Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-29 09:05:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Elkarrizketak >
  • «Gureak dira alderdi sozialistaren baitan aurrera egingo duten tesiak »

2002-05-26 -- 1855.zenb

«Gureak dira alderdi sozialistaren baitan aurrera egingo duten tesiak »

Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak, alderdiaren azken Kongresuaz geroztiko etapa euskal sozialismoaren abentura berritzat jo du oraindik orain. Zein da ikusmolde horri buruzko zure iritzia?

Hasteko, hori horrela eta benetakoa izatea nahi nuke. Abenturak arriskua darama berekin, arriskuak politikaren osagaia eta aukera izan behar du funtsean. Politikak -pertsonen bizitzak legez- arriskua behar du, bestela ez du zentzurik. Areago euskal politikaren kasuan, inertziak eta etsiak hartua dago-eta. Zuzendaritza berria euskal politikaren erronkari heltzeko prest dagoela sinetsi nahi nuke, bizi ditugun gatazka eta arazoa konpontzeko benetako arriskua eta abentura hartzeko prest. Alabaina, beldur naiz ez dela horrela.

Patxi Lopezen zuzendaritza berriak kontuan hartzen al ditu Euskal Sozialismo Berriaren ildoaren tesiak?
Orain arte ez dugu aparteko harremanik izan. Zuzendaritzari maniobra margen bat eman behar zaio nola jokatzen duen ikusteko. Ez dugu ezegonkortasuna ekar lezakeen inongo jarrera hartu nahi. Baina, alderdi sozialistaren baitan aurrera egingo duten tesiak gureak direla konfiantza osoa daukat. Euskadin sozialismoa indartu dezaketen tesi bakarrak gureak dira, eta hori horrela da, euskal ezkerra honek ez dituelako euskal nazionalismoaren identitate ezaugarriak zalantzan jartzen. Euskal nazionalismoaren hainbat ezaugarri euskaldun guztion eta euskaldun guztiontzako ezaugarriak dira. Guk proposatzen dugun sozialismo berriaren bidetik, ezaugarri horiek guztiak, marko juridiko malgua eta dinamikoa den Autonomiaren baitan -agortezina eta itxia izan behar ez duen markoan- garatu eta errespetatu daitezkeela uste dugu. Euskal ezkerra honek erosoa izango den marko bat aurkitu nahi du euskaldunon gehiengoarentzat, euskaldun bakarrik sentitzen direnak barne. Nire uste xumean, planteamendu hau da gizartean aurrera egin dezakeen bakarra.

Zein da Kongresuaren ondoko zure egoera eta orobat Euskal Sozialismo Berriarena? Asmatu al zenuten zuen hautagaitza aurkeztean?
Bateon batek ez zela gure mementoa esan zuen, gure aukera ez zegokiola Kongresuari, hau da, tronpatu ginela esan zuen. Baina gu ez ginen Kongresuaz tronpatu, aitzitik, esan genituen gauzak esateko unea zen, eta da. Guk esaten duguna esateko ezin gaitezke uzteko garai hobeago baten zain egon. Gure apustua indarkeriaren arazoari irtenbide elkarrizketatua ematea da, hori esateko unea da, ezin dugu garai hobeagoak etorriko diren zain egon. Hain da garrantzitsua horrela planteatzea eta arazoari irtenbide bat aurkitzea! Ezin gaitezke aldeko zenbat jende dugun ezagutzeko zain egon arazoari aurre egiteko. Printzipioen eta baloreen defentsa balore eta printzipioei beraiei atxikia dago, eta ez du dependitzen batek dituen aldekoen zenbatekoaz. Batek askatasuna defendi dezake, eta aldeko lau baino ez izan berekin, baina askatasunaren defentsak ez du balorerik galtzen horregatik.

Zu zeu eta zure ildoaren tesiak Kongresutik indartuak atera zinetela esan al daiteke? Zu nola sentitzen zara?
Ni oso libre sentitzen naiz. Neure ibilbidea nahiz alderdiaren ibilbidea hil ala biziko unean da. Ordua da, hainbestetan esaten duguna -eta hain gutxitan betetzen duguna- praktikan ezartzeko. PSE-EE anitza da oso eta bere barne sentsibilitate guztiei bide emateko sendotu behar dugu. Zentzu horretan, guretzat irabazi bera baino inportanteago da zertarako irabazi. Irabazi duenak ez badu bere politika egiteko margenik edo kemenik, irabazteak ez du deusetarako balio; botereaz jabetzeko ez bada behintzat. Alderdiek helburu zehatzak izan behar dituzte gizartearekiko betekizunean. Uneon baina, zoritxarrez, alderdiek botere egitura mantentzeari garrantzia gehiago ematen diote gizartearen eskakizunak erantzuteari baino

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan