Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-06-02 -- 1856.zenb


KONTSEILUA LAGUNTZAILE BILA

Euskararen normalizazio prozesuari bultzada emateko, Kontseiluak «Bai Euskarari Laguntzailea» ekimena abiatu du. Arduradunek adierazi dutenez, orain arte enpresa eta erakundeetara jo dute laguntza eske, baina orain jendearengana heldu nahi dute, finantzazioa lortzeko modua izateaz gain, gizartean sare zabal bat osatu ahal izateko. Laguntzaileak hilero edo urtero diru kopuru txiki bat emango du normalizazio bidean aurrera egiten laguntzeko. Laguntzaile egiteko bi modu daude: Kontseiluaren web gunearen bidez edota banatuko diren eskupaperak betez.


AISIA EUSKARATZEKO 285.000 EURO

Gipuzkoako Foru Aldundiak haur eta gazteen aisialdirako produktuak ekoizteko eta kultur edukiak zabaltzeko proiektuentzako 285.000 euroko laguntza emango du. Onuradunak irabazasmorik gabeko enpresak izango dira; enpresok uztailaren 1a aurretik aurkeztu beharko dituzte eskaerak. Besteak beste, euskarazko bideojokoak eta kultura edukiak dituzten web guneak aurkez daitezke.


EUSKALKIARENTZAKO EGUNA

«Goibekokale» astekaria 100. zenbakira iritsi dela ospatzeko, Euskalkiaren Eguna antolatu dute Elgetako Goibeko kultura elkarteak eta Badihardugu elkarteak. Ekitaldi ugari izango da egun osoan; besteak beste, «Euskalkia zein esparrutan?» hitzaldi-eztabaida irekia, afari herrikoia, «Euskaraz dibertitzeko manerak» eta hitzaldia eta erromeria Tapia eta Leturiarekin.


GURASOEI ZUZENDUTAKO IKASMATERIALA

«Gurasoak heziz» eta «Gurasoak lagunduz» ikasunitateak plazaratu ditu HABEk. Ikasmateriala euskara hobetu nahi duten eta umeei etxeko lanak egiten lagundu nahi dieten gurasoentzat dago zuzenduta. Izan ere, aita-amek hizkuntza transmisioan duten garrantzia azpimarratu du HABEk.


UMORE ONEAN

Hirugarren aldia den arren, handi egiten ari da Leioako Umore Azoka. Maiatzaren 31n hasi eta ekainaren 2an amaituko den Azokak, umoreaz gain, baditu beste bi ezaugarri: estreinaldiak eta promozioa. Izan ere, Jaialdian parte hartuko duten zortzi euskal taldeek euren lanak estreinatuko dituzte bertan. Eta beste hiruk ere gauza bera egingo dute. Gainera, lehenengo aldiz izango dira Euskal Herrian Frantzia, Holanda, Argentina edota Erresuma Batuko hainbat talde. Azoka programatzaileen bilgune ere bihurtu da. Guztira, 90 programatzailek egin baitu bertara hurbiltzeko eskakizuna. Eta umore onaren eraginez azken horiek eta taldeak harremanetan jarri nahi dituzte antolatzaileek.


LABAYRUREN 25 URTEKO BIDEA

AURTEN 25 urte bete ditu Labayru Institutuak. Derioko Seminarioaren inguruan sortu zen Institutuaren urte hauetako erronka nagusiak euskara, etnografia, ikerketen argitalpena eta 60.000 ale dituen liburutegi baten mantenimendua izan dira. Etorkizunera begira, historiako sail bat ireki eta hizkuntzaren inguruko ikerketak egiteko xedea du. Honaino egindako bidea gogoratu eta ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu dute ekainaren 3an hasi eta 6a arte. Besteak beste, lehenengo egunean, Vatikanoko Kultur ministro lanak egiten dituen Paul Poupardek hitzaldi bat eskainiko du Euskaldunan «Euskal kultura eta Labayru Institutua» izenburupean. Eta 6an, Bernardo Atxaga Euskal Herriak munduan duen lekuaz mintzatuko da.


NORABIDE GUZTIETAN

EKAINAREN 30a arte izango dira ikusgai Bilboko Rekalde Aretoan 13 artista bizkaitarren lanak. Guztiek 1999an, Bizkaiko Foru Aldundiak Arte Plastikoei ematen dizkien bekak eta laguntzak jaso zituzten. Eta orain erakusten dutena, orduan aurkeztutako proiektuen garapena da. Miguel Angulo, Itxaso Dominguez, Jon Mikel Euba, Pilar Fonseca, Ibon Garagarza, Peio Agirre, Miguel Angel Gaüeca, Veva Linaza, Lucia Onzain, Jesus Pueyo, Mara Reguilon, Ińaki Ria eta Eduardo Sorrouilleren lanak dira bildutakoak. «Norabide guztiak» jarri diote izena bideoaz, pinturaz, argazkiaz... osatutako erakusketari.


ERRIBERRIKO ANTZERKI KLASIKOA

HAINBAT gorabeheren ostean, Nafarroako Gobernuak Erriberriko Antzerki Klasikoaren Jaialdiari emango dion dirua 190.000 eurotan gehitu du. 168.300 euroko aurrekontua zuen berez Jaialdiak, eta orain, 360.000 eurotakoa. Hemendik aurrera gainera, Jaialdia ez da Udalaren esku egongo. Izan ere, Principe de Vianak izendatuko dituen bi pertsonaz eta Udaletxeko beste biz osatutako batzorde bat sortzea erabaki da.


FILMATEGI BERRIA ATZERATZEN

LEHENGO urtearen amaieran edo honen hasieran ekin behar zitzaien berez Euskadiko Filmategiak Donostiako Gas Fabrikan izango duen egoitzaren eraikitze lanei. Baina Euskadiko Ondare Industrialaren Elkarteak Kultura sailari eskatu zion egoitza hori hartuko zuten hiru eraikinak babesteko aukera azter zezan. Horregatik, Gobernuaren erantzunaren zain daude orain. Babestu behar direla erantzungo balu, aurreikusita zegoen diseinuan aldaketak egin beharko lirateke. Dena dela, dagoeneko lanen hasiera urte honen amaierarako edo 2003ko hasierarako aurreikusita dago.


ZUBEROAKO DANTZAK IKASTEKO

IKERFOLKek maskaradetan eta pastoraletan erabiltzen diren pausoak ikasteko metodo bat aurkeztu berri du plazaratu duen «Jira Galdua» bere aldizkarian. Guztira, 47 urrats jaso ditu, eta baita hainbat partitura eta koreografia ere. «Aitzineko püntiak» izenburupean argitaratutako lanarekin dantza maisuaren figura nahi dute berreskuratu.

- Fernando Larruquert zinema zuzendari, musikari eta argazkilariak honakoa zioen «Zazpika»n: «Uste dut jenio batek jenio txarra izan behar duela. Nazaretheko Jesusek ere hala zeukan».
- Marivķ Bilbao-Goyoagak zera aitortzen zuen «El Pais»en: «Zinema liluragarria iruditzen zait. Nire adinean, antzerkiak nekatu egiten nau. Gutxiago irabazten da, oso garestia da eta ondo ateratzen bada, birek akabatu egiten zaituzte».
- Asier Polo biolontxelo joleak «El Correo»n: «Norbaitek talentua duenean, hezkuntza eman behar zaio. Ez badu hori egiten, bere buruari moztuko dizkio hegoak, ikasten eta arriskatzen jarraituko balu ezagutuko lituzkeen gauza zoragarriak ikusi gabe geratuko baita. Arriskuan dago etorkizuna».
- Koldobika Jauregi artistaren hitzak dira hauek «Euskaldunon Egunkaria»n jasoak: «Artistak eta museoak modan daude, baina errealitatea nahiko kaskarra da. Arazoa da modan egon nahi dugula (...). Eta oraindik ere artistek lan egiteko zein erakusteko toki falta dute».

Otordu lasterreko jatetxeak ugaritu egin dira gurean azken urteetan. Horietako bat McDonaldĘs ezaguna dugu. Bertan euskararen erabilera hutsaten hurrengoa da, bai karteletan, bai zerbitzuan, bai iragarkietan eta bai enpresaren web gunean (www.mcdonalds.es).

Pablo Sastrek «Leuropa» izeneko liburua aurkeztu berri du Susaren eskutik. Sastreren seigarren nobela da, eta kamioiz Marokora eginiko bidaia kontatzen du.
Jose Roncoren argazkiekin Ongarrik osatutako «Eibar ciudad taller» liburuak aipamen berezia jaso du Kataluniako Udaberri Fotografikoaren jaialdiaren baitan, Argazki Katalogoen eta Liburuen Sarian.
Mikel Unzurrunzaga Schmitz «Makala»k «Makala plays Novophonic» izeneko diskoa plazaratu berri du Novophonic diskoetxearen eskutik. Bertan, dj saio baten moduan lotu du musika.
Maite Gonzalez Esnalek «Maiderren taupada bilduma» lana kaleratu du Alberdaniako «Ostiral» sailean.
Ińaki Salvadorrek «Novecento, Ozeanoko pianista» antzezlanerako konposatutako abestiak bildu ditu Aztarnaren eskutik kaleratu duen «Novecento» diskoan.

Juan Luis Zabalak «Euskaldunon Egunkaria»n idatzitako artikulua da honakoa:
« Lehen amodioa, aurreneko musua, estreinako sexu harremanak... Mito bat egin dugu horretaz guztiaz. (...) Lehen amodioak, aurkikuntza kosmiko baten indar zirraragarria duenez, ez baitu parerik. Liburuetan ere, filmetan, abestietan, arte plastikoaren emaitzetan, kulturaren adierazpenetan oro har, badu muntarik gaztetxoen begi-belarriak harritzen eta buru-bihotzak inarrosten lehena izateak.(...) Denboraren poderioz, literatura ere, zinema, musika, arte plastikoak, kulturaren adierazpenak, oro har, modu gero eta epel, bare eta arruntagoan barneratzen ditugu. Barruko premia grinatsu bat izandakoa denbora-pasa jantzi, ilustratu eta orekatu bilakatzen da (...). Irakurzaletasunaz hitz egitean, liburu arin eta ulerterrazen beharra azpimarratzen dugu maiz askotan. Baina ez da irakurle hasiberriari lehen amodioarenaren pareko zirrara sentiaraziko dion liburua bezalakorik irakurle hori zinez eta luzerako irakurzale dadin, eta horretarako, arintasuna eta ulerterraztasuna ez dira aski. Izatekotan ere, lagungarri, besterik ez; eta batzuetan kaltegarri, deskuidatuz gero. Argi dago, bestalde, eskolako aholkuak eta derrigortzeak gazteak erakartzeko baino uxatzeko metodorik onena izaten direla sarri. Nola jokatu orduan? Lehen amodioa... misterioa! Lehen amodioa... zein zaila!».

Bi milatik gora lagun bildu ziren maiatzaren 17an Iruńean, Euskal Adarrak «Euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidea» lelopean antolatutako manifestazioan. Manifestazioak euskarak NUPen izandako atzerakada eta bertako errektoreak erabilitako errepresioa salatu zituen.

hemeroteka

1855. zenbakia | 2002-05-26
1854. zenbakia | 2002-05-19

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan