EUSKAL UNIBERTSITATEA XEDE
Euskal Unibertsitatea sortzeko baldintzak daudela iritzita eta Euskal Herriak bere unibertsitatea behar duela aldarrikatzeko asmoz, UEUk, Euskal Irakasleen Elkarteak, Euskal Adarrak, Euskal Unibertsitate Barrutiaren Aldeko Taldeak eta Uniekimenak kanpaina abiatu dute. Sortzen-Ikasbatuaz eta Ikastolen Konfederazioak atxikimendua agertu dute. «Euskal Herriak Euskal Unibertsitatea lelopean, aldeko 80.000 sinadura bildu nahi dituzte.
EUSKARAREN EGUNA URZAINKIN
Zaraitzu eta Erronkariko Euskara Zerbitzuak eta Kebenko elkarteak «Uskararen Eguna» antolatu dute heldu den larunbaterako (hilak 25). Aurtengoan Urzainkin izango da eta ura izango da jaiaren ardatza. Egun osoan ekitaldi andana izango da: bazkaria, kontzertuak, dantza...
12 HERRIKO ETXE EUSKARAZ ARITUKO DIRA
Urtarrilean abiatu zuen Euskal Konfederazioak «Euskara Herriko Etxeetan» kanpaina. Dagoeneko 12 herriko etxek eman diote atxikimendua dagoeneko: Senpere, Azkaine, Irulegi, Aldude, Ibarla, Liginaga, Aloze, Ozaze, Muskildi, Ezpeleta, Heleta eta Azkaratek. 50 udalek agertu dute kanpainarekiko interesa, horrexegatik antolatzaileek 12 herriko etxetik gora atxikiko direla aurreikusten dute. Euskal Konfederazioak itzulpen zerbitzu bat eratzeko asmoa du udalei laguntzeko.
DEBA IBARREKO EUSKALKIA MAHAI GAINERA
«Deba Ibarretik Euskal Herrira» liburua argitaratu du Deba ibarreko Badihardugu euskara elkarteak. Euskalkia noiz eta nola erabili behar den hausnartzen du liburuak lehen zatian. Bigarren zatian Deba ibarreko euskalkiaren ezaugarriak eta hiztegi bat biltzen dira.
OHITURA SORTZEKO
Iaz EAEn eskaini ziren 1.880 antzerki emanaldietatik, %58 Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko eta Gipuzkoako Diputazioak sortutako Antzokien Sarean eskaini ziren. Kalitatezko programa egonkorra eskaini eta ikusleari antzerkira joateko ohitura sortzeko xedea du Sarean-ek. Horregatik Arabara zabaltzeko asmoa du aurten. Aguraingo antzokiak eta Gasteizko Principal-ek egitarau honen baitan sartzeko asmoa dute. Bestalde, Gipuzkoan, Zumarragako, Andoaingo, Azpeitiko eta Eibarko Unibertsitateko antzokiak Sarean sartuko dira. Eta Bizkaian, Zallan, Leioan eta Mungian antzoki berriak egingo dituzte. Gainera, herrietatik dabiltzan taldeen birak kudeatzeko bulego tekniko bat sortuko du.
HAUR TXIKIENTZAKO LIBURU GIDA
PELLO Ańorga eta Nerea Alzolaren gidaritzapean, Mondragon Unibertsitateko Humanitate Fakultateko Haur Mintegiko talde batek «Haur Txikientzako Liburu-gida»ren hirugarren alea osatu berri du. Oraingoan, 1995-1999 urteen bitarteko lanak aztertu dituzte. Guztira, 208 liburu arakatu dituzte, euskarazkoak zein gaztelaniazkoak, sei urte bitarteko haurrei zuzenduak.
ZINEMALDIAK MENDE ERDIA
DONOSTIAKO Nazioarteko Zinemaldiak berrogeita hamar urte bete ditu. 1953. urtean ekin zion bere ibilbideari, eta beraz, aurtengo irailaren 19tik 28ra bitartean egingo den jaialdiak ardatz nagusitzat izango du mende erdi hori. Izan ere, «50eko 50ak» izeneko zikloa eskainiko dute, non 50eko hamarkadako film hoberenak eskainiko diren. Horrez gain, Michael Powell zinemagile britainiarrari eta Volker Schlondorf alemaniarrari ziklo bana eskainiko zaie.
OTAMENDI, ARABAKO TXAPELDUN
ASIER Otamendi gailendu zen hilaren 11n Gasteizen jokatu zen Arabako Bertsolari Txapelketako finalean. «Azken urteotako finalik orekatuena» jokatu zela esan zuen Otamendik. Horrez gain, nabarmentzekoa da lehen aldiz antolatu dela aurten Arabako Txapelketa, San Prudentzio saria izena alde batera utzirik. Txapelketak bi ezaugarri izan ditu: batetik, bertsozale multzo handiak gerturatu direla saioetara. Eta bestetik, parte hartu duten bertsolariek Arabako erroldan izena emanda izan behar zutela, eta honek orain arte San Prudentzio sarian parte hartu izan duten Arabakoak ez diren hainbat bertsolari lehiatik kanpo utzi ditu.
ITZULPEN-LEHIAKETEN PREZIOAK
KOLDO Bigurik Sustatu.com-en argitaratutako gutun batean Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea Administraziotik egiten diren zenbait itzulpen-lehiaketekin «kezkatuta» dagoela adierazi zuen. Gutunean idatzitakoaren arabera, itzulpen-lehiaketa horietako batzuetan «ipintzen diren gehienezko prezioak oso urruti daude Elkarteak bazkideei gomendatzen dizkien tarifetatik». Honek itzultzaileen lanaren kalitatean eragina duela zioen Bigurik.
OBRA BERRIAK ETA BERRITUAK
LAU akuarela eta bost olio berrituko ditu Bilboko Arte Eder Museoak datozen hilabeteetan. «Zaindu» izeneko programaren baitan, pinakotekako bederatzi lan berrituko dituzte eta bide batez, hauetan erabilitako teknikak ikertu. Horrez gain, Museoak erosi berri ditu bere bilduma pribatuko artista garaikideei zuzenduriko arloa indartzeko asmoz, Juan Jose Akerreta, Txomin Badiola, Pello Irazu, Jesus Mari Lazkano eta Dario Urzayren obrak, besteak beste.
- Ruben Sánchezek zera zioen «Zabalik»en: «Garai batean gasteiztarra eta euskalduna zena euskaldun berria zen berez. Orain, ćikastolakumeakĆ gero eta gehiago dira».
- Montxo Armendarizek «Nabarra» aldizkarian adierazitakoa da honakoa: «Gaur egun zinemagintzak duen arazorik handienetakoa da ekoizpena oso zaila dela, batik bat arrazoi ekonomikoengatik, oso zaila baita proiektu errentagarriak egitea».
- Miriam Ocariz moda diseinatzailearen ustez, « (Euskal Herriko modan) baliabide gutxi dago, apenas dagoen produkzioak egiteko tailerrik eta oso modagile gutxi. (...) Edozein gauza behar denean kanpora joan behar da eta horrek asko zailtzen du lana». Hitzok «Diseinuz» aldizkariak plazaratu zituen.
- Gorka Arresek «Gara»n: «Poesia argitaratzea ez da erraza, ekonomikoki errentagarritasunik ematen ez duelako».
-Karmelo Bernaolak «Deia»n adierazitakoa da hau: «Sormena ez da ikasten: edo sormena eta fantasia dituzu, edo ezaugarri horiek ez dira kutsatzen diren zerbait».
Denda ugari ditu Mango arropa denden kateak Euskal Herrian. Ezin esan ordea, saltzen dituzten produktuen etiketek euskararen arrastorik dutenik. Saltzaileek ere askotan ez dakite euskaraz eta euren katalogoetan ez dago euskal hitzik. www.mango.es web gunea ere erdara hutsean dago.
Xabi Puertak Pausoka produkzio etxean zortzi urtez aritu ondoren, bertako lana utzi egin du. Madrileko Bocaboca enpresara doa, eta bertan edukien zuzendari estrategikoa izango da.
Juan Mari Irigoienek «Letra txikiaz bada ere» izeneko poesia lana aurkeztu zuen lehengo astean Elkarlaneanen eskutik.
Théâtre Des Chiméres taldeak «T.O.C» bere azken lana estreinatu zuen Hendaian joan den astean. Antzerki obrak obsesioak eta konpultsioak lantzen ditu.
Alfredo Kraus Bilboko Musika Elkarteak sustatuta, «LĆElisir dĆAmore» opera estreinatu berri dute Barakaldoko Antzokian hainbat kantari liriko gaztek.
Jabier Muguruzak eskuratu du 2001. urtean euskaraz argitaratutako disko hoberenaren saria, Espainiako Musikaren Arte eta Zientziaren Akademiaren eskutik.
Jose Luis Padron kulturak duen botereaz mintzo zen «Euskaldunon Egunkaria»n:
« (...) Lehiatila honetatik bertatik zer dezake kulturak galdetu zuen zorrotz eta erantzun zorrotzago Jabier Muguruzak joan den astez, nire erantzuna da ezertxo ere ez, ikus kultur pertsonalitateei oro har eskaintzen zaien arreta, gertaeren bertsioan ez hitzik ez marrarik ez kolorerik ez notarik benetan aldatu nahi ez duten idazle, poeta, historialari, irakasle, margolari, kantarienganako kontsiderazioa, ikus horiek zer leku hartzen duten kristal iluneko MoviStar kultur departamentuetan, kulturak ez du koberturarik, ezin du lagundu ez bakarrik faxismoaren aurka, besteak beste, ezta langabeziaren, sindikatoek baimendu lan kontratu lotsagarrien, udaletan bedeinkatu etxebizitzen goragoko salneurrien, babesgabetasunaren, frustrazioaren edota etorkizun hurbilean etor daitezkeen (etorriko dira eta berandu izanen da) ondorio gaiztoen aurka ere, ez, ezer ez dezake kulturak, ez bada zibilizazioaren amaieraren inguruko jardunaldiak antolatu purrustadaz eta auto-satisfakzionez baina ez beterik ditugun Jauregi liluragarrietan, eta orain memoria siniskeriazko beldur sortu-berria denez geroztik seguruago nago ezetz, are seguruago Jexux Artze bezalako jende egiaz ona hiltzen hasi denetik, ttakun ttakun, txalapartari bat galtzen dutenean, sakelako telefonoak isiltzen dituzte loreak txoriak eta zuhaitzak, kuttun».
EHE, AEK, AES, Oinarriak plataforma eta Euskal Konfederazioak antolatuta, giza katea egin zen pasa den maiatzaren 11n. Irun, Hendaia eta Endarlatsatik abiatutako 2.000 pertsona Behobian bildu ziren, «Euskararen ofizialtasuna erein» lelopean.