KAFKAREN LABANKADA
Aritz Gorrotxategi Mujika
KUTXA
161 orrialde
4,81 euro
2000KO IRUN HIRIKO ELEBERRIA SARIA
Aritz Gorrotxategi Mujikak idatzitako «Kafkaren labankada»k irabazi zuen 2000ko Irun Hiriko Kutxa Literatur saria «Euskarazko eleberria» deitu sailean. Lisboan kokatutako nobela beltz bizi honetan, Kafka, Eça de Quiroz, Mishima eta beste hainbat idazleri eskaintzen die egileak bere omena. Unibertsitate garaian elkar ezagutu zuten bi gizonen arteko harreman ilunean oinarriturik dago. Haietako bat, neskalagunak utzi berri duen literatur irakasle alkoholizatua da egun. Bestea, urte luzeetan desagerturik egon eta gero mendeku odoltsu bat aurrera eraman asmoz Lisboara itzuli den gizon arriskutsua. Iritsi ahala, neska bat hil du, eta garbi dago ez dela horretan geldituko. Beraz, haren bila abiatuko da irakaslea, Lisboako bazterretan barrena.
FULGOR DE LIBERTAD (EL ESTADO CONTRA EUSKAL HERRIA)
Joaquin Navarro
KALE GORRIA
243 orrialde
16 euro
NAVARRO EPAILEA EUSKAL JENDEEN NAHIAZ
Dudarik gabe, Euskal Herriaren lagun bat mintzo da «Kale Gorria»k plazaratu duen «Fulgor de libertad (El Estado contra Euskal Herria)» idazlan interesgarri honetan. Izan ere, oso sutsua da Almerian jaiotako Joaquin Navarro epaileak Euskal Herriaren eskubideen eta haien alde eta Gobernu espainiar ezberdinen aurka euskal jendeak aspalditik daraman borrokari buruz egiten duen aldarrikapena. 1975eko udan Tolosara epaile gisa etorri zenetik hasi, eta hartaz geroztik gure herriak bizi izan dituen gertaera latz eta garrantzitsuenak aztertzen ditu, azalduz, haiekiko bertakoek izandako erantzun anitza, hala nola Espainiako hainbat politikarik eta beste jende ospetsuk izan dutena ere.
ARDIAK ZENBATZEN LORIK HARTZEN EZ BADUZU...
Txabi Arnal
IBAIZABAL
61 orrialde
6,78 euro
BOST URTETIK AURRERAKOENTZAT
Lo egiteko gogoarekin ohean sartu eta lo hartzerik ez izatea baino gauza amorragarriagorik gutxi, ez da hala? Bada, hemendik aurrera lasai egon zaitezkete, zeren Txabi Arnalek idatzi eta Anabel Ortizek marraztutako «Ardiak zenbatzen lorik hartzen ez baduzu...» liburuska polit hau irakurriz gero, seko lo geratu ezean ere, oso ondo pasatzeko aukera izango duzue eta. Arkakusoak, pailazoak, astoak, kapelak, izarrak, munstroak, sagutxoak, frutak eta oheak ere zenbatu baitaitezke, ardi zuri mantso bezain aspergarri horiek bezala. Zuek beste edozein gauza zenbatzeko gogoa duzuela? Lasai horregatik ere, liburuan orrialde bat zuriz eskaintzen baita zaletasun hori dutenak gogoko duten huraxe irudikatu eta marrazki baten bidez adierazi dezaten.
KAZETARI-LAN HAUTATUAK
Piarres Lafitte
ELKAR
444 orrialde
22 euro
PIARRES LAFITTEREN KAZETARI-LANAK
Pako Sudupek prestatu du Piarres Lafittek bere garaian idatzi zituen kazetari-lanen hautaketa hau. Jean Hiriart-Urrutyk sortutako «Eskualduna»n, «Aintzina»ren bi aldietan, «Gure Almanaka»n eta batik bat «Herria» aldizkarian kaleratu zituen Piarres Lafittek liburuan jasotzen diren ehun eta berrogeita hamabi lan hautatuak. Aukeraten, adierazgarrienak biltzen saiatu da Sudupe, Elizaren irakaspenen ingurukoak eta hil berriei eskainiak baztertuz. Bestalde, liburuak daraman hitzaurre esanguratsuan, Aitzolekin parekatzen du Piarres Lafitte, nahiz bien arteko aldeak agerian utzi; besteak beste, faxistek hila izan zen Aitzol, eta Lafitte, berriz, 1936ko gerran bitartekari lanak egiten ibili zen Mola jeneralaren ordezkarien eta jeltzale buruzagien artean.
JAKIN 129
Batzuen artean
JAKIN
118 orrialde
8,40 euro
ISLAMA ETA MENDEBALDEA HIZPIDE
Aurrez aurre dirudite Islama eta Mendebaldea, batez ere 2001eko irailaren 11n AEBetan gertu zenaz geroztik. Baina, hala ote da? Bi mundu horien arteko elkarrizketa ez ote da posible eta zergatik? Horixe du «Jakin» aldizkariaren azken zenbakiak hizpide. Luis Sols Historia katedradunak eginiko Islamaren munduko aurkezpen historiko, kultural eta politiko orokorretik abiaturik, Islamaren eta Mendebalaren arteko erlazio gatazkatsuaren inguruko auzi nagusiei buruzko iritziak eskatu dizkie «Jakin»ek Mikel Aramendi, Gabirel Ezkurdia, Jose Mari Pastor, Juanjo Sanchez Arreseigor eta Jesus Torquemada adituei. Bestalde, gai nagusi horrez gain, Joseba Balerdi, Laura Mintegi, Iñaki Martinez de Luna eta Amatiñoren lanak ere aurkituko dituzue bertan.
EL MUNDO DE LOS PIRINEOS
Batzuen artean
SUA
130 orrialde
4,51 euro
MAKIEK PIRINIOETAN UTZITAKO ARRASTOA
Sua edizioak plazaratzen duen «El Mundo de Los Pirineos. Montaña, Cultura y Naturaleza» aldizkariaren azken zenbakian, Adi mendia, Cap de Creus, Vallferrera eta beste hainbat leku erakargarri oinarri dituzten lanez gainera, Pirinio inguruetako makiei eskainitako erreportajea aurkituko du irakurleak. Baita horretan parte hartu zuten Victorio Vicuña lasartearra eta Angel Alvarez gerrilarien gogoeta eta gorabeherak ere, hala nola aurrekoek baino zorte gutxiago izan zutenen oroitzapena, Juan Santaeulaliaren esperientzia kasu. Hau da, 1936ko gerra hemen galdu ondoren, nazien aurka ausarki borrokatu eta horregatik Errepublika frantziarraren omenaldia jaso eta gero, Pirinioetan zehar askatasunaren aldeko borrokari ekin zioten haien oroimena.
ILEGAL
Rhune
OIHUKA
12 kanta
13,90 euro
Guinness bezala ezagutzera eman zen Irungo talde honek izena aldatu behar izan du, garagardo enpresak bestea erabiltzea ez diolako baimendu. Nolanahi ere, Iberia osoan zehar ezagutza eman zion rock-zeltiarraren doinuekin jarraitu du Rhune deituz grabatu duen estrainako CD honetan ere, nahiz «Ilegal»en ska eta reggae erritmoen ukituak ere ageri diren, «íDespierta ya!»n eta Harkaitz Canoren hitzekin osatutako «Mutuak hizketan», kasu. Horiez gainera, kantu hauek aurkituko dituzue «Ilegal» CDan: «Siete pintas», «Inem», «Ilegal», «El mar y la distancia (Ondarbi)», «Censura stop!!!», «Dale movimiento», «Algo tendrá el agua cuando la bendicen (La Magdalena)», «Mayo», «Lost In The Dark» eta «Tengo un tío rico en América (y yo aquí estoy jodido)».
RHUNEREN ALAITASUNA ETA KONPROMISOA