ERRUA ETA MAITASUNA
Markos Zapiain
ELKAR
182 orrialde
14,5 euro
MARKOS ZAPIAIN KRITIKARIAREN LANAK
Markos Zapiain literaturako kritikariak Elkar argitaletxearen eskutik plazaratu duen «Errua eta maitasuna» liburuak, egile honek egindako hogeita hemezortzi idazlanen inguruko iruzkinak jasotzen ditu. Liburuez aritzeko orduan, haiek epaitzea baino haietatik zer edo zer ateratzea lehenesten duen Markos Zapiainek, batik bat Lorea Agirre, Joxe Azurmendi, Joxe Iriarte «Bikila», Itxaro Borda, Koldo Izagirre, Ramon Saizarbitoria, Edorta Jimenez, Xabier Mendiguren Elizegi, Xabier Montoia, Jabier Muguruza, Jose Luis Otamendi, Ibon Uribarri, Txiliku, Txillardegi, J. E. Urrutia Capeau eta Juan Luis Zabalaren hainbat idazlanek berari zer esan dioten adierazten du iruzkin hauetako batzuetan, nahiz alditan Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionandiaren beste lan batzuk iradokia ere agertu. Eta horiez gain, Seneka, Platon, Nietzsche, Balzac, Freud, Erich Fromm, Patricia Highsmith, Joyce, Chordelos de Laclos, Leibniz, Ford Madox Ford, Raimond Quenau, Xavier Rubert de Ventós, Rousseau, Saramago, Spinoza, Ludwig Wittgenstein, Virginia Woolf eta Stefan Zweig bezalakoen lan euskaratuak aditzera eman diotena azaltzen du.
HERRI BAT, ZORTZI BEGIRADA
Batzuen artean
GATUZAIN
250 orrialde
23 euro
ZORTZI ARGAZKILARIEN IRUDI ADIERAZLEAK
Gatuzain argitaletxeak plazaratu duen «Herri bat, zortzi begirada» liburu ederrean, zortzi argazkilariren begi eta kameren bitartez Euskal Herriaren historia garaikidea ikusteko moldea azaltzen da. Christian Borderie, Jagoba Manterola, Angela Mejias, Daniel Velez, Marisol Ramirez, Mixel Dhers, Antonio Di Bellonio eta Bob Edme ditugu aipatu argazkilari horiek, eta azken 30-40 urteotan gure herriak bizi ahal izan dituen une zoriontsu eta itxaropentsuak, zein aldi berean jaso behar izan dituen gertaera tamalgarrien islak eskaintzen dituzte. Betirako joan zaizkigunen oroimena, presoen aldeko mobilizazioak, arrantzale, laborari eta bestelako langileen protestaldiak, Herri Urrats, Korrika, maskaradak, gas lakrimogenoaren dantza eta abar luze bat.
MIRADAS DE MUJER.
EMAKUME BEGIRADAK
Batzuen artean ALTAFFAYLLA
140 orrialde
10 euro
MARIA DE MAEZTU SARIKETAKO IRABAZLEAK
Altaffaylla kultur taldeak, Lizarrako Udaleko Emakumearen Batzordearen laguntzaz kaleratu du «Miradas de mujer. Emakume begiradak», 1996 urtetik 2001 bitartean Maria de Maeztu narratiba lehiaketako ipuin saridunak jasotzen dituen liburua. Maite Undianoren «Marilin eta Lorea», Amaia Elosegiren «Zain», Lierni Azkargortaren «Argi-itzalak», Myrian Munarrizen «Alas en el corazón», Cristina Bordonabaren «Cartas a la esperanza», Sagrario Resanoren «Nunca hay mal que por bien no venga», María Sagrario Muguetaren «Ama», Ibis Sepúlvedaren «Una lluvia de estrellas», María José Alvarezen «La sospecha» eta Mª Cristina Fructuosoren «Retrato de María de Maeztu».
Y MARIA, TRES VECES AMAPOLA, MARIA.../
BILBAO. LAUAXETA, TIROS Y BESOS
Maite Agirre
ARTEZBLAI
80 orrialde
9 euro
MAITE AGIRREREN BI ANTZERKI LAN
Elorrio Artez Blai kultur elkarteak, bere bigarren argitalpen honetan, Maite Agirreren bi antzerki lan eskaintzen ditu. Jadanik antzeztua izan da lehena, «Y María, tres veces amapola, María... (Pasión y exilio de María de la O Lejárraga)» deritzana, non 1874an Errioxan jaiotako emakume horren bizitzako alderik txundigarriena jasotzen den. Izan ere, María de la O Lejárraga, pedagogo eta Espainiako II. Errepublikako diputatu izateaz gain, ospetsu egin ziren antzerki lan ugariren egilea izan zen, baina ia inork ez zuen ezagutu horregatik, bere lan guztiak senarraren izen eta abizenez plazaratzen zirelako. «Bilbao: Lauaxeta, tiros y besos» lanak, berriz, 1936ko gerra garaian kokaturiko amodio istorio bat kontatzen du, eta lehen aldiz irakurri ahal izango da.
LAPURDUM VI
Batzuen artean
CENTRE DE RECHERCHES
IKER
461 orrialde
23 euro
LAPURDUM, EUSKAL IKERKETEN ALDIZKARIA
Baiona hiriaren izen zaharra izenburutzat daukan urtekari hau, euskara zein euskarazko testuak aztergai dituen Iker zentruak kaleratzen du, Baionako Unibertsitatearteko Euskal Ikerketen Saila lagun. Euskal eremuaz ardura diren unibertsitateko ikerleen lanak biltzen ditu aldizkariak, eta hamasei dira «Lapurdum»en azken zenbaki potolo honek jasotzen dituenak (horietarik zazpi euskaraz). Bertan aurkituko dituzue, besteak beste, zenbait autore klasikori buruzko azterketak, Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionaindiaren inguruko lanak, Euskararen estatusa eta bilakaera XVII. eta XVIII. mendeetan, Katolikotasuna eta euskal nortasunaren eratzea ikergai duen lana, «Hatsarreak eta parametroak lantzen» lanaren oinarriak, eta abar.
LA ABADESA. MARIA, LA EXCELENTA
Toti Martínez de Lezea
MAEVA
223 orrialde
17,15 euro
ERREGE KATOLIKOAREN SASIKO ALABA
Historian oinarritutako eleberriak idazteagatik hain ospetsu egin den Toti Martínez de Lezea idazlearen «La abadesa. María, la Excelenta» nobelak XV.-XVI. mendeetara eramaten gaitu. 1476ko udan, Gaztelako Isabel erreginaren senarra zen Aragoiko Fernando Bizkaira etorri zen Foruen zina egitera. Gertaera horrek ondorio tamalgarriak erakarriko zituen bertako askorentzat, haien artean haurdun utzi zuen hamabost urteko neska euskaldun batentzat, Larreako Todaren familiak, bere komenentziko arrazoiengatik, errege «Katoliko» horren ohea berotzera bidali baitzuen gaztea. Handik hilabete batzuetara, neskato bat izan zuen, hain zuzen ere urte batzuk geroago moja komentu bateko abadesa izango zen Maria Esperanza.
ZAPE, KATU JAUNA
Xabier Diaz Esarte
EREIN
60 orrialde
6,55 euro
HAURRAK ANTZEZTEKO LAN APROPOSA
Xabier Diaz Esartek zortzi urtetik aurrera neska-mutikoentzat idatzi duen lan honen izen zehatza «Zape, Katu Jauna. Katu Jaun Txit Gorenaren zorionak eta zoritxarrak» da. Euskal haur-literaturan antzerkigintzarik ez dela lantzen ohartuta idatzi du Xabier Diaz de Esartek animalia-istorio hau, non katu eta saguen pasadizoak agertzen dituen, «Estaba el señor Don Gato/ en silla de oro sentado...» haur-kanta abiapuntu harturik. Dena den, beste motako erreferentziak ere erabili ditu egileak gidoi hau egiteko orduan, hala nola Tom & Jerri eta Perez saguaren irudia. Testuaren zati asko bertsotan idatzita daude. Kantariek behin eta berriz errepikatzen dute melodia berbera eta antzerkiaren erritmoa kantarien eta narratzailearen menpe dago.
KUTXA BELTZA
-Gailu
METAK
5 kanta + 5 bideo
9,5 euro
PIL-PIL SESSIONS SAILEKO LEHENA
Metak diskoetxeak, pop, downtempo, rock, hip hop, jazz eta dub soinu hauekin ematen dio hasera artista ezberdinen arteko elkarkidetza eta bitxikeriak azalduko dituen Pil-Pil Sessions sail berriari, Mikel Abrego eta Luis Andrèren artean landutako «Kutxa beltza» aurkeztuz. 1997an, Bilbo hiriko trafikoaren kudeaketarako jarritako kamera sareaz baliatu zen Luis Andrè /bideolan bat osatzeko, eta Mikel Abregok musika jarri zien irudi haiei. Orain, soinu banda hura birmoldatu egin dute, Anari, Zaloa Urain, Eneko Abrego, Drake, Jomes, Pavi P3Z, Makala, DZ eta beste askoren laguntzaz, eta honoko bost kantu eta bakoitzaren bideo klipa eskaintzen dituzte: «Arimak lapurtuz bezala», «Hotzak esnatu naiz», «Ezin», «Kontrolari kontrola» eta «Gauez ihesi».