Komunitate ludikoak, hezitzaileak...
Bestelakoak ere badiren arren, hiru komunitate birtual mota nagusi aurki ditzakegu interneten: ludikoak, negozioetara zuzendurikoak eta hezitzaileak.
Ludikoak: Komunitate ludikoak aisialdiari eta entretenimenduari zuzendurik daude, eta orokorrean zaletasun jakin bat izan ohi da kide guztiak lotzen dituen ezaugarria. Hala, zaletasun adina komunitate daude sarean, eta zaletasunak, noski, milaka izan daitezke: edozein kirol, musika estilo hau nahiz bestea, joko birtualak, informatika, literatura, zinea, natura, bidaiak eta abar luze bat. Komunitate ludiko bat Pobladores (www.pobladores.com) izenekoa da. Hamar multzo nagusitan banaturiko 32.000 komunitate birtualetik gora biltzen ditu web gune honek, eta orotara 820.000 lagun dira horietako bateko kide. Erreportajearen hasieran aipaturiko zerbitzu horiek (txata, foroak eta mezu zerrenda) eskaintzeaz gain, Pobladores-ek komunitateko kideei eginiko elkarrizketa eta inkestak plazaratzen ditu, helburua erabiltzaileen parte hartzea sustatzea izanik.
Negozioetara zuzendurikoak: Komunitate hauetan, bere kideak batzen dituena ez da zaletasun bat, lanbide jakin bat baizik. Hala, elkargune hauek ekonomiari buruzko albisteak, merkatura atera berri den produktuaren inguruko datuak edota negozioen arloan internetek eskain ditzakeen abantailak jorratuko dituzte. Gainera, kide bakoitzak bere esperientzia azalduko du, eta horri esker gainerakoek euren negozioetarako interesgarriak izan daitezkeen datuak eskuratuko dituzte. Negozio jakin batekin harreman zuzena duen komunitate birtual bat CanalTI.net (www.timagazine.net) da. Informazioaren Teknologiaren esparruan lan egiten duten profesionalei zuzendurik dagoen ataria da, eta eztabaida foroak, albisteak, on-line ikastaroak, agenda eta beste hainbat zerbitzu eskaintzen du. 42.500 lagunek osatzen dute komunitate hau, eta teknologia berrien inguruko ezagutzak, esperientziak edota iritziak partekatzen dituzte.
Hezitzaileak: Komunitate hauen helburua hezkuntzaren arloan gai jakin bati buruzko ezagutza sustatzea da. Horretarako, esparru honetan lan egiten duten lagunek euren esperientziak kontatu eta hainbat material elkar trukatzen dute. Hartara, aukera guztiak aztertu ostean, hezkuntzaren arloan aplikagarria izan daitekeen proiektu bat jarri ahal dezakete abian taldeko kideek. Mota honetako zenbait komunitate Ikerketa eta Garapenerako Espainiako Sarearen web guneak (www.rediris.es) biltzen ditu. Matematika, fisika, historia, geografia, hizkuntzalaritza, medikuntza eta makina bat arlo gehiagori buruzko guneak aurki ditzakegu bertan. Besteak beste, foroa, txata, datu-basea, iragarki-taula, lotura interesgarriak, aldizkari espezializatuak eta lanerako gunea aurki ditzakegu komunitate birtual hauek eskaintzen dituzten zerbitzu eta edukien artean
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.