Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-05-05 -- 1852.zenb

Mikel Asurmendi

Berandu plazaratutako idazle ote den bota diogu supituki Jon Alonso iruindarrari:«Hogeita hamazazpi urte nituen lehendabiziko liburua argitaratu nuenean, ez dakit berandu ote den. Niri beste idazle batzuek goizegi argitaratu dutela iruditzen zait. Badago jende oso gazteari liburuak eta liburuak eskatzeko joera. Ez dago gaizki ere, baldin gazte horrek liburua zinez idatzi nahi badu. Baina, bestela, nire adina ez dut txarra zenik uste ere».

Saiakerak eta eleberriak tartekatzen dira Jon Alonsoren literatur ibilbidean. «Idiaren eraman handia» saioa eta «Katebegi galdua» nobela, baita genero hibrido gisara paratua ere, «Camembert helburu» saio nobelatua, kasu. Iazko amaieran, garai berean, «Agur, Darwin, eta beste arkeologia batzuk» saioa, eta, «Euskal Karma» eleberriak plazaratu zituen.

Genero bakoitzak liburu bat, baina liburu biak osagarriak.
Elkarren osagarriak direla esaten dut nik ere bai. Azken urte hauetan eduki ditudan kezkak eta egindako gogoetak paratu ditut. Nahiz tratamendu diferentea izan duten, bi liburuek gai komuna-edo agertzen dute.

Saiakera generoak aurreiritziak jaso ohi ditu: genero aspergarria dela, «roiloa» dela-edo.
Alde batetik, egia da, ongi irabazitako fama hori du saiakerak. Izan ere, idazle batzuek nolabait, espezialisten arteko dialogo gisa erabiltzen dute saiakera, edo munduari erakusteko zein jakintsuak diren. Beraz, alde horretatik merezi du fama txar hori. Horregatik, nire gusturako, saiakera izanda ere, ahaleginak egin behar ditugu atsegina izan dadin.

Bi liburuetan, bi eratara, literatura duzu gaia eta abiapuntu. Zein xedetan?
Euskal literaturari buruzko gogoeta bat egitea izan dut helburu. Azkeneko urteotan literaturari buruzko hainbat iritzi zabaldu da gure eremuan, eta orduan, nik, neure apalean, nirea egin dut. Euskal literaturari buruzkoa bada ere, ez da bakarrik euskal literaturari buruzkoa, literaturari berari buruzkoa baizik. Hori azpimarratu nahi dut. Beste batzuek gogoeta hori egin izan dutenean euskal literaturari bakarrik begiratu baitiote. Eta ez da hori bakarrik begiratu behar nire ustez, baizik literatura orokorrean.

Arkeologia al da literatura?
Liburuan dagoen gakoetako bat hori da. Literatura gaur egun arkeologia dela esatea oso gogorra egiten zait, baina horren gogor esan gabe, badugu nahiko datu arkeologia bihurtzen ari ote den susmatzen hasteko, edo laster bihurtuko ez ote den, bederen. Hori da nire gogoeta. Hain zuzen ere, euskal literatura ona edo txarra den eztabaida izan denez, nik hortik abiatu nahi izan dut gogoeta. Horretarako jakin behar dugu zein diren literatura onaren ezaugarriak. Kanon esaten zaion horren barruko liburua izateko, bi ezaugarri aurkitzen ditugu batez ere: batetik, orijinala izatea, eta unibertsala bestetik. Orijinaltasunaz nahiko eztabaidatu da joan deneko urteetan. Eztabaidaren aitzindaria Atxagaren «Obabakoak» obraren inguruan sortutakoa izan zen, plagioari buruzkoa. Harrezkero, ordea, orijinaltasunaren kontzeptu hori nahiko erlatiboa bilakatu da, ez da uste genuen bezain erabatekoa, nolabait esanda, kili-kolo gelditu ote den irudipena daukat.

Bigarren ezaugarria, unibertsaltasunari buruzkoa, kolokan jartzeko moduko balore bat dela diozu?
Unibertsaltasuna esaten denean, ideologiaz aritzen da gehienbat, eta batez ere, alderdi humanoaz aritzen da, baina genetikaren aldetik datozen aldakuntzak direla-eta, poliki-poliki ikusten ari gara, humano izate hori posible dela beste modu batekoa izatea, garai hori uste baino lehenago irits litekeela, alegia.
Horren ondoren, literatura onaren ezaugarri nagusiak orijinaltasuna eta unibertsaltasuna izanik, biak kolokan izanda ere, benetan kolokan dagoena literatura bera da, eta ez soilik euskal literatura, baizik literatura bera.
Literatura betidanik izan dituen funtzio batzuk galtzen ari dela esan genezake, eta galtzen ari da, literaturak lehia handia duelako beste komunikabideekin edo beste eragileekin. Orduan, poliki-poliki, geratzen ari zaion funtzioa lekukotasuna ematearena da, alde horretatik diot, arkeologia izateko bidean egon daitekeela. Alegia, liburu bat idazten ari zara eta harrizko aizkora bat lurperatzen ari ote zaren inpresioa izan dezakezu, edo nik halakoa izaten dut behintzat.

Euskal hitzen formez baino euskal hitzen esanahi zehatzez arduratuta zaude, bestalde.
Bai, horixe da kontua. Literatura arkeologia denaren ondoriora iritsi bagara, æeszenatokiÆ (modaz dagoen hitz hori erabiliz) hori onartuz gero, hauxe da galdera:«Euskal literatura zein kondiziotan iristen da æeszenatokiÆ horretara?». Erantzuna da euskal literatura literatur hizkuntza normaldu gabe iristen dela literatura izatera, dagoeneko, arkeologia den æeszenatokiÆ horretara.
Literatur hizkuntza normalduta ez egotearen horren zantzuak askotxo izan daitezke, baina nik bat aipatzen dut: hiztegi baten falta. Gaur egun dugun gaitzik larriena. Niri hitzen esanahia ezagutzea interesatzen zait, eta ez hainbeste «tz»z, «h»z edo «j»z idatzi behar ote den. Ni hitzen esanahi zehatza jakin beharrean bainago. Horrek eragiten dio irakurketa prozesuari nire ustez. Jendeak ez duela euskaraz irakurtzen kexatzen gara, baina, batzutan, baldin eta ez badakizu benetan hitz batek zer esan nahi duen, oso zaila da irakurtzea.

Hitzen ondoeza bizi dugu.
Hori da. Hiztegi arau emailerik ez dugu, eta oraindik ere funtzionatzen ari gara duela 50 urte eta 100 urteko hiztegiekin, Plazido Mujika eta Azkueren hiztegiarekin, kasu. Nahiz aspaldikoak izan, operatiboak dira, erabiltzen ditugu, hori da gure arazo handienetako bat.

Bestalde, «Euskal Karma» nobelari «Rapsodia» ipini diozu azpian. Zergatik?
Titulutik beretik asmo ironiko bat agertu nahi izan dut. Literaturan beti ibiltzen gara generoen arteko bereizketa egiten eta eztabaidatzen, hau da, liburu bakoitza zein generotakoa den, bere definizioa eman nahian, bere ezaugarriak zein diren bilatu nahian... Badago, joera kritiko eta teoriko bat, biak bereiztu aldera, eta bestalde, badago generoa bereiztea zentzurik ez duela dioen beste joera bat. Nik broma bat egin dut horrekin. Rapsodia -hiztegiak dioenez- beste idatziekin egiten den pastichea da. Liburu honi azpititulu hori egokitu zaio, halako ukitu bat duelakoan.

«Agur Darwin» saiakeraren gaia nobelatua al da, ausaz?
«Agur Darwin»en dauden arazoak edo gogoetak egiten nituelarik, serio itxuran-edo, bere lehorrean, aldi berean horri guztiari bazegoela beste forma bat ematea pentsatu nuen, arrazoitu gabe, elementu narratiboak sortuz eta sartuz, liburu esperpentikoa edo parodia bat sor nezakeela bururatu zitzaidan.

Berean ere kanonaren gaia erabiltzen duzu.
Kanona, narrazioa edo akzioa abiarazteko aitzakia besterik ez da. Kanona behar ote den baino, nik orijinaltasunari buruzko eztabaida neukan buruan. Euskal literaturaren barruan eztabaida horretan parte hartu badugu ere -arestian esan bezala-, anartean, AEBetan ere sortu zen eztabaida hori. Euskaraz ez dut aztarnarik aurkitu eztabaida berari buruz, ordea. Eztabaida hori gaztelaniaz ezagutu dut. Hori aitzakiatzat hartuta abiatu nuen eleberria, baina kanonaren -behar den edo ez- gaian sartu gabe.

«Euskal Karma» irakurri ondoren, euskaldunok euskararekin patologia moduko bat bizi ote dugun nago.
Patologia hitza sobera fuertea da. Euskararen alor guztietan hori bizi dugula esatea gehiegitxo da, baina literaturaren eremuan badago patologia moduko bat, arazo bat. Adibidez, hizkuntza literarioa ez dela erabat normalizatua diogu, eta hori fenomeno honen adierazgarria da. Esate baterako, liburu baten elkarrizketak hartzen ditugunean, hizkuntza sendoek dialogoen akotazioetan aditz jakin batzuk erabiltzen dituzte, modu jakin batean erabiltzen diren aditz lokuzio batzuk, kasu, badute dialogoak akotatzeko sistema oso bat. Hizkuntza jakin horietako irakurleak batere zalantzan jarri gabe irakurtzen ditu elkarrizketa horiek, dialogoak akotatzeko modu horiek, ohituraren poderioz funtzio bat dutelako, nahiz eta irakurleak, beharbada, horretaz ez diren horren kontziente.

Adibidez?
Gaztelaniazko irakurleak musitó, masculló, prorrumpió, inquirió, hitzak ez ditu erabiltzen eguneroko jardun normal batean, sekula ez edo oso gutxitan erabiliko ditu, baina liburu baten dialogo batean normal irakurtzen ditu. Bestalde, adibidez, fruncir el ceño edo encogerse de hombros bezalako lokuzioak barra-barra erabiltzen ditu idazleak inolako arazorik gabe. Euskarara pasatzen zara, eta holakoak erabiltzen badituzu dena problemak dira. Adibidez, otutzen zaizu «ihardetsi» erabiltzea «erantzun» hitzaren partez, eta bat hasiko da bere baitan:«Hau ez dut ezagutzen». Beste bat, berriz:«Hitz hori nola da, æihÆz edoÆjÆz? Zergatik æihÆz eta ez æjÆz? Ihardun hitzetik badator, zergatik ez æhÆz». Beste batek esango dizu:«Nola arraio idatz dezakegu æihardetsiÆ Gipuzkoako Goierrin gertatzen den nobela batean? Goierrin ez da sekula horrela esan». Beste hizkuntza batean ez da hori gertatzen, euskaraz baina, gertatzen da. Patologia den edo ez den, ez dakit, baina hori traba bat da liburua egiteko eta irakurtzeko

Mikel Asurmendi

Frantziako nahiz Ipar Euskal Herriko prentsa eta informazioa segitzen ditu idazle eta editore honek. Departamenduaren gaiari buruzko libururik -edo ikusmolde guztien bildumarik- ez zegoela ohartuta ekin zion lan honi:«Talde edo alderdi bakoitzaren testuak zeuden bakarrik, bereiz, baina liburu dendetan ez zegoen ezer». Ez du gaiari buruzko iritzirik agertu, aldiz, gizarte eragile guztiei hitza eman die:«Hautetsiak, gizartearen eta ekonomiaren eragileak, alderdi eta sindikatuetako kideak galdatu ditut. Gehienek erantzun dute, garrantzizkoenek», adierazi digu Claude Perrotinek.

Gaia hobeto ezagutzeko liburu bat idatzi duzu. Zer-nolako ezagutza aurkitu duzu galdatu dituzunen artean?
Galdatuak izan diren pertsonek gaiari buruzko gogoeta egina zuten engoitik. Alta, erantzun duten pertsona batzuek -bai departamenduaren ideia errefusatzen dutenek bai desiratzen dutenek- ez zekiten oso ongi departamendu baten lehentasunak zeintzuk diren. Zenbaitek ez dituzte departamenduaren eskuduntzak ongi ezagutzen. Batzuek, ez daukan bertuterik aitortzen diote departamenduari, edota ez daukan eskubiderik ere eman.

Adibidez?
Hainbatek pentsatzen du departamendu baten sortzeak jarduera osoko unibertsitate bat ekarriko duela, eta ez da horrela. Frantzian, unibertsitateak ez daude departamenduen arabera egituratuak; batzuek, irudiz, horrela uste dute. Hots, badago departamendua sentimenduz eskatzen duen jende multzo bat, departamendu batek zer egin dezakeen eta zer ez, ontsa ezagutu gabe.

Ba al dago Ipar Euskal Herriaren historiarekiko sentimendurik azaldu duenik?
Denetarik dago. Gutxiengo batek desjabetze historiko bat agertzen du argi eta garbi. Euskararekikoa da sentimendu edo kezka agerikoena. Historiaren zenbait alditan, beren hizkuntzaz desjabetu izanaren sentimendu bat agertzen da perstona hauen artean eta, menturaz, gaur egun, ez dela aski egiten beren hizkuntza berreskuratua izan dadin. Nolanahi ere, jatorriz euskaldun diren askok ez du bere baitan herrimin sakonik gordetzen. Hori da populazioaren parte handienaren sentimendua. Izan ere, Ipar Euskal Herriko biztanleen erdia baino ez da jatorriz euskalduna.

Hautetsien Biltzarraren historia aipatzen duzu liburuan. Egungo Biltzarrari garrantzia ematen al diote herritarrek?
Nik neronek biltzarrik badagoen dudan jartzen dut. Alegia, ez dut uste garrantzia erabakigarria duenik, eta bertako populazioaren artean ez da Biltzarraren kontzientziarik; jende askok ez daki zer den ere. Biltzarrak egun ez du historian izan zuen garrantzia. Biltzarra ez ezik Biltzarrak ziren antzina; gainera, egungo Biltzarra ez da handia. Ez dugu gutxietsi behar, baina erakunde honetan ez dira erabakiak hartzen, ez du botererik ez bitartekorik.

Historian zerbait gaizki egin izanaren eta konpondu beharraren sentimendua antzeman al duzu?
Badago, baina neurri apal batean, gutxi batzuren artean.

Eric Kerrouche ikerlariak zure liburuan departamenduaz hitz egitean «mito lokala» aipatzen du.
Departamenduaren eskaera mito bat bihurtu da hemen, nolabait esatearren. Bi mendeko historia luzean, aldian aldian agertzen da eskaera hau, zenbait alditan azkarki eskatu da, eta beste alditan inork ez du aipatu ere egin. Eskaera mitikoa eta errepikaria bilakatu da eskaerak irauten duelako eta egundo ez delako onartua izan, eta hori da, menturaz, identitate gisa ez hiltzeko aukera bakarra. Haatik, sektore batzuetan eskaera inportanteago bilakatu da onespena bera baino, nolabait. Eskaera, beste gisa batez, sinbolikoa da.
Zernahi gisaz, Ipar Euskal Herriko jende multzo handi batek departamendu bat eskatzen duenean, Euskal Herriaren identitatearen ezagutza nahi du. Hiritar hauek ez dute itzalean bizi nahi, hau da, ez dute Pirinio Atlantikoak departamenduak lausotuak bizi nahi. Pirinio Atlantikoak izenaren adierak ez du euskaldunez deusik esaten. Ordea, departamendua onartua balitz, euskaldunek beren identitatearen nolabaiteko ezagutza izango lukete Frantziako gizartearen aurrean.

Eragile guztiek gauza berberaz hitz egiten ote dute? Hau da, euskal departamenduaz edo Euskal Herria departamenduaz ari dira?
Hau funtsezko galdera da. Nire irudirako, Frantzian -Parisen nahiz Alsazian, kasu-, Euskal Herriaz hitz egiten dugunean, hemen bizi diren bizilagunez eta Euskal Herria toki geografikoki ondo zedarritu batez mintzatzen gara. Baina, gauza bat da euskal departamendu bat eta beste bat Euskal Herria departamendua. Bigarren hau egitura geografikoari atxikia dago. Lehena, berriz, euskaldunen gordeleku gisara ikusten da. Honen definizioa kontrajarria da oraingo departamenduaren ideiarekikoan. Zentzu honetan, departamenduaren kokapen eta zedarripen geografikoa ez da berbera hemengo jende guztiarenzat.

CAPeko (Aturri eta Pirinioetako hiritarrak) Jacques Betbeder kideak dioenez, hiritartasuna eta identitatearen artean ezin da nahasmendurik izan.
Jacques Betbeder gaskoia da eta departamenduaren aurkako talde bateko kidea. Gaskoiak zapuztuak sentitzen dira euskal arazoak hartu duen garrantziarengatik. Baiona, esaterako, gaskoia izan da historian, eta honek erakusten du bi kulturen arteko harreman historikoa. Baina horrek ez du ukatzen Baionak euskal identitaterik izatea, ez naiz identitate etniko batez ari, bertan bizi diren hiritarren identitateaz baizik. Nire ustez, bertako bizilagun gehienak euskaldunak sentitzen dira, baina ez zentzu etniko batez, hiritar zentzuan baizik.
Ipar Euskal Herrian, oro har, euskal identitate etnikorik bada izan, bistan da, euskal kultura izanaren sentimendu oso azkarra baitago. Frantziako beste erregioetan -Bretainian salbu- ez da hemen bezala sentitzen bertako nortasunarekiko maitasuna. Hala ere, jendearen artean sentimendu hauekiko tolerantzia zabala dago eta kanpoko jendearekiko ere bai.

Biarnorekin batera izanda, naturala ez izatearen sentimendurik al dago gizarteko eragile hauen artean?
Ez dut halakorik sentitu. Nire ustez, eguneroko bizitzan kontzientzia hartze gisako bat ematen ari da. Paue eta Baionaren artean bizi den jendea ohartzen da garapen ardatzak ez direla berberak. Ipar Euskal Herriaren garapena Hegoaldeari begira egiten ari da, Baionako itsas portuaren bidez eta Eurohiriaren barne, batez ere. Paue eta bere ingurua, berriz, Tarbes eta Aragoi aldera garatzen ari da. Beraz, jendea ohartzen da oraingo departamenduaren dirua gehiago erabiltzen dela Biarno aldeko garapenerako. Konturatu da, halaber, egitura multzo bikoitza bat dagoela: bi Merkataritza Ganbera -bestetan ez dago halakorik- eta bi Gizarte Segurantza daude. Kontseilu Nagusia Pauen dago, baina, Baionan adar oso sendo bat dago, bereziki eraikuntzaz arduratzen dena. Egiturak bitara zabalduz joan dira, eta honek jendea kitzikatzen du bi departamenduetan bizi ote den pentsatzera. Gainera, Baionako Merkataritza Ganbera Biarnokoa baino antzinakoagoa da. Alta, ez dut sentitu ez mesfidantza ez gorrotorik biarnesen eta euskaldunen artean. Ez da zatiketa eta haustura desiorik, aitzitik, bakoitzak bere nortasuna gordez, harreman sozialak, ekonomikoak eta kulturalak atxikitzearen aldeko sentimendua dago.

Arrazionalizazio administratiboa eta nortasunaren konpontze gisako bat aipatzen da liburuan.
Baiki. Funtsean, biak hartu behar dira kontuan eta hemen bizi diren pertsona guztien nortasunaren araberako egitura bat xerkatu. Lan arrazoiak direla-eta, hemen bizi diren pertsonak kontuan hartu beharko dira, halaber. Hartara, administrazioaren berrantolatzeko benetako borondatea behar da, baina, maleruski, ez da nahikariarik ikusten. Galdera hauxe da: Izan al da historian barrena egungo egiturek dutena baino eskuduntza handiagorik? Ez. Beraz, finean, egitura modernoago bat aurkitu behar da hemengo herritarren bizitza eraginkorragoa izan dadin.

Hego Euskal Herriko biolentzia egoera eta euskal nazionalistekiko «beldurra» ere aipatzen dira liburuan. Ipar Euskal Herriko abertzaleak arriskutsuak bezala ikusiak al dira?
Zaila da erantzuten, arazo honekiko jarrera ezberdinak daude-eta. Ez dut sentitu euskal nazionalistekiko aurkariak eta hauekiko beldur direnak, zentzu fisikoan alegia. Abertzaletasunarekiko izua, zentzu hertsian, ez dago. Hala ere, badaude Euskal Herrira bizitzera etorritako pertsonak, gutxiengo bat, abertzaleak potentzialki arriskutsuak kontsideratzen dituztenak eta euskal identitatea azkarregi garatuko ote den beldur direnak.
Nire ustez, abertzaleak lan bikaina egiten ari dira, herria eta bertako arazoekin oso lan hurbila, proiektu askotan daude engaiatuak, eta ez dute honezkero beldurra eragiten, mamu hori uxatu da nolabait, edo hori da nire inpresioa behintzat. Abertzaleen mundua, emeki-emeki bada ere, goiti ari da, abertzaleen bozak hauteskundetik hauteskundeetara amiñi bat gora doaz, eta horrek, beren proiektua hemengo gizartean onetsia dela adierazten du. Horregatik, gutxiengo baten aldetik nazionalismoaren balizko «mehatxu» hori handitzeko joera dago. Badakizu, bakoitzak bere amarruak erabiltzen ditu

Pilar Iparragirre

Zer esan dezakezu "Errua eta maitasuna"z?
Funtsean, iruzkin bilduma bat dela.

Nola osatu behar da iruzkin bat, zure ustez?
Liburuez aritzeko orduan, batzuek epaitzea lehenesten dute; beste batzuek, ostera, ateratzea, atzematea. Epaiketa ala arrantza, hori da auziaren iltzea. Iruzkin konkretuetan nahasita datoz biak, jakina. Baina desberdina da liburuaren aurreko jarrera, oinarrizko bultzatzaile gisa bata ala bestea sentitu. Horrez gain, iruzkinak egiteko orduan ere bada beste arriskurik. Gerta daiteke liburuak iruzkingilea itotzea, eta orduan iruzkingileak ezin dio liburuari protesirik asmatu, eta mugatzen da liburuaren pasarteak edo solapa hitzez hitz kopiatzera. Eta beste arriskua da, iruzkingilearen nortasunak liburua bera zapaltzea, eta orduan gertatzen da liburuaren arrastorik ere ez dagoela bere iruzkinean, edo bestela edozein libururi egokitzeko moduko iruzkina dela han agertzen dena.

Iruzkina egiteko beste biderik ez ote dago?
Jakina baietz. Bi gehiegikeria horien artean daude iruzkin izena merezi duten eskribuak. Eta niretzat iruzkin ideala da, liburuari ondo datorkion protesia asmatu eta liburua bera biziberritu, mugiarazi eta hegaldarazten duena.

Nola hautatzen dituzu iruzkina egiteko liburuak?
Ez ditut hautatzen. Batzuei egiten diet, horrela ateratzen zaidalako, eta beste batzuei ez, zergatik ez dakidala. Liburu batzuk asko gustatzen zaizkit, baina ez dakit zer esan haiei buruz. Egia esan, ipuin liburuak-eta, zailagoak zaizkit askotan iruzkintzeko. Saiakera denean, berriz, ideiak laburbiltzearekin nahikoa izaten da askotan, baina ipuin liburu bati haria topatzea nahiko zaila izaten da.

Estitxu Eizagirre / Ixiar Eizagirre

Kantua eta umorea tartekatuta eskaintzen dituzu ikuskizunak, emakumez jantzita. Ikuskizun mota horretan, «Madame Arthurrek» asko markatu omen zintuen.

Bartzelonan ezagutu nuen Madame Arthur, 1967an. Estimu handia nion. Diktadura garaian transformismoaren oinarria izan zen. Garai hartan, zerbait ezberdina egin nahi zuten guztiak sorgin ehizean sartzen zituzten. Miguel Molinak, esaterako, erbestera joan behar izan zuen, torturatu egiten zutelako. Mehatxupeko egoera hartan, Madame Arthurrek kasaka handiak janzten zituen, ilea tindatzen zuen, galtza estuak janzten zituenà Nik, Bartzelonara heldu nintzenean 16 urte baino ez nituen, eta hango gauek txundituta utzi ninduten.
Banekien kantura dedikatu nahi nuela; artista izan nahi nuen, kantatu, arrakasta lortuà nire mundua zen. Horrekin jaio egiten da. Eta denborak umoregile izaera eman zidan. Ez nuen garaiko abeslariak bezalakoa izan nahi (ez nuen Adamo edo Rafael izan nahi). Ez nuen eszenatokira traje eta gorbatarekin irteten den abeslari bat izan nahi, oso aspergarria iruditzen zitzaidan hori. Abesteaz gain ikuskizuna eman behar zela pentsatzen nuen.
Bartzelonan aurkitu nuenak ideiak eman zizkidan, ikuskizun haiekin identifikatua sentitzen nintzen. Eta horrela, «La Otxoa» abeslariaz gain Otxoa ikuskizuna jaio zen. Eta gero Otxoa eskandalua: bizi genituen injustizia haiek, odol berokoa naizenez, ezin nituen ametitu.

Nola sortu zen «La Otxoa» pertsonaia?
Nik uste, zure alorra edozein dela ere, debekupean zaudenean buruak hobeto funtzionatzen dizula, gauzak sortzeko. Madame Arthurretik abiatuta, pixkanaka «La Otxoa»ren pertsonaia garatzen joan nintzen. Futbolaria izan nintzen, eta baldar hutsa nintzenez, pentsatu nuen hobe nuela ez inortaz mozorrotzea, estropezuka ibiliko nintzen-eta. Andreek beti esaten zidaten hanka politak nituela (harritzekoa, futbolariek oker askoak izan ohi dituzte-eta!), eta pertsonaiari minigona jarri nion. Pertsonaiak jada baditu 30 urte, eta denboran zehar beti jarraitu du garaiko moda, arropa eta musika. Oso abangoardista da.

Beraz «La Otxoa», ikuskizunerako sortu duzun pertsonaia da, edo zuretik ere zerbait badu?
Ikuskizunerako sortua da. Jakina, «La Otxoa»ren atzean Jose Antonio ezkutatzen da; baina Jose Antonio oso lotsatia da (gero eta gutxiago izanagatik). «La Otxoa», berriz, lotsagabe galanta da, probokatzailea. Alegia, ez dugula zer ikusirik. Aldagelan sartu eta makillatzen hasi orduko, erabat eraldatzen zait nortasuna. Lotsa galtzen dut. Agian horrexegatik ez zait traje eta gorbatarekin irtetea gustatzen, eszenatoki gainean presio handia sortuko lidakeelako; horregatik beharko nituen gisa honetako trajeak.

Zer egin dezake «La Otxoa»k, Jose Antoniok egin ezin duenik?
Ikuskizunean asko sartzen naiz entzuleekin, hain justu zuzenekoarekin gozatzen dudalako gehien. Ikusleak probokatzen ditut, euren partehartzea eskatzen dut, pasadizoak kontatzen ditut, istorioak... Antzerki eta musika ikuskizuna denez, «La Otxoa» oso jenio bizikoa da, indar handia eskatzen dio. Neroni seguru asko ez nintzateke gai izango hori egiteko, eta aldiz «La Otxoa»rekin lotsagabe hutsa bihurtzen naiz, neurria galtzen dut.
Bixkiena bezala da gertatzen zaidana: batak alde zintzoa eta besteak alde gaiztoa duen bixki horiena bezalakoxea da nire kasua ere. Jose Antonio eta «La Otxoa», biak dira elkarren osagarri.

Emakumez janzteak, zer gehitzen dio ikuskizunari?
Mota honetako ikuskizunak niretzat fantasia bezala dira, magia da. Pertsonaia batez janzteak lotsagabetzeko balio dit; baina gainera ikusleei aldaketa hori asko gustatzen zaie. Beraz, ikuskizunari saltzerako unean fantasia eta magia handia ematen dio, ikusleari iritsi egiten zaio.
Gizon bat emakumez jantzita ikusteak, ikusleari ezbaia sortzen dio. Mundu honekiko ezjakintasun handia dago gainera. Transformistak ikusi, eta transexualekin nahasten gaituzte askotan, eta "emakume gorputza» dugula esango dute Concha Velascoren programan. Bestalde, badaude ikuskizunetan Massiel edo Rocio Juradoz mozorrotuta play-back egiten duten gizonak ere, eta ni horiekin konparatzen nautenean sutan jartzen naiz. Nik ez dut play-backik egiten, ez beste inor imitatzen; nik neronek sortutako kantuak abesten ditut. Alegia, emakumez janzten garen guztiok zaku berean sartzen gaituztela, horixe da askotan sumatu dudan ezjakintasuna.

Jantziak berak zer garrantzia du?
Jantziak artistikoki onak izatea bilatzen dut, jantziek ere hitz egin dezatela, alegia. Diseinatzaile ezagunek egiten dizkidate eta lumak, lentejuelak eta kanutilloa atsegin ditut gehien. Ikuskizuna dena da azkenean, baita jantziak, makillajea eta ileordeak ere. Hori dena kontu handiz zaindu behar da.

Abestietako hitzak irakurrita, bigarren zentzua oso garatua duzula nabari da...
Tira. Diktadura garaitan hitzak ondo hautatu behar ziren, zentsurari adarra jotzeko. Nik uste andreei horregatik gustatzen zaizkiela hainbeste nire kantuetako hitzak, garai batekin identifikatuak sentitzen direlako. Injustizia politikoak, sozialak, hipokrisia eta gezurra salatzea gustatzen zait, humore puntu batekin beti.

Tabernatan oso ohikoak ez diren musika estiloak dira zure bizio...
Zoratzen naute boleroek, rantxerek, pasodobleekà azken batean, horixe da nik bizi izan dudana. Mota guztietako musika gustatzen zait. Entzuteko nahiago dut musika lasaia. Eszenatoki gainerako, berriz, nahiago dut martxa duena, jenio bizikoa naizelako eta indarra behar dudalako, mugitzeko espazioa eskaini behar didalako.

Horregatik sartu duzu musika diskoa?
Ez da horregatik izan. Garaiarekin bat egiten duelako da, eta jakina, abangoardista izan eta eguneratu egin behar duzu. Jendeak oso gustuko zuenean «lanbada», abesti bat egin nuen «lanbada»ren erritmora; berdin salsak indarra hartu zuenean. Une horretan jendeari gustatzen zaiona bilatu behar duzu, baina beti hitzetan zure zigilua mantenduta.

Horrek ez al dakar «komertzialkerian» erortzeko arriskua? Non dago jendeak eskatzen duenaren eta zuk egin nahi duzunaren arteko muga?
Ikuskizuna lana da azkenean. Ilusio handia ematen dizu ideia berri batekin zoazenean; semea erditzea bezalakoa da. Gero arrakasta izatea edo inork ez kontuan hartzea, ikuslearen gustuen araberakoa da. Baina nahiz eta entzuleek baztertua izan, zuk berdin maite duzu zure ikuskizun edo zure kantu hori, zuk jarri duzulako ilusioa eta zuk erditu duzulako. Eta batzutan ez duzu ulertzen. Badira gauzak zuri zoragarriak iruditzen zaizkizunak eta jendeari gustatzen ez zaizkionak, eta badira pitokeriak, kasualitatez egiten dituzunak eta arrakasta dutenak. Ikuskizunaren munduan inoiz ez da jakiten zein den arrakastarako formula zehatza. Ziur dakidana da, zuk zerbaitengatik lortzen baduzu arrakasta, horretan segi egin behar duzula. Ez duzu aldatu behar. Folklorikoa bazara eta jendea zirikatzea gustatzen bazaizu, ez zaitez «Mari Trini y Los Panchos»ez mozorrotu, jendeak hori ez baitizu onartuko, eta kito. Zuk zeure bidean jarraitu behar duzu, horixe da eta jendeak zugandik nahi duena.

Eta zer da zure ikuskizunean arrakasta izan duena? Alegia, zer da aldatuko ez duzuna?
Argi dut «La Otxoa» pertsonaiak jarraitu egingo duela. Uste dut beti ahal duen neurrian hobetuko duela bai jantzietan, bitxietanà abangoardista izaten jarraitu dezala, baita musikan ere: estudio hobeak daude, disko azaletarako maketatzaile hobeak ere bai, eta gauza horietan puntako jendearekin lan egiten saiatu behar duzu. Baina funtsean lehengo bera izango da, horixe da-eta jendeak nigandik nahi duena.

Jarrera irekia duzu, beraz. Hala ere, aldaketaren bat onartzea kostatzen zaizu?
Betiereko gaztea naiz, oso gazte sentitzen naiz. Abangoardista izateko kalean egon behar duzu, ikuskizun berrietara joan eta jantzietan modan zer dagoen jakin. Jarreraz ere oso pertsona tolerantea naiz; garrantzitsua da sinestea denek erakutsi diezazuketela zerbait, izatez halaxe da-eta.
Baina benetan onartzen ez ditudan gauzak ez ditut aldatzen. Nik gauzekiko nire kontzeptua dut, eta kontzeptu horren gainean noa aldaketak integratzen. Baina berritasunen bat niri gustatzen ez bazait, nahiz eta jendeak hori eskatu, nik ez dut egingo. Ez zait gustatzen ikusleekin erasokorra izatea, ez astakirtena izatea; eta horrek funtzionatzen du, badirudi jendeari morboa ematen diola zabarkeriak aurpegira esateak. Baina hori ez dator nire izaerarekin bat. Gustatzen zait denetik ederrena hartzea, alegia nik edertzat ulertzen dudan hori hartzea.

Zure ikuskizunak eskaintzen hasi zinenean, zer erreakzio izan zuen jendeak?
1981eko Bilboko Aste Nagusian, "Libérate" (edo «aska zaitez») kantua atera nuenean, iraultza bat ekarri nuen. Euskadi osoak pegatina bat jantzi zuen, «por fin libérate" («bazen garaia, aska zaitez") zioena. Hori behar baten adierazgarri zen, zapalduta zegoen jende guztiak "armairutik irtengo naiz" (gaur esaten zaion bezala) esateko zuen beharraren adierazgarria zen. Eta ez dut ulertzen zergatik esaten den gaur "armairutik irten" delakoa: gaur apaizak, militarrak eta dantzariak "armairutik irteten" badira, ni nondik irten nintzen, Etxebarriako tximiniatik ala? Ez dut ulertzen zergatik ematen zaion halako garrantzia oraindik ere homosexual izateari; asko aurreratu duzula uste, eta gero jabetzen zara oraindik ere notizia direla halako kontuak, eta sekulako depresioa sartzen zait, nagikeria ematen dit. Egia da aurreratu ere asko egin dela. Garai batean bi aldiz sartu ninduten kartzelan, behin Bartzelonan eta hurrena Bilbon, eta ez inongo ekintzatan harrapatu gintuztelako, besterik gabe, kopatxo bat hartzen ari ginela baizik. Sozialki, gauzarik txarrena homosexuala izatea zen. Eta oraindik orain, paperetan idatzia daramat kartzelako egonalditxo hura, eta edonora bidaian noala ere, mugalariei beti eman behar izaten diet kartzelan sartu izanari buruzko azalpenen bat!
Ikuskizunaren munduan, bere buruari homosexuala dela onartu dion lehenengotakoa izan naiz; begira Rafael, Igeldo mendia baino luma handiagoa zuen, eta aldiz erregimenaren abeslaria zen.

Denek bezala, gizarteko eskemak barneratuak izango zenituen, noski; mutilek erakartzen zintuztela zeure buruari onartzea kosta egin zitzaizun?
Niri ez zitzaidan batere kostatu. Garai hartan ez nuen inolako informaziorik, gaur bezala ez zen gaiari buruz hitz egiten, eta beraz uste nuen ni nintzela mutilak erakargarri zitzaizkion mutil bakarra. Baina Bilbon barrena paseatuz homosexual bikoteak ikusita, eta gaiaz hitz eginda gauza normala zela jabetu nintzen, ni ez nintzela bakarra. Orduan 16 urte nituen, halaxe jaio nintzen eta nire egiarekin joaten nintzen edonora, naizen bezalakoa naiz eta ez nuen zer ezkutaturik. Beraz neure buruarekin ez, jendearekin nituen arazoak. Gaur jende askok txalotzen du, baina orduan debekatu egiten zuten, badakizu zer aldakorra den jendea. Etapa sozialak dira azkenean.
Gaur jendeak maite nau, ez dut arazorik. Baina era berean, zure umorearen araberakoa da jendeak ematen dizun tratua. Edukazio oneko pertsona bazara eta jendea errespetatzen baduzu, inork ez dizu ezer esaten. Gainera nik uste Bilbo hiri irekia dela, mende hasieratik ere denari irekia egon delako: portua izan du, baita auzo txinoa ere (Bartzelonakoarekin batera Europako gune garrantzitsuenetakoa zen) eta beraz, jendeak jarrera irekiagoa izan du edozeren aurrean. Nire karreratik atera dudan ondorioa da Euskadi oso tolerantea dela, eta bere jendea asko maite duela.

Madril ere ezagutzen duzu. Nolakoa da Madrileko "movidilla"?
Oso hipokrita da. Gaur jan egiten zaituen eta bihar zutaz akordatzen ez den jendea dago. Oihan bat da. Jendea hara bere postua lortzera doa, eta lehena iristen denak atzekoari ostikada eman eta Manzanaresera botatzen du. Eta gero amatxo eta aitatxoen seme titikume horien belaunaldia dago, harramazka dabiltzanak beti; telebistara zoaz, eta zure aurretik 17 entxufatu dituzu. Oso zaila da Madril lanerako. Jakina, bada jende zoragarria ere. Nik uste, Bilbok duen berotasuna zaila dela beste inon topatzea. Madrilek ere badu berotasun hori, Bartzelonak baino gehiago behintzat. Bartzelonan oso bereak dira. Baina Madrilen toki guztietako jendea dagoenez, beroa du, niri gustatzen zait.

Musika munduan, ikuskizunak behera egin du edo indarra hartu du?
Ikuskizunak behera egin du. Gazte jendeak gutxiago exijitzen du egun. Multinazional eta kaxa tontoan sortzen dira "izarrak", eta jendeak dena irentsi egiten du. 60-70eko hamarkadatan ikuskizun zoragarriak zeuden, arropa txundigarriekin, dantzariek ere bere garrantzia zuten... dena asko zaintzen zen. Gaur hori dena galtzen ari da. Lehen Madril, Bartzelona, Torremolinos eta baita Bilbo bera ere plazer bat ziren. Egun Bilbon badira ikuskizunetarako tabernak, baina dantzarena arreta deitzeko erabiltzen da gehiago, jendearentzat amu gisa, eta nire ustez funtsean ez du ezer berririk ekartzen.

Bistan denez, «Operación Triunfo» ez duzu gehiegi maiteko...
Ezta batere! Asko sufritzearen poderioz egiten da bat artista. Grazia egiten dit «Operación Triunfo»renak: mikroak jartzen dizkiete, musika bera ere bai, ikuslegoa ekartzen dieteà ikusiko dute herriko festetan udalak antolatutako plaza gogor horietara joan behar dutenean!
«Operación Triunfo»rena sormenaren aurkako atentatu bat da, ez baitute inolako ekarpenik egiten. Azkenean pentsatuko dugu edonor egin daitekeela ezagun, ezer eskaini gabe. Serraten «Lucía» kantua abesten entzuten ditudanean, alegia Serratek berak sortu eta kantatzen duen perla hori, lotsa ematen dit. Hori al da herri eta gaztedi honek duen kriterioa?

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan