Mendebaldeko Saharari buruz ezer esan baino lehen errefuxiatuen kanpamenduak zein gune geografikotan dauden azpimarratu behar da. Bertara iristeko Aljeriako Tindufeko aireportu militarrean hartu behar da lurra. Handik, Mauritaniatik hasi eta Egiptoraino doan errepide estuan sartu eta ordu erdi eta gero Smarako wilayara (hemen probintzia dena) iritsi gara, Tindufeko Hammadara. Baina Nazio Batuetako Segurtasun Batzordearen arabera erreferenduma egin bitartean lurralde honek ez du jaberik eta hori erabakiorra da sahararren bizimoduaren egoera ulertzeko. Lurraren jabe ez direnez ezin dute ez azpiegitura minimorik sortu ez eta bertan dauden aberastasun naturalak ustiatu. Eta behin-behineko egoera hau 25 urte luzatu da.
ESPAINIARENA ETA MAROKORENA.
1975a arte Mendebaldeko Sahara Espainiaren menpe zegoen. Kanariar Irlak defendatu asmoz Espainiako gobernua inguruko lurrak kontrolatzen ahalegindu zen eta segurtasun korridore hori egiteko beharrezkoa zuen Sahara kontrolatzea. Herrialde nomada hau indarpean jartzea ez zitzaion zailegi suertatu Espainiako gobernuari, baina Nazio Batuek 1950-60an martxan jarri zuten ekimenari esker Mendebaldeko Sahararen deskolonizazio prozesua hasi zen. 1974an Francoren gobernuak Mendebaldeko Sahararako autonomia onartu zuen, Gobernua antolatu zen eta legalki lur hauek eta bertan dauden aberastasunak sahararrenak direla onartu zen. Maroko, ordea, erabaki honen kontra azaldu zen eta hemen hasi ziren Sahararen arazoak. Arabiar Ligan estatu askoren laguntza lortu zuen Marokok eta espainiarrek alde egin eta gero lurra zatikatzea erabaki zuten.
Eta ordutik egoera horretan dira. Hassan II.a erregeak antolatu zuen Martxa Berdearen ondoren Madrilen erabateko deskolonizazio prozesua sinatu zen Maroko eta Espainiaren artean, baina sinadura horretan ez zen Mendebaldeko Sahararen autodeterminaziorako eskubideari buruz erreferentzi bakarra egin. Espainiak, Amerikako Estatu Batuen eta Frantziaren babesa zuten Mauritania eta Marokori eman zizkien eskubide osoak.
Han, Francoren garaian soldadu izandako asko ezagutu dugu. Belaunaldi hori ez da oraindik galdu eta asko dira, Madrileko gobernutik pentsioa jasotzen dutenak. Deskolonizazio prozesu honi buruz hitz egiterakoan guztiek gauza bera errepikatzen ziguten: "Espainiaren zor historikoa ikaragarria da, 1975eko akordio hartan beste jarrera bat izan balu, autodeterminazio eskubidea nonbait islatu izan balitz, ez zen horrelako sufrimendurik izango". Eguzkia atera eta Smara kanpamendua lehendabizikoz ikusi genuenean oso gogorra iruditu zitzaigun. Edozein tokitara begiratuta ere basamortua besterik ez zen ikusten eta ezerezaren erdian hogei bat mila laguni babesa ematen dioten hayma edo kanpadenda piloa. Hango eraikin bakarrak ofizialak dira, bisitarientzako harrera gunea, eskola edo madrassa, haurtzaindegia eta komunikabide zentroa.
Hau ez zen, hala ere, gure bidaian topatuko genuen tokirik latzena. Lehendabizikoz Smara ikusi eta ezagutu genuenean, bertako xehetasunen berri eman zigutenean, ez genuen ezta pentsatu ere egiten espediziokook egoera okerragoren batean inor biziko zenik. Ikusi ahal izan genuenez, Smarara iristeko komunikabideak halamodukoak izan arren, errepidea badute, telefonoa eta argi indarra ez zaie falta eta Rabuni hiriburu administratibora joan-etorri ibiltzeko ez dago arazo gehiegirik. Basamortuan barrena egin ahala erosotasun hauek guztiak galtzen joaten dira, ordea. Eta horretaz Smaratik Dakhlarako bidea, zehatz-mehatz Bojadorrerakoa hartu genuenean konturatu ginen. 180 kilometro egin behar izan genituen inolako errepiderik gabe, bost orduz batera eta bestera ustez inolako erreferentziarik gabe, baina gure gidariak ez zuen ez seinale ez stopik behar...
Nahi baino beranduago iritsi ginen Bojadorrera eta orduan konturatu ginen esaten zigutenaz, hura bai basamortua, oraindik lehorragoa, oraindik beroagoa eta zakarragoa. Bertako alkatearekin egoteko izan genuen aukeran egunez egun bizi duten errealitateaz jabetzeko parada izan genuen. Udan beroa ikaragarria da, 50 gradutara iristen dira eta neguko gauetan berriz 0 azpiko tenperaturak izaten dituzte, zorionez ura badute nahiz eta kanalizazio egokirik ez izan eta batera eta bestera ibili behar haymetara ura eramateko. Klimaren gogortasunari beste wilayetatik urrun bizitzeak dituen gabeziak gehitzen zaizkio. Familiaz familia ematen den laguntza alde batera utzita SEADko gobernuak kontrolatzen du Mendebaldeko Saharara iristen den laguntza humanitario guztia. Gobernuak biltzen du, beharren arabera banatzen saiatzen da eta horrela alde guztietara iritsiko denaren segurtasuna dute. Hala ere, ezberdintasun egoerak ematen dira. Bojador da horren adibide. Ez dago argi indarrik, nola egin 190 kilometroko sarea behin-behinekotasunean bizi diren lur honetan? Ez dago ez komunik ere, baina honek bere azalpena badu: dagoen ur poltsa lurretik metro gutxira dago eta komunak egiteko zuloak irekitzen hasiz gero ura kutsatu egingo litzateke. Ia ez dago autorik eta daudenak edo militarren eskutan edo pribilegiatu gutxi batzuen eskuetan daude eta horrek arazo sakonago batera eramaten gaitu, edozein paper, edozein dokumentu egiteko Rabuniko hiriburu administratibora jo behar baitute.
Egoera honetan bizi direla zaila da zer nolako antolaketa administratiboa duten ulertzea. SEADek lan ikaragarria egin du, ez bakarrik laguntza humanitarioa banatzen, baita kontzientzia nazionala, kultura mantentzen ere. Ez dira Mauritaniakoak, ez dira marokoarrak, sahararrak dira eta hori oso present dute. Helduek, Hammada honetarako bidaia triste hura egin zutenek, gogoan dute oraindik zer nolako sufrimendua jasan zuten eta askoren ustez hauek desagertzearekin batera saharar herriaren kontzientzia nazionala desagertzen joango da. Ezta gutxiagorik ere. Belaunaldi berriek zer diren, non dauden argi dute eta hori eskolaren bitartez lortu du Gobernuak. Hezkuntza derrigorrezkoa da errefuxiatuen kanpamenduetan eta haur guztiek dute eskolaratzeko aukera. Ikasketak 6-7 urterekin hasten dituzte eta curriculumean hassania, sahararren hizkuntzaz gain, gaztelera, historia, matematikak eta edozein haurrek ikasiko lituzkeen irakasgaiak dituzte. Haur eta gazte hauen ikasketen jarraipena ziurtatu asmoz, gainera, SEADko gobernua Aljeriako gobernuarekin akordio batera iritsi zen orain urte batzuk. Saharar eskoletan haurrek lortzen duten ziurtagiria Aljeriako Hezkuntza sisteman baliagarria zaie, bigarren zikloa egiteko ateak irekitzen dizkiete, barnetegietan hartzen dituzte, mantenua ordaindu eta unibertsitaterako bidea errazten diete. Maila goreneko ikasketekin jarraitu nahi izanez gero Kuban eta Libian aukera gehiago dituzte. Eta ziklo honen emaitzak begi bistakoak dira, sahararrak ziren irakasle, erizain, ingeniari eta mekaniko asko ezagutu baikenituen.
Mendebaldeko Saharak nazioarteko instituzioen errespetua irabazi du. 1991n Baker planari esker su-etena sinatu eta gizartea berreraikitzen hasi ziren eta honekin batera bai Nazio Batuei baita ordura arte etsai zuten Marokori bakea nahi zutela frogatu zieten. Ordutik ez dute tirorik jo eta ez dute gerrara joan nahi, Nazio Batuetako Segurtasun Batzordean eman diren mugimenduek, ordea, besterik esaten dute. Amerikako Estatu Batuak eta Frantzia autonomiaren aldekoak dira, dantzan dabilen beste aukera bat lurraldea zatikatzearena da eta ez bata ez bestea ez dute onartzen sahararrek. Erreferenduma da bide bakarra eta horretarako egindako errolda errespetatzea besterik ez dute eskatzen. Hori egin ezean, argi dute, armak hartu eta gerrara joango direla. Kontuak kontu 27 urte daramatzate basamortu beldurgarri hartan, ezerezetik atera dute aurrera egiteko indarra eta, gerrara joatea egoera okertzea bada ere, ez daude beste 27 urte egoera horretan jarraitzeko prest. Gerra egin zutenek uste osoa dute, baita haurrek eta nola ez baita gizarte honetako motoreek ere, emakumeek
![]() |
|
||||
1857 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa