10.133 milioi euro bildu ziren 2000. urtean
Hegoaldeko lau diputazioetako ogasunek 10.133 milioi euro kobratu zituzten guztira 2000 urtean; horietatik 8.042 milioi euro EAEko ogasunek eta gainerako 2.091 milioi euro Nafarroakoak. Horrek %9,40ko igoera errepresentatzen du EAEko ogasunentzat eta %9,77koa Nafarroakoarentzat. Oraindik 2001eko datu ofizialik ez badugu ere, jakin da EAEn 2001ean kobratutako zergak %2,7 hazi zirela eta 8.257 milioi euro iritsi zirela.
Diputazioetako ogasunek kobratutako zergetatik, BEZa izan zen diru gehien bildu ziena. EAEko ogasunen kasuan, 2.791,38 milioi euro kobratu zituzten zerga horrengatik; horrek %11,51ko gehitzea errepresentatu zuen 1999koaren aldean. BEZagatik kobratutakoa diputazioetako ogasunek 2000n kobratutako guztiaren %34,72 izan zen, eta haren pisua 0,64 puntu gehitu zen aurreko urte fiskalaren aldean. Nafarroaren kasuan, hango ogasunak 691,80 milioi euro kobratu zituen BEZagatik, eta zergen bidez kobratutako guztiaren %33,08 errepresentatu zuen. Aurreko urtearen aldean, %0,35 bakarrik gehitu zen, eta zerga horretan iruzurra gehitu egin dela adieraz lezake horrek. BEZa 1999an kobrantzaren %36,18 errepresentatzetik 2000an %33,08 hori errepresentatzera pasatu da; beraz, 3,1 puntuko gutxitzea izan du.
Diru gehien biltzen duen bigarren zerga PFEZ da. EAEko ogasunen kasuan, 2.540,42 milioi euro kobratu zituzten zerga horren bidez; hau da, %3,02ko igoera izan zuen. Zerga horrek kobrantza guztiaren %31,60 errepresentatu du, aurreko urte fiskalekoa baino 1,97 puntu gutxiago. Nafarroaren kasuan, PFEZren bideak 633,11 milioi euro ekarri zizkion; hau da, kobrantza guztiaren %30,3.
Sozietateen zergak 925,24 milioi euro ekarri zizkien EAEko ogasunen kutxei; hau da, %9,30eko igoera izan zuen 1999koaren aldean. Zerga horrek %11,26 errepresentatzen du 2000ko kobrantza guztiaren aldean; hau da, 1999an baino 0,02 puntu gutxiago. Nafarroaren kasuan, zerga horrek 299,34 milioi euro ekarri zizkion, eta denetan gehien hazi zena izan zen. Izan ere, %26,92 hazi zen, 1999an kobratutako guztiaren %12,38 izatetik 2000n %14,31 izatera pasatu baitzen.
Zerga horien garrantziaren ordena ez da aldatu aurreko urte fiskalaren aldean, nahiz eta, ELAren txostenak dioenez, bi joera ikusten diren: zuzeneko zergak gutxitzea batetik eta zeharkako zergak gehitzea bestetik. Lehenbiziko kasuan, sistema fiskalaren birbanatzeko gaitasuna gutxitzea dakar, zuzeneko zergak progresiboak baitira. Bigarren kasuan, herritar guztientzat ehuneko berekoa denez gero, zeharkako zergak kopuru berean ordaindu behar dituzte hala errenta handiko pertsonek nola errenta txikiak dituztenek
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.