Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-05-19 -- 1854.zenb

KOMUNITATE BIRTUALETAN KEZKA OROK DU ERANTZUNA

Jon Torner

Komunitate birtuala interneten dagoen gune bat da, non pertsona multzo batek interes eta behar berdinak partekatzen dituen. Komunitate oro, elkarreragilea da, bera osatzen duten kideen arteko komunikazioa eta elkarrekintza sustatzen duen heinean. Komunitate birtualek, hala ere, gainerakoek ez bezala, Internetek eskaintzen dituen hainbat zerbitzuren bidez bermatzen dute interaktibitatea. Eztabaida foroak, txata eta posta elektronikoa dira zerbitzu horietako batzuk eta, hain justu, horiek dira talde hauek dituzten berezitasun garrantzitsuenen zioak. Batetik, tresna horiei esker, bertako kide batek informazio kopuru handia bidal diezaieke instantean gainerakoei, eta honek euren arteko hartu-emana nabarmen errazten du. Gainera, ez daukate fisikoki leku berean egon beharrik. Izan ere, munduaren bi bazterretan dauden internautek elkarrekin berba egin ahal dezakete aurrez aipaturiko zerbitzu horiei esker.

Norberak, bestalde, gustuko duen gaiaren inguruan eraturiko taldean har dezake parte. Pertsona batek izan ditzakeen interes adina komunitate birtual daude, dela zaletasun bat, lanbide bat, ideologia bat... Hala, kirola, zientzia, ekonomia, geografia, historia, musika, zinea, medikuntza eta makina bat arlo gehiagori buruzkoak aurkituko ditugu sarean. Gainera, norberak desio duen hori ez badago, hainbat gunek eskaintzen duen tresnez balia daiteke bere talde propioa sortzeko.


GIPUZKOAR BATEN ESPERIENTZIA.

Komunitate birtualen ezaugarriez hitz egin diezagun, horietako bat erabiltzaile gisa ezagutzen duen pertsona batengana jo dugu. Gipuzkoar bat espondilitis ankilosatzailea izeneko gaixotasunaren inguruko KickAS (www.kickas.org) komunitateko kide dela jakin dugu, eta berari hots egin diogu. Espondilitis ankilosatzailea (ingelesezko AS laburduraz ezaguna) bizkarrezurrari eragiten dion gaixotasun kronikoa da.

Aipatu komunitateko kide zergatik egin den galdetzean, medikuntza "ofizialak" eta gaixotasunari buruz liburuetan nahiz Interneten eskuraturiko informazioak behar adina lagundu ez diotelako erregistratu dela erantzun digu. Bestalde, eta gaiaren garrantzia kontuan izanik, komunitatearen ezaugarri esanguratsuenetako bat "kideen interes handia" dela esan digu elkarrizketatuak, eta baita "gunearen fundatzaileen inplikazio maila altua" ere. Gaixotasuna arras ongi ezagutzen duten paziente oso kualifikatuak dira komunitate honetako kide, urte luzez ikerketa lan garrantzitsua egin dutenak. "Gainera, bertsio ofizialarekin kritikoak dira, eta sistemak eman ezin dien informazioa jaso eta eskaintzen dute".
KickAS foro gisa jarri zen abian iragan urteko irailean, eta jada 600 kide inguru ditu, gehienak AEBetakoak, Kanadakoak eta Ingalaterrakoak. Hainbat ataletan banaturiko hamabost bat foro ditu, eta horietako bakoitza administratzaile batek gidatzen du. Eguneroko bizitza errazten duten trikimailuei, terapia bereziei edota farmazietako sendagaiei buruzko foroez gain, kideen arteko harreman pertsonala sustatzea bideraturik dauden bakar batzuk ere topa ditzakegu komunitate birtual honetan, jokoei nahiz elkar ezagutzeko zitei eskainitakoak kasu. Bestalde, kideek igorritako galderak, erantzunak, iritziak eta gainerako iruzkinak modu erraz eta oso erabilgarrian antolaturik daude foro hauetan. Elkarrizketatuak azaldu digunez, "bakoitzak bere esperientzia kontatu eta horren araberako proposamen eta gomendioak ematen ditu, eta hori oso lagungarria da gainerakoentzat". Izan ere, horri esker, erabaki jakin bat hartzean oinarri sendoagoa izango dute komunitateko kideek. Guztiek interes berdina daukate, eta iritzi oro da mesedegarria. Eta hala behar du izan, zeren eta komunitate birtualak jarraikortasuna izango du, baldin eta bera osatzen duten kideek bertan parte hartzeak onurarik dakarrela ikusten badute.
Azkenik, KickAS-eko kide izateak laguntzarik eskaini ote dion galdetu diogu elkarrizketatuari, eta berak baietz erantzun digu. "Gaixo kronikoa eguneko 24 orduak bere burua gestionatzen egon behar da, eta komunitate honek horretarako tresnak ematen dizkizu. KickAS nire mediku bilakatu da". Ikus dezakezuen bezala, beraz, eta bakoitzaren interesak kontuan izanik, komunitate birtual bateko kide izateak abantaila garrantzitsuak izan ditzake

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan