BATEK EZIN LO HARTU, BESTEAK LOARI EZIN EUTSI

Loaren gaixotasunen artean ohikoena da insomnioa. Gure organismoak beharko lukeen errekuperazio energetikoa lortzen ez duenean ematen da eta beraz, ez da lo egiten dugun ordu kopuruaz ari, loaren kalitateaz baizik.

Kasu batzuetan insomnioa lo hartzeko unean agertzen da. Beste batzuetan loa mantentzea da arazoa eta gaixoa behin eta berriro esnatzen da gauean zehar. Azkenik insomnio terminala deritzona ere badago; kasu hauetan lotan hasteko arazorik ez dago, baina gaixoa gauean esnatuko da eta ezingo du berriro lorik hartu.
Arrazoi ugarik eragiten du arazo hau: behin-behineko kezka edo arazo pertsonalek; depresioa edo mania bezalako arazo psikiatrikoek; ultzera, enfisema eta bestelako gaixotasun organikoek; hainbat sustantzien efektuak; apnea bezalako arnas erritmo arazoek; edo ez-borondatezko hanka mugimenduek (mioclonus).
Sendagai ugari dago merkatuan insomnioa tratatzeko, baina lehenago beste neurria batzuekin saiatu arte gaixoak ez luke horretara jo behar. Hona hemen insomnioaren aurka har daitezkeen neurrien zerrenda:
Soilik beharrezkoa den ordu kopurua lo egin.
Lo egiteko ordutegiak ezarri eta zorrotz jarraitu.
Ohea lo egiteko soilik erabili (eta ez irakurtzeko, telebista ikusteko, irratia entzuteko...).
Benetako logura izan gabe ez sartu ohean.
Tenperatura, argia eta kanpoko soinuak lo hartzeko egokiak ote diren kontrolatu.
Ez sartu ohean gehiegi jan eta edan ondoren, edo gosez eta egarriz.
Kafe, te, kafeinadun freskagarri edo alkoholik ez edan eta ez erre ohera sartu aurretik.
20 minutu baino gehiagoko siestarik ez egin.


Lo arriskutsua.

Batzuek lo egiteko arazoak badituzte, beste batzuek aldiz, ez dute euren burua esna mantentzea lortzen. Bat-bateko lo atakeak izateari narkolepsia esaten zaio. Pazienteak ezin du bere logura larria kontrolatu eta horrek egoera arriskutsuetara bultza dezake.
Duela gutxi, AEBetako Standfordko Unibertsitateko S. Nishimo eta Herbeheretako Leidengo Unibertsitateko G. J. Lammers doktoreen ikerketa lanei esker, narkolepsia, neurri batean behintzat, hipokretina izeneko sustantzia baten gabeziak sor dezakeela jakin ahal izan dugu. Sustantzia honek, besteak beste, gosea edo organismoak kontsumitzen duen energia kopurua kontrolatzen du.
Aurkikuntza honek narkolepsiaren tratamenduan bide berriak zabal ditzake, baina gaixotasun honen inguruan oraindik hainbat galdera dago erantzuteke.


Ametsetan.

Azkenean, gehiago edo gutxiago, hobeto edo okerrago, baina denek egiten dugu lo. Eta, berdin, denek egiten dugu amets. Gauero gainera. Batzuek amaren sabelean ere amets egiten ote dugun eztabaidatzen dute. Eta animaliek ere, hemen ez dago eztabaidarik, jarduten dute ametsetan, etxean katua edo zakurra duen edozeinek ederki dakien bezala (zenbatetan ikusi ditugu negarrez, amets gaiztoak balituzte bezala?).
Ez dugu gure loaldi guztia ametsetan pasatzen. Une jakinetan egiten ditugu, loaren REM (Rapid Eyes Movement) fasean hain zuzen. Fase hau errepikatu egiten da gauean zehar eta horregatik ohikoena gaueko amets bat baino gehiago izatea da.
Ametsek misterioa eta jakinmina piztu dute betidanik, eta ez dira gutxi izan ametsak interpretatzeko saiakera eta teoriak sortu dituztenak (Freud eta Jung kasu). Amets batzuek zentzua dute, beste batzuek, ordea, ez dute ez hanka eta ez bururik, zeharo absurdoak iruditzen zaizkigu. Baina denek transmititzen dute informazioa. Gakoa informazio horren interpretazioan datza.
Han eta hemen ametsetan ager daitezkeen sinboloen zerrendak topa ditzakegu, gure ametsean zuhaitz bat, elurra, itsasontzi bat, koba bat edo dena delakoa azaltzeak zer esan nahi duen argitzen dutenak. Baina sinbolo horien esanahia berbera al da guztiontzat?
Garbi dagoena da bakoitzaren ametsek lotura estua dutela gure bizikizunekin. Esna gaudenean bizi dugunak nolabait gero amestuko duguna baldintzatzen du. Eta alderantziz ere gerta daiteke, hots, gaueko ametsak hurrengo goizetik aurrera eragingo digula (esnatzen garen umorean, esaterako, edo ametsean gurekin gaizki portatu den norbaitekin gero izango dugun portaeran). Azkenean, oso pertsonalak dira ametsak eta, horregatik zaila dirudi ametsak interpretatzeko teoria orokorren eraginkortasuna frogatzea. Baina gauza bat dago garbi: gure ametsengandik ikasi nahi badugu amets horiek gogoratu behar ditugu eta horretarako, goizero, esnatu bezain pronto, papera eta boligrafoa hartu eta lehenbailehen gogoratzen dugun guztia idaztea baino metodo hoberik ez da asmatu

Bi teoria ametsen interpretazioan

Sigmund Freud (1856-1939)

Ametsek gure inkontzientean dauden haurtzaroko desio instintiboak betetzen dituzte irudimenean.
Norbaiten edo zerbaiten ideia ametsetan beste irudi batek ordezkatzen du zeharka. Freudek «desplazamendu» deitu zion honi.
Ametsen interpretazioaren bidez errepresioa ezabatzea lortzen da, eta horrekin arazoak konpontzen dira psikiatra austriarraren arabera.
Freudentzat ametsen sinboloak esanahi finkoa dute.


Carl Jung (1875-1961)

Jungek ez die horrenbesteko garrantziarik ematen haurtzaroko desioei gure inkontzientearen formatzaile gisa.
Elementu ezberdinen bat-etortze esanguratsuari «sinkronizitate» esaten zion psikiatra suitzarrak.
Ametsek inkontziente kolektiboan dute oinarria eta, errepresioa ezabatzea lortzen denean ere, ametsek eta fantasiek diraute.
Sinboloen esanahaia «erlatiboki finkoa» da, inoiz ez da berdina.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude