PAPEREZKO HEGAZKINAK
Lutxo Egia
SUSA
144 orrialde
12 euro
INFORMAZIOAREN MANIPULAZIOA OINARRI DUEN NOBELA
Komunikazioaz eta komunikazio ezaz, informazioaz eta desinformazioaz, oroimen historikoaz eta traizioaz dihardu XX. mende bukaerako Londresen kokaturiko Lutxo Egiaren nobela honek. «Paperezko hegazkinak» liburuak 1936ko gerrako kronikaririk garrantzitsuenaren inguruko idazlan bat osatu nahian dabilen gazte euskalduna du protagonista. Baina era berean parte nagusia jokatzen dute bertan beste elementu askok, 1937ko udaberri egun batez alemaniarrek bonbardatu zuten euskaldunon hiri sakratua, kasu, edota han benetan gertatutakoa desitxuratzen jardun zutenak, eta baita ETAk Miguel Angel Blanco hil zuenean agintetik bertatik antolatu ziren egun mediatikoak ere. Lutxo Egiak sortutako hegazkinen Londres berezian erdi galdurik dabilen gazte euskaldunak, Gernikako bonbardaketaren egiazko errudunak nortzuk izan ziren salatu zuen kazetariaren heriotza zerk eragin zuen jakin nahi luke, hala nola 1997-1998 epealdi horretan bere herrian benetan gertatzen ari dena, baina zailtasun frankori aurre egin beharko dio horretarako. Izan ere, isolaturik aurkitzen da, desinformazioaren itsasoan informazioa aurkitu nahian.
HURRENGO ITSASGORAREN ZAIN
Josu Penades
IBAIZABAL
147 orrialde
9,07 euro
MAITASUN AITOR BI BATERA JASOTAKOAN
Gogoa bada neurri, ez omen da erraz neurri hori betetzen. Baina gehiegikeriak ere ez bide dira onak, eta hain zuzen ere bere neurria gainditzen duen zerbait gertatzen zaio Manuri, «Hurrengo itsasgoraren zain» Josu Penadesen lehenengo nobelako pertsonaia nagusiari. Gaztea da Manu, oraindik institutura doan ikasle itxaropenez betea. Musika talde bateko partaide, abestiak konposatu eta ahal duen guztietan haiek kantatzea da bere grinarik ezagunena. Dena den, amodio egarri ere bada mutila, nahiz hori agerian hainbeste ez jarri. Eta halako batean, berak izugarri estimatzen dituen bi ikaskideen maitasun aitormenak iristen zaizkio batera, bere helbide-elektronikora. Geroztik ez da giro, haren barrenean. Norekin gelditu? Eta zer egin bestearekiko?
ASI EN LA TIERRA COMO EN TU CUERPO
Gonzalo Sánchez-Terán
KUTXA
59 orrialde
3,01 euro
IRUN HIRIKO GAZTELERAZKO OLERKI SARIA
Gonzalo Sánchez-Terŕnen «Así en la tierra como en tu cuerpo» poema bildumak lortu zuen 2000ko Irun Hiria lehiaketak gaztelerazko olerkiei eskainitako saria. Salamankan jaioa dugun olerkari honek, Irun Hiria lehiaketara aurkeztutako poema bilduman, emakume-gizon bikote baten artean osatutako izar handiaz dihardu, nabarmenduz, izar erraldoiak, berez daukaten grabitazio-erakarpenaren eraginak geldiarazi ez ditzan, beren barnean sortu beharrean izaren direla hain distiratsu agertzea ahalbideratzen dien energia izugarria. Baina halako abiaduran xahutzen omen dute energia hori, beste izar askoz txikiagoak baino ehunka urte gutxiago irauten dutela bizirik.
USOA.
ZELATAN
Patxi Zubizarreta/
Elena Odriozola
EREIN
109 orrialde
9 euro
USOAREN LAGUN MINAK ARAZO UGARI
Patxi Zubizarretak sortutako pertsonaia dugu Usoa, Afrikatik Euskal Herrira bizitzera etorritako neskatila. Eta pertsonaia hau oinarri duen bildumaren bigarren emaitza da «Zelatan», Elena Odriozolak eginiko marrazkiz horniturik Erein argitaletxeak plazaratutako liburua, non Usoa kezkatu batekin egingo dugun topo, Irati bere lagun mina oso arraro dabilelako. Usoak ezagutzen du bere adiskidea goibel egotearen arrazoietako bat, haren gurasoak banantzekotan baitira, baina susmoa du beste zer edo zer ari zaiola gertatzen ordura arte bere konfiantzazko lagunik handiena izan denari. Beraz, Manexi eskatzen dio laguntza, eta biak batera hasten dira Irati zelatatzen, jakiteko, zer egin duen bitxi batzuekin eta zertan ote dabilen mutil ezezagun batekin.
HOBE NUEN ETXEAN GELDITU
Horace McCoy
IGELA
239 orrialde
9 euro
HOLLYWOODEN AURPEGI ZATARRA
Igela argitaletxeak Horace McCoyren «Zaldiak akatzen ditugu ba...» nobelarekin eman zion hasiera bere sail beltzari. Orain, berriz, egile beraren «Hobe nuen etxean gelditu» lana aurkezten digu, Fernando Reyk euskaraturik. Narrazio honetan, Hollywooden eta hango zinema munduaren salaketa gogorra egiten du Horace McCoyk, estatubatuar gazte xeheengan zuen erakarpen maltzurra agerian utziz. Izan ere, zine-aldizkarietan azaltzen zenaren arabera, oso erraza ematen zuen, depresio garai haietan, ezerezetik gailurrera iristea Hollywooden, eta ideia hori barneraturik, milaka gaztek uzten zuen bere herria eta lagunak, zinearen gunean zinema antzezle ospetsu bilakatzeko asmoarekin. Behin han, ordea, errealitate gordinarekin aurkitzen ziren.
MIKELA ETA ELURRA
Mercč Arŕnega
IBAIZABAL
29 orrialde
4,75 euro
ELURRETAN EGIN DAITEZKEEN JOLASAK
Etxeko txikien gozamenerako espreski prestaturiko ipuina dugu Mercč Arŕnegak idatzi eta marraztu, eta Patxi Zubizarretak euskaratutako «Mikela eta elurra». Negua da, eta igeltxoa zelaira irtetean, dena zuri aurkitzen du. Pozaren pozez, oihuka hasten zaie etxekoei: Elurra ari du! Hotz handia dagoenez, bufandak, botak eta eskularruak jazten dituzte denek, eta besterik gabe, elur egin berrian hasten dira jolasten. Mikelak eta bere nebak, elur pilotak botatzen dizkiote elkarri. Gero, elur pilotak bildu eta dorre bat eta elurrezko panpina handi bat osatuko du Mikelak. Halako batean, ordea, elur pilota handi-handi bat osatu eta bilinboloka botatzea otuko zaio, eta orduan ikasiko du, batzuetan, jolasekin, nahi gabe ere, besteei kalte egiten zaiela.
POEMAS
Kepa Murua
MANECO LIVRARIA & EDITORA
28 orrialde
KEPA MURUAREN POEMAK PORTUGESEZ
Maneco Livraria & Editorak kaleratzen duen Poetas de Orpheu bilduman Kepa Murua olerkariaren poemak agertu dira, portugesez eta gazteleraz. Poetas de Orpheu deitu bildumak arreta berezia jartzen du olerkari gazte eta sortu berrietan, haien lanak zabalduz papera oinarri duten liburuetan zein era elektronikoan. Beraz, Kepa Muruaren «Poemas» antologia eskuratu nahi izanez gero, ohiko liburu-dendetara edota www.orpheu.com orri digitalera jo dezakezue. «Poemas»etan, bere buruarekin ari da porrotean sinesten duen ororentzat garaipen motaren bat izango dela ziurtatzen digun olerkari hau. Lehendik ere hainbat poesia bilduma plazaratua da Kepa Murua, egungo narratiba eta poesia zabaltzen dituen Bassarai argitaletxearen sortzailea. garaipen motaren bat porrotean sinesten duenarentzat.
AURTENGO GORAKADA 6
Batzuen artean
GOR
9 kanta
5,11 euro
Bederatzi musika talde arrakastatsu
Bere udako hitzorduari fidel, bederatzi musika taldeen abesti arrakastatsuenak biltzen dituen «Aurtengo Gorakada 6» CDarekin datorkigu Gor diskoetxea: Asgarth-en «Lur jota», Berri Txarrak-en «Bisai berriak», Hirurko madrildarraren «Solo soy un jubilado», Doctor Deseo-ren «Hay un tesoro en tus lágrimas», Jousilouli-ren «Ikastola maite dut», hitz jario landu eta zorrotzarekin hip-hop eta metal musika bat egiten dituen Cuerno de Chivo taldearen disko bakarreko «Música», Ekon taldearen «Salatzen dut» diskoari amaiera ematen dion «Eguzkia ezkutatzen denean», hiru irlandar, galestar bat eta atarritar batek osaturiko Soblind rock taldearen «Help me trough» eta Hemendik at!en errautsetatik Stella eta Edurnek sorturiko Ados-en «Tamata».