Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-06-30 -- 1860.zenb

- Joseba Permachek «Gara»n Batasunako Mahai Nazionalaren izenean Aralarri buruz: Badakite zertan ari diren. Badakite diskurtso horrek Batasuna amildegi bazterrean uzten duela, noiz eta ezker abertzaleko erakundeen aurkako erasoa inoiz baino gogorragoa denean. Atzamarrarekin seinalatzen gaituzte, gure bizkarrean jo-puntua jarriz Estatuak honakoa esan dezan: "noski, politikoki zuzena izanez gero independentista ere izan daiteke, baina konstituzionalki ez zuzenak direnak legez kanpo jarri eta espetxeratu behar dira"
- Pio Cabanillas, Espainiako Gobernuko bozeramailea ETAren lehergailuez: «Ezin da ahaztu ekintza horiek nahiko errazak dira egiteko, horrek adierazten du itsu-itsuan ari direla».
- Gorka Espiau, Elkarriko koordinatzailea Bake Konferentziako folioari buruz «Egunkaria»n: «Irlandako kasuak erakusten digun legez, denbora gehiago behar da elkarrizketarako baldintzak negoziatzen benetako eta behin-betiko negoziazio prozesuan baino».
- Aralarreko koordinatzaile Patxi Zabaletak "Deia"n: «Ez gaude etakideen aurka, haien jardunaren aurka baizik».

Carlos Iturgaiz EAEko PPko lehendakariaren aurkako salaketa jarri du EAJk auzitegietan, honek alderdi jeltzaleak «Euskadi tiroka» eraikitzen ari dela esan zuelako.

Abertzaleen Batasunak galdeketa bat burutuko du bi mila abertzaleen artean. Datozen egunotan bederatzi galdera irekiak burutuak izanen dira posta bidez. Galdeketaren helburua ABren estrategia zehaztea da. Besteak beste, beste alderdiekiko harremanak eta bi urteren buruan burutuko diren kantonamendu bozetarako jokamoldeak zehaztu nahi ditu alderdi honek.
Javier Balza Herrizaingo kontseilariaren ustez, biolentziak irauten duen bitartean ez dago herri kontsultarik egiteko baldintzarik. Horrez gain, bere ustez Alderdi Politikoen Legeak arriskuan jartzen ditu Ibarretxe lehendakariaren bilerak eta Arkauteko mahaia.

Jakoba Errekondo

Etxeko erlauntzetan dezenteko burrunba entzuten ari naiz azkenaldi honetan. Gereziondoen mahuka adinakoa ez da izan sasi-arkaziaren pagotxa, baina beraien etxetxoak eztiz, polenaz eta nektarrez lepo dauzkate. Lahar oparoaren loraldirainokoa gaztainondoen gerbek hornituko dute, aurtengo sargorialdi honetan baita hornitu ere. Eta sargori sasoiaren ataria erleak kumetzeko garaia izan ohi da. Gure lau erlauntzetatik hiruk botea dute erle-semea. Gaztaina-gerbak ez dituzte soilik aurkituko semeok. Beroaldiak landare lurrintsu eta usaintsuen uraparra ziztatzen du eta ezkaia, luisa-belarra, mendak, kamamila, izpilikuak eta abar harro dabiltza lore-estali. Usain hauek hegoaren hordia piztu eta beste edozein usainetarako zeharo sorgortua nintzela uste nuenean, horra hor non ezkiaren gozoak pituita zoratu eta irauli didan. Lagun baten kalamu eme eder baten olio lurrin arre finaz inguratuta, braustakoan ekarri du mendebalak beheko ezkitzarraren loreen amu gozoa; gero, behin lehortuta, katiluko tila baretzailea izango den lore emearenagatik nobedadeak ere ia jo nau. Erle seme urtea, ezki urtea. Eme urtea

Jabier Agirre

Espainian apustu, loteria eta horrelakoetan gastatzen den dirutza ikaragarria da. Iaz, 2001. urtean esate baterako, 25.129 milioi euro jokatu ziren urte osoan. Eta zifra horiei saritan banatutakoa kentzen badiogu (irabaziak norbaitek disfrutatuko baitzituen, neronek ez, zin dagizuet), gastu erreala 7.856 milioi eurokoa izan zen.

Horrek zera esan nahi du, gutariko bakoitzak 195,43 euro jokatu genituela kasinoetan, bingoan, ONCEko kupoian, kinieletan edo baita makina txanponjaleetan ere, argitaratu berri den iazko memorian ikus daitekeen bezala. Eta horrek 10,08 euroko igoera suposatzen du, pertsona bakoitzak urtebete lehenago jokatutakoarekin konparatuz.
Hiritar edo biztanle bakoitzak gastatutako zifra horretatik, ia erdia (102,25 euro) joko pribatuei dagokie, makina txanponjale eta antzekoei batik bat, espainiar bakoitzak 64,77 euro uzten baititu urtean horietan. Joko publikoetan egindako gastu errealari dagokionez, biztanle bakoitzak jokatutako diru-kopurua 61,72 eurotan dago. Eta horietatik, dirurik gehien Loteria Nazionalean gastatzen da, Gabonetakoan eta Errege bezperakoan batez ere. Baina badira beste gastu batzuk, azken urteotan gorantz egin dutenak (ONCEko kupoia, Primitiba, bonolotoa...). Ez da harritzekoa, hortaz, ludopatia ere gero eta ugariagoa izatea gurea bezalako gizarte jokozale eta apustuzale batean


ETA-REN PRESENTZIA

36 orduko epean bonba-autoz eta lehergailuz egindako bost atentatu egin zituen ETAk, Europako Batasunako Sevillako gailurrarekin batera. Bere presentzia modu agerikoan nabermendu nahi zuen eta baita lortu ere. Europan ere, bere atentatuek ohikoan izaten dutena baino dezente oihartzun handiagoa lortu dute. Gatazkaren egoerak, ordea, bere ohikoan dirau, ez atzera, ez aurrera. Eta egoera horietan, handienak eta indartsuenak ateratzen ditu azkenean etekin gehienak, edo kalterik txikienak. Ekintzokin bat ezagutarazi duen komunikatuan, ETAk 1995ean eskaini zuen Alternatiba Demokratikoa jarri du berriz mahai gainean.


ARALAR ALDERDI GISA ERATUA

ARALAR alderdi egituratua da jada, bere militanteek hautatutako zuzendaritza eta guzti. Ez da erraza alderdi berri bat sortzea egungo Euskal Herrian; baina seguruenik zailago izango da jardunean mantentzea, edota hobeto esanda jardunean indartsu mantentzea. Alderdi berri batek dituen ohiko arazoez gain, ezker abertzaleko sektore egituratuena eta indartsuenaren aldetik jasaten ari den eta jasango duen presio gogorra hor dago, kongresu atarian eta kongresuaren unean ikusi den bezala. Patxi Zabaletak koordinatuko duen alderdiak eratze fasea amaitu du, eta ez da gutxi; orain, aritzearen erronkari heldu beharko dio, besteak beste, dirua eta militanteak lortzeari.


ELKARRI AZKEN AHALEGINEAN

ELKARRIK aurkeztu ditu jadanik Bake Konferentziaren behin-behineko emaitzak. Lau esparru ditu konferentziak: folio bat, dosier bat, liburu bat eta hitz bat. Folioarena ezik, gainerako proiektuak gauzatuta daude jada. Aurrikusi bezala, alderdi politikoek jarduera politikoaren printzipioei buruz egin beharreko folioa izan da eremu arantzatsuena, eta oraindik urrira arteko tartea izango da berau gauzatzeko. Elkarriren esanetan, hurbilpen garrantzitsua erdietsi dute zereginean diarduten zortzi moderatzaileak eta ofizialki edo ezofizialki ordezkatuta dauden alderdiak, guztiak PP ezik. Konferentzia iazko urrian hasi zen eta martxoan bukatzekoa zen. Ondoren, ekainera atzeratu zen PSE-EEren ezohiko kongresuagatik eta gero urrira arte Batasuna legez kanpo jartzeko abian jarri den Alderdi Politikoen Legeagatik.


BATASUNA ZER GERTATUKO ZAIN

ALDERDI politikoen legea noiz erabiliko den, hori da orain airean dagoena: uztailean bertan, irailean, ETAk lehenbiziko atentatu hilgarria egiten duenean edo datorren urte hasieran. Aukera guztiez hitz egin da eta Batasuna egoera hori noiz gauzatu zain dago, bere jardunean geldi egon gabe, aste honetan egiten ari den hautetsien geldialdi instituzionalak erakusten duen bezala. Bilboko manifestazioa egin ondoren, Batasunak konpromezu handiagoa eskatu die han bildu ziren alderdi eta indarrei.


GREBA OROKORRAK

EUSKAL gizarteak PPren Gobernuaren Langabeziaren erreforma guztiz arbuitzen duela erakutsi dute Hegoaldean izandako bi greba deialdiek. Argi erakutsi duten moduan, lan esparru desberdinak abiapuntutzat hartuz, sindikalgintza egin eta ulertzeko bi molde daudela: estatuko sindikatuena eta sindikatu abertzaleena. ELA eta LABek batetik, CCOO eta UGTk bestetik, lau sindikatuek argi adierazi dute greba deialdi honetatik aurrera bi ikusmolde hauen arteko zanga asko nabarituko dela etorkizun hurbilean. ELA eta LABi dagokionez, grebak balio beharko luke jarduera bateratuaren iparrerantz abiatzeko; haustura ekarri zuen errealitate gatazkatsua, ordea, hor da egun ere, oztopo gisa.


ADOLFO SUAREZ ERE JAIME MAYOR OREJAREN ALDE

FRANKISMOAREN ondoren lehen gobernu presidentea izan zen Adolfo Suarezek Jaime Mayor Orejaren alde egin du Jose Maria Aznar ordezkatzeko dagoen lehian. Rodriguez Ratori buruz «arroegia» zela esan du eta Mariano Rajoyri buruz ez du aipamenik egin. Calvo Sotelo, Landelino Lavilla, Alfonso Orio eta Martin Villa, bere lehen gobernuko ministroek ere Mayor Orejaren alde egin dute.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan