Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2002-06-30 -- 1860.zenb

Pilar Iparragirre

Aitortu beharra daukat oso autostop zalea naizela. Oraindik ere, beharrean aurkituz gero, behin edo behin egin izan dut. Esperientziari dagokionez, zer esan? Oso ondo joan zaidala askotan, eta hala ere baditudala oroimenean ahaztu nahiko nituzkeen gorabeherak, kotxearen atea indarrez ireki eta jauzi batean ospa egitera bultzatu ninduten horietakoak. Neska izaki, ez zaizue zailegi gertatuko arrazoia asmatzea. Dena den, eskarmentu horiek kenduta, oso oroimen ona dut autostopez. 1972ko uda atarian ZERUKO ARGIAko editoriala idazten zuenak baino hobea, esango nuke.


AUTOSTOP BAI ALA EZ?

Horrelako izenburua zeraman editorial hark. Auskalo nork egina zen, baina gizonezkoa behar zuen, errepide ertzean denbora asko egon beharra nabarmentzen zuelako, eta berriz, ez hainbeste autostop ugari eginiko nesken lehen kezka izaten zena, (den-denena ez dut esango, baina kasik ausartuko nintzateke horixe ere ziurtatzera), hau da, hainbat gidarik bere adeitasunaren trukean eskuratu nahi izan ohi zuena.
Nolanahi ere, goazen harira. «Auxe izango da aurtengo udan ere guraso askori sortuko zaion arazoa. Seme-alaba gazte eta gaztetxoek auto-stopean ibiltzeko baimena eskatuko dute eta aiei erantzun beharra. Tajuz, zentzuz eta zuzen erantzun beharra», zioen editorialgileak. Aipatzen zituen seme-alaba horiek oso txintxoak behar zuten izan, niri behintzat ez baitzitzaidan sekula burutik pasa gurasoei horrelako galderarik egitea. Gehienean ere, hobe ekintza burutu eta gero azaltzea, badaezpada. Baina jakina, horrelakoak agertuz gero, izua barreiatzea baino askoz gehiago ez zuen lortuko bere editorial bestenaz nahikoa zuhur harekin! Eta hark garbi zeukan autostop egitea «gero eta ohitura aundiago egiten ari dala. Sartzen ari dala erabat gizartearen moldeetan», eta «alde onak eta txarrak dituala. Dana txarra balitz, ezezkoa erabaki eta kitto giñake gurasook. Baiña entzun ditzagun, entzun, stop-zaleen arrazoiak: æMundua diru gutxirekin ezagutzeko bidea da. Bestela, asko izango lirake etxetik behin ere ateratzerik ez luketenak».
æErri bat ezagutzeko ez da bide egokiagorik. Bertakoekin sartu autoan eta itz aspertuak, lasaiak egiteko erarik oberena da. Jendearen pentsaeraz eta bizieraz ohartzeko ederragorik!Æ.
æAskatasun aundia ematen dizu. Ez daukazu aldez aurretik treneko txartelik atera beharrik. Ordu jakiñean trenaren zai egon beharrik. Txoria bezala ibiltzea da, bide jakin bati lotu beharrik gabe. Geroaren berri ez jakite orrek, bizitasuna ematen dizu. Beti ustegabeko eta batpateko gertaera berria da. Badu gatza eta piperra».


ALDE MAKURRAK

Honaino editorialgileak ezagutzen zituen autostop zaleen iritziak. Berak, bestalde, arrazoia ematen zien zenbait puntutan: «Egia da, bai, oporraldiak igarotzeko era berri bat dala. Gazteentzat badituela alde bizi-biziak. Baiña ibilli diranak dakite besteek baino obeki, alde txarrak nolakoak eta zenbat dituen».
Eta hortik aurrera, autostop egitearen alde makurrak aipatzen zituen: «Bide bazterrean orduak eta orduak egin eta gero, bakardadea, besteen ezer ez jakin nahia, nekea, gaua non pasako dezun jakin eza... Bistan da auto-stopean ibiltzeko ez duela edozeinek balio. Baditu bere arriskuak, bai eta erantzukizun bereziak ere. Zenbat aldiz besteen nahia egin behar izaten da! Autoan sartu bazaitue, aren gustura ibilli behar. Elkarrizketarako ere balio behar du auto-stopistak. Besteen gauzak entzun, zureak askotan gorde, azkenean kosta ala kosta eskerrak eman, beti alai ibilli, lagun artean zabaltzen ikasi. Baditu bere maratillak bai auto-jabearentzat eta bai stop-zaleentzat. Jabeak ez daki zer jende artzen duan, zer arriskutan jartzen dan, zer ondoren etorri lekiozkeen ezbehar batetik. Ez daki stop egiten duenak ere nork artzen duen, zer asmoz artzen duen, zertaratu ditekeen. Beraz zer egin behar du gauza auen berri dakian gurasoak? Galerazi egin behar al die bere seme-alabei?».
Ez zen bera horren oso aldeko: «Gurasoak, ezagutu egin behar ditu bere seme-alabak. Ikusi beren buruen jabe diran ala ez. Arriskuak ezagutzen ahal dituzten eta gertatuz gero erantzuten badakiten ala ez». Eta hori guztia, garbi aipatzen ez zuen arrazoiarengatik (alegia, galerazita ere seme-alaba horiek berdin-berdin abia zitezkeela auto-stop egitera), eta hobe delako arazoa aurreikusi eta neurriak hartzen saiatzea, behin gertatuz gero, negarrari eman behar izatea baino!
«Ez dira gazte guztiak auto-stop egiteko gauza. Oso gaizki ibilli diran stop-zaleak ez dira bat edo bi. Baiña zentzuzko seme-alabei galeraztea baiño obe, berauekin itzegitea. Banaka ez ditezela erten bide ertzera; binaka gutxienez. Zer gerta ere, diru piska bat izan dezatela patrikan, ostatua pagatzeko edo treneko txartela artzeko adina. Jantzi egokiz, eta ez nabarmenez, atera ditezela, inork gaizki pentsatuz ar ez ditzan».
Eta bukatzeko, honakoa oroitarazten zuen: «Ez dira ez, auto-jabe guztiak ardi larruz jantzitako otsoak. Ez eta stop-zale asko ere kaskariñak, zabarrak, nola-alakoak». Erabat ados!

Daniel Udalaitz

Datorren ekainaren 30etik aurrera, itsas laneko araudi berria izango dute Hego Euskal Herriko arrantzaleek, Espainiako estatuko gainerakoek eta merkataritzako nabigazioko langileek. Oraingo araudiak ezartzen duenaren arabera, arrantzaleek eta merkataritzako nabigazioko langileek ezingo dute aurrerantzean 12 ordu baino gehiagoz lan egin egun bakoitzeko. Zahar-berria da araudia, ezbairik gabe, zeren, 1995ekoak bezalaxe, ez baitu hobetuko enpleguaren kalitatea. Eta, kalitate ezak, prekariotasunak edo bestela esanda, ontzietako segurtasun eskasak sortzen dute, hain zuzen, laneko hainbat ezbehar arrantzako sektorean; iritzi horretakoak dira behinik behin euskal arrantzaleak eta sindikatuak.

2000ko datu ofizialen arabera, 364 ontzik eta 3.400 lagunek osatzen dute murriztuz eta murriztuz joan den sektorea. Orain, gogora ditzagun 1995eko datuak: garai hartan, 748 barku zeuden abian eta 8.350 lagun zebiltzan lanean Hego Euskal Herrian, arrantzako sektorean. Hortaz, erdira etorri da edo erdira ekarrarazi dute sektorea bost urteren buruan. Ekarrarazi diogu, Hego Euskal Herriko arrantzako sektorea horretarako etxeko lanak egiten aritu baita azkeneko hamarkadan, gure aldizkarian behin eta berriz jakitera eman dugun moduan. Horregatik, konplitu duenaren arrazoiz kritikatu eta baztertu dituzte euskal arrantzu sektoreko sindikatuek, kofradiek eta arduradunek Europako Komisioaren eta Europako Arrantzako Ministroen Kontseiluaren erabakiak, berriro ere, azken aste hauetan egiaztatu den bezala, sektorea errotik erreformatzera bideratutako deliberamenduak. Oraindik etxeko lanak egin ez dituztenei dagokie orain horretan aritzea. Horixe izan da euskal kontsigna.

LANA, ATSEDENA ETA OPORRAK.

Itsas lanetako dekretu berriak, datorren ekainaren 30ean indarrean jarriko denak, artikuluetan ezartzen du itsasoko laneko denbora ezin dela luzatu 12 ordutik aurrera, ezta aparteko orduak kontuan hartuta ere, hala ontzia portuan denean, nola itsaso zabalean dabilenean. Lanegunen arteko deskantsuari dagokionez, berriz, gutxienez sei orduko deskantsua izateko eskubidea izango dute arrantzaleek edo langileek, edota 14 orduko aldea baino ez duten bi periodotan ere banatu ahalko dute atsedenaldia.
Araudi berriak, gainera, astean egun eta erdiko atsedena izateko eskubidea ezagutzen die langile guztiei. Langileari metatu egingo zaizkio ontziratze bakoitza bukatutakoan hartu gabe geratu zaizkion atseden egunak, eta ontzia denbora luzean portuan denean edo oporrekin batera hartu ahalko ditu egun metatuak.
LAB sindikatuaren iritziz, oraingo legea 1995ekoaren oso antzekoa da eta ez dio benetako konponbiderik ematen sektoreko arazoari, hots, prekariotasun handiari. Horregatik, lehen bezain ez egonkorra izango da sektoreko enplegua eta lehen bezain segurtasun laboral eskasa izango dute ontziek. Egungo egunean ere, arrantza da lanbide arriskutsuena Europako Batasunean, sektore horretan gertatzen baita lan istripu gehien: gainerako sektore ekonomikoetan baino bi aldiz istripu gehiago izaten da arrantzako lanetan.
LABeko sektoreko arduraduna den Leo Belaustegik dioenez, hain eskasak dira lan baldintzak eta hain apalak soldatak, non langileek berek hausten baitituzte indarrean dauden arauak, lansari duin samarra atera ahal izateko. "Prekariotasun larria, garantia laboral eza eta soldata eskasa tarteko, ordu gehiagoz egiten dute lan arrantzaleek, lansaria osatzeko", baieztatu digu Belaustegik. Kontuak horrela, nahiz eta arauz debekatua izan 12 ordu baino gehiagoz lan egitea, arrantzaleak ez dira ausartzen lanegun luzeagoak salatzera, lanik gabe geratuko diren beldurrez.
Hain zuzen ere, prekariotasun laboralaren ondoriozko ez egonkortasuna dela kausa, arrantzaleen seme gazteek ez dute segitu nahi aurrekoen lanbidean, eta beste enpleguren baten bila hasten dira, arrantzako prekariotasunetik ihes egiteko. Arrazoi horregatik, gero eta sarriago ikusten ditugu Afrikako, Hego Amerikako eta Europako Ekialdeko etorkinak, hemengo portuetan eta ontzietan.

ARRANTZA POLITIKA PROPIO BATEN ALDE.

LAB sindikatuaren ustez, arrantza sektoreko lan baldintzak hobetzeko, arrantza politika propioa ezartzeko modua egitea da ezinbestekoa. Horretara iritsiz gero, sektorea hobeto arautzea lortuko litzateke, hala arrantzari berari dagokionez, nola enpleguan eta babes sozialean.
Tesi horixe defendatzen zuen LAB sindikatuak. Bien bitartean, joan den apirilean, Eusko Jaurlaritza Europako foro guztietan egon zedila eskatu zuen ofizialki Hego Euskal Herriko arrantza sektoreak, bereziki Europako Batasuneko arrantzako ministroen bilkuretan, erakunde horrek defenda ditzan, ez Espainiako Gobernuak, hemengo sektoreari dagozkion interesak. Gero eta premiazkoagoa da eskabide horren aldeko erantzuna, oraintsu ere, joan den ekainaren 11n, hain zuzen, Europako Batasunak euskaldunon interesak gogotik kalte ditzakeen erreforma drastikoa proposatu du arrantzako sektorean. Jakina, oraingoz ez dugu ahots propiorik Europako foroetan, eta, ondorioz, Espainiako ministroari begira egon behar dugu, zeinen interesak ez baitira berariaz gure arrantzaleek eta arrantzako sektoreak dituztenak.
Hego Euskal Herriko baxurako arrantzako sektore guztia, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleen kofradien federazioak, arrantzako armadoreen elkarteak, ekoizpeneko, kontserbetako eta komertzializazioko erakundeak, arrantza herrietako udalak eta alturako arrantzako sektorea batu ziren, eta denek ahalegina egitea erabaki zuten, bai Eusko Jaurlaritzak, bai arrantzako sektoreak berak, Europako Batasuneko Arrantzako Ministroen Kontseiluan zuzeneko parte hartzea izan dezan.
Joan den apirilean azaldu zuten jendaurrean agiri bateratua. Orduan jakitera eman zutenez, beharrezkoa da, halaber, Hego Euskal Herriko arrantzako sektoreak eta Eusko Jaurlaritzak Europan zuzeneko parte-hartzea izatea, Hego Euskal Herriko arrantzaren garapenaren eremuarekin ikuskizun duten Europako programak "zuzenean eta esklusiboki gestionatzeko". Alde horretatik, Hego Euskal Herriko agente ekonomiko eta sozial guztiak gonbidatu zituzten Bruselan ahots propioa izatea lortzeko ekintza bateratuak bideratzeko formulak aurkitzen saiatzera. Agiria aurkeztu zuten taldeek adierazi zutenez, legezko nahia da hori guztia, dagoeneko Europako beste nazionalitate batzuek indarrean duten eskubidea baita. Horrez gainera, euskaldunon aberastasuna eta ongizatea hobetzeko ere balioko omen du.
Agiria aurkeztu zutenen iritziz, Espainiako Gobernua izan dute "etsai" behin baino gehiagotan, Europako negoziazioetan. Horregatik, arrantzako laguntza estrukturalen gestio guztia Eusko Jaurlaritzari uzteko eta arrantzako konpetentzia oro transferitzeko eskatu diote erakunde horri

Gontzal Landa

Nafarroakoa da Europa osoan hizkuntza politika murriztailea darabilen gobernu bakarra. Izan ere, Sanzen Gobernua izan ezik, beste guztiek tokian tokiko hizkuntzen aldeko urrats handiak nahiz txikiak ematen dituzte, betiere hiztunen eskubideak murriztu gabe. Europan eta Espainiako Estatuan, gainera, oso gutxik dakite Nafarroan ere euskaraz egiten dela. Horregatik Euskara Kultur Elkargoak Nafarroatik kanpo euskararen eta euskal kulturaren inguruko gorabeheren berri ematea erabaki du, bereziki EBLULi (Hizkuntza Gutxituen Bulego Europarra).

Horretarako, gizartean, administrazioan eta irakaskuntzan lan egiten duten zenbait erakundek osatutako sarea sortu du. Bi astean behin informatzaile hauek beren esparruetan euskararen inguruan gertatutakoen berri ematen diete Elkargoko kideei. Horiek dira Sarea izeneko web orriaren edukiak ( www.euskarakultur.org). Informazio hori guztia EBLULera eta Euskal Autonomia Erkidegoko, Kataluniako, Galiziako, Valentziako eta Balear Uharteetako gobernuen Hizkuntza Politika sailetara bidaliko dituzte, besteak beste, Nafarroako Gobernuak egiten duenaz jabe daitezen.
Ildo horretan, Sarea zerbitzuko koordinatzaile Patxi Labordaren iritziz, "ez bakarrik Europan, Espainiako Estatuan bertan Nafarroan euskarak bizi duen egoeraz eta sufritzen ari den erasoez oso gutxik dakite, albisteak tentu handiz helarazten baitituzte. Sarea web orriak egoera horri nolabait buelta eman nahi dio, erabakiguneetara etengabe informazio objektiboa eskainiz, Sanzen Gobernuak hartzen dituen neurri murriztaileak kanpoan ere ezagutu daitezen". Gainera, erabakigune horiekin harreman sistematikoak lortzeko Sarea zerbitzua etengabe berritzea beharrezkoa dute, eta horregatik astero bost albiste sartzen dituzte web orrian. Lan hori aurrera eramateko ez du jende gehiegik buru-belarri aritu behar, baina koordinatzailearen lanaz gain gizarte, irakaskuntza eta administrazioan lan egiten dutenen lana ere ezinbestekoa da. Kideok, besteak beste, komunikabideetan, sindikatuetan eta gau eskoletan egiten dute lan. Euskara Kultur Elkargoaren lana kide horien lana koordinatzea, jasotako informazioa formatu berean jartzea eta moldatzea da, gero Internet bidez Europako Batasuneko kideek berau jasotzerakoan uler dezaten.
Estrategia aldatu behar dela dio Patxi Labordak: "Orain arte euskara erasotua izaterakoan trintxeretan sartu eta kontraeraso bati ekin diogu. Gure ikuspuntua ezberdina da, zeren eta irudimena landu nahi dugu eta positiboak izan, euskararen inguruan albiste txarrak eman baino, gure hizkuntzaren inguruan sortutako dena zabaldu behar dugu. Nafarroako Gobernuak hartzen dituen neurriak, noski, garrantzizkoak iruditzen zaizkigu, baina ez du gure lana baldintzatzen". Positibotasun horri esker Sareak jendearen artean harrera ona izan du, eta orain hiru hilabete martxan jarri programa honen inguruan balorazioa egitea zaila bada ere, Elkargoko kideen ustez positiboa da, eta Nafarroan filosofia bera duen mugimendu bat osotzen ari da.
Bestalde, azken urteotan Europako Batasuna aniztasuna eta hizkuntza gutxituak kontuan hartzen hasi da, eta nahiko jarrera positiboa hartu du, nahiz eta oraindik berarentzat lehentasun bat ez izan. Ildo horretan, Europako Batasunak hartzen dituen erabaki guztiak lotesleak dira, hizkuntzei dagozkienak izan ezik, eta gainera arlo honetan hartzen diren neurriak kontsentsua exijitzen dute. Dena den, badirudi Irailaren 11ko erasoen ondoren aniztasuna Bruselan ez dutela hain begi onez ikusten, eta beraz ikusteke dago zer-nolako garrantzia ematen zaien hizkuntza gutxituei dagoeneko zirriborratutako Europako konstituzioan.

euskararen babesle Nafarroan.

1998an sortutako Euskara Kultur Elkargoa Fundazioak euskal kultura eta euskara ezagutzea eta garatzea du helburu. Sortzaileen artean Nafarroako Gobernuaren Hizkuntza Politikan aritutako zenbait lagun zeuden, tartean Estebe Petrizan eta Elkargoaren egungo presidente Jose Luis Mendoza, eta hasiera-hasieratik argi izan zuten giza arloan eta esparru berrietan lan egin beharra zegoela.
Lehenbiziko urratsak, dena den, ez ziren lan erraza izan, eta hiruzpalau urtez aritu ziren ate joka Nafarroan nahiz Euskal Autonomia Erkidegoan. Sabino Arana Fundazioarengandik babes ekonomikoa eta pertsonala jaso zituen, eta oraindik harreman estuak mantentzen dituzte bi fundaziook. Nafarroako Ikastolen Federazioarekin eta Sortzen-Ikasbatuaz erakundeekin batera aurrematrikulazio kanpainak, hitzaldiak eta aste kulturalak antolatu izan dituzte. Izan ere, Elkargoko presidente Jose Luis Mendozaren hitzetan, "egitasmo bat interesgarria dela uste badugu eta baldin badago talde bat horretan lan egiten duena, gure laguntza eskaintzen diogu; inor ez badago, aurrera eramaten saiatzen gara gure kabuz". Sarea zerbitzuaz gain, bi abokatuk Artekaria izeneko programa esku artean dute. Honen bitartez hiritarren eskaerak eta kexuak bideratzen dituzte eta euskararen kontrako erasoei erantzun egokia prestatzen dute, betiere erakunde publikoen jarraipena egin ondoren. Horrezaz gain, azarorako euskararen inguruko jardunaldiak prestatzea aurreikusi dute.
Nafarroako egoeraz galdetzerakoan Mendozaren erantzuna oso garbia da: "Euskararen defentsan bide legalak eta Europako erakundeetan muturra sartzen ikastea beharrezkoak ditugu, malkoz eta oihukatzen bakarrik bide motza izango baita geurea. Gainera, maiatzeko hauteskundeetan euskara, euskal kultura eta haustura soziala jokoan daude, eta beraz UPN gobernutik botatzea ezinbestekoa da"

Iñaki Guridi

Liburu bat irakurtzean, jasotakoa kanporatzea. Orrialde batetik bestera pasatzerakoan sentitutakoa konpartitzea. Esaldien esanahietik haratago joatea. Letra artean ulertutakoa, deszifratu eta gainerakoei jakinaraztea. Literatur solasaldi batek ematen dituen aukerak dira. Ilustrazio garaiko intelektual bohemioei itzal egiteko asmorik gabe, baina norberaren hausnarketak agerian utziaz.

Gero eta liburu gehiago saltzen diren gizartean, ez dago argi gehiago irakurtzen den. Badira, ordea, idazle batek letraz betetzen dituen orrialdeak grinaz irensten dituzten irakurleak eta letra horiei guztiei bigarren irakurketa bat emateko prest agertzen direnak.
Gure inguruko liburutegi bat baino gehiago izan ohi dira literatur solasaldi hauen topagune. Arrakasta itzela dute, esaterako, Luisa Etxenikek Donostian aspalditik egiten dituen tertuliek. 150 bat lagun biltzen omen dira, talde desberdinetan, irakurritako liburu baten gaineko hausnarketa egiteko. Gazteleraz egindako literatura aztertzen da solasaldiotan.
Neurri txikiagoan izan arren, euskal literatura astintzen duten mihiak ere badaude.
Itziar Zubizarreta idazle eta ipuin kontalariak gidatzen ditu era honetako bi talde. Bata Donostian eta bestea Arrasaten. Itziarrek berak proposatzen du irakurgaia. Hilabeteko epea izaten dute liburu hori irakurtzeko eta hilabetearen buruan elkartzen dira hausnartzeko asmoarekin. Taldeko gidariak dioenez, "talde txiki samarra da eta dauden denek dute zeresana. Denek egiten dituzte ekarpenak eta ni arduratzen naiz denek parte har dezaten eta inork inor isildu ez dezan".
Donostiako taldean hamaika emakumek parte hartzen dute. Arrasatekoan aldiz, bederatziko taldea dago osatuta. Bi kasuetan Udaleko Emakume Sailak bultzaturiko jarduerak dira.
Deustuako Berbaizu euskara elkarteak ere, irakurzaleak biltzeko asmoz eratu zuen iaz "Irakurle Txokoa". Hasieran hilabeteroko maiztasunarekin hasi zituzten solasaldiak, baina gehiegitxo zelako bi hilabetean behin antolatzen dituzte orain. Zerrendan 50 bat lagunek dute izena emanda, baina gero solasaldietara erdia agertzen da. Aukeratutako liburuaren egilea ere eramaten dute.
Maiztasun finkoarekin egiten ez diren arren, Euskal Idazleen Elkarteak Euskal Herriko beste txoko ugaritan ere bultzatzen ditu literatur solasaldiak. Ikastetxe eta liburutegiei aukera eskaintzen die, liburu bat eta autore bat aukeratu eta gero idazle hori irakurleengana gerturatzeko.
Jose Mari Iturralde idazleak solasaldi horietako askotan parte hartzen du. Bere ustez "solasaldi hauek oso entretenigarriak izaten dira, hartu-eman handia izaten delako idazle eta entzuleen artean".
Herrietan egiten diren hitzaldi-solasaldi hauetara, jendea erruz gerturatzen da. Jarraikortasun zehatz batekin egiten diren solasaldietako kide finkoak, ordea, gutxiago dira. Badira parte hartze eskasagatik bertan behera geratu diren solasaldiak. Orain hilabete gutxira arte, Felipe Juaristi idazleak Donostiako Udal Liburutegian literatur tertulia bat gidatzen zuen hilabetean behin. Jendearen partehartzeak, ordea, behera egin zuen denborarekin eta azkenean ekimenarekin amaitzea erabaki zuten arduradunek.

Nolakoak dira?

Euskaraz sortutako literatura eta euskarara itzulitakoa aztertzen da solasaldiotan. Euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez duen asko dago ordea, gure artean. Parte hartzen duten gehienak 30 eta 70 urte artekoak direla kontuan hartuz, alfabetatu gabe daudenen kopurua handia da. Zubizarretak dioenez, "asko izutu egiten dira euskaraz gutxi irakurri dutelako. Irakurketaren erritmoa, ordea, segituan hartzen da aurreiritziak alde batera uztean".
Itziar Zubizarretak, bere tertuliakideengana joaterako, gidoi bat prestatuta eramaten du liburuan komentagarri diren ardatzekin. Hasieran bakoitzak bere inpresioak mahaigaineratzen omen ditu. Autoreak azaleratu duen gaia, pertsonaien ezaugarriak eta ibilbideak, egileak erabiltzen dituen teknikak...
Testua aitzakia bihurtzen da gainera, literatur mugimendu bat aztertzeko nahiz garai horretako egoera soziopolitiko eta kulturala mamitzeko. Zubizarretak dioenez gainera, "irakurtzen ohituta daude tertulia hauetako partehartzaileak eta irakurketa beste maila batean egiten dute. Autoreren batek gaietik ihes egiten badu-edo, badakite antzematen".
Solasaldi hauek autorearekin berarekin egiten direnean ordea, hasieran beti markatzen du erritmoa idazleak, Jose Mari Iturralderen aburuz. "Baina gero, galderen eta gaien arabera, entzuleek dute azken hitza. Normalean, ipuin edo liburu bati buruz hasten gara hizketan baina berehalaxe pasatzen gara idazlearen bizimodura, euskara eta euskal literaturaren egoerara...". Azken hauen kasuan, gehienetan oraintsu egindako lanak aztertzen dira. Itziar Zubizarretak dituen bi solasaldietan, aldiz, gaurko euskal literaturaz gain, XX. mendean egindako nobelagintza eta ipuingintza, Europa eta Ameriketako mugimendu literarioak eta euskal idazleek aspaldi idatzitakoak ere ukitzen dira.

Eleberria nagusi.

Solasaldi hauetan aztertzen diren generoei dagokienez, eleberriak eta ipuinak izaten dira nagusi. Itziar Zubizarretak zalantzarik gabe dio, bere taldekideek nahiago dituztela nobela "potoloak". Lanaren luzerak aukera ematen die gaia hobeto aztertzeko eta pista gehiago ematen ditu pertsonaien nolakotasunaz jabetzeko. Ipuin bat laburragoa da eta gai aniztasuna ere handiagoa izan daiteke. Nobelen kasuan, gainera, irakurleak berak erabaki dezake egun bateko bere irakurtaldia noiz amaitzen den. Ipuinean litekeena da testua bera, irakurketa tartea baino lehen agortzea.
Bestalde, Itziar Zubizarretari jardunak erakutsi dio poesia tertulia batera eramatea zailagoa dela. Jendeari beldur pixka bat ematen omen dio poesiak, jende gehienarentzat bi edo hiru orduko denborapasa delako irakurtzea, «poema bat irakurri eta besterik gabe geratzea, jendearentzat gogorra egiten da". Dena den, datorren ikasturtean badu asmoa bi saiotan behintzat, hainbat euskal idazleren poemak aukeratu eta solasaldietan aztertzeko.

Autoreen betekada eta literaturaren bizia.

Solasaldi hauetan liburuaren egileak berak parte hartzen duenean, irakurleak aukera zuzena du, idazle hori gertuagotik ezagutzeko. Zuzenean konta diezazkioke bere inpresioak eta autoreak liburuko memento batean hartu duen norabidearen arrazoia ere jakin dezake. Baina une hori ez da atsegina irakurlearentzat soilik. "Idazle batek izan dezakeen unerik goxoenetakoa dela", aitortzen du Iturraldek. Idazleen ofizioa bakartia da eta hilabetetan lan egiten dute orri zuriaren aurrean. Amaitu eta liburua kaleratzean, galdu egin ohi da arrastoa. "Horregatik zure liburua aukeratu duten irakurleen aurrean egotea, haiei zure lana esplikatuz eta beraien galderei erantzuna ematen saiatuz, gauza goxo eta animagarria da".
Zubizarretak ere tarteka eraman ohi du idazleren bat tertuliakideengana, irakurritako obraren gainean hitz egitera. Berak dioenez, "autoreentzat oso esperientzia ona eta aberasgarria da, euren obra irakurleek nola ikusten duten jakitea".
Autore zein idazleari solasaldi hauek eman diezaioketen asebetetze indibidual honetaz gain, literaturari ematen dioten bizia azpimarratzen dutenak bat baino gehiago dira. Zubizarretarentzat, literatura irakurleentzat da eta irakurle fidel batzuk daudela jakitea interesgarria da. Iturraldek bestalde, literaturaren osasuna bizkortzeko balio dezakeela uste du: "Saio horretatik ateratako irakurleek ahoz aho zabalduko dute idazle eta obra horren berri, agian beste liburu bat erosiko dute eta irakurri egingo dute. Idazleen eta balizko irakurle multzo horren katea ez da etengo, martxan jarraituko du"

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan