KULTUR POLITIKAK ZIRT EDO ZART EGIN BEHARREAN
Mikel Asurmendi
Garapen Eskeman berealdiko bi atal daude: hizkuntza politika eta kulturatalak. Hizkuntza politikari nolabaiteko irtenbide bat ematen ari zaion bitartean, herriko kultur elkarteak eta ekimenak bideratuko lituzkeen premiazko politikakomun bat bideratu beharrean dago.
Garapen Eskeman hizkuntzarena da atal bereziena. Garapen Kontseiluak Hautetsien Kontseiluari hizkuntzari buruzko proiektuak bideratzeko atal berezi hau sortzea proposatu zion, hots, Hizkuntza Kontseiluaren gauzapena ekarri zuena. Frantziako instituzioek ez zuten argi ikusten atal hori gauzatzea, gaur gaurkoz, legeak ez baitie hizkuntza gutxituei eskumenik aitortzen. Hori da oraindik ere gainditu beharreko koska.
Hizkuntza Kontseiluak hartu zuen funtzio berezi hori. Hautetsi Kontseiluaren eta Garapen Kontseiluaren arteko harremanak hobekiago koordinatzeko Garapen Kontseiluko talde kudeatzailea handitu zen hartara. Battitta Boloki zen Garapen Kontseiluko zuzendaria ordura arte, eta harrezkero, bigarren zuzendari bat dauka talde honek: Jean Claude Iriart. Honela azaldu digute biek hizkuntza politika atalaren bilakaera: «Legeak ez du hizkuntza txikituei buruzko politika bat aurreikusten, baina ez du erraiten ere populu hauek ez dutela deus egiten ahal. Hartara, instituzioei elkarren artean aritzea proposatu genien egitura berezi hau sortzeko. Estatuko, erregio eta departamenduko instituzioek onartu zuten». Hizkuntza Kontseilua Euskal Herriaren izenean muntaturiko ęsindikatuĘ bat da, emeki-emeki hizkuntza politika bat sortzen joanen dena, bi zuzendarien ustez.
Hizkuntz politikak berebiziko munta dauka. Hitzarmen Berezia indarrean jarri arte ez zen batere landu izan. Harrezkero, ordea, Gidaritza Batzordeak hainbat proiektu martxan ezarri ditu, baita hitzarmenean aurreikusita dagoen diruaren parte garrantzitsua erabiltzen hasi ere.
821.544 EURO ZORTZI ARLOTAN.
Gidaritza Batzordeak joan den apirilean burutu zuen azken bileran aurrekontuaren (400,231 milioi euro) %21,5 erabili dituela eman zuen aditzera, hau da, 86,03 milioi euro inbertitu dira dagoeneko. Hizkuntza Kontseiluak hamar arlo aurreikusia ditu bere plangintzan proiektuentzako. Gidaritza Batzordeak 821.544 euro banatu zituen zortzi arlotan gauzatzen ari diren proiektuak bultzatzeko, hots, aurreikusita dagoen diruaren %22. Arlorik arlo, hauek dira euskararen normalizazioa lortu aldera erabili izan diren diru kopuruak: Hizkuntza Kontseilua sortzeko 142.387 euro zuzenduak daude eta 91.469 erabili dira dagoeneko: %64. Euskal Irakaskuntzari buruzko informazioa sustatzeko 74.242 euro aurreikusita daude eta 52.137 euro erabiliak dira: %73. Eskola inguruko ekintzen arlorako 93.805 euroetatik 41.161: %64. AEK edota formakuntza jarraikirako 177.908 eurotik 77.748: %44. Euskaltzaindiaren ikerlan programarako 173.133 eurotik 128.209: %72. Iker sailaren egoitza sustatzeko aurreikusitako 112.812 euroak erabili dira, hots, %100. Euskarazko ikastresnen ekoizpenerako 266.785 euroetatik 116.797: %44. Euskal Irratiek 131.563 euro aurreikusia dute eta 106.714 erabili dute: %81. Euskal Telebistaren zabalkuntzarako 60.979 eurotik 30.489: %50. Azkena, hamargarrena, hedagailu teknologia berriak delako arloari dagokio, euskara Internet sarean sartzeko aurreikusia. Arlo hau ez da finkatua orainokoan, eta beraz, ez da batere dirurik eman.
PLAN ESTRATEGIKOA.
Arestian aipaturiko arlo hauekin batera Hizkuntza Kontseilua plan estrategikoa lantzen ari da hizkuntz politika zehatza bermatzeko. Plan estrategiko honek inkesta soziologikoa izan du abiapuntu. Euskal Herriko lehen inkesta 1991ean burutu zen, bigarrena 1996an, bost urtero egiten da. Iparraldean, III. inkesta aurtengo urtarrila eta otsailaren artean burutua izan zen. 1.600 pertsona galdetuak izan ziren: 600 BAM barrutian, 500 Lapurdi barnealdean, eta beste 500 Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Iparraldean, inkestaren ardura Hizkuntza Kontseiluaren esku izan da. Kontseiluko Eguzki Urteaga idazkari nagusia mintzatu zaigu honetaz: «Lehen emaitzak ekain honetan ezagutaraziko ditugu, Gasteizen. Balorazioa, berriz, irail edo urria aldean burutuko dugu. Inkesta berriak, ziur aski, 1996an agertu zituen joera gehienak baieztatuko ditu. Inportanteena orain zer-nolako segimendu mota emanen zaion ikustea da. Perspektiba horretatik, Hizkuntza Kontseiluaren egitasmoa plan estrategikoa gauzatzea da».
KULTURAREN ATALA, ZAILA.
Kultura atala ez da oso garatua izan orain arte. Sei proiektu biltzen ditu, baina aurreikusitako diruaren %9 baino ez da erabilia izan orainokoan: 1. proiektuak Euskal Herriko ondareak antolatzea xede du, Baionako Euskal Museoa eta Irisarriko Ospitale etxean oinarritua. 2.ak kultur ondareak teknologia berrien bidez hedatzea. 3.ak departamenduko Artxiboen politika gauzatzea. Gaia zaila da, zuzendarien esanetan gai politikoa baita. Artxiboen kudeaketa departamenduaren eskumen gisa ikusia dago-eta. 4.a Santiago bidearen atontzeko da eta 5. proiektua gaskoi kulturaz arduratzen da. Azkenik, 6. proiektuak herri elkarteak eta zentro profesionalen arteko kultur politika komun bat eratzea du xede. Atal hau zailena da inondik ere. Itsasaldeko hirietan eta barnealdeko herrietan ari diren elkarteen arteko lan komuna gauzatzeko xedez planteatua baita. Barnealdeko kultur elkarteek zailtasun ekonomikoak izan dituzte betidanik eta administrazioarekiko harremanak ez dira onak izan beren egitasmoak finkatzeko orduan.
Zuberoako Uhaitza, Hazparneko Eihartzea eta Izurako Haize Berri elkarteek Garapen Eskemaren hasierako egituraketan parte hartu zuten. Donibane Garaziko Garazikus elkartea gehitu behar zaie hauei egun. Elkarte hauek kultur bizitza sostengatzen dute barnealdean. Garapen Kontseiluak Hitzarmen Berezia gauzatu ondoren harremanak finkatu nahi ditu elkarte hauekin. Uneon, barnealdeko elkarteek daramaten kultur lanari buruzko azterketa bat ari da egiten, elkarte hauekin batera proiektu komun bat garatzeko.
Bestalde, hiriko kultur zentro profesionalak daude: «Biarritz Culture» eta Baionako «Scčne Nationale», kasu. Hauen artean Uztaritzeko EKE dago. EKEk kulturaren kudeaketa hartzen du oro har, baina tokian tokiko elkarteen ekimen guztiak ez dira agertzen bere programazioan. Arestian aipaturiko lau elkarteek beren dinamika propioa dute. Garapen Kontseiluko zuzendariek afera honela ikusten dute: «Barnealdeko kultur elkarte horietako partaideak uzkur azaltzen dira. Gure xedea beren proiektuak proiektu orokor batean uztartzea da. Alta, asmo hori ękonkurrentziaĘ gisa ikusten dute. Azterketa bat burutzen ari gara eta laster ezagutuko ditugu emaitzak». Proiektu hau burutzeko, 5.259.491 euro aurreikusita daude.
EIHARTZEA ETA UHAITZA.
Lau elkarte hauetako bi kidekin mintzatu gara Hitzarmen Bereziaren ondoko garai honetaz. Pantxix Bidart Eihartzeako kidea da: «Gu itsasaldeko kultur zentroek irentsiak izateko beldur gara, ez ote garen bigarren maila batean geldituko-edo». Pantxix Bidarten esanetan, Hitzarmen Bereziaren karietara kultur ikuskizunentzako hainbat areto eraikiak izan dira, eta orain areto horiek biziarazteko kultur programazioak osatu behar dituzte. Areto horiek kulturaren emanaldiak eskaintzeko sortuak dira, baina, batez ere, hiri handietan ekoizturiko ikuskizunentzako leku izanen direla uste du. Herrietako kultur taldeen sorkuntza lanak onak izanik ere, ez ote diren bazter geldituko, galdetzen du. Bere hitzetan, erronkak ikuskizunak barnealdean eta itsasaldean eskaintzea izan behar luke: «Kostaldeko aretoek ez dituzte kontuan hartzen barnealdean ekoizten diren kultur emanaldiak, programetan konpainia profesionalak agertzen dira batez ere. Bestelako urratsik ez da eman orainokoan. Gu dudakor gara Garapen Kontseilutik heldu den gogoeta horrekiko. Horretan ari gara, baina ez dakigu sartu behar ote garen beraiek egiten dizkiguten proposamenetan. Irudi du beren eskaintzaren bidez, kultur etxe hauen zeregina bere gain hartu nahi dutela. Funtsean, eztabaida hauxe da: aitzinatzean elkarrekin aritu behar dugu? Hots, haien diru laguntza onartu edo bakoitzak bere bidean segitu?».
Zuberoako Uhaitza kultur etxea 22 elkartez osatu da. Garai zailak bizi ondoren, dinamika berri eta itxaropentsu bat hasi berri du. Kultur etxe honetako Mixel Etxekopar kidearen esanetan, elkarteak lehenengo helburu berberak atxikitzen dituen arren, Uhaitzaren funtzionamendua aldatu da. Alta, Hitzarmen Berezia garai berean gauzatu da eta Garapen Kontseilutik proiektu komun eta berria garatzeko eskaintza heldu zaie: «Gu dudakor gara. Beren asmoak errespetatzen ditugu, baina sobera handiak dira guretzat. Guk, kultur munduan, hemengo kargudunekin izan ditugun esperientziak ez dira onak izan, eta are gutxiago itsasaldeko hiri handietakoekin. Haiek dute ahalmen eta diru gehien. Orain arteko harremana zaila izan da, edo harreman eza hobeki erranik. Baionako antzokiarekin edo Miarritzeko kultur elkartearekin, kasu, harreman gaitzak izan ditugu. Hemendik abiaturiko dinamika kulturalak oso gaizki hartuak izan dira historikoki. Funtsean ez dugu mintzakidetzarik antolatu, eta orain ez da proiektu komun bat garatzea aise izanen. Hala ere, aldi berean, irekiak eta baikor gara proposamena aztertzeko»
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.