Jatetxe bateko karta hartu eta otarrainxkak, zainzuriak, hostorea, azpizuna edo anana eskatu badugu, guztiok garbi al dugu gure plateretan zer ipiniko duten? Batek baino gehiagok pentsatuko du: karta euskaraz badago, gaitzerdi. Eta arrazoi izango du, bezeroari karta euskaraz (edo euskaraz ere) eskaintzeko ohitura ez baitago nahi bezain zabaldua gure jatetxeetan. Baina hori arazo nagusia izanik ere, kezkagarria da, halaber, euskarazko karta topatu eta eskaintzen duena garbi ez ulertzea. Erdarazko karta bat euskaratzen hasi eta hiztegi batuak eskaintzen dituen terminoak erabiliz gero, batzuk ulertzen zailak direla ikusiko dugu. Eta horrek karta hauen erabileran du eragina: bezeroak erdarazko karta eskatuko du edo, karta berean testua elebitan izanez gero, erdarazko testu zatira joko du bere urdailean sartuko duena ezagutzeko asmoz.
Ulertzen ote diren edo ez ikusteko adibide batzuk ipiniko ditugu. Lehenik, Lasartera, Martin Berasategirenera joango gara eta bertan, hasteko, hegaluzearen mendreska-otartea, tipuleta eta muskuilu salda epelarekin eskatuko dugu. Ondoren Oiartzunera abiatu eta Zuberoan arraina eskatuko dugu: mihi-arrain bizkarralde errea, marinel saltsa eta pinazi txigortuekin. Igeldora jo eta Pedro Subijanarenean haragia eskatuko dugula erabaki dugu: basahatea bere txintxortarekin, berbena limoiusaiaren ura, ziza eta ilarrekin. Azkenik, Arzak postrerako utzi dugu: mugurdi-kraskatsua melokotoi lehorraren saltsan.
Irakurle bakoitzak ikusi beharko du aurreko adibideetatik zer ulertu duen eta zer ez. Hala ere, zeozer ulertu ez badugu, karta idatzi duenarekin edo Euskaltzaindiarekin haserretu baino lehen, beste galdera bat egin beharko diogu geure buruari. Erdarazkoa irakurrita den-dena ulertuko al genuke? Alegia, gehienak horrelakoak dastatzera ohituta ez gaudela onartu beharko dugu, ez euskaraz eta ez beste hizkuntzatan.
Errealismo ariketa bat eginez eta gure poltsikoak aginduta, Michelin izarrak ahaztu eta jatetxe «normalxeagoen» bila abiatu gara. Bisigu errearen usainak erakarrita Orion geratzea erabaki dugu.
18 jatetxe daude Orion, eta horietatik gutxienez 12k karta euskaraz badauka. Duela 8 urte etorri bagina, ordea, bateren bat kenduta, karta eta menu guztiak erdarazkoak ziren. Datu larria, Orio herri euskalduna dela kontuan hartuta: %81 euskalduna da, %10 ia euskalduna eta azken kale neurketak dio erabilera %70era iritsi dela. Duela 8 urte Euskara Merkataritzara kanpaina jarri zen abian Orion, Euskal Herriko beste hainbat tokitan bezala. Kanpaina honek herriko dendari guztiei publikoari begira dauzkaten testu guztiak euskaratzeko gonbitea egiten zaie, baita jatetxeei ere. Orioko Euskara Zerbitzuak, itzulpena egiteaz gain, nahi izanez gero kartak diseinatu eta inprimitu ere egiten ditu, Jabier Zabaleta teknikariak esan digunez. Azken Gabonak bitartean 6 jatetxek erabili zuten zerbitzu hau. Euroa zetorrenez jatetxe askok karta berritu beharko zuela-eta, orduan ahalegin berezi bat egin eta beste 6 karta euskaratu dituzte txanpon berriaren etorrerarekin.
Itzulpenak egiterakoan zein irizpide erabiltzen dituzten galdetu diogu Zabaletari. Iristen zaizkien kartak itzultzeko aparteko zailtasunik ez dutela esan digu, Orion ez dagoelako goi-mailako sukaldaritzako jatetxerik. Dena den, «beti ulergarritasunari ematen diogu lehentasuna. Ez dugu inoiz ćhostoreaĆ erabili, esaterako, ćhojaldreaĆ baizik. Karta elebietan badago, aukera gehiago duzu eta ćotarrainxkak xaflanĆ jar dezakezu, gero azpian ćlangostinos a la planchaĆ jarriko duelako. Baina euskara hutsezko kartan ćotarrainxkak xaflanĆ jartzea zure buruari harrika egitea da, bezeroak berehala erdarazkoa eskatuko dizulako».
Aurten Deba bailarako Debagune elkarteak ere ekimen bat burutu du euskarazko menuak bultzatzeko. Orotara bailarako 100 jatetxek hartu zuten kartak euskaraz ipintzeko konpromisoa eta ordainetan, horien guztien berri jasotzen duen «Deba Bailarako Jatetxe Gida» kaleratu zuen elkarteak. Hemen ere ulergarritasuna jarri zuten zuzentasunaren gainetik eta ćkonejuĆ, ćentremesĆ, ćtortillaĆ eta tankerako hitzak topa daitezke bertan.
![]() |
|
||||
1858 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa