NAFARROA OINEZEN KANPAINA
«Eros ezazu denbora euskaraz Erriberarako» diru bilketa kanpaina abiatu dute Tuteran egingo den Nafarroa Oinezen antolatzaileek. Ekimena diruz laguntzeko www.nafarroaoinez.net web guneko erloju atalean galdetegi bat bete behar da. Hiru erosketa mota egin daitezke: hiru minutukoa, bederatzikoa edo hogeita hamairukoa. Lehen kasuan, hondarrezko erlojua jasoko du erosleak, bigarrenean erlojua eta CDa eta hirugarrenean, erlojua eta alabastrozko irudia.
EUSKARAZKO SEINALEAK LANDA INGURUNETAN
Laudioko Udalak landa inguruneetan euskarazko seinaleak jarriko ditu. 50 kartel eta aluminiozko seinale ipiniko ditu baserrien inguruan, bertan bizi diren pertsonen larrialdi zerbitzuak betetzeko. Seinaleak jartzearekin batera, bertako toponimoak berreskuratzeko lana egin nahi du Udalak. Dagoeneko Euskaltzaindiarekin harremanetan dago, jatorrizko izenen zerrendak erdiesteko asmoz. Seinaleetako goiko aldean jatorrizko izena paratuko dute eta behekoan herritarrek darabilten izena.
EUSKALGINTZARENTZAT ERE PLANA
Kontseiluak Euskalgintzaren Plan Estrategikoa abiatu du. Dagoeneko 50 adituren iritzia bildu dute. Urria bitarte, euskararen eta euskalgintzaren egoeraren diagnostikoa egin eta normalizazioan aurrera egiteko erronkak zehaztuko dituzte euskararen gizarte erakundeek. Horretarako bost talde osatu dituzte: Hausnarketarako Oinarrizko Taldea, Iruńeko Taldea, Uztaritzeko Taldea, Durangoko Taldea eta Donostiako Taldea. Azarotik 2003ko udaberria arte, aurretik definitutako erronka estrategikoak nola gauzatu aztertuko da eta erronka bakoitzarekiko lan taldeak osatuko dira.
BAIONAKO AEK-REN EGOITZAREN OBRAK
Iazko Korrikak bildutako sosak Baionan egoitza berria eraikitzeko bideratu dira eta dagoeneko obrak martxan dira. Bertan izango dira Iparraldeko AEKren bulegoak. Euskaltegiko gelez gain, ostatua eta Euskal Txokoa izango ditu.
MUSIKAREN ZAINDARIA
Musikaren Eguna ospatu den aste berean inauguratu da Errenterian, Gipuzkoan, Eresbilen zentro berria. Euskal musikaren artxibategi berriak 1.300 metro koadro ditu, eta lau solairu. Guztira, 100.000 partitura, dokumentazio zentroa, 9.000 liburu espezializatuz osatutako liburutegia, 80.000 grabazio eta 1.600 euskal konpositorek sortutako 20.000 obra dituzte, besteak beste, eraikin berrian. Aspaldi hasitako lan baten emaitza da, zalantzarik gabe. Hasieran, partiturak gordetzea zen Eresbilen xede bakarra. Eraikin berriak, 2.704.500 eurotako aurrekontua izan duenak, eginbehar hirukoitza izango du ordea, hemendik aurrera: euskal musika ondarea bildu, gorde eta zabaldu egin beharko du.
BURUHANDIEN EGUNA
UZTAILEKO bigarren astean burutuko den Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdiak ekitaldi berezi bat antolatu du aurten. Uztailaren 13rako, Euskal Herriko buruhandien lehen topaketa antolatu dute. Egun horretan, guztira, 70 buruhandi, zaldiko eta kilikari gerturatuko dira Lekeitiora. Ekimen honen helburua urtetan alboratuta egon den buruhandien irudia berreskuratzea da. Egun horretarako ekitaldiak Jaialdiak berak eta Ondalan elkarteak prestatu dituzte. Buruhandi talde bakoitza kale batetik irtengo da, ondoren, plazan, kalejira egiteko.
GURE ARTEA SARIAK
EUSKAL artistak ezagutzera emateko asmoz antolatzen ditu urtero Eusko Jaurlaritzak Gure Artea Sariak. Aurtengoa, XVII. ekitaldia da eta dagoeneko izen emateko epea amaitua dago, ekainaren 20a arte baitzegoen zabalik. Sari hauetara Euskal Herrian jaio edo bertan bizi diren artista gazteak soilik aurkez daitezke. Eta badu beste lehiaketa batzuen aldean ezberdintasunik. Izan ere, lehiaketa honetan nagusitzen direnek euren ibilbide artistikoa aurkezteko aukera dute, eta ez da euren obra konkretu bat aukeratzen. Aurkezten diren lan guztiek Bilboko Rekalde aretoan egingo den erakusketa kolektiboan parte hartuko dute. Eta ondoren, Espainiako hainbat hiritan zehar erakusketa ibiltari batean izango dira ikusgai.
EUROPAKO JAZZAREN LEIHOA
HILAREN 3an hasiko da Algortan Getxoko XXVI. Europar Jazzaldia. Urtero legez, Europako jazzaren erakusle izan nahi du jaialdiak. Hori dela-eta estilo guztietako jazza entzun ahal izango da, klasikoenetik hasi eta abangoardistenera. Guztira, 14 taldek joko dute Getxoko hiru eszenatokietan. Besteak beste, aipagarriak dira Michel Camilo eta Ińaki Salvador piano joleak, eta Enrico Rava eta Paolo Fresu tronpeta joleak. Bestalde, gazteen talde lehiaketa egingo da, eta honetara, 16 herritako 70 talde aurkeztu dira denera.
AKTOREEN JAIA
BEDERATZIGARREN aldiz burutu du aurten Euskal Aktoreen Batasunak jaialdi berezia. Baina lehen aldiz egin du Gasteizen, hain zuzen, Principal antzokian. Batetik, jokulari sariak emateko baliatzen du EABk ospakizun hau; eta bestetik, hainbat aldarrikapen egiteko. Jokulari sariei dagokionez, Ramon Barea eta Belen Cruz dira aurtengo gizonezko eta emakumezko aktore hoberenak antzerki atalean. Zinema eta telebistako sariez gain, aipatzekoak dira halaber, Aitor Gabilondok jaso duen errebelazio saria eta Jose Ruiz de Azuak bere ibilbidea omenduz jasotakoa. Aldarrikapenen arloan, EABk aktoreen lanbidearen baldintzak ekarri nahi izan ditu gogora. Aktoreena «babes gutxiena» duen lanbidetzat du EABk. Horrez gain, aurten ikus-entzunezkoen eta antzerkien itun kolektiboak ari dira negoziatzen.
- Asier Uriagereka dantzariak honakoa zioen «El Correo»n: «Oso garrantzitsua da goiko postuetan, egiten ari dena maite duen norbait izatea, pasiorik gabe artea negozio bilakatzen baita oso modu errazean».
- Alex Angulok eginiko adierazpenak dira hauek «UK» aldizkarian: «Azkenean, izen garrantzitsuak ez dira hain garrantzitsuak. Nik, lanaz eta bizitzaz, aktore famatuekin baino gehiago, kaleko jendearekin eta lagunekin ikasi dut».
- Jose Mari Satrustegik «Nabarra» aldizkarian: «Euskararen indar bakarra ez da legea, ez da agintariek esaten dutena, egiazko hizkuntzaren indarra hizkuntza erabiltzen dutenen mihietan dago, hori gure esku dago, ezin diegu besteei eskatu».
- Amaia Zubiriak honakoa aitortzen zuen «Diario de Noticias» egunkarian: «Gazteek badute bere gaztetasuna, indarra, grazia, edertasuna; niri kalitatea besterik ez zait gelditzen».
- Pello Lizarraldek zera adierazi zuen «Gara»n: «Egile batentzat poz handienetakoa izaten da irakurleak ateratzen dituen interpretazioak, askotan burutik ere pasa ez zaizkizunak».
Administrazioan Euskaraz taldeak Iruńeko Udaleko barruko lan deialdietan Euskararen Ordenantza kontuan ez hartzea salatu du. 1999ko ekainean B mailako sei lanpostu betetzeko oposizio murriztua egin zen. Ordenantzaren arabera, halako lanpostuetan euskaraz jakitea baloratzen da, baina orduan ez zen egin. Horrez gainera, epaitegiek Udalaren alde egin dute.
Iban Zalduak «Kea ur gainean» liburua plazaratu berri du Elkar argitaletxearen «Xaguxar» bildumaren baitan. Bertan, heavy musika gustuko duen neska baten istorioa kontatzen du.
Aitor eta Amaia Parrondo nagusitu ziren joan den astean Seguran jokatu zen Euskal Herriko Dantza Solteko Txapelketan.
Eusebio Erkiagaren prosazko obra bi liburukitan argitaratuko du Labayru Ikastegiak BBK Fundazioarekin batera. Lehena, «Berbalauaren kulunkan. Prosa lanak I», kalean da dagoeneko. Erkiaga euskal prosa modernoaren sortzailetzat hartua da.
Carlos Zabala zinemagile donostiarrak «Etxaldeko erregea» haurrentzako istorio fantastikoa aurkeztu du Hegoaldeko aretoetan.
Tomas Garbizu konpositorearen biografia eta bere obraren katalogoa plazaratu ditu Lezoko Udalak.
Kirmen Uribe honela mintzo zen poesiari buruz «BetErriko LibuRua» aldizkarian:
«Poesiak duen ahalmena, momentua jasotzen duela da. Nire ustez bizitzako momentuak jasotzeko ez dago beste jenero hoberik. Ahalik eta hitz gutxienekin gogoeta egiteko biderik aproposena dela ere uste dut. Guk momentuak, keinuak eta gertaera txikiak oroitzen ditugu (...). Oroitzapen hori urte askotan daukagu eta oroitzapen horrekin egoera bat, garai bat, sentimendu bat argitzen dugu. Momentu txiki horietako oroitzapenak jasotzeko indarra eduki beharko luke poesiak (...). Narratibak, gertakizunak bata bestearen atzetik kateatzen dituen bitartean, poesiaren norabideak askoz ere gehiago dira, ez baita hari bat. Azken abantaila, behin eta berriz irakur dezakezula da, eta ez zara aspertzen. Poema batek argitxo bat pizten badizu, sortzen duen sentsazioa beste ezerk ezin du ordezkatu. (...) Poeta irakurlearengandik urtetan oso urrun egon dela iruditzen zait. Oso urrun dagoen halako irudi faltsu bat egin duela bere buruarengan, beste esparru batean, metro batzuk gorago balego bezala eta irakurlea oso behean. Galdu egin da irakurlearekiko eta bere buruarekiko benetako harreman hori. Badirudi poetak edo idazleak baduela kreatibitatearen eta irudimenaren monopolio bat. Idazle batzuk sekulako okurrentziak dituztela erakutsi nahi dutela ematen du (...)».
Sakanako Mankomunitateko Kirol eta Zerbitzuek Udan Euskaraz Blai kanpaina antolatzen duten bederatzigarrean aldia da. Helburua zera da: Sakanako igerilekuetara hurbiltzen direnek harremanetarako euskara erabiltzea. Hori lortzeko, langile euskaldunak izango dira, errotulu, ohar eta megafonian euskara izango da nagusi.