Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-13 12:10:21
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-05-05 -- 1852.zenb


HERRI URRATS MAIATZAREN 12AN

«Hizkuntza herriaren hatsa» lelopean, XIX. Herri Urrats egingo da Senperen. Aurten bilduko duten dirua Hazparnen eta Donibane Garazin bi ikastola berri eraikitzeko erabiliko du Seaska Iparraldeko Ikastolen Elkarteak. Urtero bezala, haur, gazte eta helduentzako ekitaldi andana izango da Senpereko aintziraren inguruan.


LANBIDE HEZIKETA EUSKALDUNTZEN

Euskararen egoera kaskarra da lanbide heziketan. Hori dela eta Hetelek (EAEko Lanbide Heziketako itundutako 20 ikastetxeren elkartea) eta Ikaslanek (56 ikastetxe publikoren elkartea) «Lanbide ekimena» hitzarmena sinatu dute Jaurlaritza, BBK eta EAEko hiru diputazioekin. Hala, bi elkarteek Lanbide Heziketako 80-90 testu euskaratu dituzte datozen hiru urteetan. Irailetik aurrera lau lanbide arloetako hamabost zikloetan euskaraz ikasi ahal izango da hainbat ikasgai.


NUP-EKO ITXIALDIA ETEN ZUEN POLIZIAK

Joan den astean euskararen aldeko kanpaldia egin zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Euskal Adarra taldeak deituta. Ia berrehun lagun zeuden baimenik gabeko kanpaldian eta polizia bitan izan zen hura desegiteko. Bigarren aldiz joan zenean, dendak kendu zituen. Asteazkenean bildutako ikasle eta gurasoek itxialdiari ekin zioten eta segurtasun goardiek joateko esan arren, bertan geratzea erabaki zuten. Gauean poliziak itxialdian zeuden 124 pertsona joanarazi zituen eta 97 lagun atxilotu. Ondoren, aske utzi zituen.



HELDUEN EUSKALDUNTZEAREN JARDUNALDIAK

UEUko Glotodidaktika sailak, HABErekin lankidetzan, Helduen Euskalduntzearen V. Jardunaldiak antolatu ditu «motibazioa ikas-prozesuaren eragile» gai hartuta. Maiatzaren 10ean komunikazio ugari aurkeztuko dituzte egun osoan zehar Bilboko Euskalduna jauregian. Matrikulatzeko epea maiatzaren 3an bukatzen da.


ETXEEN GARRANTZIA


Eraikinek artearekin, bizimoduarekin eta lanbidearekin zerikusi handia dutela ari dira frogatzen egunotan Bilboko Udal Artxiboan. Bertan, Bizkaian zehar dauden etxebizitza moten errepasoa egin dute «Etxea» erakusketarekin. Guztira bederatzi multzotan sailkatu dituzte: baserria, dorretxea, jauregia, eliza, udaletxea, hilerria, arrantzaleen etxea, langileena eta burgesen etxebizitzak. Eraikin mota bakoitzari buruzko argazkiak, maketak, planoak, infografiak, museotako objektuak eta norbanakoek utzitako beste batzuk jarri dituzte ikusgai. Gainera, maiatzean zehar hainbat hitzaldi burutuko da eraikin bakoitzari buruzko ezaugarriak eta historia jorratuz. José Angel Barrio Loza, Juan Manuel Gonzalez Cembellín, Alberto Santana eta Gorka Pérez de la Peña mintzatuko dira gai hauetaz.


OTEIZA FUNDAZIOA BERRIRO

OTEIZA Fundazioarena ohiko gaia bihurtzen ari da orriotan. Gai korapilatsu honen azken atalak Nafarroako Hezkuntza eta Kultura kontseilari Jesus Laguna eta Jorge Oteizaren ordezkari Carlos Catalan ditu protagonista. Lagunak Catalani eta Fundazioko patronatuko beste hainbat kideri Oteizaren lanen salmenta euren etekinerako erabili izana leporatu zien. Catalanek kontseilariaren esanak gezurtzat jo eta salmenten etekinak Fundazioaren ekimenetarako erabiltzen direla adierazi du. Eta bide batez Fundazioaren geldialdia kritikatzeko erabili zuen agerraldia. "Ez dugu Oteizaren eskulturentzat mausoleo bat nahi, museo bizi bat baizik" esan zuen.


BERTSOLARI TXAPELKETA BI

BIZKAIAN Eskualdeetako Txapelketa jarri du abian Bizkaiko Bertsolari Elkarteak. Sei bailaratako 63 bertsolarik hartuko du parte sailkapen saioetan eta eskualdeko txapelketan. Irabazleak zuzenean pasako dira Bizkaiko Txapelketa Nagusira.
Gipuzkoan berriz, Eskolarteko 22. Bertsolari Txapelketa antolatu du Ikastolen Elkarteak eta bat-bateko finala ekainaren 7an egingo da Zumarragan.


DANTZA, BATETIK BESTERA

ESCENA 2002 dantza jaialdia abian da Nafarroan. Maiatzaren 26a bitarte dantza ikuskizun ugari ikusi ahal izango da Nafarroako hainbat herritan. Dagoeneko bi dantza emanaldi izan dira Iruñean. Maiatzaren 10ean jaialdiak Zizur Nagusiko kultur etxera egingo du jauzi, bertan "Piezas mentirosas" eskainiko baitu Angels Margaritek. Halaber, System Balleten "Aragón" eta Nats Nutsa Danzaren "Siete" haurrentzako ikuskaria izango dira eszenatoki gainean. Bestalde edizio honetan hainbat estilo biltzen dituen Artinex dantza gala ekoitzi dute eta Lizarran, Zangozan, Los Arcosen, Valtierran eta Ablitasen ikusi ahal izango da taula gainean.


LIBURU EGUNAREN ONDORENA

IRAKURKETA bultzatu asmoz esperientzia pilotua jarri zuen abian Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Liburuaren Nazioarteko Egunean. Mariasun Landaren "Elefante txori-bihotza" liburua eta Mikel Valverde ilustratzaileak eginiko kartela ardatz hartuta, 280 liburutegi publikotan eta 20 liburu azoketan haur eta gazteak erakartzen ahaleginduko dira. Kanpainaren emaitzak onak badira, Euskadi Literatura saria irabazitako liburu eta egileen laguntzaz antzeko kanpainak egiteko asmoa agertu dute.


DESAGERTUTAKO LANBIDEAK

"LANBIDE zaharrak" izena du Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu berri duen liburuak. Izenburua ezaguna da, duela ez hainbeste Euskal Herrian desagertu diren lanbideak hizpide dituen seriearen seigarren alea baita hau. Aurrekoek bezala, egileak Carmelo Urdangarin eta Jose Maria Izaga dira eta baserri eraikitzaileak, aterki konpontzaileak, pirotekniako langileak, bizikleta konpontzaileak, zigarro egileakà gogorarazi dizkigute.

- Jean Haritxelhar euskaltzainburuaren hitzak dira hauek «Euskaldunon Egunkaria»k jasoak: «Ez naiz bide seinaleak belztearen alde, baina bere garaian egin ez balitz, ez zen euskara agertuko bide seinaleetan».
- Victor Villanueva, Circuito Coliseoko gerenteak zera zioen «El Mundo»n euskal zinemari buruz: «Euskal filmeek zirkuitu mugatuetan bukatzen dute, eta, gainera, denbora oso laburrez egoten dira hauetan».
- Jorge Jimenezek eginiko adierazpenak dira hauek «Deia»n: «Argitaletxe txiki eta ertain asko sortu dira beraien merkatu zatia hartu nahian. Eta sorkuntza demokratizatu egin da, hau da, gero eta gehiago pasatzen dira irakurle izatetik idazle izatera».
- Santi Ugalde, Trapu Zaharrak antzerki taldeko zuzendariak «Gara»n: «Euskal antzerkian arriskuaren eta abenturaren espirituaren falta somatzen dut».
- Angel Garraza eskultorearen aburuz, «arkitekturak protagonismoa galdu duen eskultura publikoa ordezkatu du». Hitzok «El Pais»n esan zituen.

Ez da arraroa El Corte Inglés merkataritza gunean euskararen falta nabaritzea. Horren adibide dugu eskuinean ikus dezakezuen argazkia. Ordutegia gaztelania hutsean dago eta beste hainbeste gertatu ohi da etiketa eta bestelako karteletan. www.elcorteingles.es web gunea ere gaztelaniaz dago.

Jose Angel Irigaraik «Joan-jinaren labirintoan» izeneko poesia liburua plazaratu du Pamiela argitaletxearen eskutik. Honakoa bere bosgarren poesia liburua da.
Jose Maria Satrustegi euskaltzain eta idazlea izan da Euskalerria Irratia Elkarteak eman ohi duen Larreko Sariaren irabazlea. Saria euskararen alde eginiko lanagatik jasoko du Satrustegik maiatzaren 24an.
Andres Nagel artista donostiarrak azken hiru urtetan eginiko lanak bildu ditu erakusketa batean Bilboko Galería Colón XVIak.
Piarres Laffiteren jaiotzaren mendeurrena ospatzen dela-eta Elkarlaneanek bere hainbat lan bildu du «Kazetari-lan hautatuak» liburuan. Horrez gain, Donostiako Koldo Mitxelenan lehengo astean hainbat mahainguru burutu zen.
Montxo Armendarizen «Silencio roto» filma Euskal Zinemaren El Mundo Sarietako lau ataletan suertatu da garaile. Besteak beste, zuzendari onenaren atalean.

Juan Luis Zabalak honakoa zioen «Euskaldunon Egunkaria»n Joseba Sarrionandiak jasotako Kritika Sariaren inguruan:
«Madrilen min egin du, itxuraz behintzat, Joseba Sarrionandiak, "Lagun izoztua" nobela dela bide, Espainiako Literatur Kritikarien Elkartearen eskutik euskarazko narratibaren alorreko Kritikaren saria jaso izanak. Etzanarazi egin ditut jaso eta eskutik hitzak, berez sari hori irabazten duten idazleek ez baitute inoren eskutik deus ere jasotzen; liburuak hartzen duen bultzada mediatikoa da, berez, sariaren funts bakarra, nik dakidala behintzat. Beharrik! Ez dut pentsatu ere egin nahi zer izenburu idatziko zituzketen bestela.
Ez zekitela Sarrionandia etarra zenik esan behar izan dute, kazetariek larritasuneraino estututa, Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteko arduradunek, obra bat saritu dutela, "inondik ere ez idazlearen ibilbide politikoa". Pilar del Castillo Espainiako Kultura ministroa, berriz, "harrituta" agertu da, eta "zuritzen zaila" iritzi dio saridun Sarrionandia izendatzeari. Ez zaio, itxuraz, burutik pasatu ere egin erabakiaren egokitasuna epaitu aurretik æLagun izoztuaÆ gaztelaniaratuta irakurri beharko lukeela esatea. Errespetua eta lotsa, auzoan. Ez dago zirrikiturik, ezta komeni denean ahoa bete-bete eginda goratu ohi duten sormen literario librearentzat ere (...)».

Lan munduan eta lanbide heziketan euskarak duen presentzia eskasa gainditzeko asmoz, «Lanbide Heziketa eta lan mundua euskaraz» jardunaldiak egin ziren apirilaren 27an Eibarren, LABen ekimenez. Besteak beste, Elhuyar, Euslab eta Jaurlaritzako ordezkariek parte hartu zuten.

hemeroteka

1851. zenbakia | 2002-04-28
1850. zenbakia | 2002-04-21

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan