Pilar Iparragirre
Inbidia galantaz begiratu ohi diogu gauza ederrak sortzeko gai denari, baina beharbada oker gaude eta bereak eta bost jasateko etorri da pertsona hori mundura. Horrelako zer edo zer zioen 1972ko ekaina amaierako ZERUKO ARGIAren editorialak behintzat. Izenburu hauxe zeukan: "ARTISTA: Gizon enparagarria", eta itxura guzien arabera, berriki gertatutakoa zuen oinarri.
BATZUEK BESTEEI BIDALITAKO ESKUTITZA
Editorialgileak ez zuen arazoa gehiegi argitzen, eta ezin esan, bada, nik zertara zetorren, zuzen, gorabehera. Egia da garai hartan, ika-mikarik ez zela falta korronte bateko eta besteko artista euskaldunen artean, eta zenbaitek "espaiñolistatzat" hartu ohi zuela Oskorri musika taldea, adibidez (hain zuzen ere Oskorriren ekitaldi batez ziharduen Amatiñok aste hartan), baina ezin jakin zehazki zergatik eraman zuten editorialera gaia, han agertzen zena hauxe baino ez baitzen: "Bi alderditan zatiturik dagoen mundu ontako alderdietako bati eskutitz bat zuzendu diote oraindik orain beste alderdian bizi diran artistak. Errukia eskatu diote, artistak beroiek ez dauden alderdi nagusiari, erasotua dagoen artista lagun batentzat".
Norentzat? Auskalo... Ez azaltzeagatik, editorialgileak ez baitzuen azaltzen ezta zer motatako artista zen kaltetua! Nolanahi ere, esaten zuenaren arabera, ez bide zen horrelako eskutitzak ezagutzen ziren lehenengo aldia, hara.
"Ez da aurrenekoa. Auziak, artista elkarteetatik artistaren bat uxatzeak lehen eta orain gertatzen direnak dira. Berdintsu gertatzen da eskutitza izenpetu duten artisten alderdian ere. Ez daukagu tokirik, baiña izen-zerrenda aundia jarri diteke. Eta iñor ez litzake garbi geldituko. Asko dira beren aberritik ihes egin beharrean arkitu diran artistak. Are gehiago isilaraziak eta zokoratuak. Baita gaixotzat eta zorotzat artuak ere. Ez dut uste oker aundia denik artista jendearen gaurko egoera negargarria denik esatea".
HIL ETA GERO, SALDA BERO
Horrelako ondorio batek argibideak behar zituen, eta haiexek emateari ekiten zion editorialgileak jarraian. "Zenbati il eta gero omenaldia egin zaie, bizi ziran bitartean ahaztuak, baztertuak eta muzinduak izan badira ere. Binbitartean, berriz, beste zenbait dekoradore, abeslari eta izlari eskas goraipatuak dira. Denborak gauzak ahaztutzen dituenean, baztertuak goraipatzen dira eta goraipatuak baztertzen. Negargarria artisten izaera. Oihu egiten du, ez guri entzunarazteko, guk dugulako aren oihuaren beharra baizik; eta guk entzungor egiten diogu. Edertasuna sortzeko gauza dana da artista. Ortarako gaiñeko azal zakarra desegin behar du barruko edertasuna gaiñeratzeko. Guk ikusten dugun munduaren mintza ausi behar du guri mundu berri eta ezezagun bat erakusteko. Orregatik da artista enparagarria, bihurria. Bizi geran munduan ondo bizi diran guztientzat batez ere. Aatik isilarazten dute, ahazten eta zokoratzen. Itzegiten duena ohartu gabe isilarazten duena argien. Orregatik jarriko du arte lana irabazpide. Eta apaingarri eta gustagarri bihurtuko du eder-lana. æGiñolÆ baten antzera esku-keiñuka jardungo du artistak andik aurrera. Baiña iñork ez dio entzungo. Oihuka ari dela usteko du, baiña illik dago".
DENENTZAT SOBERAN
Patu goibela, benetan, artistarena, Z. ARGIAko editorial hura burutu zuenaren ikuspegian bederen. Eta alfer-alferrik ibiliko zen itxaropenari leihoren bat ireki nahian, gainera! "Enparagarri eta bihurria, artisten lana, baita egoera jakin bat onartzen ez dutenentzat ere eta aldatzeko irrikaz lanean ari direnentzat. Berentartzat jotzen dute artista. Bizi dugun egoera aldatu nahi du onek ere. Beren burrukaren aldekotzat eta abeslaritzat artzen dute. Arriskugarria. Esku-keiñuka ari dan txori izugarri bihurtu nahi dute. Beren molde eta egitarauetan esitu nahiko dute. Artistak, bere ahotsa, galduko du. Bere ahotsa gordetzen badu, berriz, bakartitzat eta iheslaritzat joko dute. Negargarria artistaren izaera, enparagarria batzuentzat eta besteentzat".
Hala ere, izateko eskatzen zion artistari editorialgileak, beharrezkoa zela gogoratu, zeren negargarria bazen bere orduko izaera, are "negargarriagoa oraindik artistarik gabeko erriarena. Patxaran eta lasai biziko da, baiña ez da sekulan mundu berrien leihotilara iritxiko. Baiña azkenean aspertu, nazkatu eta okiturik il egingo da. Oraindik ez dana jartzen die artistak begien aurrean egoera ala dela diotenei. Orregatik isilarazten dute. Baiña, ez dena, dena baiño egiazago da. Geroak, oraiñak baiño indar-eragille gehiago du. Negargarria artistaren izaera, baiña are gehiago bere artistak aintzakotzat artzen ez dituan erriarena. Erriak beharrezko bait du bizitzeko artista enparagarri ori. Erriak uzten dioenean egin dezake artistak bere lana"
Daniel Udalaitz
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak aurreikusi baino bederatzi urte geroago izango da, hori bai, baina ziur aski datorren irailean emango diote "Euskal Y" planari edo Abiadura Handiko Trenaren egitasmoari obrak berak hasi aurretiko azken bultzada, garai horretan gauzatzeko asmoa baitute fase geoteknikoa deritzona. Administrazioko erabakiei gagozkiela, Sustapen Ministerioak apirilaren 9an iragarri zuen "Euskal Y" eraikitzeko proiektua idazteko lehen lanak esleitzeko lehiaketa. Bestalde, Espainiako gobernuko GIF erakundeak, hau da, burdinbideetako azpiegiturak gestionatzeko eta estatuko abiadura handiko burdinbideak eraikitzeko ardura duen organismoak, eskatuak ditu, Anoeta-Urnieta zatiko AHTri dagokionez, lekuan bertan egin beharreko azterlanak eta zundaketa geoteknikoak. Datorren irailetik aurrerako lana izango da, 1,8 milioi euroko aurrekontua izendatu diote eta hilabete batzuetan gauzatzeko planifikatu dute. Lan horri segida emateko, GIF erakundeak hainbat kontratu hitzartuko ditu, seguruenik, "Euskal Y" eraikitzeko proiektua idazteko. Gure informazioen arabera, 90 milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko du egitasmoa idazteak.
Alvaro Amann Garraioetako sailburutik hasita, Eusko Jaurlaritzako arduradunak ere gogoz ari dira egitasmoa jendaurrean azaltzen: EAE guztian barrena darabilte proiektuaren erakusketa, herritarrak egitasmoaren alderdi positiboez jabe daitezen. AHTren kontrako Asanblada, berriz, oposizioko mobilizazioak indartzen ari da egitasmoak betean hartzen dituen euskal herrietan, zeren uste baitute, gauzatuz gero, kalte ekologiko eta sozial larriak izango genituzkeela. Asanblada herrikoi horren iritziz, "inposizio hutsa" da AHTren proiektu hori. Horregatik, AHTrentzako azterlan geoteknikoak lekuan bertan galarazteko deia egin du. Era berean, ezezko ofiziala emateko eta lanen garapena oztopatzeko eskatu die egitasmoarekin ikuskizun duten udalei.
AMANNEN IRITZIZ, "LATZA IZANGO DA INGURUMENEKO INPAKTUA".
Alvaro Amann Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuari egindako elkarrizketa bat argitaratu zen joan den apirilaren 14an Gipuzkoako egunkari batean. Orduko adierazpenetan aitortu zuenez, ekologiaren ikuspegitik ezin bideratuzkoa da AHTren egitasmoa, baina, hala ere, geroztik iragarri duenez, aurten bertan jarriko da Irunen AHTren obretako lehen harria. Nolanahi ere, honelaxe zioen aipatu elkarrizketa horretan: "Latza izango da ingurumeneko inpaktua; ez naiz hasiko bistakoa dena ukatzen... Aitortzen dut, orain arte egin dudan bezala, izugarria izango dela eragina, baina onartu beharra daukagu, zeren kostu baino etekin gehiago izango baitu herritarrentzat...".
Sailburuaren adierazpen horiek eta antzeko besteren batek, hala nola, "AHT gabe, Euskadi bazterturik geratuko da" dioenak, AHTren kontrako Asanblada herrikoiaren erantzun gogorra ekarri dute. Talde horren iritziz, Amannek, betiere manipulazio hutsaren mesedetan, horrelakoxe adierazpenen bidez ezkutatu nahi ditu proiektuaren eragin sozial negatiboak. AHTren kontrako Asanbladaren ustez, "funtsik gabeak, hutsalak, demagogikoak eta bidegabeak" dira Eusko Jaularitzako sailburuaren hitzak. Taldeak dio tinko baieztatu behar dela, ekologia hondatzeaz gainera, lurraldeen arteko oreka eta berdintasun soziala ere hautsiko dituela Abiadura Handiko Trenak. Ekologiaren suntsitzea eta ezberdintasuna dira, bada, taldearen iritziz, AHTk ezaugarritzen duen garapenaren bereizgarriak.
Talde herrikoi horren ustez, hainbat ondorio sozial izango lituzke AHTren egitasmoa gauzatzeak. Lehena, ingurumena suntsitzen duten politiken garaipena, hots, naturak berak ezartzen dituen mugak aintzat hartzen ez dituen politikarena eta ekologia suntsitzeak, lehentxeago edo geroxeago, bizimodu sozialaren hondamena ere berekin izan ohi duela are nekezago onartzen duen politikarena. Bigarrena, garapen itsu eta iraunik gabean oinarritutako garraioen sustapena, zein izango bailitzateke inpaktu sozial eta ekologiko handiko azpiegitura erraldoien ugalketa (autobideak, AHT eta superportuak). Hirugarrena, lurraldearen antolamendu orekatu eta deszentralizatuaren suntsitzea, AHTk zona makrourbanoak indartuko baititu eta lurraldeen arteko desorekaren iturri izango baita. Laugarrena, ezberdintasun sozialen areagotzea, baliabide ugari xahutzen duen garraioa eta sozialki diskriminazio handia sortzen duena jarriko baita abian. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzaren burdinbideetako planeko hipotesien arabera, "Euskal Y" garraioaren barruan, eta betiere herrialdeetako talgoen tarifei gagozkiela, 14 eta 19 euro inguru balioko luke Donostiatik Bilborako bidaiak. Bien bitartean, "askoz kostu handiagoa dute ibilaldi luzeek" abiadura handiko trenetan.
AHT-REN AURKA EGITEA EZ DA BIZIMODU HOBEARI UKO EGITEA.
AHT egitasmoa aurrera aterako balitz, honako bosgarren eragin sozial hau ere nabarmenduko litzateke: gero eta indartsuago ezarriko litzateke modelo soziokultural kontsumista eta berdintzailea. Merkantzien garraioen garapen izugarriari esker, dagoeneko etengabe ari dira gertatzen ekonomia globalizatuaren hedapena, nazioz gaindiko enpresen produkzioaren eta banaketaren gorakada eta fenomeno bi horien ondoriozko jarduera produktibo tradizionalen nahiz tokian tokiko identitate kulturalen deuseztatzea. Azkenik, beste hauxe izango litzateke seigarren eragin soziala: demokrazia hutsalik hutsalenean funtsatzen diren politikoen jokamoldearen onespena, zeren, esan beharrik ere ez dago, batere informazio argirik eman gabe eta inolako eztabaidarik eta parte-hartze sozialik onartu gabe ezarritako proiektua izango bgenukeela
Horrenbestez, ekologian, lurraldean, gizartean, ekonomian, kulturan, etikan eta politikan izango genituzkeen ondorio kaltegarriei erreparatu die AHTren kontrako Asanbladak. Egitasmo horri buru egitea, dio Asanbladak behin eta berriro, ez da herritarren bizimodua hobetzeari uko egitea, guztiz bestela baizik. Bizi baldintzak hobetu behar dira, baina sortzen diren arazoek konponbidea eskatzen dutela jakinik, beharrak ahalik eta modu autonomoenean eta gertuenean ase behar direla onartuz, kultura propioa, egitura ekonomikoak, sozialak eta politikoak berdintasunez garatzera jo behar dela jabe izanik eta bakoitzaren ingurumenarekin bat eginez aurreratu behar dela asumituz
Katixa Garate
Herri aldizkarien loraldia izan du aztergai Idoia Camacho Markinak. 1989 eta 1999 bitartean herri aldizkariek izandako garapena aztertu du, «Herri aldizkarien funtzioa euskara normaltzeko prozesuan» izeneko tesian. Maiatzaren 30ean aurkeztutako tesia egiten lau urte eman ditu Camachok. Ez da erronka makala, euskaldun berria dela eta Kazetaritzako 2. mailan euskara ikasten hasi zela jakinda. Gainera laudiarra izaki, nahiko urrun geratzen zitzaion herri aldizkarien mundua.
Bederatzi aldizkari aukeratu zituen lehenik, edukien azterketa egiteko ondoren: Ondarroako «Arranondo», Tolosako «Galtzaundi», Uribe Kostako «UK» (eta haren aurreko «Bizarra Lepoan»), Irungo «Irunero», Durangoko «Eraz», Zuiako «Herrietan», Arrasateko «Arrasate Press», Orioko «Karkara» eta Aretxabaletako «Aretxagazeta».
Epe horretan hainbat herri aldizkari sortu ziren, euskara sustatzeko helburuarekin. Egun ordea, aldizkari horiek kalitatearen aldeko apustua egin dute, euskaraz izatearekin ez baita nahikoa, tesiaren egileak ondorioztatu duenez. Normalizazio prozesuan oso lagungarriak izan direla adierazi du Camachok. «Bere esparruan euskara kokatu dute, genero desberdinak eta gai asko landu dituzte. Euskara oso aberatsa dela erakutsi dute, ez dela betiko gauzetarako soilik erabiltzen».
EDUKIAK ATALEZ ATAL.
Herri aldizkarien edukien gaineko azterketa egin du batez ere. Eta aldizkari gehienek atal berdintsuak izan ohi dituzte: erreportajeak, elkarrizketa, laburrak, irakurleen gutunak, iritziak, kirolak, kultura, lehiaketa, agenda eta aspaldiko kontuak. Orokorrean, sinatu gabeko testuak ageri ziren 90eko hasieran, baina denbora pasa ahala, kolaboratzaileen testuak ugaritu dira, gehientsuenak iritzizkoak dira gainera.
Aldizkariek jorratutako gaiei dagokienean, eskualdeko informazioa jasotzen dute batez ere, baina Camachok aztertu duen epearen amaieran, zera antzeman daiteke: esparrua zabaldu dutela; zinema, musika, kultura gaiak maiz dituzte hizpide. Gai izarrak gizarte eta kultura gaiak dira, horiek hartu izan dute leku gehien. Normalean nahiko lotuta daude gaiak gaurkotasunari, hastapenetan ordea herriko iraganeko gertakizunak askotan jorratzen zituzten.
Iturriak ez dira askotan aitatzen, dena den, iturri erabilienak ez instituzionalak dira, alegia, herritarrak dira iturri nagusia. Udalak berri askoren iturburu dira, baina erakundeak bigarren mailako iturria direla ondorioztatu du tesiaren egileak.
Erabilitako genero gehienak informatiboak dira, baina interpretazio generoak ere jorratzen dituzte, erreportajea eta elkarrizketa kasurako. Horrek edukia aberastu eta herritarrengana hurbiltzen du, ikertzailearen aburuz.
Ikerlanaren arabera, interes orokorreko gaiak jorratzen dituzte aldizkariek eta mota guztietako irakurleei zuzenduta daude. Gainera, denborak aurrera egin ahala, aniztasun handiagoa sumatzen da gaietan: herritarren bizitza, euskara, herriko taldeak, musika, literatura.
Edukia ezezik, diseinua ere aldatu da eta hobera. Aldizkariek erabiltzen duten hizkuntza hobea da eta kalitate handiagoko irudiez lagunduta agertzen dituzte testuak.
Camachok dioenez, herri komunikabideek ez dute aprobetxatzen zerbitzu informazioa emateko daukaten potentziala. Zerbitzu informazioa agendari lotua dago batez ere, eta bere ustetan, kontaktu, telefono, ordutegi eta bestelakoen berri eman beharko luke gehiagotan.
Zuiako udalen «Herrietan» agerkariaren esperientzia ez dator bat azaldutako ondorioekin. Agerkari hau elebiduna da (beste guztiak euskarazkoak dira), eta hasieran testuak euskaraz eta gaztelaniaz ematen bazituen ere, gaztelaniazkoak gailendu dira. Hizkuntza jokamoldeak aztertzeko hautatu zuen Idoia Camachok hain zuzen ere aldizkari hau.
ARO BERRIA.
Aldizkarien nortasuna aldatu da, aro berri baten atarian daude. Camachok aztertutako epean ez zeuden eskualde mailako astekari eta egunkariak («Goienkaria», «Anboto», «Egunero»). Horrexegatik atal bat gehitu dio azterlanari. Enpresa ikuspegia indartzen ari dela nabarmendu du tesiaren egileak. Ez aldizkari guztietara, baina profesionaltasuna iristen ari da eta azken emaitzan nabaria da bere ustetan.
Teknologia berrien ekarpena ere izan du aztergai. Autoedizioa erabiltzen hasi zirenean eman omen zuten benetako aurrerapausoa. Aldizkariek Internetera jauzi egitean, idatzizkoaren bertsio hutsa paratu dute. Horrek ez du abantailarik ekarri, jende gehiagorengana iristen da, baina jendeak nahiago du paperezkoa esku artean izan, ikerketaren arabera. Hala ere, badira hainbat web gune aldizkariaz gain hainbat zerbitzu eskaintzen dituztenak, foroa, iritzia emateko aukera, eguneroko agenda... Azpeitiko www.uztarria.com eta Donostiako www.bagera.net esaterako.
Herri aldizkariak hedabide txikiak direnez elkarren artean hartu-emanak izateko eta harremanak sendotzeko balio izan du Euskara Elkarteen Topaguneak. Hala ere, Camachoren ustetan, herri aldizkariei begira egiten du lan eta ez gizarteari begira. Eta eurak gizarteratzen egin beharko luke lan.
Herri aldizkariei buruzko informazioa sakabanatuta dagoela ikusita, datutegi bat paratu du www.saregunea.com helbidean. Bertan Euskal Herriko herri aldizkarien zerrenda ageri da, bakoitzaren sorrera data, zabalkunde eremua, maiztasuna, helbidea, telefonoa, web gunea eta posta elektronikoa zehaztuz.
Orain tesia argitaratuko ote dioten zain dago Camacho
Onintza Enbeita
Oroitzapen ilunak ekarriko dizkio euskaldun askori 23 F-k. Edozelan ere, badira egun horri atxikitzeko moduko oroitzapen politak. Esate baterako, urte batzuk lehenago, 1977ko otsailaren 23an, Labayru ikastegia sortu zela. Orain dela 25 urte, beraz. Askorentzat nahikoa estatu kolpe izango zen Labayru Ikastegia sortzea, baina 7 urte aurretik Derioko Udako Euskal Ikastaroak antolatzen zihardutenei, eta euskaltzaleei, bide berria zabaldu zitzaien.
Derioko seminarioan zeuden 3 abade gazteri, beraien hizkuntza hobeto menperatzeko sua piztu zitzaien. Bide horretan Udako Euskal Ikastaroa sortu zuten Karmelo Etxenagusiak, Mikel Zaratek eta Ander Manterolak. 1970ean izan zen hori, eta handik 7 urtera, Labayru ikastegia sortu zuten jarduera hori sendotzeko.
Orain, 25 urte geroago, elizatik guztiz autonomoa da Labayru. Zelanbait esateko, lotura formalak baino ez ditu elizarekin. Funtzionamenduaren eta landu beharreko gaien gainean ez du eskurik sartzen elizak. Asko dira izan ere, hasierako helburuak bete asmoz, Labayruk zabaldu dituen bideak: euskara irakatsi eta ikertu egiten dute, euskal etnografia ikertzen dihardute, euskal gaiez hornitutako liburutegi itzela osatu dute eta argitaratze zerbitzua ere badaukate. Zerbitzu guztiok Bilboko egoitzaren eta Derioko seminario zaharraren artean banatuta daude.
Artezkaritza taldeak zuzentzen du Labayru. Gotzaitegiak aukeratzen ditu zuzenean bertako 4 kide, baina beste 8ak laguntzaileen batzarrak proposatzen ditu. Gero, artezkaritza taldekoen iritziak entzun, eta artezkaritza burua izendatzen du Gotzaitegiak. Osterantzeko karguak, artezkaritza taldeak banatzen ditu, bere iritziaren arabera. Horretan parte hartzen du elizak Labayruren jardunean.
Euskara lehengai.
Hasieratik hartu zuen Labayruren euskara atalak eskuizkribuen transkripzioak, literatura kritika, testuen edizioa, ahozko literaturaren bilketa eta azterketa, gida didaktikoak, itzulpenak eta itzulpen metodologikoak jorratzeko konpromisoa. Horretan dabiltza oraindik ere.
Dozenaka liburu argitaratu dituzte «Laratz», «Idatz & Mintz», «Litterae Vasconicae» zein «Sutondoan» aldizkarietan. Asko, egungo literatur lanak, baina beste asko herri kondairetan eta ahozko tradizioan oinarrituta. Badira, XVII. eta XVIII. mendeetako testu zaharren berrargitalpenak ere, Labayruren sinaduraren azpian. Orain lau urte, gainera, Urte Sasoiak izeneko proiektua jarri zuten martxan. Neska-mutilei urtaro bakoitzeko ohiturak irakastea da egitasmo horren helburua. Horiek ikas dezaten, irakasleak trebatu dituzte lehenengo ikastaroak eta abar emanda.
Euskara zerbitzua bidean zegoenean sortu ziren Itzulpen zerbitzua eta hizkuntzaren erabilera planen zerbitzua. Egungo kezketariko bat euskararen kaleko erabilera da, eta horretarako sortu zuen Labayruk bigarren zerbitzua. Izan ere, kalean, etxean, eskolan, lanean entzuten den neurrian esan ahal izango dugu euskara badagoen ala ez dagoen.
Euskara bizia galtzen ari omen da. Etxeko euskara txarra den pentsaera zabalduta dago gizartean, eta horrek herri esaerak zein hizketa moduak trabatu egin ditu; atzeratu. Bide horretan, handia izan da Labayruk bizkaieraren inguruan egin duen lana. Euskara zerbitzuak batez ere, euskalkia jorratu eta irakatsi egin du urteetan zehar. Etnografia arloa gehiago mugatu da Euskal Herriaren gaineko atlas etnografikoa egitera. Behar mardula hori ere. Hizkuntzari dagokion arloak, baina, ahozko euskarari ere gogor heldu dio.
Labayruren altxorra.
Ikerketaz ikerketa, azterketaz azterketa eta jakin-minez jakin-min, dokumentazio handia batu du Labayruk. Potoloa. Derioko seminario zaharreko Euskal Bibliotekan denetariko liburuak daude. Areago, baita iragan mendeko aldizkariak ere txukun-txukun bilduta. Herriak ekoitzitako ehunka liburu eta aldizkari daude liburutegian. Diruz ordaindu ezinezko balioa daukate askok.
Tejerok eta Marotok huts egin zuten estatu kolpean. Bertan behera erori ziren altxatu bezain laster. Labayru ostera, astiro altxatu zen, eta ez da erori. Apurka-apurka lanaren poderioz, altxor izugarria osatu du, eta horren adibide dira esate baterako, «La Vasconia» aldizkariaren aleak edo 1935eko ZERUKO ARGIAren aleak. Egindako beharraren fruitu dira argitaratutako liburuak eta ekinaren emaitzak
Auria Etxeandia
Orain dela ia bost urte hasitako ibilbidean beste urrats bat eman du Sareko Argiak. Lehena, 1997ko udazkenean izan zen, astekariko eduki batzuk on line ipini zituenean. Ordutik hona, era guztietako edukiak sarean ipintzeaz gain, aktualitateak gero eta indar handiagoa hartu du Sareko Argian. Duela gutxi, berriz, Euskal Kulturaren Hari eta Gure Agenda, Sareko Argiaren ardatz eta atari bihurtu dira.
Aktualitatea.
Goizean goiz hasten gara Sareko Argian lanean, egunkari, herri aldizkari, komunikabide elektroniko eta bestelako buletinak goitik behera miatzen, euskal kulturaren aktualitatearen bila. Hemendik jasotako berriekin osatuko dugu Hari, paperean nahiz euskarri digitalean argitaratutako berrien bilduma eskaintzen duen buletin elektronikoa. Buletina sarean ikusteaz gain, harpidetza bidez ere posta elektronikoan jaso daiteke hala nahi izanez gero. Goizero, 2.000 harpidedunek jasotzen dute Hari beraien etxe edota lantokian.
Maiatzaren amaieratik osatuago datorkigu Hari berria, albisteez gain, adierazpen, iritzi eta aldizkari ofizialetako deialdiak jasotzen baititu. Guztiak euskal kulturaren ingurukoak eta Harik dituen atalen arabera sailkatuak: administrazioa, antzerkia, artea, bertsolaritza, dantza, euskalduntze alfabetatzea, euskarri elektronikoak, hizkuntzalaritza, irakaskuntza, irratia, kultura, literatura, musika, normalizazioa, prentsa, telebista, unibertsitatea eta zinema. Atal horietan ere oinarritzen dira kanalak. Mementoz, «Literatura», «Euskarri elektronikoak» eta «Administrazioa euskaraz» kanalak ditugun arren, laster etorriko dira gehiago. Izan ere, Hariko atal guztiak kanal bihurtzea da gure hurrengo erronketariko bat.
Hauetan, gaiaren inguruko berriez gain, Interneteko loturak agertzen dira eta baita gai horren inguruko zerbitzuak ere. Esaterako, Literatura kanalean, albisteez gain, argitaletxe, idazle, literaturako web gune edota sarean irakurri daitezkeen liburuetarako loturak aurki daitezke. Azken finean, literaturan interesa duenarentzat sarean aurki ditzakeen baliabideetarako sarbide edo laguntza litzateke Literatura kanala. Gauza bera «Euskarrri elektronikoak», «Administrazioa» edo etorkizunean etorriko diren gainontzeko kanalen kasuan ere.
Horretaz guztiaz gain, bilatzaileak orain arte argitaratu diren berriak kontsultatzeko aukera eskaintzen digu. Nahi duenak, testu libreko bilaketa zabala egin dezake edota nahi adina findu: adibidez, literaturari buruz, komunikabide batek argitaratu dituen iritzi guztiak aurkitu nahi izanez gero, robotak Harin argitaratu diren 8.000 albisteetan bilatuko du eta eskatutakoaren arabera eskainiko ditu emaitzak.
Euskal Herriko kultur ekitaldiak biltzen dituen Gure Agendako ekitaldien berri ere ematen dugu Sareko Argiako atarian. Dena den, egun horretarako aurreikusitako ekitaldi guztien aukeraketa txiki bat baino ez da bertan ageri dena. Izan ere, www.gureagenda.com helbidean, Euskal Herrian egun bakoitzerako aurreikusita dauden emanaldi asko eta asko biltzen dira: erakusketak, kontzertuak, antzerki emanaldiak...
Kultur eragileek informazioa bidali dezakete horretarako prestatu den formularioa erabiliz. Modu honetan, automatikoki sarean ikusiko da eragileek bidalitako informazioa. Edozein pertsona edo erakunde izan daiteke Gure Agendako agente, baldin eta kultur ekitaldiak antolatzen baditu.
Informazioa bidaltzeaz gain, bidalitakoa nahi adina aldiz zuzendu daiteke. Honela, dagoen informazioa azken ordukoa dela ziurtatzen dugu. Adibidez, kontzerturen bat bertan behera gelditu bada, agenteak informazio hori aldatu dezake, Agendako erabiltzailea horren jakitun eginez. Memento honetan, 100 kultur eragiletik gora ari da Gure Agenda edukiz betetzen.
Dokumentazioa.
Egunerokotasun eta oraingotasunaz gain, dokumentazio asko eta asko aurki daiteke Sareko Argian. Esaterako, Zeruko ARGIA eta ondorengo ARGIAk emandako informazio asko kontsultagarri dago. «Elkarrizketak 1963-98» atalean, adibidez, benetako bitxiak aurki daitezke: The Clash taldea, Donostiara 1981ean etorri zenean egindako elkarrizketa, Oteizari Arantzazuko lana bukatu ondoren egindakoa edota Vicente Ameztoyri, «Euskadi Sioux» aldizkariaren kaleratzea zela-eta, 1976an egindakoa.
«Gure Mendea»k , XX. mendean gertatutakoaren bilduma eskaintzen digu. Iraganari begirada bat da, gizartea aldatuz nola joan den ikusteko tresna aproposa: urtez-urte gertatutakoak, garaiko hemeroteka zatiak, pertsonaia ospetsuen profilak eta abar jasotzen baitira.
Zerbitzuak eta Aisia.
Informazio edukiez gain, aisiak ere badu bere tartea Sareko Argian. Horren erakusle da jokoen atala. Atal horretan zibertribial txapelketa bat jolas dezakezu edozein txokotan dagoen beste edonorekin, edota bakarrik ere entreteni zaitezke, gurutzegrama edota letrazoparen bat eginez.
Kike Amonarrizen eguneroko txisteek eta «Mantxut» atalak une lasai bat igarotzeko aukera eskaintzen dute. Zazpiak Batman kolektiboak jasotako lokuzioekin barre pixka bat egin dezakezu eta herri eta gazte hizkera ezagutzeko aukera ere izango duzu foroetan erabiltzaileek egindako ekarpenei esker. Nahi baduzu, Asisko Urmenetak web gunerako propio sortutako postal bat bidal dezakezu, norbait zoriontzeko, gonbidatzeko edota agurtzeko. Mantxuteko postalez gain, postal gehiago ere baditugu bidaltzeko zain, «Postalak» atalean.
Denborapasarako daude ere Sagardotegiak 2002 edo Euskal Herriko Gida.
Aisia, zerbitzuak eta informazioa, uneoro eta etengabe berriturik. Hori da Sareko Argiako lan taldearen helburua, euskal kulturaren iraganeko eta oraingo berriak eta edukiak eskaintzea
Gontzal Landa
Sarritan ikusten ditugu kaleko paretei itsatsirik hirira heldu berri den zirkuaren afixak. Afixa horietan aurpegia margotutako pailazoa agertu ohi da, zirku tradizionalaren irudirik esanguratsuena, hain zuzen ere. Kartel iragarleok denbora luzez toki berean irauten dute, denboraren poderioz hasierako kolore bizia galdu dutelarik. Gauza bera gertatzen zaio zirku tradizionalari: gainbeheran da, eta gero eta gutxiago dira babak eltzetik ateratzeko kamioietan alde batetik bestera dabiltzan familia eta artista konpainiak. Gaur egungo zirkuan hezitako elefanteek, lehoiek nahiz zaldiek ez dute lekurik, ezta begitartea margotutako pailazoek ere. Antzerki eskoletan eta kaleko formatu txikiko ikuskizunetan trebaturiko aktoreek beraien lekua hartu dute, eta egunerokotasuna dute hizpide nagusi. Trapezistak, funanbulistak eta enparauak ez dira atzean geratzen, eta eskola berezietara jotzen dute eta dieta bereziak jarraitzen dituzte beren lana ahalik eta hobekien burutzeko asmoz.
Horrela bada, egungo artistak dagoeneko ez du bere sendiaren karpa jartzen, ez die abereei bazka ematen eta ez du kamioirik gidatu behar. Espezializazioa eta globalizazioa nolabait zirkura ere heldu dira, eta trapezista bretoi batek, adibidez, Alemaniako konpainia ospetsu batentzat lan egin dezake. Abangoardiako zirkua, gainera, aro berrietara moldatu eta aurrerapen teknologikoetaz baliatzen da emanaldi ikusgarriak prestatzeko. Hala artisten mugimenduen, argiaren eta soinuaren arteko koordinazioari inoiz baino garrantzi gehiago ematen zaio.
Dena den, orain gutxira arte ohiko zirku emanaldia bost minutu inguruko ikuskizunetan zatitzen zenez, aurkezlea artistak aurkezteaz arduratzen zen. Abangoardiako konpainietan, ordea, ez dago aurkezlerik, ezta beharrik ere, emanaldi osoan istorio bakarra eta etengabekoa kontatzen baita.
Horren adibiderik argiena 2000ko maiatza eta ekaina bitartean Bilbon Cirque du Soleil-ek aurkeztu "Quidam" lana dugu. Berez konpainia kanadarra bada ere mundu osoko artista bikainak biltzen ditu. Adituen hitzetan "Quidam" ikuskizun gorena da, eta argia, soinua, umorea, oreka eta arriskua maisuki uztartzen ditu herrialde askotako ikusentzuleak aho bete hortz uzteraino. Zuzendari nagusi Guy Laliberté-k eta Daniel Gauthier-ek giro bereziak eta erakargarriak sortzeko iaioak direla argi erakutsi dute, baita publiko anitza egunerokotasunetik atera eta sentsazio berriak biziarazteko gaitasuna ere. Halakoa izango omen da XXI. mendeko zirkua: erraldoia, poetikoa eta esperimentala.
Lehenbiziko zirku euskalduna.
Euskal Herrian konpainia gutxi daude eta txikiak dira, eta horietako batek baino ez ditu emanaldiak euskara hutsean eskaintzen. Zirkua maite duten zenbait lagunek Bilin Bolo taldea sortu zuen, eta estraineko emanaldia Eibarren maiatzaren 18an izan zen. Magia, umorea eta malabarismoak uztartzen dituzte, eta bertako kide Iker Lezetak lautan eskuratu du Munduko Trialsin Txapelketa. Haurrak liluratuta uzten omen ditu bizikleta gainean bereak eta bi egiten baititu Ikerrek. Marcel magoak, Patxi artista-malabaristak eta Gari, Montxo eta Joxe Lontxo pailazoek taldea osatzen dute.
Dena den, pailazo hirukotea ez da berria kontu hauetan. 1996an sortu zuten taldea, baina aurrez Tutik ere Clowns-eko partaide ziren. Egungo umeen gehiengoa euskalduna denez, aro berrietara moldatu eta euskara berreskuratzeari ekin zioten. Zirkuko hondarra oso gustuko dute, eta pilotaleku eta antzeztokietan ere moldatzen dira, baina aldamenean inolako animaliarik gabe.
Bestalde, orain urte gutxi Iruñeko Oreka eskolak klaseak eskaintzeari ekin zion Mira antzokian.
Miarritzeko I. Zirku Topagunea.
Zirkua, beraz, garai berrietara moldatzen ari da, eta bere baitan aldaketa sakonak gertatzen ari dira. Umeek zirku emanaldietara joateko agertzen duten ilusioa eta nahia, ordea, ez dira batere aldatu, eta beren gurasoak eskutik tiraka karpa barruraino eramaten dituzte. Bertan aurkezleak ongietorria eman eta argiak itzali arte txikienak ez dira baretuko.
Ipar Euskal Herriko haurrek ere maiatzean aztoratuta ibiltzeko motibo izan zuten Miarritzeko I. Zirku Topagunea izan zelako. Bost egunetan jarraian Frantziatik etorri pailazo, trapezista eta enparauen ikuskizunaz harritzeko eta gozatzeko aukera izan zuten. Biarritz Culture-k antolatu jaialdian era guztietako zirku konpainiak parte hartu zuten; batzuek abangoardiako konpainien berrikuntzak eskaini zituzten, eta beste batzuek, ordea, zirku tradizionalari eutsiz prestaturiko emanaldia malabaristen, trapezisten eta hezituriko animalien trebezietan oinarritzen zuten. Pagnozoo familiaren zirkua horren adibide da.
Pagnozoo sendiak bizitza osoa alde batetik bestera darama bere ikuskizun ibiltariak nonahi aurkezten, eta senide guzti-guztiek parte hartzen dute, laupabost urteko alabarik gazteenak barne. Zaldiak eta bestelako abereak hezitzen iaioak dira eta artisten aginduak zintzo eta dotoretasunez betetzen dituzte, Pagnozoo sendiko seme-alaba nagusiek haien gainean akrobaziak egin bitartean. Oraindik nahiko gazteak izan arren, ikuskizunetan erakutsitako maisutasunak eskarmentu handia dutela frogatzen du, eta magia ikuskizunak tartekatzera ere ausartzen dira. "Sabots de lune" edo "Ilargi eskalapoiak" lana erritmo bizian burutzen dute, eta atseden laburretan gazteok gurasoengandik gomendioak jasotzen dituzte, lagun duten "Les Yeux Noirs" ("Begi beltzak") musika talde zingaroak Europa Ekialdeko doinuak jo bitartean. Pagnozootarren emanaldiak zirku modernoaren zertzelada batzuk baino ez ditu, horien artean, sudur gorririk eta aurpegi zuririk ez duen Hercule Flocon pailazoaren ikuskizuna. Guztiek, ordea, zirkua dute bizibide eta zirkua maite dute. Pagnozoo familia bera izan zen Miarritzeko Topagunean zirku emanaldiak aterbetu zituen karpa jartzeko ardura bere gain hartu zuena, zirkuaren seme-alabek belaunaldiz belaunaldi hala egin baitute