Malpensako aireportura iritsi eta inoiz lehenago bisitatu gabeko hiriaz nuen irudia errepasatu nuen hegazkinetik jaistean. Massimoren amak, duela bi urte bere semearen ezkontzan topatu nuenean, Milano hiri gris eta industriala zela esan zidan. Aireportuan nire zain nuen Carlottak esandakoengatik, aldiz, Milan beti lainopean dagoen hiria da, gauez, kaleko argi laranjei esker kolore berezia hartzen duena. Baina, iritsi baino lehen ere, Milan beltza eta urdina zen niretzat neurri batean, Inter futbol taldearen elastikoaren kolorekoa. Milan bisitatzeko asmoa duenak aholku bat har beza kontuan: Milan eta Inter futbol taldeak ez dira nahastu behar. Batez ere, nire kasuan bezala, egonaldi osoan doako «hotela» eskainiko dizuna interista sutsua denean. Calcio kontuetan, bisitariak obsesio eta irrazionaltasun erabatekoa jasateko prest egon beharko du. Nik neronek buruz ikasia nuen Internazionaleko tifosoek San Siron kantatu ohi dutena: «Siamo l'armata nerazzurra, e mai nessun ci fermerą, noi saremo sempre qua, quando l'Inter giocherą...». Badaezpada.
Esan bezala, Milaneko monumentuetaz ezer gutxi esan dezaket. Eta bertako biztanleez? Arratsalde batez, betiko 4. tranbia hartu eta hiritarrak hobeto ezagutzeko asmoz, Duomo inguruetan galdu nintzen. Giovanni eta Giovanni gerturatu zitzaizkidan berehala eta ez zen erraza izan haiei agur esateko aitzaki bat asmatzea. Arratsalde guztian izan nituen alboan cicerone berezi hauek. Bereziak diot, batetik, siziliarrak zirelako eta bestetik ezagutu eta berehala zera esan zidatelako: «Zu lasai, gurekin seguru zaude, carabiniereak gara-eta». Nola azaldu, bi siziliarri euskaldunok nolako «segurtasuna» sentitzen dugun poliziez inguratuta gaudenean? Azkenean lortu nuen bi Giovanniei agur esatea eta plazako eskaileretan lasai esertzea. «Zer ari zara irakurtzen?», galdetu zidan berehala aldameneko mutilak. Orlando zuen izena eta Moretti garagardo botila batera gonbidatu ninduen. Ikasketak bukatu berri zituen eta lan bila zebilen. Milanen, ordea, oso zaila omen zuen, baina baita bere herrian ere. Nongoa ote zen Orlando? Siziliarra. Gutxienez siziliarrek Milanez duten irudia garbi nuen: garestia da eurentzat, izugarri garestia.
Etxera joan nintzen orduan eta, han bai, Milaneko bertakoak neuzkan zain parrandara joateko. Tabernara joan, mahaian eseri eta nire garagardoa berehala amaitu nuen, besteak orduko trago pare bat ematen zioten bitartean. Beste garagardo bat eskatzean ulertu nuen haien patxadaren arrazoia: 6 euro garagardoko! Siziliarra sentitu nintzen.
Edateko aukerarik ezean, jateko aukerari probetxua atera diezaioke bisitariak Milanen, pastazalea izanda behintzat. Rossopomodoron pizza on eta merkeak jan daitezke eta kaputxino gozoak ematen dituzte nonnahi. Sukaldari makalak ez dira gainera. Nik behintzat Guidok afari hartan prestatu zigun pasta dut gogoan. Eta Umbertoren pestoarekin ere ederki bete genuen sabela.
Baina mahai baten inguruan ez ezik, telebistaren inguruan ere biltzen dira haiek, eta ez soilik Silvio Berlusconiren telebista kate jasanezinak ikusteko (Berlusconi, hainbat telebista kateren jabe eta Italiako presidente izateaz gain, interistek hainbeste gorrotatzen duten Milan taldeko presidente ere bada). Fiorentina-Inter partida ikusteko ama-alabak, lehengusu-lehengusinak, koadrilako lagunak, bizilagunak... hamar bat lagun eta bost boxer bildu ginen Chiararen etxean. Ordura arte futbolarekin nuen harreman bakarra Realak liga irabazi zuenean aurrezki kutxak oparitu zuen bandeja herdoildua zen. Baina igande hartan Vierik gola sartu zuenean poztu egin nintzen! Kontuz, kutsakorra baita.
Milanen pasa nituen 10 egunetan ez zen lainorik izan. Baina egia da hirietako gaueko argiak normalean zuriagoak izaten direla eta Milaneko gauak laranja kolorez oroitzen ditudala. Igandeak, aldiz, urdin eta beltzak ziren, noski. Eta astegunei kolore bat ipini beharko banie, ez nuke grisa aukeratuko
![]() |
|
||||
1860 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa