Euskal Herriak badu maite dudan txoko ugari, bereziki nire txikitako Urbia, baina Baiona da zeharo maitemindu ninduen hiria. Ezin esan berak aintzakotzat hartzen nauenik, horretarako miresle gehiegi baititu erromatarren garaiko eta Erdi Aroko arrasto biziak bere baitan gordetzen dituen, bestalde, hiri guztiz moderno horrek. Baina beti dago prest bere erakargarritasun berezienak nire aurrean agertzeko, eta ni pozik horrekin. Zerk maitemindu ninduen hartaz? Arrazoi franko ditut, baina bat baino ez dut azalduko: sari gisa lortu nuen hura ezagutzea. Eta Aturri eta Errobi ibaien babesean hazi den Lapurdiko hiriburuan sartzera gindoazela iragartzen zuten Erdi Aroko katedral lerdenaren dorre lirainak urrutitik ikusi bezain laster, ernatu zitzaidan maitemina.
Hamalauren bat urte izango nituen. Moja ikastetxe batera nindoan, eta hartan, urtero eta derrigor, Domund delakoarentzat diru bilketa egin beharra zegoen, ume fedegabeak kristauen zerura joan ahal izateko-edo. Mundu honetan ere, miseriarik ez omen zitzaien falta gaineraà Makina bat bazterretan egongo zen horrelakorik, baina txinatar txikien salbazioa uzten zuten bereziki gure esku, apika Eliza katolikoa oso Maozalea ez zelako. Etxean egin behar zen lehenengo diru eskea, eta handik zetorren «borondatea» nahikoa izaten ez zenez, itsulapiko batez armaturik kalean diru eske ibiltzea zegokigun gero, urrutiko haur haien egoera larriak nahikoa hunkitu gintuelako ez bazen, diru gehien biltzen zuen ikasgela ibilaldi bat egitera eramaten zutelako.
Ohiz, ikasle zaharrenek irabazten zuten lehia; etxe aberatseko bat ikasgelan izateak ere laguntzen zien, jakina. Baina urte hartan, Baionara joatea zegoen aurreikusia. Hura zen hura! Muga zeharkatu ahal izana, ikurriña nonahi ikusi ahal izana, eta hainbeste miresten genituen errefuxiatu misteriotsu haiek bizi ziren tokira iritsi ahal izanaà! Gehiegitxo, gu ibilaldirik gabe gelditu behar izateko. Taldetxo bat hitz hartu ginen: goizeko ordu txikietatik gau iluneraino Donostia osoa goitik behera kurritu behar bagenuen ere, itsulapikoak bete eta irabazle suertatuko ginen. Eta hala egin ereà!
KOLORE MIRAGARRIZ JANTZITAKO BIDEA
Jada Homeroren «Ulises»ek ohartarazten zigun helburura iristea bezain garrantzitsua dela hartaraino egiten duzun bidaia. Bederen niretzat horrelaxe izan zen: Irungo zubirainokoa, lagunekin hizketan eta «Vamos a contar mentiras» kantatzen emango nuen, baina zibilek, poliziek eta jendarmeek osatutako mugara iristearekin, dena aldatu zen. Gu autobus barruan utzi eta paperena egitera eta denon dirua aldatzera jaitsi ziren mojak. Eta orduan, metrailetadun haietako bat autobusera igo zen eta mutur okerrez guri begira gelditu. Beldurraren ukitua nabarmendu genuen: ene, iheslaritzat hartu al gintuzten?
Berehala itzuli ziren mojak, ordea, eta metrailetaduna etorritako lekutik joan zen, baina guretzat une ahaztezina izan zen hura. Handik gutxira, askatasunaren lurraldean ginen. Han, mugaz bestaldekoei debekaturik zitzaizkigun gauza andana bat egitea zegoen: egia zioten liburu eta aldizkariak erosi, filma arriskutsuak ikusi, denetarik!
Leku askotatik joan ahal daiteke Baionara, eta guztiak gomendatzen dizkizuet, bat ez ezik: autopista. Garestia izateaz gainera, azkarregi iritsiko zarete. Asti pixka bat izanez gero, beste edozein errepide aukeratu, eta urtearen edozein garaitan urdin, zuri, berde, urre, gris ilun edota zer dakit nik zenbat kolore ederrez blaitzeko aukera paregabea izango duzue, herri zoragarri, gaztelu dotore eta etxe politekin begiak gozatzeaz gainera.
JUNOREN TENPLUA EGONDAKO LEKUAN
Hura amorrazioa, gurea! Kaleetatik ibiltzeari ekin genion berriro. Sabel hutsarekin, ordea, xarmaren erdia galdurik zuten haiek ereà Baina hauetan, arkuz beteriko kale polit bat agertu zen gure aurrean: Port-Neuf, txokolaterien erresuma! Eta a zer txokolate jatea gurea! Nola ez dut, bada, nik Baiona maitatuko? Bilatuz gero, dena aurki daiteke bertan!
![]() |
|
||||
1853 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa