Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-05-05 -- 1852.zenb

Jon Gurrutxaga

Betidanik single-a izan da, normalean abesti batez osatutako diskoa, diskoetxeek musika banden lan berriak promozionatzeko bide nagusia. Kanta berdina irrati guztietara bidaltzen dute eta modu horretan denek abesti berdinarekin lan egiten dute. Hortaz, jendeak lehen notak entzun orduko badaki zein talde eta zein abesti entzuten ari den. Taldeak ezagutarazteko bide moduan, batez ere, 80ko hamarkadan hasi ziren bideoklipak egiten. Gaur egun, Euskal Herrian diskoetxe eta banda gutxi ausartzen dira promozio bide hori jorratzen. Sortzaileak ere, bideoklip egileak, urriak dira eta normalean ez dira lan horretara zehazki dedikatzen. Horixe da, hain zuzen ere, Iñaki Beraetxe eta Iñigo Kintana edota Asier Altuna eta Telmo Esnalen kasua. Beraetxek eta Kintanak hobby bezala dute bideoklipak egitearena. Orain arte zenbait labur egin dute, eta sariak jaso dituzte gainera. Dokumental txiki bat ere egin dute. Bestalde, oraingoz bideoklip bakarra egin dute, berriki gainera. Sen taldearen «Metropolian» abestiarena. Asier Altuna eta Telmo Esnalen kasua ere antzerakoa da. Asier Altuna ETBko «Sorginen Laratza» programako errealizadorea da eta azkeneko Korrikarako abestiaren bideoklipa egin zuen Telmo Esnalekin batera. Kantak «Big Beñat» zuen izena eta Fermin Muguruzak abestu zuen. Hasiera bateko asmoa telebistarako Korrikaren bideo promozional bat egitea zen. Azkenean bideoklipa ere argitaratu zen.


Bideoklip Gutxi Euskaraz.

Zarama taldearen garaitik egin izan dira bideoklipak Euskal Herrian. Oso gutxi, ordea. Euskaraz abesten dutenen artean Uga, Hemendik At, eta orain Sen edo Baneteuanba dira azken urteotan zerbait argitaratzen ausartu direnak. Bestalde, Asier Altuna bergararrak dioen bezala, talde guztiek dute bideoklip domestiko bat. Izan ere, beti dago mundu hori gustuko duen ezagun edo lagunen bat. Dena dela, euskarazko diskoak argitaratzen dituzten diskoetxeek normalean ez dute taldea promozionatzeko urrats hori ematen. Joseina Etxeberriak, Euskadi Gazteako esatariak eta ETBko Eklipsea programako aurkezleak dioen bezala, «kasik ez baitago horretarako merkaturik». Eklipsean diskoetxeetatik heltzen zaizkien euskal bideoklip guztiak jartzen dituzte. «Herri mailako telebistek ere emititzen dituzte, baina hortik aurrera ez dago beste irtenbiderik», dio Etxeberriak. Hortaz, euskal diskoetxeei ez zaie interesatzen ia diskoak bezain beste kosta diezaiekeen produktu bat ekoiztea. Izan ere, ia ez baitute material hori argitaratu ahal izateko biderik.


Manolo Gil eta Enrique Urdanoz.

Manolo Gil eta Enrique Urdanoz nafarrek aski ongi ezagutzen dute mundu hau. Urdanoz telebista mundutik dator, Manolo Gilek, aldiz, errealizadore lanak bere kasa ikasi zituen. Gilek taberna bat zuen Iruñean eta antolatutako kontzertuak kamera txiki batez grabatzen zituen. Gero zuzeneko haiek tabernan bertan emititzen zituen. Garai hartan Gilek Kortatu eta Barricada bezalako taldeen diskoak diseinatzen zituen. Une hartan ezagutu zuen Urdanoz, berarekin elkartu eta bideoklipak egiten hastea denbora gutxiko kontua izan zen. Dagoeneko hamahiru urte daramatzate mundu honetan murgilduta. Urte horietan guztietan ehun eta hogeita bost bideoklip inguru egin dituzte. Euskal Herriko bandei dagokienez, besteak beste, Kortatu, Barricada, Delirium Tremens, Zarama eta Hertzainak taldeekin lan egin dute. Estatu mailan, aldiz, beste batzuen artean Tam Tam Go eta Rosana izan dituzte bidelagun. Bestalde, Gil eta Urdanoz ez dira estatu mailako artistekin asetu eta nazioarteko musikariekin grabatzeko jauzia ere eman dute. Izan ere, Andrés Calamaro argentinarrarekin eta Compay Segundo kubatarrarekin ere lan egin baitute. Manolo Gil eta Enrique Urdanozek sari dezente irabazi dituzte egindako lanekin. Gasteizko Bideo Musikalen Jaialdian bost sari ihardetsi dituzte, lau Negu Gorriak taldearen abestiekin eta beste bat Cojón Prieto y Los Huajalotes taldearen kanta batekin. Pasa den urtean Grammy Latinoetarako nominatuak izan ziren La Oreja de Van Gogh taldearen «Paris» bideoagatik. Orain gutxi, aldiz, Seguridad Social talde valentziarraren azken diskoko abesti baten bideoa egin dute. Eta orain gau eta egun buru-belarri sartuta daude Bartzelonan bizi den Lucrecia kubatarraren bideo berria egiten. Manolo Gilen ustez, gaur egun duela urte batzuk baino zailtasun gehiago daude bideoklipak ekoizteko. «Merkatua oso dibertsifikatuta dago, hogei mila ale saltzen dituzten musika talde gutxi daude eta kasu horietan izaten da errentagarria bideoklipa», diosku Gilek. Nafarraren esanetan, Euskal Telebistak horrelako lanak ikusteko programa gehiago sortu beharko lituzke. Izan ere, Gilek dionez, hori baita diskoetxeek horrelako lanetan ez inbertitzearen arrazoi nagusia, ez dagoela materiala non argitaratzerik, alegia.


Extremoduro, Fito y Los Fitipaldis...

Zarama taldearen «Bostak bat» bezalako abestiak bideoklipeatuz murgildu zen Mikel Clemente bizkaitarra mundu honetan. Ikasketaz kazetaria da Clemente. Unibertsitatean zegoela Euskal Telebistan hasi zen gidoilari lanetan. Eta bertan eman zituen lehen urratsak editatzen. «Aurrenekoz nuen bideo aparailu bat nire begien aurrean, betacamaren gurpilari eman nion eta aluzinatu egin nuen», dio Clementek. Bilbotarraren esanetan, gaur egun bere lana hiru esparru ezberdinetan banatzen da, guztiak ere ikusentzunezkoak: telebistarako produktuak, bideoklipak eta dokumentalak. Azken alor hau da, hain zuzen ere, gehien atsegin duena. Sari dezente jaso ditu, gainera, egindako lanengatik. Euskal Telebistan, adibidez, «Doctor Livingstone, supongo» programan lan egin zuen. Zinean, ordea, making off deritzonak egiten ditu. Alegia, filmeen errodajeak azaltzen dituzten bideoak egiten ditu. Esparru horretan, kasurako, Ibarretxe anaiekin egin du lan. Eta berak egin zuen Alex de la Iglesiaren «El día de la bestia» filmaren making offa. Hala eta guztiz ere, bideoklipak egitea dibertigarria dela uste du. «Niretzat bideoklipa bizitzeko dirua irabaztearen eta sormenaren artean dago», diosku errealizadore bizkaitarrak. Azken bost hilabeteetan, gainera, gelditu gabe dabil Megavideo, Clementeren lan taldea. Bizkaitar hauek izan dira Kepa Junkeraren «Bok-Spok» kantaren bideoa muntatu dutenak. Orduz geroztik, ekainetik, Extremoduro taldearekin bi lan egin dituzte eta hirugarren bat egitekotan dabiltza; Fito y Los Fitipaldis taldearekin ere bi egin dituzte eta hirugarrena egitera doaz orain; eta horrez gain, Siniestro Total talde galiziarraren kanta batekin ere badihardute. Duela urte batzuk, gainera, SGAEk ematen dituen Premios de la Música saria jaso zuten Extremoduroren «So payaso» kantaren bideoklipagatik. «Ni bideoklipak egiten hasi nintzenean boom bat egon zen, telebista pribatuak sortu ziren eta lan asko argitaratzen zituzten. Baina serioago hasi ginenean merkatuak beherantz jo zuen», esaten du Clementek. Bizkaitarraren esanetan, memento hartan Los Cuarenta Principales-en monopolioa heldu zen. Hortaz, zerrendetan agertzen ziren taldeen lanak soilik argitaratzen ziren. Lan oso gutxi egin zuten garaia izan zen hura. «Eta lan egiten zenuenean, agian, okerrago zen, gero egindako produktua ez baitzen inon ikusten eta diskoetxeek ilusioa galtzen zuten», dio bilbotarrak. Mikel Clementeren ustez, gaur egun egoera aldatzen ari da. DVDa sortu da eta banda asko eta askok bideoak musikarekin batera CDan sartzen ditu. Clementeren iritziz, «modu horretan ziur zaleek bideoa ikusteko parada izango dutela. Lehen, ordea, bideoklipak ikusi gura zituzten eta ezin zuten». Satelite bidezko telebistak ere lagundu dio ikusentzute esparru honi, egun osoan bideoklipak emititzen dituzten kateak baitaude eta herri mailako telebistek ere bultzada eman diote.


Kamera eta editatzeko mahaia.

Bideo kamera eta irudiak muntatzeko mahaia dira bideoklip bat egiteko oinarrizko tresnak. Hortik aurrera diruaren arabera baliabide gehiago erabiltzeko aukera izango du bideo egileak. Manolo Gil eta Enrique Urdanozek bi muturrak ezagutu dituzte: batzuetan baliabide minimoekin egin dute lan; beste batzuetan, aldiz, garabiak eta helikopteroak ere erabili dituzte. Manolo Gil errealizadore nafarraren arabera, hilabete bat da bideoklip bat egiteko eperik egokiena. Eta ekoizpena film txiki baten edo labur baten antzekoa da. Normalean diskoetxearen deia da guztiaren abiapuntua. Musikariek errealizadoreei abestia aurkezten diete eta guztia martxan jartzen da. Manolo Gilen esanetan, musika taldeen %5ak proposatzen du ideiaren bat. Beste guztiek denbora epe batera esku artean proiektu bat edukitzea nahi izaten dute: gidoi bat, story board bat... Klipean zer eta nola kontatuko den adostu eta gero, diskoetxearekin aurrekontuak erabakitzen dira. Errodaje datak zehazten dira, lokalizazioak hautatzen dira, grabatzeko baimenak eskatzen dira, klipean parte hartuko duten aktore edo figuranteekin harremanetan jartzen dira... Gilen arabera, denboraz ibiliz gero, bi edo hiru egun erabiliko lirateke errodajea egiteko eta beste hamabost bat post-produkziorako. Bestalde, nafarrak onartzen du kasu askotan aste batean egin behar izaten dela lan guztia. Prozesu hori guztia aurrera eramateko kamerak eta edizio gelak behar dituztenez, errealizadoreak ikusentzuteko enpresekin edo partikularrekin jartzen dira harremanetan. Enrique Urdanoz eta Manolo Gilen kasuan, Urdanozen enpresa, ITP, arduratzen da baliabide tekniko guztietaz.
Iñaki Beraetxe eta Iñigo Kintanak bezalaxe, Manolo Gilek eta Enrique Urdanozek story board bat egiten dute hasieran. Mikel Clementek, ordea, urrats hori alde batera utzi du eta zuzenean akziora pasatzen da. Clementeren hitzetan, story board-ak, besteak beste, diskoetxea eta taldea zure proiektua ona dela konbentzitzeko balio du. «Story board-a erabilgarria da. Gure kasuan zuzendari laguntzaileak egingo luke lan hori, baina oso ongi konektatzen dugunez albo batera uzten dugu», dio bilbotarrak. Clemente hasieratik taldearekin jartzen da harremanetan, hitz egin, nahi dutena buruan behar bezala irudikatu eta aurrera jotzen du

Pilar Iparragirre

Apika titulu hori ez da gaur egun politikoki oso zuzentzat hartua izango, baina horixe baino ez zen 1972ko maitzaren erdian ZERUKO ARGIAk kaleratutako editorial haren izenburua eta, azken batean, hirugarren adineko, laugarreneko edota adinean sartua izateak gauza bera esan nahi du: jaiotzen den orok duen zoria, baldin eta nahikoa bizitzen bada (bestelakoa okerragoa da, nahiz honi buruz ere egon badauden iritzi kontrajarriak). Dena den, garrantzitsua ez da adin handia izatea lortu duenari deitzen diogun era, nire ustez behintzat, pertsona hori behin zahartzarora iritsiz gero, aurkitzen den egoera baizik. Eta hain zuzen hortaz mintzo zen Z. ARGIAko editorialgilea.


BIHARKOAK GOGOAN

"Afrikako Paul Zoungrana kardenal beltzaren ateraldiak ematen dit izpide", azaltzen zuen ezer baino lehen. Eta zer gauza bitxi esan ote zuen, bada, arazoz gainezka zegoen/dagoen lurralde afrikarreko kardenal beltz horrek? Dirudienez, honako hauxe: "Afrikan ez dago ez eskalerik eta ez etxerik gabeko umezurtzik... Beren etxekoekin bizitzen dira eroak eta lepradunak. Taldeak babesten ditu. Ontan ez dugu europarrok duzuen buruausterik".
Adierazpen horrek ukitu zuen nonbait editorialgilearen bihotza. Arrazoiak, jarraian ematen zituen: "Aurrerapenaren alde egon behar dugu ezpairik gabe. Baiña ez da berriketakoa erri aurreratuetan sortu dan zenbait katramilla. Zaharrei eta elbarriei buruz, esate baterako. Izotza bera baino otzagoa dan mundu bat egiten ari gera zaharrentzat. Zuhaitzaren gerrian sortu ohi dan ardagaiaren antzera, otz eta bakar arkitzen direla esan dezakegu zaharrak gaurko gizartean".
Eta irakurleren baten baitan "niri bost!" erantzuera sumatu balu bezala, honako hausnarketa gehitzen zion aurretik esandako horri: "Baiña ez dezagun uste izan, mundu au, gaurko zaharrentzat egiten ari geranik. Biharko zaharrentzat ari gera egiten batipat. Gu, geu, gazteok ari gera geurontzat illobia egiten. Gu bait gera biharko zaharrak".
Beraz, hasi kontuak ateratzen! Zer zor ote zion gizarteak adinduari, editorialgilearen ustez? Ez batzu-batzuek uste zutena, honako argibidea ematen zuen-eta. "Au ez dut, zaharrei aginpidea kentzen ari geralako, esaten. Ez dut uste zaharren esku egon behar dutenik erantzunkizun aundiko gorabeherak; ez etxean, ez lantokian, ez errian, ez elizan, eta ez iñon. Zaharrek ez dute lanik egin behar, atsedena artu baizik. Zenbait erantzunkizuneko leku ez da gaztetan egindako lanen sari eta ordain. Eta ontan ez da eredurik onena Eliza".
On Jose Maria Aznarrek irakurri izan balio!


ADINDUAK MAITATZEKO ERA

Editorialgileak argi zeukan adindutako pertsonen eginbeharra. "Zaharrek bizitzaren eskarmentua eman behar digute. Lanerako adorea eta poza, ez zailtasuna eta etsipena. Aintzakotzat eta gogoan artzekoak dira zaharren esanak eta iritziak. Enbor oien adar eta frutu gera. Baiña, ez etxearen, ez lantokiaren, ez erriaren, ez gizartearen, ez elizaren eta ez munduaren etorkizunak ez du egon behar zaharren esku".
Beharbada norbaitek gaizki hartuko zuela hori, eta badaezpada gauzak bere lekuan jartzen saiatzen zen jarraian: "Ori, ez da besterik gabe zaharrak zokoratzea, zamak eta txalmak kentzea baizik. Ori zaharrak maitatzea da".
Behin aurrekoa argiturik, bestelako azalpenak: "Zaharrentzat mundu tristea egiten ari gerala esandakoan ez gara zahar-saririk gabe edo sari lotsagarriz baliatzen direnez mintzatzen. Orrenbeste arrantzale, nekazari, langille beren premiak estaltzeko aiña diru gabe, zahartzarokorik gabe. Ez dago eskubiderik. Orrenbeste zahar gure errietan non bildu eta ibilli ez dakitela. Orrenbeste zahartegi arlote... Ez dago eskubiderik. Baiña ez gara ortaz mintzatzen. Ori guztia zuzendurik dagoen gizartean pentsatzen dugu".
Balizko egoera horretan, zer ordea? Horixe galdetzen zuen editorialgileak: "Zer egin behar dugu zaharrez? Zahartegietan pillatu behar al ditugu? Ez dago gure gaurko etxeetan zaharrentzat lekurik. Zaharrak berriz, bere txokoan, bere errian, bere etxean bizi nahi du. Zeiñen tristea dan zahartegian edo etxean bakarrik bizi dan zaharraren bizitza! Bere semerik edo alabarik gabe, bere ilobatxorik gabeà".
Eta amaiera gisa: "Zer gizarte eratzen ari gera geurontzat?"

Daniel Udalaitz

Banco Bilbao (BB) eta Banco Vizcaya (BV) bankuak, ehun urtetik gorako historia izan eta gero, BBV bankuan elkartu ziren lehenik, eta Argentariarekin azkenik, BBVA bankuan bat eginda. Neguriko oligarkia finantzarioko familien arteko borroka fratizidak, ordea, beren bankuaren gaineko kontrola eta orain arte zeuzkaten pribilegioak kolpe batez suntsitzea lortu du. Neguriko oligarkiako familia haiek (Ybarra, Churruca, Zubiria, Ampuero, Lezama Leguizamon, Muguruza, Aresti, Liperheide, Vilariño, Icaza Zabalburu, Aguirre Alonso, Collar, Urrutia eta abar), asko eta asko BB edo BV bankuak betidanik kontrolatu izan zituzten guraso eta aiton-amonen ondorengoak, eta gero BBV eta azkenik BBVA kontrolatu zutenak, barne borroka askotako protagonista izan dira, halako punturaino non gaur egun ia erabat galdu baitituzte kontrola eta pribilegioak betidanik haiena izan zen bankuaren gainean: Neguriko oligarkia finantzarioaren bankua edo bankuak. BBVA, gaur egun, Ratoren eta Aznarren adiskideek eta BB, BV edo BBV izandakoen sustraiekin batere zerikusirik ez duten enpresaburuen talde batek kontrolatzen dute.

BBVAk paradisu fiskaletan zeuzkan kontu sekretuen eskandalua plazaratu eta gero, Neguriko familia horietako gehienek utzi egin diote administrazioko kontseiluko kide izateari. Eta, hain zuzen ere, eskandalu hori iritzi publikora azaldu bada, Neguriko BBko eta BVko familien arteko gatazka fratizida horrengatik izan da, lehenbizikoz BBVn bat egin zutenetik datorren zauria baita, inoiz ondo osatua gelditu ez zena. Ybarrak, Uriartek, Gonzálezek eta Espainiako Bankuak beren artean zeukaten isiltasunezko ituna beretakoren batek hautsi zuen, Neguriko horietakoren batek. Ondoren, Neguritik lehen filtrazioa gertatu eta gero, beste batzuk atera ziren botere politiko eta ekonomikoaren orbitatik, Espainiako Bankutik bertatik eta Francisco González BBVAko egungo presidente bakarraren ingurunetik bertatik. Eta, orain, eskandalu hori dela medio, Audientzia Nazionalean desfilatu beharko dute, Garzón epailearen aurrean, Neguriko familia handi horietako askok. Ustez bidegabeki beretzeaz, iruzur egiteaz eta dokumentuak faltsutzeaz akusa ditzakete, bai eta ustezko delitu fiskalaz ere.
Ez hori bakarrik. Gainera, beren bankuaren gaineko kontrola eta pribilegioak galduko dituzte, BBVAko administrazioko kontseiluko kide izateari uzten ari baitzaie. Aski da aditzera ematea, azken hamar urte hauetan, dieta eta soldata hutsean, bankuko eta haren enpresetakoren bateko kontseilari izateagatik, litekeena dela Neguriko kontseilari bakoitzak sei milioi euro inguru kobratu izana. Luxuzko pentsio planez eta bestelako prebendez gozatzeaz gain! Eta hori hilean behin bankuko eta haren enpresa partizipatuetako bakoitzeko administrazioko kontseilura joate hutsagatik.


643.000 EUROTIK GORA BAKOITZAK.

BBVAk paradisu fiskaletan zeuzkan kontu sekretuak ezagutzera emandakoan sortu den eskandaluak jakiteko bidea eman du, besteak beste, zenbatekoak ziren BBVko nahiz BBVAko kontseilarien ordainsari galantak eta haien pentsio fondoetara eta aseguruetara esleitutako dirutzak, bai eta zenbatekoak ziren ere lehengo BBVko kontseilarien pentsio-fondoak, Jersey uharteko paradisu fiskalaren bitartez kontu sekretu batean ezarriak. Orain arte bankua kontrolatzen zutenen pribilegioen parte bat dira. Dieta eta soldata moduan, 643.000 eurotik gora kobratu zituen 2001. urtean BBVAko 32 kontseilarietako bakoitzak. Haien lana: bankuko administrazioko kontseilura joatea hilean behin, edo, orobat dena, urtean hamabitan. Gainera, urte horretan bertan, BBVAk beste 8,73 milioi euro esleitu zituen kontseilari horien berorien pentsio fondo eta aseguruetarako. Hori da, behintzat, orain bat egindako bi banku horien memorietatik ondorioztatzen dena.

1998an, Argentariako 13 kontseilariek, dieta eta soldata moduan, 2,86 milioi euroko ordainsari globala jasotzen zuen; hortaz, kontseilari bakoitzaren urteko batez besteko ordainsaria 220.271 eurokoa zen. Haien pentsio fondo eta aseguruetarako, beste 1,32 milioi euro esleitu zituzten. BBVko 20 kontseilariek, 1998. urte horretan berean, soldaten eta estatutuetako atentzioen kontzeptuan, 9,87 milioi euro jaso zituzten guztira. Hortaz, kontseilari bakoitzaren batez besteko ordainsaria 493.431 eurokoa izan zen. Haien pentsio fondo eta aseguruetarako, beste 9,18 milioi euro esleitu zituzten.
1999. urtean, Argentariako 13 kontseilariek 3,50 milioi euro jaso zituzten guztira. Hortaz, urteko ordainsari batez bestekoa 270.455 eurokoa izan zen. Haien pentsio fondo eta aseguruetarako, beste 2 milioi euro esleitu zituzten. BBVko 20 kontseilariek 10,12 milioi euroko ordainsari globala jaso zuten. Hortaz, urteko ordainsari batez bestekoa 505.451 eurokoa izan zen. Haien pentsio fondo eta aseguruetarako, beste 11,92 milioi euro esleitu zituzten.
2000. urtean, BBVAko 33 kontseilariek, dieta eta soldata moduan, 15,47 milioi euro jaso zituzten guztira. Hortaz, kontseilari bakoitzaren urteko ordainsari batez bestekoa 468.789 eurokoa izan zen. Haien pentsio fondo eta aseguruetarako, beste 19,20 milioi euro esleitu zituzten.
Azkenik, 2001. urtean, BBVAko 32 kontseilariek 20,66 milioi euroko ordainsaria jaso zuten orotara. Hortaz, kontseilari bakoitzaren urteko ordainsari batez bestekoa 643.083 eurokoa izan zen. Pentsio fondo eta aseguruengatik, beste 8,73 milioi euro jaso zituzten guztira.
BBVAko kontseilari horietako asko, orain beste exekutibo batzuekin batera espedientatu dituztenak, gainera, BBVAk partizipatutako beste enpresa garrantzitsu batzuetako administrazioko kontseiluetako kide izan dira. Beraz, hortik ere milioi askoko ordainsariak jaso dituzte. Kasu batzuetan, litekeena da urtean 180.304-300.506 euroko batez bestekoa iritsi izana postu horietako bakoitzeko. Horrela, Emilio Ybarra orobat zen administrazioko kontseiluetako kidea beste enpresa hauetan: Repsol -orain dimititu du-, Corporación Financiera, Tubos Reunidos eta Grupo Correo-Prensa Española. Juan Urrutia, gainera, Corporación Financiera-ko kidea da. Luis Lezama Leguizamón halaber Metrovacesa eta Recoletos enpresetako kidea da. Juan Entrecanales kontseilaria berebat da Corporación Financiera, Acciona eta Grupo Correo-Prensa Española enpresetako kidea. Ramón de Icaza halaber da Participación Industrial 2000 enpresako presidenteordea.
Era berean, José Angel Sánchez Asiáin orobat da Instituto Valenciano de Investigaciones Económicas erakundeko kidea. Eduardo Aguirre berebat da BBVA-Privanza, Axa Aurora Ibérica eta Berge y Cia entitateetako presidentea. Luis Maria Ybarra halaber da Corporación Financiera eta Grupo Correo-Prensa Española korporazioetako kidea. José Luis Segimon orobat da Corporación Financiera eta Financiera Gran Vía korporazioetako ahalduna. Javier Aresti berebat da Iberdrolako kidea. José María Concejo, kontseiluko idazkari ohia, NH Hoteles kateko kidea ere bada. Plácido Arango halaber da Corporación Financiera entitateko kidea. José Lladó berebat da Técnicas Reunidas enpresako presidentea, bai eta Sevillana de Electricidad eta Acerinox enpresetako kidea ere. Oscar Fanjul berebat da Acerinox, Técnicas Reunidas eta Gas Natural enpresetako kidea. José Domingo Ampuero orobat zen Iberdrolako presidenteordea (orain dimititu du)

Kike Amonarriz

Idazteko moduak eta idazteko tresnak erabat aldatu dira mende honetan. Garai batean eskuineko eskuarekin idatzi ohi zen: lumaz, boligrafoz... Ondoren idazmakinak asmatu ziren eta bi eskuez idazten hasi zen. Ordenagailuek, informazioa tratatzeko moduan eragin zuten iraultza, ez ordea idazteko moduan. Izan ere, idazmakinetan eta ordenagailuetan, ia modu berberean idazten da. Patrikako telefonoekin ordea erabateko aldaketa gauzatu da: behatz bakarrarekin idatzi ohi dugu.

Teknologia berriek, hizkera berri bat sortu dute: ziberhizkera. David Crystalek iaz argitaraturiko "Language and the Internet" liburuan aipatzen duen bezala, "Internet iraultza baldin bada, seguruenik iraultza linguistikoa izango da".
Ziberhizkera ahozko eta idatzizko komunikazio moldeen artean kokatzen da. Zalantzarik gabe, komunikazio modu berria da. Euskal Herriko gazteak duela bizpahiru urte hasi ziren beraien arteko harremanetan zibereuskara izenda genezakeena erabiltzen.
Internet eta teknologia berrien barruan, bi dira nabarmen komunikazio bide berri honi ateak zabaldu eta idazteko modu berria ezarri duten alorrak: foroak edo txatak eta patrikakoen bidezko mezuak. Neurri apalagoan, baina erabiltzaile eta erabilera motaren arabera, posta elektronikoan ere presentzia nabarmena du zibereuskarak.
Egin kontu, gazteak direla batez ere teknologia berriek eskaintzen dituzten komunikaziorako aukera berri horiek darabiltzatenak, eta Euskal Herrian, esparru berri hauek ari dira suertatzen gazteen arteko komunikazio hizkuntza berria eraikitzeko tresnarik eraginkorrenak. Berauen nortasun ezaugarri bilakatzen ari den hizkera mota berezi bat ari da sortzen eta erabiltzen. Gazte hiritarren soziolektoaren sorreraren hastapenetan egon gaitezke, gainera, aukera honetaz behar bezala baliatuz gero.
Interneten, hitz egiten den bezala idazten da, eta harremana ahozkoa balitz bezala irakurtzen da. Ahozko kodera asko gerturatzen den kode idatziaren erabilpena izugarri zabaldu da azken urte hauetan Euskal Herrian. Azken bolada honetan, zonalde euskaldunetako gazteen arteko harreman ez formal idatziak ia erabat kode honetan gertatzen dira.

Zibereuskararen iturburuak.

Jaso ditugun mezu idatzietan, txatetako elkarrizketetan edo ikasleek elkarri pasatako ohar idatzietan, 3 iturburu nagusi azaltzen dira: euskara batua, euskalkiak eta erdarakadak. Zibereuskararen barnean euskalkiak biziberritu egin dira. Euskalkien erabilera ordea, nahasia da, euskalkien arteko hibridazio fenomenoak gertatu dira, baita euskalkien eta euskara batuaren artekoak ere: herriko euskalkia, beste euskalkiak eta batura hurbiltzen diren forma berriak nahasten dituzte. Horrek esplikatzen du gipuzkera mintzo den zonaldeetako gazteen artean bizkaierazko forma bakan batzuk azaltzea (telebistaren eraginez batez ere) edo Bizkaikoetan gipuzkerazko formak.
Joera hau, are nabarmenagoa da, herri edo eskualdeetako euskarazko komunikabideetako foroetan. Eztabaida gune horietan, gero eta ugariagoak dira herriko euskalkian oinarrituriko idazkerak. Besteak beste, www.uztarria.com, edo eibartarra posta zerrenda (www.eibar.org) aipa daitezke.

Pultsazioen ekonomia.

Internetek eta komunikazio bide berri hauek, hizkuntza guztietan eragin duten beste ondoriorik ikusgarriena laburdurak dira. Mezuak erdaraz bidaltzean "q" eta "k" besterik ez ikustera ohitu gara, baina zer ari da gertatzen euskararekin? Gurean ere, gero eta gehiago idazten da laburduren bidez, terminologia hau finkatzeke badago ere. Ikus dezagun Tolosan jasotako adibide bat:
"Apa! Zmz? Ze in ber dezu gaur atsalden? Jung al gea Donsti aldea? Bestla zar jutn gea. Muxux! Erntzn!" (Aupa! Zer moduz? Zer egin behar duzu arratsaldean? Joango al gara Donostia aldera? Bestela Zarara joaten gara. Muxux! Erantzun!)
Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat ikastetxetan bildutako materialen arabera, gazteen erabileran honako joera nagusi hauek antzeman ditugu: ahalik eta bokal gutxien erabiltzea, hitzetan "bat", "bi", "sei" silabak egokitzen direnean zenbakiak erabiltzea, edo erabateko laburdurak erabiltzea. Idazkera normalean minuskulaz egiten da (pultsazio bat gutxiago) eta maiuskulak hitza nabarmentzeko erabiltzen dira. Ahozkotasuna islatzen duen ortografia ageri da: "uiiii! Iepa!" Puntuaziorik berriz, apenas.
Jasotako materialekin, Antton Olariagak "Zakilixut"en bidez aurkeztutakoekin eta guk geuk landutako proposamen batzuekin, erabilgarria eta orientagarria gerta daitekeen taula bat osatu dugu. Hizkera mota hau denon artean sortuko dugula jakinik bestalde, zuen ekarpenak eta proposamenak "Mantxut" forora bidal ditzazuen animatu nahi zaituztegu (www.argia.com/mantxut)

Andrea Ruiz

Donostia munduko herririk ederrenetakoa dela benetan da egia eta hau ez dugu guk esaten, kanpotik datozen milaka eta milaka turistek baizik. Gero eta gehiago dira, itsasoa, mendi dotorea eta lasaitasun paregabea ezagutzera gerturatzen direnak, Euskal Herriko "perlak" gordetzen dituen sekretu guztiak ezagutzeko irrikaz.

Turistek beraz, Donostiak eskaintzen dituen gozamenen zerrenda amaigabea ezagutzen dute eta euren begiekin ikusteko aukera ez dute inolaz ere galdu nahi. Baina badira ere, "Easo Ederra"k eskaintzen dituen aukerak euren lana egin ostean gozatzen dituzten turistak. Biltzarkideetaz ari gara, azkenaldian Donostia eta bere inguruko herriak betetzen dituzten gorbatadun turista berezietaz.

DONOSTIA CONVENTION BUREAU.

Duela hiru urte Kursaal Jauregia Zurriola hondartzaren zaindari leial bihurtu zenetik, biltzarrek eratutako turismoa hazten joan da Donostian. Turismo mota berezi honetaz Donostia-San Sebastián Convention Bureau entitatea arduratzen da, 1988an Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Itsasketako Ganberaren ekimenez sortua. Egun, zerbitzuen sektoreko 150 enpresa pribatu aritzen dira lankidetzan Convention Bureaurekin eta hiriaren eta lurraldearen irudia hedatzea eta topagune gisa sustatzea da bere helburua. Lan horren baitan, kongresuek eratzen duten turismo berezia bultzatzeak garrantzia handia hartu du azken urteetan, biltzarkideak baitira Donostiak izan ditzakeen turistarik onenak. Zergatik? Biltzarrek eratzen duten turismoa, erdi-goi mailako turismoa, oso interesgarria delako.


TURISTA DOTOREAK...

Hau da, denbora gutxian diru asko gastatzen duten turistak dira, euren lanbideek behartuta edota euren ibilbide profesionala hobetzeko helburuz, biltzar batera etortzen diren turistak, alegia. Angel Alvarez Convention Bureauko gerenteak adierazi digunez, Donostiara gerturatzen diren biltzarkide gehienek lanbide liberalak dituzte, orokorrean adin ertainekoak dira eta ez dituzte gau asko hirian pasatzen. Oso atzean geratu dira Hondarribian egiten ziren 15 eguneko egonaldiak, hori egun ez da ohikoa. Aisiaren gizartean murgildurik bizi gara gaur egun eta bizimodu azkar eta mugikor horrek ez die turista dotore hauei toki batean denbora asko pasatzen uzten. Esan beharra dago, ordea, biltzarretara gerturatzen den jendea ez dela beti berdina, kongresuetan ere ikasle gazte askok hartzen baitu parte eta hauek ez dute erosteko ahalmen handirik. Biltzarkidetzat eurek zer hartzen duten argitu digu Angel Alvarezek: "Biltzarkide batek, bi gau baino gehiago igarotzen ditu hirian, zerbitzu mota jakin batzuk erabiltzen ditu eta 270 euro inguru gastatzen ditu egunean. Hori da biltzarkide baten perfila".
Lehen aipatu dugun gure egungo aisiaren gizarte honi loturik, bai lan kontuengatik eta bai plazerragatik egiten diren bidaiak mugikortasun eta azkartasun ideiei loturik egon ohi dira. Hau da, ahalik eta denbora gutxienean zenbat eta toki eta gauza gehiago ikusten diren hobe: egun bat hemen, hurrengoa han, bihar toki batean lo egin, etzi ondoko herrian... horrelako bidaiak dira egun indarrean daudenak, toki askotara heltzea gure bidaia aprobetxatzeko modu bakarra izango balitz bezala. Convention Bureau entitateak hau alda dadin lortu nahi du, hau da, Donostiara etortzen diren turistek bost edo sei gau igaro ditzatela hirian. Izan ere, Donostiak zehazki eta Gipuzkoak orokorki, egonaldi luze bat egiteko moduko hamaika aukera eskaintzen du, puntu geografiko konkretu batean lo eginez, inguruko paraje polit ugariak bisitatuz. Gainera, Donostiaren edertasun ikusgarriena itsasoa eta bere hondartzak badira ere, Angel Alvarezek barrualdea gero eta gehiago baloratzen dela argitu digu, mendiak, zelai berdeak eta herrixka txiki maitagarriak, hiriburu handi eta grisetan bizi direnentzako amets bat dira eta.

...ETA PRESTATUAK.

Aipatutako edertasun eta lasaitasun hori oso garrantzitsua da biltzar bat egiteko tokia aukeratzeko mementoan. Izan ere, biltzarrean parte hartzera datorren turista, turista prestatuagoa da, batezbestekoak baino hezkuntza maila altuagoa duena eta baita erosahalmen handiagoa ere. Gainera, orokorrean, jakingura handia dute, daukatenarekin edo dakitenarekin ez dira konformatzen eta gehiago ikasi nahi dute. Jakingura eta kuriositate hori, bizitzako beste alor guztietara hedatzen da, euren aisialdia aprobetxatzea atsegin duten pertsonak izanik. Horra hor Convention Bureauren eginkizuna: lanari eskaintzen dioten egun zatia bukatutakoan, euren garun urduri eta geldiezinak asetuko dituzten eginkizun eta zerbitzuak eskaintzea. Baina turista moderno honen perfilari beste adjektibo bat ere gehitu behar zaio: exigenteak dira. Eta exigentzia maila horri hiriak ematen dion erantzuna oso ona dela esan digu Angel Alvarezek.
Biarritzera bisita, Guggenheim museora bisita, barrualdeko herrixketara bisita, Oñatiko museora bisita, kirolak, antzezlanak, kontzertuak, arte erakusketak eta abar. Hamaika aukera daukate turista dotore hauek euren garun azkarrak asetzeko. Baina Angel Alvarezek oso argi esan digu, egun Donostiak eskaintzen duen zerbitzurik garrantzitsuena kultura dela, hau da, batik-bat mundu kulturalarekin erlazionatu nahi dela hiriburu gipuzkoarraren eskaintza. Hala ere, memento honetan kultur eskaintza hori ona bada ere, Convention Bureauko gerenteak probintzia osoko eremu ezberdinen arteko koordinazio handiagoa egon beharko lukeela uste du, "Gipuzkoa Kultural" horren ideia oraindik gehiago bultzatzeko helburuz.


HIRI TXIKIA, AZPIEGITURA UGARI.

Kongresuek eratutako turismo dotore honek, duela urte gutxi eman zuen gorakada Donostian. Izan ere, Kursaal Jauregiaren eraikuntzarekin batera hasi zen turismo mota hau ugaritzen, duela hiru bat urte. Arrazoi nagusia Kongresu Jauregiaren edukiera izan zen, Miramar Jauregia edota Miramongo Parke Teknologikoak ez baitute Kursaalak duen edukiera fisikoa. Beraz, Kursaala izan zen Donostia biltzarrak egiteko hiri egokietan egokiena ikusten hasteko falta zen pieza. Egun, hiriak dituen azpiegiturak onak dira. Baina, hala ere, Donostiak hazten jarraitzen du: "Egun ez dago berritzen ari ez den hiririk. Hor ditugu, Valentzia, Iruñea edo Tarragonaren kasuak, denak daude euren lurraldea eraberritzen, eraikin modernoak altxatzen eta proiektu berriak prestatzen. Donostiak ere hala jarraitzen du, baina nire ustez, Donostia aurretik doa, beste askok orain egiten ari direna egina du dagoeneko Donostiak. Nire iritziz gainera, puntu batetaraino bakarrik berritu behar da, ezin da etengabe hazi", adierazi digu Angel Alvarezek.
Hotelak ere ondo prestatuak egon behar dira biltzarkideak jasotzeko. Telefono mugikorra, ordenagailu pertsonala eta lan egiteko beste hainbat maleta eta karpetaz beterik, turista hauek lantoki txiki bat antolatzen baitute hoteleko gelan. Hotelak horretarako prestatuak ote daude? Convention Bureauko gerenteak azaltzen digunez Donostiak hotel eskaintza oso ona dauka, batzuetan plaza gehiago beharko liratekeen arren. Hirian dauden lau izarretako hotel guztiak guztiz prestatuak daude biltzarkide eta lan bidaietara etortzen diren pertsonen beharrak asetzeko. Baina Angel Alvarezek esaten digu ez direla hasieratik hotelik garestienak betetzen: "Hasiera batean erdi mailako hotelak betetzen dira, gero garestienak eta azkenik merkeenak. Plaza batzuk gehiago edukitzea ez litzateke gaizki egongo, batzuetan probintziara desplazatu behar baitugu jendea".

IKASTEN ALA LANEAN ZABILTZA?

Donostian egiten diren biltzar gehienak medikuntzaren alorreko gaiei buruzkoak izan ohi dira. Adibidez, 2000 urteko datuei begira, urte osoan egindako biltzarren % 65 medikuntza alorrekoak izan ziren eta 2001 urtean, berriz, % 37. Medikuntzaren atzetik sektore publikoari dagozkion kongresuak daude, 2001 urtean kongresu guztien %16 sektore horretakoak izan baitziren. Bi sektore hauen pare enpresaritza sektoreko biltzarrak daude, unibertsitate sektore eta sektore teknologikoarekin batera. Aipatutako biltzar hauetan guk orain arte aipatu ditugun biltzarkide dotoreek parte hartzen badute ere, ikasleak ere etortzen dira kongresuetara, euren ikasketak osatzeko helburuz.
Guztira 32 biltzar egin ziren Donostian 2001 urtean eta biltzar hauek 17.372 ordezkari ekarri zituzten hirira. 2000 urtearekin alderatuz, Donostiara gerturatu diren pertsona kopuruaren hazkuntza bat eman dela ikus dezakegu: urte hartan 38 kongresu burutu baziren ere, 12.507 ordezkarik bisitatu zuten hiria. Biltzar hauek onuragarriak dira Gipuzkoarentzat. Zergatik? Angel Alvarezek argitzen digun bezala, turista mota onena direlako. Diru gehien gastatzen duten turistak dira eta era berean, gutxien "hondatzen" dutenak. Hau da, herri turistiko batek milaka eta milaka pertsona jasotzen dituenean, diru asko ateratzen du turista horietatik, baina era berean, ingurumen, lasaitasun eta lurralde galera handia ematen da. Gorbatadun turista dotore hauek, 2010 urteko turistak kontsidera daitezkeenak, herri guztiek nahi lituzketenak dira, hirian diru asko utzi eta ingurumena oso gutxi hondatzen baitute.
Munduan dagoen pobrezia ikaragarriaren erdian, gizarte europarraren egoera oso bestelakoa da. Eta gizarte europar horretako biztanleriaren %40 oso baldintza onetan bizi da, maila ekonomiko eta kultural handiko pertsonak izanik. Egun, gizartearen %40 hori erakartzeko izugarrizko esfortzua egiten ari dira herri eta hiriak, modako turismo dotore honek eskaintzen dituen onura anitzen bila.

PADDLE PARTIDA ETA ANTZERKIA.

Turista berezi hauei gustuko dituzten kultur ekintza, kirol ekintza eta eska ditzaketen gurari guztiak eskura ipini behar zaizkie. Honela, lanera datozen arren, aisialdirako amua botatzen zaie biltzarkideei, euren eginbeharrak egin eta gero, euren aisialdia Donostian ongi aprobetxatzeko. Eta noski, beste bi egun gera daitezela lortuko balitz askoz ere hobeto, Euskal Herria ezagutzeko aukerak bikoiztu egingo lirateke eta, eta hori oso ona izango litzateke Donostiaren irudi eta edukiak bultzatzeko.
Ekintza kulturalak dira biltzarkideek euren jakingura asetzeko gehien kontsumitzen dituzten produktuak. Museoetara bisitak, kontzertuak, erakusketak eta beste hainbat ekintza, orokorrean gehien hautatzen direnak dira. Ekintza turistikoak ere asko eskatzen dituzte, hala nola, ibilaldiak, herrixketara bisitaldiak eta abar. Maila berean dago eskaintza gastronomikoa, Euskal Herriko edozein txokora heltzen den edonork goraipatu eta miresten duen gure sukaldaritza. Bigarren mailan daude kirol ekintzak. Hauen artean, golfa, tenisa, squasha, paddlea, igeriketa eta ur-kirolak dira eskatuenak.
Convention Bureauko gerenteak behin eta berriz errepikatu digu kulturak indar handia duela, gero eta gehiago. Turistak Donostian bertan aurkitu du bere mahuka. Lehen, turistek eguzkia eta eguraldi ona bilatzen zuten euren bidaietan. Egun, hori baino askoz ere gehiago eskatzen dute, eta are gehiago, gure erreportajearen protagonistak diren gorbatadun turistek.

MUNDU OSOTIK, DONOSTIARA.

Orain Donostian egiten diren biltzar gehienen antolatzaileak Aragoi, Katalunia eta Madrilgo erkidegoetakoak dira eta Espainia kanpotik etortzen diren partehartzaile kopurua %2 besterik ez da. Beraz, Alvarezen ustez, Europan promozio gehiago egin beharko litzaioke Donostiari, Europan barne merkatua irabazten hasteko. Gainera, modak aldatzen doaz, eskaintza eta eskaera moldatzen joaten da eta jendea betiko tokietaz nekatzen ari da. Horregatik jatorri anitzetako bisitariak edukitzea komeni da, merkatu ugari eta ezberdinen artean hautatzeko aukera edukiz

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan