Euskal Herriko Ikasleen eta Gurasoen Elkarteak (EHIGE-k) ikastetxe publikoen jaia antolatu du ekainaren 2rako Agurainen. "Mugak gaindituz eskola handitu" lelopean egingo den festan ikastetxe publikoek mota guztietako mugak gainditu behar dituztela -hala nola, politikoak, hizkuntzarenak...- aldarrikatuko da.
11:00etan Santa Maria plazan egingo den ekitaldi batekin emango zaio hasiera jaiari. 12:30k eta 13:00 bitartean bertsoak entzun eta herri kirolez gozatzeko aukera izango da bertan. 14:00etan, kontzentrazio errebindikatiboa egingo da. 16:00etan, Alaitz eta Maiderrek joko dute zuzenean.
Alde Zaharrean kokatutako guneko ekitaldiak malabaristek 11:30ean eskainiko duten ikuskizunarekin hasiko dira. 12:00etan, Deabru Beltza taldeak 3 eta 5 urte bitarteko haurrei zuzendutako «a,e,i,o,u» obra eskainiko du. 12:30ean, Momotxorroen kalejira egingo da. Gainera, Goloka eta Trapu Zaharra taldeen kale ikuskizunak, pailazoak, zirku malabareak eta Les Tambours de Feu taldearen perkusio, su eta dantzez osaturiko ikuskizuna ikusi ahalko dira gune honetan.
Azkenik, Ikastetxe kirol gunean haur parkea, Betizu, Futbol 7 eta pilota partidak egingo dira. Gune honetarako prestatu duten egitaraua, graffiti erakusketa eta tailerrak, "El Ciervo encantado" izeneko zirku ikuskizunak, Kukubiltxo taldearen emanaldiak, umeei begira antolatutako herri kirolek, dantzek, gazte taldeen kontzertuek eta malabare ikuskizunak osatzen dute.
202.000 ikasle euskal herrian.
EHIGEk azaldu duenaren arabera, Euskal Herriko Ikasleen eta Gurasoen Elkarteak irakaskuntza publikoan ikasten ari diren Bizkaiko 81.000, Gipuzkoako 45.000, Arabako 23.000, Nafarroako 50.000 eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 3.000 ikasle ordezkatzen ditu.
2002-2003 ikasturteko Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako aurrematrikulazio datuak jakinarazi dituzte EHIGEtik. Arabako ikastetxe publikoetan hiru urte bitarteko 120 haur (%9,72) aurrematrikulatu dira A ereduan, 388 (%31,44) B ereduan eta 726 (58,83) D ereduan.
Bizkaian, hiru urte bitarteko 270 haur (%6,09) aurrematrikulatu dira A ereduan, 735 (16,59) B ereduan eta 3.425 (%77,31) D ereduan.
Gipuzkoan, berriz, hiru urte bitarteko hiru haur (%0,10) soilik aurrematrikulatu dira A ereduan, 422 (%14,12) B ereduan eta 2.563 (%85,78) D ereduan.
Hiru urtetik gorako ikasleei dagokienez ere D eredua da nagusi hiru herrialde hauetan. Araban, aurrematrikulatutako 162 ikasle (guztien %13,18) A ereduan egin da, 428 (guztien %34,83) B ereduan eta 639 (guztien %51,99) D ereduan. Bizkaian, 298 ikasle (guztien %7,62) prematrikulatu dira A ereduan, 648 (guztien %16,57) B ereduan eta 2.965 (guztien %75,81) D ereduan. Azkenik, Gipuzkoan, hiru urtez gorako bi ikasle (guztien %0,10) prematrikulatu dira A ereduan, 412 (guztien %14,67) B ereduan eta gehiengoa, 2.395 (guztien %85,26) D ereduan
![]() |
|
||||
1856 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa