Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-05-05 -- 1852.zenb

NEGURIKOEK BOTEREA GALTZEA EKARRI DU LISKARRAK

Daniel Udalaitz

Banco Bilbao (BB) eta Banco Vizcaya (BV) bankuak, ehun urtetik gorako historia izan eta gero, BBV bankuan elkartu ziren lehenik, eta Argentariarekin azkenik, BBVA bankuan bat eginda. Neguriko oligarkia finantzarioko familien arteko borroka fratizidak, ordea, beren bankuaren gaineko kontrola eta orain arte zeuzkaten pribilegioak kolpe batez suntsitzea lortu du. Neguriko oligarkiako familia haiek (Ybarra, Churruca, Zubiria, Ampuero, Lezama Leguizamon, Muguruza, Aresti, Liperheide, Vilariño, Icaza Zabalburu, Aguirre Alonso, Collar, Urrutia eta abar), asko eta asko BB edo BV bankuak betidanik kontrolatu izan zituzten guraso eta aiton-amonen ondorengoak, eta gero BBV eta azkenik BBVA kontrolatu zutenak, barne borroka askotako protagonista izan dira, halako punturaino non gaur egun ia erabat galdu baitituzte kontrola eta pribilegioak betidanik haiena izan zen bankuaren gainean: Neguriko oligarkia finantzarioaren bankua edo bankuak. BBVA, gaur egun, Ratoren eta Aznarren adiskideek eta BB, BV edo BBV izandakoen sustraiekin batere zerikusirik ez duten enpresaburuen talde batek kontrolatzen dute.

BBVAk paradisu fiskaletan zeuzkan kontu sekretuen eskandalua plazaratu eta gero, Neguriko familia horietako gehienek utzi egin diote administrazioko kontseiluko kide izateari. Eta, hain zuzen ere, eskandalu hori iritzi publikora azaldu bada, Neguriko BBko eta BVko familien arteko gatazka fratizida horrengatik izan da, lehenbizikoz BBVn bat egin zutenetik datorren zauria baita, inoiz ondo osatua gelditu ez zena. Ybarrak, Uriartek, Gonzálezek eta Espainiako Bankuak beren artean zeukaten isiltasunezko ituna beretakoren batek hautsi zuen, Neguriko horietakoren batek. Ondoren, Neguritik lehen filtrazioa gertatu eta gero, beste batzuk atera ziren botere politiko eta ekonomikoaren orbitatik, Espainiako Bankutik bertatik eta Francisco González BBVAko egungo presidente bakarraren ingurunetik bertatik. Eta, orain, eskandalu hori dela medio, Audientzia Nazionalean desfilatu beharko dute, Garzón epailearen aurrean, Neguriko familia handi horietako askok. Ustez bidegabeki beretzeaz, iruzur egiteaz eta dokumentuak faltsutzeaz akusa ditzakete, bai eta ustezko delitu fiskalaz ere.
Ez hori bakarrik. Gainera, beren bankuaren gaineko kontrola eta pribilegioak galduko dituzte, BBVAko administrazioko kontseiluko kide izateari uzten ari baitzaie. Aski da aditzera ematea, azken hamar urte hauetan, dieta eta soldata hutsean, bankuko eta haren enpresetakoren bateko kontseilari izateagatik, litekeena dela Neguriko kontseilari bakoitzak sei milioi euro inguru kobratu izana. Luxuzko pentsio planez eta bestelako prebendez gozatzeaz gain! Eta hori hilean behin bankuko eta haren enpresa partizipatuetako bakoitzeko administrazioko kontseilura joate hutsagatik.


643.000 EUROTIK GORA BAKOITZAK.

BBVAk paradisu fiskaletan zeuzkan kontu sekretuak ezagutzera emandakoan sortu den eskandaluak jakiteko bidea eman du, besteak beste, zenbatekoak ziren BBVko nahiz BBVAko kontseilarien ordainsari galantak eta haien pentsio fondoetara eta aseguruetara esleitutako dirutzak, bai eta zenbatekoak ziren ere lehengo BBVko kontseilarien pentsio-fondoak, Jersey uharteko paradisu fiskalaren bitartez kontu sekretu batean ezarriak. Orain arte bankua kontrolatzen zutenen pribilegioen parte bat dira. Dieta eta soldata moduan, 643.000 eurotik gora kobratu zituen 2001. urtean BBVAko 32 kontseilarietako bakoitzak. Haien lana: bankuko administrazioko kontseilura joatea hilean behin, edo, orobat dena, urtean hamabitan. Gainera, urte horretan bertan, BBVAk beste 8,73 milioi euro esleitu zituen kontseilari horien berorien pentsio fondo eta aseguruetarako. Hori da, behintzat, orain bat egindako bi banku horien memorietatik ondorioztatzen dena.

1998an, Argentariako 13 kontseilariek, dieta eta soldata moduan, 2,86 milioi euroko ordainsari globala jasotzen zuen; hortaz, kontseilari bakoitzaren urteko batez besteko ordainsaria 220.271 eurokoa zen. Haien pentsio fondo eta aseguruetarako, beste 1,32 milioi euro esleitu zituzten. BBVko 20 kontseilariek, 1998. urte horretan berean, soldaten eta estatutuetako atentzioen kontzeptuan, 9,87 milioi euro jaso zituzten guztira. Hortaz, kontseilari bakoitzaren batez besteko ordainsaria 493.431 eurokoa izan zen. Haien pentsio fondo eta aseguruetarako, beste 9,18 milioi euro esleitu zituzten.
1999. urtean, Argentariako 13 kontseilariek 3,50 milioi euro jaso zituzten guztira. Hortaz, urteko ordainsari batez bestekoa 270.455 eurokoa izan zen. Haien pentsio fondo eta aseguruetarako, beste 2 milioi euro esleitu zituzten. BBVko 20 kontseilariek 10,12 milioi euroko ordainsari globala jaso zuten. Hortaz, urteko ordainsari batez bestekoa 505.451 eurokoa izan zen. Haien pentsio fondo eta aseguruetarako, beste 11,92 milioi euro esleitu zituzten.
2000. urtean, BBVAko 33 kontseilariek, dieta eta soldata moduan, 15,47 milioi euro jaso zituzten guztira. Hortaz, kontseilari bakoitzaren urteko ordainsari batez bestekoa 468.789 eurokoa izan zen. Haien pentsio fondo eta aseguruetarako, beste 19,20 milioi euro esleitu zituzten.
Azkenik, 2001. urtean, BBVAko 32 kontseilariek 20,66 milioi euroko ordainsaria jaso zuten orotara. Hortaz, kontseilari bakoitzaren urteko ordainsari batez bestekoa 643.083 eurokoa izan zen. Pentsio fondo eta aseguruengatik, beste 8,73 milioi euro jaso zituzten guztira.
BBVAko kontseilari horietako asko, orain beste exekutibo batzuekin batera espedientatu dituztenak, gainera, BBVAk partizipatutako beste enpresa garrantzitsu batzuetako administrazioko kontseiluetako kide izan dira. Beraz, hortik ere milioi askoko ordainsariak jaso dituzte. Kasu batzuetan, litekeena da urtean 180.304-300.506 euroko batez bestekoa iritsi izana postu horietako bakoitzeko. Horrela, Emilio Ybarra orobat zen administrazioko kontseiluetako kidea beste enpresa hauetan: Repsol -orain dimititu du-, Corporación Financiera, Tubos Reunidos eta Grupo Correo-Prensa Española. Juan Urrutia, gainera, Corporación Financiera-ko kidea da. Luis Lezama Leguizamón halaber Metrovacesa eta Recoletos enpresetako kidea da. Juan Entrecanales kontseilaria berebat da Corporación Financiera, Acciona eta Grupo Correo-Prensa Española enpresetako kidea. Ramón de Icaza halaber da Participación Industrial 2000 enpresako presidenteordea.
Era berean, José Angel Sánchez Asiáin orobat da Instituto Valenciano de Investigaciones Económicas erakundeko kidea. Eduardo Aguirre berebat da BBVA-Privanza, Axa Aurora Ibérica eta Berge y Cia entitateetako presidentea. Luis Maria Ybarra halaber da Corporación Financiera eta Grupo Correo-Prensa Española korporazioetako kidea. José Luis Segimon orobat da Corporación Financiera eta Financiera Gran Vía korporazioetako ahalduna. Javier Aresti berebat da Iberdrolako kidea. José María Concejo, kontseiluko idazkari ohia, NH Hoteles kateko kidea ere bada. Plácido Arango halaber da Corporación Financiera entitateko kidea. José Lladó berebat da Técnicas Reunidas enpresako presidentea, bai eta Sevillana de Electricidad eta Acerinox enpresetako kidea ere. Oscar Fanjul berebat da Acerinox, Técnicas Reunidas eta Gas Natural enpresetako kidea. José Domingo Ampuero orobat zen Iberdrolako presidenteordea (orain dimititu du)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan