laburrean?
Galesen egin nuen nire doktoregoa eta orduan ikusi nuen nola galesa eta azentu galesak balio zezaketen galestarren nazio identitatea indartzeko tresna gisa. Garai hartan, munduan zehar komunitate linguistikoen azterketa ugari egiten zen, eta nik hizkuntza komunitateen indar guneak eta ahul guneak konparatzeko metodo bat garatu nuen. Horrela heldu ginen bizitasun etnolinguistikoaren kontzeptura, eta honen bidez hizkuntz komunitate baten garapena neur dezakegu. Zenbait eragile kontuan izan behar da bizitasun etnolinguistikoa neurtzeko: demografiaren indarra, esparru instituzionalaren kontrola eta estatusa, hau da, hizkuntza komunitatearen prestigioa. Horrela konpara daitezke bai hizkuntza komunitateen harremana, bai komunitate gutxituak nola jokatzen duen nagusiaren aurrean.

Eta zein da euskararen egoera bizitasun etnolinguistikoaren neurgailua hartuta?
Euskara desagerpenarekin mehatxatutako hizkuntza da eta, beraz, hizkuntzaren garapena bultzatzea funtsezkoa da. Euskarak jasan du galera bat baina, aldi berean, hizkuntza galera hori geldiarazi, egonkortu eta zenbait kasutan berreskuratzea ere lortu da eta, alde horretatik, eredu ere bada. Dena den, zaila da esatea une honetan zein den bere egoera zehatza. Orain garrantzitsuena inkestaren datuak ondo interpretatzeko moldearekin asmatzea da, batez ere hizkuntza politikan egin diren ahaleginak norabide onean doazen ikusteko. Oro har hobekuntza ematen ari da. Aurtengo inkestan, adibidez, ikusten da 24 eta 30-35 urteko gazteen artean euskara ezagutzen duen pertsona kopurua hazi egin dela. Eusko Jaurlaritzak hezkuntza munduan bultzatutako B eta D ereduen ondorioa da hori.

Hiru eragile aipatu dituzu lehen: demografikoa, erakundeen kontrola eta hizkuntzaren estatusa. Nola dago euskara eragile horiekiko?
Demografiari dagokionez, zenbait eragile hobeto aztertu beharko nituzke -ugalkortasuna, emigrazioa, inmigrazioa...- baina oro har euskaldun kopuruaren egonkortasun bat dagoela uste dut. Euskaldunen artean, dena den, bi multzo dira: euskaldun zaharrak eta berriak, azken hauek nagusiki irakaskuntzatik datozenak. Euskara hizkuntza sozioafektibo gisa duen euskaldun berrien lehen multzo hori da euskararen benetako hizkuntza kapitala. Inkestan ikusten da multzo honen galera txiki bat dagoela. Bigarren multzo horretan euskara nagusiki bigarren hizkuntza da, hizkuntza sozio afektiboa gaztelera da. Erakunde autonomikoen garapenak bizitzaren alor askotan zerbitzuak euskaraz ere egotea ahalbideratu du eta honek, euskaldun zaharrei eta, batez ere, euskaldun berriei euskara erabiltzeko aukera ematen die. Ez da nahikoa, jakina, baina hori da bidea, gero eta zerbitzu gehiago eskaintzea euskaldunek euskara erabiltzeko gero eta aukera handiagoak izan ditzaten. Baina hau aukeran oinarritu behar da, eta hori da hizkuntza politikaren benetako erronka, zer egin euskarak erakarpen indarra izan dezan.
Egia da, bestalde, Espainiako Konstituzioak ez duela hori laguntzen, gazteleraren ezagutza behartzen duelako. Hori da Kanadarekiko desberdintasun handietako bat, han konstituzioak hiztun elebakarrak izateko aukera eskaintzen duela, eta herritarrak erabaki dezakeela frankofono edo ingeles hiztuna izatea. Hori oso desberdintasun garrantzitsua da.

Hemen ez dago euskaldun elebakarrik eta euskararen egoera oso ahula da erakargarria izan dadin.
Ez da samurra, ez. Hemen zailagoa da hizkuntza gutxituen alde egitea, oro har Europa osoan tradizio zentralista handia dagoelako eta honek nazio hizkuntza nagusiaren ezagutza behartzen duelako. Horregatik da horren garrantzitsua bigarren hizkuntza gisa bizi den hizkuntza hori garatzeko ahalik eta aukera zabalena eskaintzea.

"Indartsua eta ahularen artean, askatasunak zapaldu egiten du eta legeak askeago egin". Zure testu batean agertzen den esaldia da. Ezaguna da Iparraldean eta Nafarroan ez dagoela euskararen garapenerako ahalegin instituzionalik. EAEn nahiko tresna instituzional al dago?
Merkatu librean askatasunak beti egiten du nagusi diren taldeen alde. Mundializazioan hori oso agerikoa da. Beraz, merkatuaren legeari aurre egingo dion bultzada instituzionalik ez badago, hizkuntza nagusiak gutxitua menderatuko du. Posible al litzateke Espainiako konstituzioak gaztelera ezagutzeko eta erabiltzeko azpimarratzen duen behar hori ezabatzea? Seguruenik ez. Quebecen eta Kanadan hizkuntza eskubide elebakarrak bermatzen dituzten guneak daude maila guztietan. Posible balitz, hemen ere halako zerbait lortu beharko litzateke. Inkesta soziolinguistikoan oso garbi ikusten da bultzada instituzionalik ez izateak hizkuntza garapenean duen eragin oso kaskarra. Nafarroan egoera hobeagoa ematen da, baina ez instituzioen bultzadagatik baizik eta eragile demografikoengatik, euskal hiztun kopuru handi bat, eremu batean biltzen delako.

Esan al daiteke joera instituzional horiek aldatzen ez badira, Iparraldean eta Nafarroan euskarak etorkizun beltza duela?
Bai, eta inkestaren datuek berriz erakusten dute hori. Iparraldean, familiei buruz otsailean egin zen inkestan, hizkuntzaren eremu horretan euskarak dituen arazoak ikusten dira, oro har, Frantziako hizkuntza gutxituek dituztenak.

Zein da zure ustez euskararen egoera Europako beste hizkuntza gutxituekin konparatuta?
Erkidego autonomoekin, Euskal Herriak eta Kataluniak Frantziako eta Erresuma Batuko beste hizkuntza gutxituek ez dituzten bitartekoak lortu dituzte hizkuntza berreskurapenean eragiteko. Katalunian eta Euskal Herrian gauza on asko egiten ari da eta Europako beste hizkuntza gutxitu askotatik hemen egiten ari diren ahaleginekiko arreta handia ari da jartzen. Dena den, hemen ere badira desberdintasunak, katalan hiztunen kopuruagatik han egoera ez da hain larria. Euskararen egoera hurbilago dago Europako beste hizkuntza gutxitu ahul batzuetatik. Horregatik, Europako beste hizkuntza gutxitu askorentzat, hemen egiten den ahalegin guztia hizkuntza batek irabaz edo gal dezakeenarekiko neurgailu bat da, onerako edo txarrerako.

Xabier Erize soziolinguista nafarrak egindako elkarrizketa batean, Fishmanek diglosia eredu aurreratuaz hitz egiten du. Nola gara daiteke euskararen egoera datozen 30 urteetan?
Batetik mugatuak zaudete Espainiako konstituzioak dioenarekiko. Bestetik, Fishmanekin ere nahiko ados nago dioen horretan: alor askotan ezin zarete euskaldun elebakarrak izan eta beraz ezinbestean elebidunak izan behar duzue eremu horietan. Eta egoera horrek zer dakar? Elebitasunaren inguruko borroka eguneroko kontua dela, eta hizkuntza gutxituak egunero neurtzen duela hizkuntza nagusiarekiko bere indarra. Horregatik, hemen normalizazio ahalegin handia egin behar da oraindik. Hori da erronka. Edozein eratan, Quebec moduko estatuetan ere, elebakartasun instituzionalaren alde egin arren, gero eta indartsuagoa da pertsonaren elebitasuna bultzatzeko joera, gaur egungo munduak hori eskatzen duelako. Beraz, hemen ere erkidego autonomoak elebitasunera behartuta daude. Dena den, gero eta estatu gehiago ari da egoera horretara iristen.

Nazio identitatea izan ohi da lehen aipatu duzun erakarpen indar horretarako tresnetako bat?
Inmigrazioa nola erakarri, horixe izango da euskararen erronka handienetako bat. Azken finean, hizkuntza integrazioaz gain, hor dira integrazio politikoa, ekonomikoa, legearekikoa eta soziala. Hau da, hemen bizi den magrebiar euskal hiztuna izan dadila euskal jatorriko euskal hiztuna bezain euskal herritarra. Hor dago erronka. Kanadan, esate baterako, bertan bizi diren hirugarren urtearekin bat, ematen zaie bertako nazionalitatea etorkinei. Hala ere, bazterketa ematen da haiekiko, maila askotan gainera. Orduan zer azaltzen du bazterketa horrek? Herritarren buruan dagoela desberdintasuna: zein da benetako kanadarra? Zein ez? Zein benetako quebecdarra? Zein benetako euskalduna? Edo benetako espainiarra?

Hemengo beste arazo bat: herrietan ezik, ez dago hizkuntz integrazioa ahalbideratzeko moduko hizkuntza komunitate trinkorik.
Gaur egun asko aztertzen ari da nola jokatzen duen etorkinak harrera egiten dion komunitatea edo komunitateen aurrean, zenbait tokitan bi komunitate daude eta, bata nagusia eta bestea menpekoa. Etorkinak hori guztia ikusten du, berak ikusten du euskara garrantzitsua eta nagusi izan daitekeela herri txikietan, baina ikusten du gaztelera dela Espainiako Estatuko hizkuntza nagusia. Etorkinak gorriak pasatu behar izan ditu eta, oro har, berak komunitate nagusitzat jotzen duena hautatuko du, aukera gehiago eskainiko diolakoan. Etorkinari hemen, esate baterako, ezin zaio eskatu euskararekiko bertakoak diren beste asko baino leialagoa izatea. Quebecen etorkinek bi komu- nitateekiko hizkuntza integrazioa lortzen dute: frantsesa ikasten dute Quebecek horretara behartzen dituelako, eta ingelesa ere bai horrek kontinente osoan mugitzeko balio dielako.

Gauza bat da ikastea eta bestea erabiltzea. Quebecen frantsesa ikasi ondoren erabiltzen al dute?
Bai, baina bakarrik integrazio sozio-ekonomikoa lortzen dutenean. Han frantsesa ikasten dute Estatuak behartzen dituelako eta Quebecen frantsesa nagusi dela ikusten dutelako. Horrez gain, beraiek ikusten dute hartzaileak diren bi komunitateak ahalegin handia egiten dutela hizkuntza eta kultura babestu eta garatzeko, eta beraiek ere beraiena gordetzen dute.

Baina hemen arazo handiena hori da. Zergatik ikasi behar du etorkin batek euskara hemen gaztelerarekin lasai asko bizi daitekeenean?
Bai, hori da. Eta konstituzioak berak gaztelera ikastera bakarrik behartzen du. Euskal hiztun eta euskal zaleak ohartzen dira hortaz, eta badakite etorkinak aliatu potentzialak izan daitezkeela edo bestela gaztelerarekiko euskarak duen menpekotasun iturri bat gehiago. Quebecen auzi horrek egunerokotasun handia du eta etengabe hitz egiten da hortaz. Demografia garatzeko ahalegin handia egiten dute bi komunitateek, frankofonoek eta ingelesek, eta Quebecek demografiaren hazkundea inmigrazioa medio egitea erabaki du.

Euskal identitatearen garapenak lagundu al dezake hizkuntza eta kultur integrazioa?
Identitate anitzen artean aukeratu ahal izatea da babestu beharrekoa. Identitateak testuinguru sozialaren arabera aktibatzen dira, eta komunitate batek etorkina erakartzeko ahalmena badu, hori kapitala da etorkizunerako. Baina garrantzitsua da etorkinak berak nahi duen identitatea mantentzeko askatasuna izatea. Eta hori irabazteko tresna bakarra haiek erakartzeko ahalmenean dago, indarrez behartzeak ez du eraginik.

Eta zein erakarpen tresna izan dezake gurea moduko hizkuntza komunitate ahul batek?
Hor dago erronka, horregatik da oso garrantzitsua norberaren egoera aztertzea eta indar guneak eta ahul guneak ezagutzea. Hezkuntza kultur integrazioa garatzeko oso tresna garrantzitsua da. Horrez gain, komunikabideak eta instituzioak ere funtsezkoak dira. Eta, azkenik, herritarrek ere zeresan handia dute egunerokotasunean haiek erakartzeko egiten diren mila keinurekin. Inmigrazioak bi komunitateak aldarazten ditu, nagusiena eta ahulena. Eta aldatuko direla onartu behar dute, bestela ez da integraziorik izango

Andrea Ruiz

Biarritzeko Udako Ikastaroak uztailaren 1etik 5era burutu dira. Bederatzi ikastaro eman dira eta 64 irakasle arduratu dira kurtsook eskaintzeaz. Musika, Kazetaritza, Historia, Psikologia, Klimatologia eta Meteorologia, Fisika eta Sexologia bezalako alorretan bildutako ikastaroetan parte hartu ahal izan da, beste batzuren artean. Hauek bukatuta, Biarritzek Iruñeari pasa dio lekukoa eta egun batzuk barru emango zaie bigarren txanda honetako ikastaroei hasiera.

Uztailaren 15ean irekiko dituzte bere ateak Iruñeako ikastaroek eta hilaren 26an datorren urtera arte itxi. Larraona ikastetxean izango da zita eta 26 ikastaro eskainiko dira, 226 irakasleren parte hartzearekin. Jakintza esparru anitzetako ikastaroak antolatu dira datozen egunetarako: Artea eta Komunikazioa alorrean Musika sailaren "Dantza-tailerra: dantza garaikideak eta munduko dantzak" ikastaroa, Gizarte Zientzietan Literatura eta Itzulpengintza sailaren "Intxaurraren oskola: ipuinak irakurri, idatzi eta itzuli" ikastaroa, Antropologia sailaren "Baserria, mito eta errealitate artean" ikastaroa eta abar luze bat. Ikastaroetaz gain, saio osagarriak ere antolatu dira 30. ikastaldi honetarako eta hauek irekiak dira noski, baita doanekoak ere.

SUKALDEA, PIRINIOAK ETA ARNASKETA.

Gai ezberdinetako ikastaro asko eskainiko dira Iruñeko Larraona ikastetxean, baina guk horien artean berezienak iruditu zaizkigunak aurkeztu nahi dizkizuegu. Honela, hiru ikastaro hautatu ditugu: "Filosofia, Sukaldaritza eta Gastronomia", "Yogaren hiru arloak: bidea, meditazioa eta zerbitzua" eta "Pirineotako ibilbide naturalistikoa".
Sukaldaritza alorraren baitan kokaturik dago "Filosofia, Sukaldaritza eta Gastronomia" ikastaroa. Uztailaren 16tik 19ra arte, gehienez 20 ikaslez osaturiko talde bat arituko da. Euskarazko sukaldaritza liburuen gabeziaren aurkako oihua izan nahi du ikastaro honek. Saio praktiko eta teorikoak nahastuz saltsa gozoa egingo da ikastaro honetan, dastaketa, sukaldaritza eskola, mintzaldi eta elkarrizketaz osaturiko entsalada ederra, alegia.
Batez ere sukaldaritza eskoletako ikasle, zerbitzari, somelier eta sukaldariei zuzendurik badago ere, ikastaro honek edozeini irekiko dizkio ateak, hau da, sukaldaritza euskaraz bizi nahi duen orori dago zuzendua. Irakasle eta hizlarien artean izen ezagunak aurkituko ditugu. Hala nola, lehen egunean Felipe Uriarte goi-mendizaleak eta Mugaritz jatetxeko Dani Lasak eskainiko dute ikastaroa. Bigarren egunean Martin Berasategui sukaldari prestigiotsuak sutondoko bere trikimailu guztiak erakutsiko ditu eta arratsaldean, berriz, Uitziko gaztandegira txango bat burutuko dute ikasleek. Koldo Rodero, Juan Mari Arzak, Mikel Garaizabal, Edorta Agirre eta Jose Mari Gorrotxategik osatuko dute irakasle multzoa.

MEDITAZIO EUSKALDUNA.

Gure esperientziak ulertu eta haietatik etekin gehiago ateratzeko zenbait tresna proposatzen du ikastaro honek. Uztailaren 15etik 19ra eskainiko da eta 20 bat ikaslek jaso ahal izango dute izenburu bezala "Yogaren hiru arloak: bidea, meditazioa eta zerbitzua" daraman ikastaro hau. Eta nori zuzendua dago? Galde diezaiokegu gure buruari. Bada, pertsona orori irekia dago, norberaren burua ezagutzeko gogoa duen edonori. Batez ere barrura begira hasita daudenentzat eta norberaren garapenak gure gizarteari eta gure herriari ekar liezaiokeen indarberritzea sumatzen dutenentzat.
Gizarte zientzialaria eta yoga eta meditazio irakaslea den Leire Saitua da kurtso honen arduraduna. Klase teorikoez gain, arnasketa, asana eta lasaiketaz osatzen diren yoga klase praktikoak eskainiko ditu eta txango bat ere egingo da. Uztailaren 16an Santiago Bidearen atal bat burutuko da, Orreagatik Zubirira. Kanpo-bide esanguratsu eta hurbil hau, pertsona bakoitzaren barne-bidaiaren erakusle izatea lortu nahi da.


IBILBIDE NATURALISTIKOA.

Natur Zientzien alorrekoa dugu hurrengo ikastaroa eta mendiaren maitaleentzako aste polita igarotzeko aukera aparta da. "Pirinioetako ibilbide naturalistikoa" du izena, UEUko Natur Zientziak saileko kideak diren Estibaliz Sarrionaindia eta Arturo Elosegi dira arduradunak eta gehienez 13 pertsonez osaturiko talde batek egin ahal izango du, uztailaren 15etik 21era. Natur Zientzietan azken mendean ikaragarrizko aurrerapena gertatu da, batez ere biologia molekularra bezalako esparruetan. Beste zenbait esparru, berriz, indarra galtzen joan da eta egun naturalista izena merezi duten pertsona gutxi aurki ditzakegu. Biodibertsitatearen krisiari aurre egin nahi diogun une hauetan, beharrezkoak dira landare eta animalien bizitza ongi ezagutzen duten pertsonak, eta baita mendiko lanetan trebatuta daudenak ere. Honela, ikastaro honen bitartez naturalismo klasikoa aldarrikatu eta esparru horretan sartzeko aukera eskainiko da. Noski, gauza hauetaz guztietaz ezin da lau pareten artean hitz egin eta, beraz, astebeteko mendi ibilaldi baten baitan eskainiko dira klaseak.
Pirinioetako klima, geologia, landaredia, fauna eta giza jardueren oinarrizko informazioa emango da eta ikasleak naturalismoan trebatu eta paisajea interpretatzen ikas dezatela izango da helburua. Egunero zortzi orduko ibilbidea eginez, landare eta animaliak behatu ahal izango dira, hauen identifikazioa burutuz eta laginak bilduz, afalorduan sailkatzeko. Afalondoren, kandela-inguru goxoa egingo da, egunean zehar ikusi eta ikasitakoaz hitz egiteko. Txango polita izango da, beraz, eta zailtasun alpinistiko handiko lekurik zeharkatuko ez den arren, partaideei goi-menditan ohituta egotea eskatuko zaie.
Hiru ikastaroren azalpen zabalxeagoa eman berri dugu eta hasieran beste zenbait ikastaro aipatu dugu. 26 ikastaroen nondi-norako guztiak jakin nahi izanez gero www.ueu.org helbidera jo besterik ez duzue

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan