BILDUMA GARAIKIDEARENTZAT ETXE BERRIA

Ostiral honetan, hilak 26, dauka Artium museoak irekiera data. Gasteizko alde zaharrera begira dagoen eraikin berriak bere 13.000 metro koadrotatik 3.800 erabiliko ditu hemendik aurrera bildumako ia 1.600 lanetatik batzuk (normalean museo batek bere bildumaren %8 eta %15 tartean izan ohi du erakusgai) bisitariei erakusteko.

Jose Luis Caton arkitektoak diseinatutako Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoaren eraikina berria da; bilduma ez hainbeste. Eta ez gara berau osatzen duten lanen adinaz ari, azken 50 urtekoak baitira gehienak. Obrak biltzeko ahaleginaz ari gara, duela ia 30 urte hasi baitzen Arabako Foru Aldundia egitasmo honen oinarriak jartzen eta askotan beste museoek erosten ez zituzten lanak erosten. Eta horregatik da berezia, hain zuzen, Artiumen bilduma. Bertako lan gehienek, enkante batean salduz gero ez dute prezio errekorrik hautsiko. Baina guztiek batera, beste inon topa ez daitekeen azken urteetako artearen erakusle aberatsa osatzen dute. Eta orain arte bizileku izan duten Arabako Arte Ederretako Museoak ez zuen hori publikoari zabaltzeko aukera egokirik ematen.
Gertutik. Bilduma, eta beraz museoa, gertuenetik abiatu eta zabaltzen doa gero; izaera nuklearra du, arduradunen hitzetan. Hots, Arabako artisten lanak biltzen ditu lehenik, ondoren Euskal Herriko artistengana hurbilduz eta Espainiako arteak azken hamarkadatan eman duenaren adibide batzuk bilduz azkenik. Dalí, Nagel, Sistiaga, Illana, Miró, Txillida, Irazu, Tapiés, Oteiza, Brossa, Zumeta... mundu guztian ezagunak batzuk, ez hain ezagunak besteak, arte garaikideak inguru hurbilean eta ez hain hurbilean eman dituenak ezagutzeko tresna osatzen dute guztiek. Horregatik Artiumek garrantzi berezia eman nahi dio zentroaren izaera pedagogikoari. Bertako Hezkuntza eta Kultur Ekintzarako Sailak era askotako egitarauak garatu ditu ikastetxeei, familiei, ikusle arruntei eta ezaugarri bereziak dituzten beste kolektibo batzuei zuzenduta: bisita gidatuak, ikuskizunak, jokoak, lantegiak...
Orain arte bilduma iraunkorraz jardun dugu, baina aldi baterako erakusketek ere tokia izango dute Artiumen, bai artista jakinei eskainiak (Jesus Palomino, Enzo Cucchi, Thomas Ruff...), bai gai baten inguruan dihardutenek («Melodrama», «Bestearen begirada», «Gotikoa... baina exotikoa»...). Eta bestelako jarduerak ere aurreikusi dituzte: «Sentimendua eta grina» melodramaren inguruko zine eta bideo egitaraua edo «Sukoia» flamenkoen eta modernoen arteko zinema programa bikoitza, esaterako.
Inork gutxik jartzen du azkenean zalantzan urteetan osatuz joan den arte garaikideko bildumak eraikin bat behar zuela. Beste kontu batzuk Artiumek bere ibilbidea egin ahala argituko dira

Daniel Castillejo
Kulturune bat bilakaeran dagoen toki bat da eta guk horrela ulertzen dugu Artium. 1.500dik gorako bilduma hau bilduma irekia da. 50eko hamarkadatik honako lanak jasotzen ditu gehienbat, baina orain ahalegin berezia egiten ari gara lehenagoko obrak, XX. mendeko lehen erdiko obrak ere eskuratzeko. Gure museoak izaera zientifikoa behar du eta horretarako modu garbian artikulatu behar dugu. Arte garaikidearen inguruan askotan kriptikotasun handiegia dago, hurbilketa logiko eta normaldua galarazten duena. Guk alderdi pedagogikoari garrantzia eman nahi diogu. Azkenean, arte garaikidea gure garaiko erakusle da, gure garaia ikertzeko tresna. Artelan hauek bizi dugun garaiko elementu kontzienteak dira, garaikidetasuna interpretatzen dute

Ismael Manterola
Arabako Foru Aldundiak urtetan osatutako bilduma hau oso bilduma ona da. Baina 50ko hamarkada baino lehenagoko lanak lortzeko ahalegin hori akats bat da. Batetik abangoardiako lan horiek erostea oso garestia delako eta bestetik horiek biltzen dituzten museoak dagoeneko badaudelako. Beste museo batzuen eredu berbera jarraitzea ez zait interesgarria iruditzen. Museoa berezia bada, 60, 70 eta 80ko lanekin egindako ahaleginagatik da, inork erosten ez zituen lanetara iristen jakin zutelako. 90eko eta gaur egungo lanekin jarraitu beharko lukete. Ez dut uste artista berriei irtenbidea emango dienik, Amarikak egindako lanarekin jarraituko dutenik edo inguruko giroan eragin handirik izango duenik. Baina irudipenak dira, proiektua ez baita batere garbia. Ez dakigu, beraz, nora iritsiko diren

Fernando Illana
Artium ekipamendu kolektibo bat da, ospitale bat den bezalaxe eta ez da kultur politika publikoekin nahastu behar. Artium bere jardueraren, eraginaren eta hiria osatzeko izango duen ahalmenaren arabera kritikatu beharko da. Gutxienez, ondo legoke Euskal Herriko arte sektore nahasi hau ordenatzen lagunduko balu. Galeriok gure jarduerarako testuinguru egokia behar dugu eta Artiumek gure testuinguru naturala izan beharko luke. Ni Madrila banoa, nire ingurua ez denez, ez nahiz lehentasunen artean egongo. Baina Euskal Herrian ere ez, eta hori deigarria da. Artista bezala ondo dago zure lanak museo batean egotea, baina horrek ez du merkatua besterik gabe sortuko.

Bestalde, Amarika aretoa eta Artium ez dira lotu behar. Amarika sormenari, artistari, kolektibo txiki bati lotutako elementua da; Artium askoz kolektiboagoa da eta artea erakustearekin dago lotuta. Batak ez du bestea kentzen eta Amarika ixteko arrazoiak azaldu beharko lituzke Diputazioak. Artium dagoelako Amarika ixtea, Alaves dagoelako Tau Vasconia desagertaraztea bezala da

Pedro San Cristobal
Bildumarekin hasi ginenean, 70eko hamarkadan arte garaikidearen panorama oso tristea zen gurean. Amets bat zen orduan arte garaikideko museo bat, eta 28 urteko haurdunaldia behar izan du errealitate bihurtzeko.

Artiumen ordezkaturik dauden artisten %70 edo %75ei museo bakar batek erosi dizkie lanak, gure museoak. Horrek jarraipen lan izugarria eskatu du, galeriak, museoak, feriak, estudioak bisitatuz... Oiartzungo mendi puntatik hasi eta Bilboko tailer abandonatu bateraino

Pello Irazu
Nire gaur egungo lanik ez dago museoan baina Eusko Jaurlaritzak eskuratutako eskultura batzuk depositoan utzi zituen Arabako Arte Eder museoan. Hemendik urte eta erdira nire lan berriekin erakusketa bat dute aurreikusia. Printzipioz ongi iruditzen zait lan horientzat museo bat egitea, baina gerora programazioak-eta esango du zein bide hartzen duen. Museo honek oinarria bazuen, bilduma bazuen eta hori erakusteko eta gauza berriei toki egiteko proposamen logikoa da museoa.

Azkenean bilduma hau oso berezia da, horrelakorik ez dago Estatu osoan eta horregatik da ezaguna. Ez du agian sekulako obra inportanterik izango. Baina denek batera balio handia dute, azken hamarkadatako artea ezagutzeko. Museo batek gaur egungoa jaso dezake, baina atzera begiratzen duen zeozer da azkenean


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Salvador Dalí
Dalí polifazetikoa

Artea da gizakiak mundu onetan sortu duen gauzarik ederrena, hainbat espresio modu bilatu ditu: musika, literatura, pintura, eskultura, poesia, graffiti, etab. Artisten bizitzei buruz irakurtzen hasten garenean, badirudi, ohiko espazio-denborako jarraitasun haspergarri... [+]


2004-11-08
Europako abangoardietako lanak daude ikusgai Kubo aretoan
Donostiako Kubo aretoan Abangoardiak 1925-1939 erakusketa zabaldu dute. Bertan bildutako Pablo Picasso, Salvador Dalí, Joan Miró, Juan Gris edota Jorge Oteizaren obren bidez 1925etik 1939ra bitartean Europan emandako abangoardiak ezagutzeko aukera izango da 2005eko... [+]

1999-01-31 |
DOLAR USAINEKO ARTELAN PREZIATUAK
Negozio bilakatu zela zalantza izpirik ez zuten utzi 80ko hamarkadaren amaiera eta 90ekoaren hasierako enkanteek: gosea pasatako artisten lanak milioika dolarretan saldu ziren.

Eguneraketa berriak daude