GALLARTA
Iñaki Egaña
TTARTTALO
384 orrialde
19,40 euro
«GALLARTA», IÑAKI EGAÑAREN LEHEN NOBELA
Historialari eta saiogile bezala orain arte ezaguna zen Iñaki Egañak, XIX. mende amaierako Bizkaiko meatzetan ematen ziren bizi-baldintza ankerrak jarri ditu agerian «Gallarta»n, benetazko gertakizunak eta fikziozkoak nahasturik bere lehen nobela honetan. Lehorte ikaragarri baten ondorioz, Nafarroako Erriberako nekazal bizimoduari agur esan behar izaten dion bikote ezkonberriaren ordura arteko bizimodua irudikatuz hasten da idazlea, eta etorkin gisa senar-emazteak Bizkairantz eginiko bidaiaren bitartez, orduko Euskal Herriak zituen giza-geografia ezberdinak azaltzen ditu gero. Baina behin bikotea Gallartara iritsi eta El Carmen meatzean lanean hasiz gero lortzen du Iñaki Egañaren nobelak bere goren unea, nabarmentzen duenean meatzariek jasan beharreko zapalkuntza baino are sufriezinagoa zela meatzetan lanean ziharduten emakumeena. Egoera horren aurka emandako lehen urratsek jaso zuten erantzun bortitza, ustez menderatuek hartutako mendekua, jada martxan ziren sozialistek hartan guztian izandako jarrera eta oro irauli nahian zebiltzan anarkista bakanen eragin murritza islatzen ditu Egañak «Gallarta»n.
UTZIDAZU KARMINA KENTZEN
Urtzi Urrutikoetxea
KUTXA FUNDAZIOA
63 orrialde
3,01 euro
IRUN HIRIKO KUTXA POESIA SARIA
Urtzi Urrutikoetxearen «Utzidazu karmina kentzen» poesia bildumak eraman zuen 2000ko Irun Hiriko Kutxa Literatur lehiaketak euskarazko poesia atalean emandako saria. Gaurko eta hemengo bizipoza, asfaltozko iturritik edana; gaurko eta hemengo desioa, gaurko eta hemengo gatazkak eta gaurko eta hemengo izateko zoriona adierazi nahi izan ditu Urtzi Urrutikoetxeak «Utzidazu karmina kentzen» bere hirugarren olerki liburuan, poema bakoitzetik argazki pertsonala eginez, kokaleku eta fokatze bereziz egindako irakurketa ozena. Maitasuna, nolanahi ere, aldi bitan banandua agertzen du poetak. Eremu batean, maitaleen mundua agertzen du; eta bestean, inguruko errealitateak maitale horien baitan duen eragina.
UNA TIERRA MAS ALLA
Joan Mari Irigoien
TTARTTALO
655 orrialde
23,5 euro
«LUR BAT HARATAGO» GAZTELERAZ
Jorge González Aranguren idazleak egokitu du gaztelerara Joan Mari Irigoienen «Lur bat haratago», euskarazko literaturak gaur arte ezagutu duen nobelarik luzeena. XVII. mendean kokaturik zegoenez, berak burututako Etxegoietarren istorioa, Axularren hizkera gogorarazten zuen euskara erabili zuen Joan Mari Irigoienek hura idazterakoan. Eta nobelaren garaira egokituz egungo irakurlea ez gehiegi nahasteko ahalegin bera egin du orain Jorge González Arangurenek ere «Lur bat haratago»ren gaztelerazko bertsio hau osatzerakoan, Espainiako literaturaren Urrezko Mendea bezala ezagutu den hartan erabili ohi ziren hizkeren ukituak emanaz «Una tierra más allá»n azaltzen duen prosari.
TANTAK
Batzuen artean
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
161 orrialde
7,21 euro
EHU-KO HEZKUNTZA ALDIZKARIA
Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza aldizkaria dugu «Tantak». Bere 26. zenbakian, besteak beste, egile ezberdinek landutako zazpi idazlan kaleratzen ditu. Hona hemen aipatu lan horien izenburuak: «Bideratze-funtzioa prestatzaileen prestakuntzan: esperientzia baten azterketa»; «Bideratze-lana gizarte-eragileen lanbide-garapeneko esperientzia batean: azterketa etnografikoa»; «Bigarren hezkuntzaren hastapenak Gipuzkoan, Donostiak garatutako prozesua»; «Gipuzkoako auzo-eskolak, 1930-1938»; «Eskolako hizkera ereduaz, euskara batuaren eta Euskalkiaren arteko harremanen testuinguruan»; «Ama-hizkuntzak ez du gramatikaren barnerakuntzaren ordenamendua baldintzatzen»; eta «EAEko ikastetxeen zuzendaritza-taldeen inguruko Pertzepzioak».
USOA.
LEHEN KANPAMENDUA
Patxi Zubizarreta/ Elena Odriozola
EREIN
107 orrialde
9 euro
GUREAN BIZI DEN NESKATO AFRIKARRA
Euskal Herrira bizitzera etorri behar izan duen hamaika bat urteko neskatoa da Usoa, Patxi Zubizarretak, benetako gertakizun batean oinarriturik, sortu zuen pertsonaia, Asun Balzolak marraztutako «Usoa» liburuan ezagutzera eman zena. Kontakizun hark izan zuen bere jarraia, hala ere, eta orain Erein argitaletxeak bilduma bat plazaratu du, Elena Odriozolak eginiko marrazkiez horniturik. Lehen liburuan, neskato afrikarra bere bizitzako lehen kanpamendura doa. Aurreko bi urtetan ezagutu ditu udalekuak, haietara bidaltzen baitzuten bere guraso zuriek, baina oraingoan kanpamendura doa eta handi sentitzen da, han bere buruaz arduratuko delako, neska-mutil asko ezagutuko dituelako, eta beharbada musuren bat ere jasoko duelako.
MEMORIAS DEL AÑO 1843.
LA PRIMERA GUERRA CARLISTA
Conde de Mirasol
KUTXA FUNDAZIOA
82 orrialde
6,99 euro
DONOSTIA ALDEA LEHEN KARLISTALDIAN
Rafael de Arístegui y Velez zuen izena Mirasolgo kondeak, Doctor Camino Institutuak plazaratutako «Memorias del año 1843. La primera guerra carlista» idazlanaren egileak. Liburuak, Mª Rosario Roqueroren hitzaurre bat darama, non argitzen den militar liberal horri aipatu gerran jokatzea egokitu zitzaion rola. Mirasolgo kondea, besteak beste, Espartero jeneralaren ordezkaria izan zen Lehen Karlistaldian, eta biak izan ziren garaituak Zumalakarregi jeneralaren indarrengatik Deskargako goietan. Baina liburu honetan Gipuzkoan egon zen garaiaz mintzo da kondea, 1837an Donostia aldean gerra bukatutzat eman zenean gertatutako liskarrez. Soldaduei ordaintzeko dirurik eza, Legio Britainiarrekoen errebolta, Hernaniko matxinada...
NIRE AITA ERREGE
Thierry Robberecht eta Phillippe Goossens
IBAIZABAL
27 orrialde
10,67 euro
AITATXO GEHIEGI HAZTEN DENEAN
Bost urtetik aurrerako neska-mutikoentzat espreski osatua dagoen «Nire aita errege» Nekane Umerez Lazkanok euskaratu du. Goibel eta kezkati agertzen da bertako protagonista, bere aitatxo izugarri maite duen mutikoa, jaun tente-potente batzuk bere aita maitea errege bihurtu dutelako, eta hark buruan koroa jantzi zuenetik bere etxean ez dagoelako giro. Izan ere, harrezkero egunetik egunera hazi eta hazi egin da bere aita hori, eta noski, etxez aldatu behar izan zuten, zeukatenean ez zelako hainbeste hazitako aitatxo kabitzen. Beraz, jauregi batera joan ziren denak bizitzera, eta gure mutikoaren lagunek, miresturik, esaten zioten hori zela zortea, aita errege! Baina bera ez zegoen batere pozik, jadanik ez zegoelako aitarekin jolasterik.
KANTU SAKONEZ OSATUTAKO DISKOA
MINUS
PI. L. T.
METAK
9 kanta
14,4 euro
Bederatzi kantu sakonekin aurkezten da «Minus» CDan Rafa Ruedaren gitarrak eta ahotsak, Aitor Abioren teklatuak eta ahotsak, Dabid Gonzalezen baxuak eta Xanperen bateriak osatzen duten PI. L.T. taldea. Lan honekin aro berri bati hasiera eman nahi izan dio taldeak, bai musika aldetik, eta baita bere kanten hitzei dagokioenez ere. Beraz, «Minus»en agertzen diren «Runaway», «Bidaia», «Bestaldean», «Goiza hirian», «Zurrunbiloa», «Kontzientziaren ateak», «Hogei orbain», «Ia zulo hau zer den» eta «Galdutako burruka» kanten letrak Kirmen Uribe, Txuma Murugarren, Unai Iturriaga, Igor Elortza eta Jon Maia bezalakoek eginak izan dira. Eta grabazioan, Zea Mayseko Aiora Renteria, Erasoko Sergio eta Mikel Urbeltzen lankidetza izan dute, besteak beste.