DEBORAH HONDARTZA BAKARTI BATEAN
Pako Aristi
ALBERDANIA
116 orrialde
AMATASUNA AUKERATZEN DUEN NESKA GAZTEA
Hamalauren bat urtetik aurrerako guztiei zuzendu die Pako Aristik «Deborah hondartza bakarti batean», Alberdania argitaletxean kaleratu duen nobela laburra. Lau urte zeramatzan Pako Aristik fikzioa idatzi gabe, eta bere azkenengo lan honetan hemezortzi urteko neska haurdun gazte batek izan ditzakeen hausnarketak azaltzen saiatu da. Neska gazte horrek amatasuna aurkeratuko du ororen gainetik, nahiz inguruan dauzkan gizarteko elementu guztiak bere erabakiarekin bat ez datozela jakin. Berak ama izatea deliberatuko du, ondorioetan asko pentsatu gabe. Berarentzat munduan ez dagoelako ezer umearekin daukan ilusioa emango dionik. Beraz, handik aurrera, bere erraietako haur horrekin, ama gazte bat izango da, neska gazte bat izan beharrean. Gainera, badaki amaren laguntza ez zaiola faltako... Bitartean, udan egindako lanarekin hilabete batzuk irauteko gai dela sentituz, amaren etxea utzi eta alde egiten du karabana batean bizitzera, nahiz erabaki hori ere ez den ez amaren, ez bere mutil lagunaren oso gustukoa. Baina Deborahrentzat, karabana batean biziz, badirudi ezerk ez duela halako garrantzirik.
BAT-BATEKO BERTSOLARITZA. GAKOAK ETA AZTERBIDEAK
Batzuen artean
BERTSOLARI LIBURUAK
232 orrialde
16,53 euro
BERTSOLARITZA BERE KONPLEXUTASUNEAN
Bat-bateko bertsolaritza bere konplexutasun osoan azaltzen saiatu dira Joxerra Garzia, Jon Sarasua eta Andoni Egaña, Bertsolari Liburuak-en bidez plazaratu duten «Bat-bateko bertsolaritza. Gakoak eta azterbideak» lanean. Bertsolaritzaren aurrekari historikoetatik hasiz, honako gai hauek aurki daitezke, besteak beste, bertan: bertso jarrietatik bat-bateko bertsoetara, bertsolaritzaren izaera gaur egun, bertsolaritzaren kokapena euskararen munduan, taldeko jardun ludiko ez-formala: bertso-eskola, egungo bertsolaritzaren adierazmailak, bertsolaritzaren oreka eta desafioak, entzulearen esku-hartzea, Bertsozale Elkarteari buruzko hausnarketa, eta bat-bateko bertsoaren sorkuntza prozesua eta bertso mota hori osatzeko estrategia nagusia.
NUEVAS PRISIONES DEL VIEJO AGUIRRE
Koldo Izagirre
TTARTTALO
229 orrialde
16,25 euro
KOLDO IZAGIRREREN NOBELA GAZTELERAZ
Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak ematen duen Joseba Jaka literatur beka irabazi zuen Koldo Izagirrek 1999an «Agirre zaharraren kartzelaldi berriak» izenburua zuen nobelarekin, eta hain zuzen ere idazlan horren laugarren edizioa oinarri harturik idazle berak egindako gaztelerazko bertsioa da orain Ttarttalo argitaletxeak eskaintzen duen «Nuevas prisiones del viejo Agirre» hau. Jatorrizkoan bezala, Agirre zaharra espetxeko horma artean aurkituko dugu, euskal preso gaztez eta funtzionarioz ingururaturik. Inork ez daki zergatik dagoen kartzelan zaharra, ez eta zeren bila dabilen, eta fidagaiztasuna nagusituko da haren inguruan. Baina Agirre zaharrak ez du etsiko.
KANDIDO EDO EUSKADI INDEPENDIENTEAREN UKRONIAL. Haranburu Altuna
HIRIA
176 orrialde
14 euro
LUIS HARANBURU ALTUNAREN «KANDIDO»
Zer gertatuko zen Euskal Herriak burujabetza lortuko balu? Gauza on askorik ez, Luis Haranburu Altunak «Kandido edo Euskadi independientearen ukronia» nobelan agertzen duenagatik. «Zertarako taldearen salbamena, gizon bakanaren lepotik lortua bada? Zertarako Euskadiren askatasuna, euskaldunak lotuaz ukan behar bada?». Horiexek dira Haranburu Altunak egiten dituen galderak. Bere Kandido, Alderdiaren egunean, Salburuan jaiotzea egokitu zitzaion euskalduna da. Aita jelkidea du; aitona, berriz, abertzaleak gorroto dituen nafarra, eta amak nahiago du semea ingelesaren munduan murgildu eta ez ikastolan sartu. Nolanahi ere, Kandido ikastolan heziko da. Han, diputatu sozialista baten alaba den neska polit batez maiteminduko da.
LES MILITANS ÉTUDIANTS
Eguzki Urteaga
DAKIT
184 orrialde
18 euro
IKASLE ERAKUNDEEN NONDIK NORAKOAK
Bordeleko Victor-Segalen Unibertsitateko Soziologia doktore eta Paueko Unibertsitatean Historian lizentziatua den Eguzki Urteagak Dakit argilatxearen bidez plazaratu duen «Les militans étudiants» ikerketaren helburu nagusia, Frantzian eta batik bat Bordelen gaur egun dauden ikasle erakundeen nondik norakoak aztertzea izan da. Izan ere, aldaketa handiak jasan dituzte Aljeriako gerra eta 68ko Maiatza garaian unibertsitatean entzute handia izandako erakunde horiek, eta gaur egun mutazio baten ondorioei aurre egin beharrean aurkitzen ditu ikerlariak. Beraz, korporazioetatik ezkerreko erakundeetarainoko ikasle militanteak nortzuk diren, eta nola bizi duten beren militantismoa agertzen saiatu da Eguzki Urteaga.
AUTU-MAUTUAN
Antton Irusta
GERO
101 orrialde
7,21 euro
AHO KORAPILO, KANTA ETA BESTE JOLASAK
Elkarren artean bilduz ondo pasatzeko aukera paregabea eskaintzen die haurrei Antton Irusta irakasle, idazle eta ipuin kontalariak «Autu-mautuan» izenburua duen liburu honetan. Adibidez, biriken indar guziz kantuan aritzeko aukera, arin-arin irakurtzeko espreski eginak diren aho-korapiloak ikastekoa, adineko euskaldunek bere harridura, poza edo haserrea adierazteko noiznahi esaten dituzten hitz bereziak eta norbaiti deitzeko edo haren arreta eskatzeko erabiltzen dituzten interjekzioak; ipuin bat kontatzeko orduan hasiera gisa erabiltzen diren esaerak eta borobil bukatzeko amaierak; ipuin ziklikoak eta etiologikoak nolakoak diren, euskara jatorretik jasotako esamolde eta bitxikeriak, eta beste hamaika gauzatxo.
TXAKUR-BIHOTZA
Mikhail A. Bulgakov
IBAIZABAL
171 orrialde
6,56 euro
BULGAKOVEN SATIRA ZORROTZA EUSKARAZ
Jose Morales Beldak euskaratu du Mikhail Afanasievitx Bulgakov nobelagile eta antzerkigile errusiarrak 1925ean idatzitako «Txakur-bihotza» eleberri laburra. Bere obra guztietan Urriko Iraultza Sozialistaren akatsak salatzen ahalegindu zen Bulgakov, bereziki «Maisua eta Margarita» eleberriarengatik egin zen ospetsu Mendebaldean idazlea, eta «Txakur-bihotza»n ere Urriko Iraultza Sozialistaren satira zorrotza egiten du, endokrinologo batek kalean aurkitutako txakur bati egiten dizkion esperimentuak aitzakia direlarik. Hamaika saio egingo dute endokrinologoak eta bere laguntzaileak txakurrarekin, baina esperimentuok ustekabeko ondorioak ekarriko dituzte, buruhauste ugari sortuz esperimentatzaileei.
XI. EUSKADI GAZTEA MAKETA LEHIAKETA
Batzuen artean
EUSKADI GAZTEA
8 kanta
Hamaikagarren edizioa burutu du dagoeneko Euskadi Gazteak antolatutako Maketa Lehiaketak, eta hona hemen edizio horren emaitzak jasotzen dituen CDa. Alde batetik, All FoolÆs Day taldea dago, Maketa Lehiaketaren irabazlea, Clara Mayo eta Nerea Molineroren ahotsak, Ana Arriolaren teklatua, Enrique Romeroren baxua, Lara Vicenteren bateria eta Nerea Molineroren gitarra lagun osatutako «Desnudos» eta «A tiempo» gaztelerazko kantak eskainiz. Horrez gain, Euskadi Gazteako entzuleek partaide guztien artean aurkeratutako hiru taldeen musika eta hitzekin gozatzeko egokiera ere eskaintzen du CD honek. Hi! sateliteren «Zurra» eta «Neska» abestiak. 2D1 taldearen «Arrigorri» eta «Ura», eta Conflict Noiseren «Hilzorian» eta «Beldurraren mandatariak».