Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-06-16 -- 1858.zenb


LANBIDE HEZIKETA EUSKARAZ

Sortzenek inkesta egin zuen urtarrila eta martxoa bitartean Nafarroako batxilergoko bigarren mailako eta DBHko laugarren mailako D ereduko ikasleeen artean Lanbide Heziketan gehien eskatzen dituzten erdi eta goi mailako zikloak zein diren jakiteko. Galdeketaren emaitzaren arabera, Lanbide Heziketako sei ziklo eskaintzeko adina eskaera dago eta beste hamahirutan beharrezko ikasle kopurutik hurbil dago. Nafarroako Gobernuak 20 ikasleren eskaera eskatzen du LHko zikloak zabaltzeko.


GERNIKAKO EPAITEGIAREKIKO INTSUMISO

Gernikako epaitegian aurkeztutako agiri batean, harekiko intsumiso agertu dute euren burua 1.319 euskaldunek, haien hizkuntz eskubideak urratuta daudela argudiatuta. Lea Artibai, Busturialdea eta Mundialdea hartzen dituen barruti judizialean dauden hiru epaileek ez dakite euskaraz eta bertako langileriaren %20 bakarrik da euskalduna. Zonalde horretan 64.000 euskaldun bizi dira.


EUSKARAZ ABESTU ETA JOLASTEKO

Haur Jolasen Abestiak III kaleratu du CD eta zinta formatuan «Hik Hasi» aldizkariak. Lanak 24 abesti biltzen ditu eta guztiak jolasean aritzekoak dira. Haur txikientzako batzuk eta taldean jolastekoak besteak. Euskal Herri osoko zortzi ikastetxek hartu dute parte grabaketan, 100 ikasle inguru denera. Abestien arteko loturak eta jolasen aurkezpenak Pirritx eta Porrotx pailazoek, amona Josefinak eta Barrabas piratak egin dituzte. Lanak liburuxka bat dakar eta bertan abestien hitzak eta jolasen azalpenak ageri dira.


HEZKUNTZA MATERIALA SORTZEKO LAGUNTZAK

Eusko Jaurlaritzak 750.053 euroko diru laguntza onartu du euskarazko material didaktikoa egiteko. Ikasle eta irakasleei material egokia eskaintzeko asmoz, 321.526 euro ikus-entzuneko materiala egiteko bideratuko dira eta 437.537 euro euskarazko hezkuntza softwarea sortzeko.


ARTE ETA KULTURAREN DENBORA

Udan gauza asko ikas daiteke, mila aukera egoteaz gain, denbora dagoelako. Bilbok hiru urte daramatza Arte eta Kulturaren Topaketak antolatzen, alor honetako profesionalek urtaro hau formatzen jarraitzeko balia dezaten. Aurten hilaren 24n hasi eta uztailaren 19a arte luzatuko da eta 17 aukera eskainiko ditu tailer eta ikastaroetan. Besteak beste, artea eta teknologia, Teresa Berganza kantariak eta Ygor Yebra koreografoak eskainitako musika eta dantza ikastaroak, Fernando Arrabal antzerkigilearen azterketa, Bilboko idazle handi izan diren Unamuno, Aresti eta Oteroren lanen hausnarketa...Guztia, pixkanaka Bilbo artearen eta kulturaren hiri bihur dadin.


FILM LABURRENTZAKO DIRUA

SORMENA bai, baina dirurik ez. Ohiko arazo honi irtenbidea eman nahian Nafarroako Errealizadore Gazteen Elkartea sortu berri da. Elkarte honek oraingoz ez du diru laguntzarik jasotzen, baina Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko Udalari antolatu berri den elkartea aurkezteko asmoa dute. Taldeak kameralariak, aktoreak, argitzaileak eta zuzendariak biltzen ditu, besteak beste. Bertan, gazteek prestatuko film laburren gidoiak irakurriko dituzte eta gero, baliabide teknikoak zein giza baliabideak beren esku jarriko dituzte.


AMARICAREN ALDEKO EKIMENAK

EKAINAREN 7an Gasteizko Zuloa aretoan Arabako hainbat artisten lanez osaturiko erakusketa bat inauguratu zen. Asmoa Amarica aretoaren itxieraren aurkako jarrera agertzea zen. Baina ekimen honi lagunduz, Amarica Plataformak lehiaketa bitxi bat ere antolatu du, "Zergaitik naiz artista?" galderari erantzutera ausartzen den edonori zuzendua. Honen bidez, aurten Arabako Foru Aldundiak "Anual Amarica" lehiaketaren deialdirik egin ez izana salatu nahi izan dute. Gainera, aretoaren ixtea saihestea helburu duen Herri Ekimen Legegilea martxan jartzeko beharrezkoak diren 4.800 sinadurak lortzeko 200 besterik ez direla falta iragarri dute arduradunek.


ESKOLARTEKO BERTSO LEHIA

HAUR eta gazteen Euskal Herriko finala ekainaren 23an egingo da Mungian. Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako irabazleak izendatuta daude jada. Ipar Euskal Herriko bertso saioa falta da, hilaren 14an burutuko baita Aierran Bertsolari Txiki Egunean. Bestalde, Eskoletako bertsolaritza ikastaroek bide ona badaramate datorren urtean zuberotar bertsolari gazteak izango dira txapelketan.


MARTIN UGALDE KULTUR PARKEA

LEHENENGO harria paratu zutenetik, bi urte igaro denean, prest da dagoeneko Andoainen izango den Martin Ugalde Kultur Parkea. «Euskaldunon Egunkaria», Gráficas Lizarra eta Zabaltzen-Euskal Kulturgintzak sustaturik, 20.000 metro koadroko orubeak euskal kulturaren inguruko hainbat enpresa hartuko ditu. Inaugurazio ekitaldia hilaren 27an izango da.


SIROPE TALDEAREN AGURRA

SIROPE Sound System taldeak agur esango digu ekainaren 22an Lasarteko Zulo aretoan eta 23an Urguleko Guarda Etxean emango dituen kontzertuekin. 1993an Jon Izeta, Xabi Zirikain eta Javi Pezek musika elektronikoan pisu handia izango zuen talde hau sortu zuten. Siroperen eraginez, Novophonic diskoetxea sortu zen eta baita, hain famatu egin den Elektronikaldia jaialdia ere. Aurten ordea, San Juan eguneko suekin bat eginez, taldea desagertu egingo da, jarraitzaileei errautsen oroimena utziz.

- Marea taldeko Kutxi Romerok honako adierazpenok egin zituen «Diario de Navarra»n: «Diskoetxeak eta gu ezin gara barku berdinean joan, nahiz eta leku berdinera joan».
- Espido Freireren hitzak dira hauek «Deia»n jasoak: «Gaur egun, argitalpenen merkatua emakumeek mantentzen dute, irakurtzen dutenak emakumeak dira. Institutuetan, neskek dituzte kezka literarioak, eta mutilak beste zerbaitetan pasatzen dute denbora. Orduan, egun idazten den gehiena emakumeentzat da».
- Kepa Murua Bassarai argitaletxeko sortzailearen aburuz, «Literaturan modak daude eta best seller-ari lotuak daude. Halabeharrezkoak dira baina egia esan, iragankorrak dira eta ez dute inolako garrantzirik. Irakurleak moda bilatzen badu betiko irakurle ezjakina izaten jarraituko du». Hitzok «Deia»n esan zituen.
- Khuruts Begoña artistak honakoa zioen «Gara»n: «Labur bat egiteko gogoa izanez gero, inoiz baino erraztasun handiagoak daude. (...) Arazoak diru laguntzak lortzeko orduan sortzen dira, Euskal Herrian film laburrak egiten dituen jende geroz eta gehiago baita».

Ogitartekoak saltzen dituen Pans & Company enpresak hainbat establezimendu ditu Euskal Herrian. Ezin esan ordea nabarmentzen denik; izan ere, bertan dauden kartel eta testuak erdara hutsean baitaude. www.pansandcompany.com helbidearekin gauza bera gertatzen da, ez dago euskararen arrastorik ere.

Karmelo Bernaola konpositorea lehengo astean zendu zen gibeleko minbiziak jota.,72 urte zituela. Otxandion jaio zen konpositoreak, guztira 300dik gora obra eta 80 soinu banda inguru utzi ditu.
Bernardo Atxagak Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa Humanitate eta Gizarte Zientzia Saria 2002 jaso du. Euskara batuak hizkera literario gisa kualifikazioa izan dezan egin duen lanagatik eskuratu du saria.
EH Sukarra taldeak «Galtzailearen egunak» izeneko lana plazaratu du Metak diskoetxearen eskutik. Hamar kantu biltzen dituen lana taldearen seigarrena da.
Patxi Irurzunek «Ciudad retrete» izeneko liburua argitaratu du Txalapartaren eskutik.
Markeliñek euskal muntaia hoberenaren saria jaso du Leioako umorezko Kale Antzerki Jaialdian estreinatu zuen «DSO» obragatik.

Bernado Atxagak hitzaldia eskaini zuen lehengo astean Labayru Ikastegiaren XXV. urteurrena zela-eta. Bertan, Euskal Herriaren lekuaz mintzo zen. Hona hemen «Gara»k bertatik jasotako adierazpenak:
« (...) Euskaldunok egon gara munduan leku batean eta leku hori dagoeneko ez zaigu eroso, ez zaigu komeni, ez digu onik egiten eta ziur asko aldatu egin beharko genuke. (...) Munduko bolan balio handikoak handi adierazi izan dira eta balio gutxikoak txiki. (...) Ez bazaituzte inolako balioren barruan ikusten, ez zaituzte onartzen, ez zaituzte ikusten eta ez zara azaltzen, ez daukazu lekurik. (...)
Besteak ikusten ez zaituenean ondorio zuzena da zuk zerorrek ere zeure burua aintzat ez hartzea. Herri batek bere buruaz daukan iritzia oso lotuta dago kanpokoek ematen dioten irudiarekin. (...) Euskalduna nekazari giroarekin lotu izan da. Balioaren lotura hori Euskal Herria nekazari gizarte batekin parekatuz egin zen. Preso gelditu ginen gure leku horretan. (...) Toki txikia egokitu zitzaigun, deserosoa idazlearentzat (...).
Aldatu egin behar dugu geure burua ikusteko modua, geure burua azaltzeko modua eta eskerrak eman eredu zaharrari eta beste eredu bat aurkitu. Euskal Herria utzi eta Euskal Hiri bihurtu behar dugu».

Informatika arloan euskararen erabilera sustatzeko duela bi urte hasitako bideari jarraituz, hainbat diru laguntza emango du Beasaingo Udalak. Besteak beste, euskarazko programak aurten erosi dituzten herritarrak, web orriak euskaraz dituzten eta kontabilitate aplikazioen euskarazko bertsioak erosten dituzten enpresa, merkatari eta erakundeak izango dira onuradunak.

hemeroteka

1857. zenbakia | 2002-06-09
1856. zenbakia | 2002-06-02

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan