Eliza barruan babestuta. Hala izaten dira gehienetan organoak, pareta handien arteko hutsunea soinuz betetzeko gai diren musika tresnak.
Lehenengo tresnak.
Lekeitioko elizan dago Euskal Herriko organo erromantikorik zaharrena. 1856. urtean eraiki zuten. Tamainu ertainekoa da eta bi teklatu ditu. Harrezkero, pixkanaka hedatuz joan ziren mota honetako tresnak. Esanguratsuenen artean daude Donostiako Santa Maria eta San Bizente elizetakoak, Loiolako basilikan dagoena, Azkoitikoa, Tolosakoa eta Bergarakoa...
Gipuzkoan daude organo erromantiko garrantzitsuenak, baina Hego Euskal Herriko beste lurraldeetan ere badaude onak. Horren lekuko, Portugalete, Lekeitio edota Berako organoak.
Gainera, Hego Euskal Herrian dauden organo erromantiko hauek, badaukate beste bereizgarri bat, Europan geratzen direnekin alderatuz. 1940. urtetik aurrera, organo hauek zahartzat jotzen hasi ziren Europan eta neoklasikoak sortu zituzten. Toki askotan, erromantikoak eraldatu egin zituzten garai berrietara egokitzeko eta jatorrizko euren izaera galdu egin zuten. Hemen ez zen, ordea, horrelakorik gertatu. Hasierako egiturarekin mantentzen dira eta gainera, egoera onean.
Horregatik, sarritan atzerriko musikagile asko etortzen dira hemengo elizetara, diskoak grabatzera. Organo erromantikoen benetako kutsuarekin irteten omen dira grabazioak.
Lehenengo urteetan, atzerritik etorri ziren organogileak, lehenengo tresnak egitera. Gero, ordea, euskaldunak ere hasi ziren industria honetan muturra sartzen. Azpeitia da horretan nabarmendu zen herria. Organo erromantikoak 1856an hasi baziren, hogeita hamar bat urte beranduago hainbat azpeitiarrek ikasia zuten jada ofizioa. Amezua, Elezgaray eta Olaziregi bezalako organogileek tresna asko eta onak egin zituzten. Organería Española S.A. enpresa ere Azpeitian sortu zen. Euskal Herriaz gain, Espainian, Portugalen eta Hego Ameriketan ere organo erromantiko ugari eraiki zieten enpresa hauek.
Organo erromantikoaren garaia igaro zenean, lantegi hauek garai berrietara egokitu ziren eta organo neoklasikoak egiteari ekin zieten. Gaur egun oraindik, haietako batzuek jarraitzen dute lanean.
Askori zaila gerta dakioke Euskal Herria bezalako lurralde txiki batean hainbeste organo erromantiko nola egon daitekeen ulertzea. Hori azaltzeari eskaintzen dio Esteban Elizondok bere tesiaren zati handi bat. Garai bateko artxiboetan buru-belarri ibili da, kontratuak ikusi, ordaintzen zutenak nortzuk ziren jakin eta lanak nola egin ziren ikertzeko. Garai honetako organoa hainbeste zabaltzearen arrazoia, bere esanetan, pertsona jakin batzuren diru emaitza izan zen. Bergaran esaterako, emakume batek ordaindu omen zuen organoa. Loiolako basilikan jesuita batek bere testamentua utzi omen zuen organoa egiteko eta Tolosan berriz, herritarrek emandako diruarekin eraiki zuten. Kasu batzuetan, Foru Aldundiak eta udalek ere eman omen zuten laguntza
Donostiako Santa Maria elizan dago organo erromantiko garrantzitsuenetariko bat. Esteban Elizondo harengandik gertu jaio zen, Donostiako alde zaharrean. Organo baten tekladu gainean hatzak lehen aldiz jarri aurretik, ordea, musika munduan beste urrats batzuk egin zituen. Piano ikasketak amaitzen ari zela animatu zuen Garbizu bere irakasleak, organoa jotzen hasteko. Harrezkero ordu asko sartu ditu eskuak tekla zuri-beltzen gainean eta oinak egurrezko pedaletan jarrita.
Vienan hiru urtez izan zen piano ikasketak egiten eta Donostiako Kontserbatorioko zuzendari ere izana da. Gipuzkoan dagoen organo irakasle bakarra da. Horrek, nolabaiteko ardura sentiarazten dio eta lan ugari ari da egiten, hemengo organoak ezagutzera emanez, konponketa behar dutenak konpontzeko bultza eginez...
Gainera, berak dioenez, tresnaz gain, euskal obra ugari dago organorako idatzita eta horietako asko erabat ezezagunak dira. Aurten esaterako, Jesus Guridi musikagilearen obra oso bat eskainiko omen du Alemanian. Berak dioenez, txundituta geratzen dira atzerrian horrelako lanarekin eta partiturak eskatzen omen dizkiote.
Halabeharrez hasi omen zen tesi hau egiten baina bost urteko ikerketaren ostean, lan mardula aurkeztu du.
Argitaratu aurretik, Alemania, Frantzia, Danimarka eta Belgikatik eskatu dizkiote jada kopia bana. Azkoitiko koruan aurkeztu zuen bere tesia iragan otsailean, Kataluniako unibertsitateko epaimahaia aurrean zuela. Bikaintzat jo zuten lana eta Cum Laude onespena ere eman zioten
Santa Maria elizakoa (Donostia): 3 teklatuko organoa, Cavaillé Coll frantziarrak egindakoa.
Loiolako basilikakoa: 3 teklatuko organoa, Cavaillé Coll frantziarrak egindakoa.
Azpeitiako parrokiakoa: 3 teklatuko organoa, Cavaillé Coll frantziarrak egindakoa.
Tolosako parrokiakoa: 3 teklatuko organoa, Stoltz frantziarrak egindakoa.
Bergarako parrokiakoa: 3 teklatuko organoa, Stoltz frantziarrak egindakoa.
San Bizente elizakoa (Donostia): 3 teklatuko organoa, Cavaillé Coll frantziarrak beste batzurekin egindakoa.
Lekeitioko parrokiakoa: Tamainuz ertaina eta Euskal Herriko lehen organo erromantikoa
![]() |
|
||||
1853 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa