«Botere judiziala gobernuaren eskura pasatzen ari da, Francoren garai an bezala»
Espainiako Gobernuaren presidente Jose Maria Aznarrek helegite bat aurkeztu Auzitegi Konstituzionalean Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen aurka? Zein da zure balorazioa?
Berriro ere, argi gelditu da zein den PPren eta Aznarren gobernuaren jokabidea. EAEko hauteskundeak irabazi eta Eusko Legebiltzarrean lanean hasi ginela urte bat bete ondoren, PPren eguneroko erronka Jaurlaritzaren zeregina oztopatzea da oraindik ere, herri honen gobernuaren lana Auzitegi Konstituzionalen aurrean zalantzan jarri behar badu ere. Ohituta gaude. Azken helegite hau Eusko Jaurlaritzari ahalik eta oztopo gehien jartzearen politika barruan kokatu behar da. PPk badaki aurrekontuak EAEko eta gure politikaren oinarria direla, PPk gure herria egoera zailean iraunarazi nahi du. Helegite hau elkarbizitza oztopatzeko aurkeztua da, egoera baketsu posible baterako bideak mozteko. Helegiteak sumina sortarazten du, komunikabideen baitan tentsioa eragiten du eta politikan dagoen soka tirabiratsua areago tenkatzen du.
Bestalde, zer balorazio egiten duzu Alderdien Legeaz?
Itxura batez, Batasunaren ilegalizazioa gauzatzeko egina bada ere, lege proiektuak Alderdien Legea aldatzea du helburu nagusia. EAri lege berria oso arriskutsua iruditzen zaio, era faltsu batean gauzatzen ari dena. Hau da, lege horren kontra egiten baduzu Batasunaren alde zaudela dirudi, mamu horiek sortzen ari dira Madrildik. Legearen alde baldin bazaude, demokraziako partaide zara eta libre, nonbait. Legea oso arriskutsua da demokraziaren baloreen aurka baitoa zuzen-zuzen. Orain, alderdi bat legez kanpo uzteko asmoz egina bada ere, legeak aldebakarreko interpretazioa izan dezake. Lege hori horrela irakurrita, seguritate juridiko eza ekarriko du. Demokraziaren baloreetatik ikusita oso arriskutsua da, gainera, eta ez du ezertxo ere konpontzen.
Normalizazio politikoa lortzetik urrun gaude, beraz?
Bai, baina kontua ez da Batasuna bai edo ez. Balore demokratikoen aurka doan lege bat bezala ikusi behar da. Ez du ezer konponduko, aitzitik, are gehiago zailduko du egoera politikoa eta herri honen normalizazioa lortzetik urrunduko gaitu. Iragan garaietara itzultzen ari gara. Botere judiziala gobernuaren esku pasatzen ari da, Francoren garaian bezala. Bere gehiengo osoaren bidez izugarriak egiten ari da PP eta inboluzio politikoa ekar dezake. Halaber, ezin dugu Batasunak jokatzen duen biktimaren rolean erori eta haien jarreraren aurka ezin ezer esan
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.