Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-18 11:09:55
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-06-30 -- 1860.zenb

Meatzeak: XVIII. mendeko ausardia


Aralarrez maitemindutako tolosar batek dauka bilduta Arritzagako meategien historia "Las minas de cobre de Aralar (1732-1804)" liburuan. Jesus Elosegi Irazustak, tokia ondo ezagutzeaz gain, artez miatu zituen artxiboak xehetasun guztien bila. Eta bere liburua datu bilketa zehatza izan, bada, baina Oesteko pioneroen generoko pelikula bat egiteko abiapuntu ere izan zitekeen. Ikusi bestela. Meatzeak ustiatzeko konpainia osatu zuten zazpi lagunen artean pertsonaia hauekin egiten dugu topo: Pablo Petiatri, Manet-eko Kontea, baina "ostiatin" eskale modura ibilia, Alemaniako Treverisen jaioa. Juan Antonio Argaņa, Larraungoa, Allin jaio eta bertako apaiza zena. Meategien zuzendari aldi batean Petiatriren herrikide bat izan zen, Christobal Fat, nonbait orduan ere teknologia alemaniarra aurreratuagoa zegoen. Fausto Elhuyarrek Hungariatik argibideren batzuk bidali omen zituen meatzeen ustiaketa hobetzeko. Kontua da, garai hartan titanen langintza behar zuela izan eremu horietan lurra zulatzen eta ateratako mea behera karreatzen jardutea. Langileen artean, bertako giputz eta nafarrez gain, alemaniar, frantziar eta italiarrak ageri dira, eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ugari. Guztira 669 izen dauzka bilduta Elosegik, eta ez omen daude denak. Amezketan esan ohi da herrian baino jende gehiago ibiltzen zela meategietan.

Meatzariak Arritzagan bertan bizi ziren, barrakoietan nahiz artzainen txaboletan. Bazuten eliza eta baita bi taberna ere, eta... liskarrak ugari ardotan bustita; horien ondorioz hilketa parea behintzat gertatu zen, meatzari batena eta beste artzain batena. Orri beltzak osatzeko bada beste heriotza lazgarririk; esaterako Leitzako meategietatik lan bila zetorrela Pardeluts inguruan ekaitzak harrapatutako bohemiar batena. Amezketan zirrara handiena eragindakoa, bertako batek bere buruaz beste egin zuenekoa. Pernando Amezketarrak, meategietarako lanean ibilia bera ere, eman zuen heriotza honen testigantza: konpainia gaizki zebilela eta, langile asko bota egingo zituzten hotsa zabaldu zenean, Migel Inazio Galartzak, etsipenak jota, bere burua gaztainondo batetik zintzilikatu zuen. 1792an gertatu zen hori; berrogei urte lehenago huelga moduko bat izan zen bertan.
Iztuetak bere "Kondaira"n meategien ixteaz idatzitako kronika borobila da: "...meatzaren jabeak alkarren artean ondo ez zetozelako, lantegi hartan ez zegoela buruzpide eta eraen onik ezertarako. Azkenerako jarri zirala langileak, nork kontu hartu izan bagez, beharra egiteko ustean meatze zulora sartu eta lanean pitinik egin gabe aste osoak jokuan igarotzen zituztela". Horrela aditu omen zien bertan lanean jardundakoei.
Ia mende eta erdi joan zen berriro meategiak martxan jarri arte. 1939-45 artean alemaniarrek saio batzuk egin eta bertan behera utzi behar izan zituzten, II. Mundu Gerra galtzean; ondoren etorri zirenek 1955 arte iraun zuten ahaleginean. Dirudienez mea ez dago ahituta, baina parajearen urruntasunak zail eta garesti egiten du ustiaketa. Hortik atera kontuak, zernolako ausardia izan zuten XVIII. mendeko meatzari haiek.


.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan