Ainara Gurrutxaga
Ametsak etengabe eraikitzen eta itotzen ditugu bizitzaren karruselean. Batzutan, errealitate bilakatuta, euren kabuz iraultzen dira. Besteetan, ordea, guk botatzen ditugu zakarrontzira, jada ezertarako balio ez dutela konbentzituta. Iraultza horietaz mintzo da Antzerkiola Imaginarioaren azken muntaia: egunerokoan edonork dituen barne gatazkez, alegia.
Mundo, jatorri poloniarreko pailazoa, borroka galduetatik dator, etsipenak jotako trotskista da. Garai batean mundua aldatzeko kementsu sentitzen zena kontsigna antzuen predikatzaile bilakatu da orain, "utopia baino muga gehiago dagoela" argudiatuta. "Pailazo bat da zentzu guztietan. Patetikoa izan daiteke batzutan, eta zozokeria handienak egiten dituena besteetan. Oso panfletarioa eta demagogikoa bada ere xarma handiko galtzailea da", pertsonaia gorpuzten duen Na Gomes-en aburuz. Poloniako komun galdu batean barrenak husten ari den bitartean Mika ezagutuko du, bortizki alaia den neska euskaldun iraultzailea. Miren Gaztañagak bere pertsonaia su baten parekoa dela dio: "Eszenatokian jaiotzen den indar handiko pertsonaia da. Alaitasunaren iraultza egin nahi du eta horretarako Mundo idolo gisa hartuko du". Mikak ozen abesten du zoriontsuen erreboltak izango duen leloa: "Eusko pailazoak gara Euskadi alaitzeko...". Estropada honetan, baina, arraunerako sasoi betea duen neskatxak ziabogarako garaia heldu zaion pailazoarekin egingo du topo. Mundo eta Mikaren arteko talkek pertsonaien garapena eragingo dute irudikatutako munduan.
Era berean, antzezlan honek ikuslearen eta obra beraren arteko hirugarren espazio bat proposatzen du, Tragedia Grekoetan egiten zen moduan. Eszenatokiaren atzealdean dauden manikiek koro greko bat iradokitzen dute eta honetatik bereizten den Korifea hitzontziak publikoari taula gainean jazotzera doana iragartzen dio, bere erratzarekin gertaerek uzten duten zikinkeria garbitzen duen bitartean. "Pertsonaia betierekoa da", dio Miriam Martxantek bere pertsonaiaz, "alde batetik Mundo bezalakoen porrota desilusioz bizi du eta badaki sortzen diren indar berriak ere, guztiak garapen bat duelako, beherantz egingo dutela. Dena den, indar berri horien jaiotzeak ilusionatzen du".
"Mundopolski" istoriorik gabeko antzezlana da. Taldearen estiloari jarraiki pertsonaiek naturalismotik ihes egiten dute, irudimenezko mundu bateko izaki teatral bilakatuta. Ikusleak, berriz, eszenatoki gainean mementoan gertatzen ari denarekin gozatzen du, irribarrez batzuetan, pentsakor bestetan.
TESTUA ABIABURUA.
Antzerkiola Imaginarioarentzat sormen prozesuak berebiziko garrantzia izan du 1998an sortu zenetik, eta beraz, kasu honetan ere muntaia prestatzeko erabili dituzten lau hilabeteetan arlo guztiak tentu handiz landu dituzte. Orain arte pilatutako esperientziak -aurretik sei muntaia egin ditu taldeak: "8 olivetti poetiko", "Kutxa XXI" eta "La niña que sueña lunas también se mea en la cama" horien artean- bide ezberdinen bilaketan aurrera pausoak emateko beta eman die.
Taldearen aurreko lanak aktoreen inprobisazioan oinarritutakoak izan badira, "Mundopolski"k Jon Gerediaga eta Unai Garatek idatzitako testua izan du abiaburutzat. "Kasu honetan prozesu guztia neurtuagoa izan da. "8 olivetti poetiko", esaterako, esperimentu gisa sortu zen, ikuskizun bilakatzeko asmorik gabe. Azken lan honetan, aldiz, hasieratik bagenekien italiar erako eszenategi batean egingo genuela ikuskizuna, diru laguntzak eskatu genituen...".
Antzerkiola Imaginarioaren premisetako bat jatorrizko obrak sortzea denez, goitik behera taldeko kideek gauzatutako ikuskizuna da "Mundopolski". Hala, Arkaitz Lasaren eta Aritz Merinoren eszenografiak, Aida Ulibarri eta Asegiñe Urigoitiaren jantziek, Aitor Agirianoren musikak zein Oier Bengoetxea eta PCes de Colores-en argiztapenak antzezlanari etxeko marka ezartzen diote. "Lan egiteko modu hau oso ederra da, ekintza eszenikoko arlo guztiak luparekin zainduta daudelako. Gauza guztiek dute euren izateko arrazoia" , dio Na Gomes-ek.
Taula gainean dauden elementu guztiek funtzio bat baino gehiago betetzen dute gehienetan, eszenografia zerbait bizia bezala erabiltzen baita. Dekorazioak ez du tarterik. Ikuskizunaren hasierako komuna, esaterako, obran zehar hilkutxa, pulpitu edo itsasontzi bilakatzen da. Jolas honek ikuslea irudimenean barrena bidaiatzera gonbidatzen du. Batzuetan testua nahiko korapilotsua bada ere, ez du ikusleak jolasean jarrai dezan eragozten.
PROPOSAMEN IREKIA.
Otsailean Barakaldon gazteleraz eta martxoan Durangon euskaraz estreinatu zen "Mundopolski". Hizkuntza bakoitzarekin muntaia bat egitearena taldeak hartu beharreko erabaki garrantzitsuenetako bat izan zen, jatorrizko testuak ez baitzituen bi bertsio aurreikusten. Taldeko idazleek sortutako testuan pertsonaia bakoitzak hizkuntza batean hitz egiten zuen- Mikak euskaraz, Mundok gazteleraz eta Korifeak bi hizkuntzetan-. Alde komertzialari begira, ordea, nahiko hautu desegokitzat jo zuen taldeak eta, azkenean, bertsio bitan eszenaratzea erabaki zuten.
Tristeziaren tiraniaren kontrako borroka adierazten duen antzezlanak ez du ideia konkretu bat azpimarratu nahi, taldekideen hitzetan, "Cortázarrek dion bezala ædiscursoÆ bat baino ædecursoÆ bat litzateke. Denboran zehar doazen ideiak dira, poesien moduan noizbait zulo beltz batera jausiko direnak". Na Gomesek garbi du Antzerkiolaren azken lana proposamen ireki bat dela: "Horrela jendeak ikusitakoa interpretatu egiten du, taula gainekoa bere begiradarekin aberastuz".
Proposamen berri hauek ezagutu nahi dituenak datorren udazkenean izango du aukera, orduan eskainiko baititu talde bizkaitarrak zenbait emanaldi Euskal Herrian zehar
Nagore Irazustabarrena
Ostiral honetan, hilak 26, dauka Artium museoak irekiera data. Gasteizko alde zaharrera begira dagoen eraikin berriak bere 13.000 metro koadrotatik 3.800 erabiliko ditu hemendik aurrera bildumako ia 1.600 lanetatik batzuk (normalean museo batek bere bildumaren %8 eta %15 tartean izan ohi du erakusgai) bisitariei erakusteko.
Jose Luis Caton arkitektoak diseinatutako Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoaren eraikina berria da; bilduma ez hainbeste. Eta ez gara berau osatzen duten lanen adinaz ari, azken 50 urtekoak baitira gehienak. Obrak biltzeko ahaleginaz ari gara, duela ia 30 urte hasi baitzen Arabako Foru Aldundia egitasmo honen oinarriak jartzen eta askotan beste museoek erosten ez zituzten lanak erosten. Eta horregatik da berezia, hain zuzen, Artiumen bilduma. Bertako lan gehienek, enkante batean salduz gero ez dute prezio errekorrik hautsiko. Baina guztiek batera, beste inon topa ez daitekeen azken urteetako artearen erakusle aberatsa osatzen dute. Eta orain arte bizileku izan duten Arabako Arte Ederretako Museoak ez zuen hori publikoari zabaltzeko aukera egokirik ematen.
Gertutik. Bilduma, eta beraz museoa, gertuenetik abiatu eta zabaltzen doa gero; izaera nuklearra du, arduradunen hitzetan. Hots, Arabako artisten lanak biltzen ditu lehenik, ondoren Euskal Herriko artistengana hurbilduz eta Espainiako arteak azken hamarkadatan eman duenaren adibide batzuk bilduz azkenik. Dalí, Nagel, Sistiaga, Illana, Miró, Txillida, Irazu, Tapiés, Oteiza, Brossa, Zumeta... mundu guztian ezagunak batzuk, ez hain ezagunak besteak, arte garaikideak inguru hurbilean eta ez hain hurbilean eman dituenak ezagutzeko tresna osatzen dute guztiek. Horregatik Artiumek garrantzi berezia eman nahi dio zentroaren izaera pedagogikoari. Bertako Hezkuntza eta Kultur Ekintzarako Sailak era askotako egitarauak garatu ditu ikastetxeei, familiei, ikusle arruntei eta ezaugarri bereziak dituzten beste kolektibo batzuei zuzenduta: bisita gidatuak, ikuskizunak, jokoak, lantegiak...
Orain arte bilduma iraunkorraz jardun dugu, baina aldi baterako erakusketek ere tokia izango dute Artiumen, bai artista jakinei eskainiak (Jesus Palomino, Enzo Cucchi, Thomas Ruff...), bai gai baten inguruan dihardutenek («Melodrama», «Bestearen begirada», «Gotikoa... baina exotikoa»...). Eta bestelako jarduerak ere aurreikusi dituzte: «Sentimendua eta grina» melodramaren inguruko zine eta bideo egitaraua edo «Sukoia» flamenkoen eta modernoen arteko zinema programa bikoitza, esaterako.
Inork gutxik jartzen du azkenean zalantzan urteetan osatuz joan den arte garaikideko bildumak eraikin bat behar zuela. Beste kontu batzuk Artiumek bere ibilbidea egin ahala argituko dira
Onintza Enbeita
Ez dakit nola baloratu daitekeen, baina finalak jende gehiago erakartzen du finalaurrekoek baino. Eta komeni da horren zergatiak aztertzea: finalean kalitate hobea aurkitzea espero duelako jendeak, finaleko bertsolariak ospetsuagoak direlako", aitortu zigun Eneko Bidegain epaileak Txapelketaren hurrengo egunean eskatutako balorazio orokorraren baitan. Estitxu Arozena bertsolariaren hitzak, ostera, bestelakoak ziren: "Finaleko maila aunitz igo da, baina baita jendearen aldetik ere. Lehenago bertsolari konkretu bat edo bi entzutera etortzen zen jendea, eta orain saio osoa entzutera".
Hala ere, "polemikarako gaia" denik uste ez duen arren, Arozenak aitortu digu txapeldunaren izena entzutean sorpresa handia hartu zuela. "Gu ez gara aproposenak ezer esateko. Bakoitza berean egoten gara eta ez dugu saioa entzuleek bezainbeste gozatzen, baina Sustrai Colina txapeldunordea zela esan zutenean, nik Silveirari esaten nion æorduan, zu zara txapeldunaÆ. Orain, prentsa irakurri eta jendearekin egon ondoren, uste dut ez ginela gu izan harritu ginen bakarrak".
Bertso ligak.
Finalerako txartela, aurretik botatako izerdiarekin lortzen da, eta aurten, bertso ligetan hasi dira bertsolariak berotzen. Lesakako bertsolariak azaldu duenez, "Bertso Liga Lesakan, taberna batean, sortutako ideia izan da". Hasierako ideian liga bakarra eta saio bi egitea pentsatu zuten arren, Iparraldeak bere liga egin zuen eta hiru saio dituzte. Arozenaren ustez, argi geratu da Iparraldean ere, baliabideak eta bertsolariak badirela Bertso Liga aurrera eramateko.
Bidegain, lapurtarra izanik, hurbilago egon da Iparraldeko Bertso Ligatik, Nafarroakoa ere epaitu behar izan duen arren, eta hasierako helburuak bete dituela iritzi dio. Iparraldeko Bertso Ligaren helburuak belaunaldi ezberdinetako bertsolariak elkarrekin kantuz aritzea eta aspaldian bertsotan aritu ez ziren batzuk kantura itzultzea omen ziren. «Horregatik egin da Bertso Liga afarien edo bazkarien inguruan, giro lasai eta pixka bat intimoan. Nik uste dut alde horretatik helburua bete dela, gustura egon delako bakoitza bere mailarekin eta gazteek kantatzeko aukera izan dutelako. Gainera, erakusten ari dira hemendik urte pare batera, adina izango dutelarik Nafarroako Txapelketan parte hartzeko, maila ona emanen dutela".
Txapelketaren aurretik Liga antolatzeak prestakuntza aldetik aldaketak ekarri ditu Nafarroako Bertsolari Txapelketara. "Bertso ligaren interesetatik bat antolaketa bera izan da. Jende berria sartu da antolaketan, gai emaile taldean... Beraz, lortu dugu Bertsularien Lagunak elkartearen dinamikan jende gehiago inplikatzea eta hori, onerako izan da", dio Bidegainek. Iparraldeak liga propioa egin du, jende berria erakarri du bertsoaren mundura eta horiek aurrerapausoak dira dudarik gabe. Hala ere, Bidegainek ez du uste epe laburrean behintzat, Iparraldeak bere txapelketa egiteko aukerarik izango duenik. "Oraindik bertsolari gazte asko dago ikasten 10 edo 13 urterekin, eta 10 urteren buruan dena aldatuko da, baina beste eztabaida bat da ea komeni den Nafarroak bere txapelketa egitea eta Iparraldeak berea. Nik interesgarri ikusten dut txapelketa bakarrean nahastea biak; nolabait ere muga hausten dugulako. Ez, baina, horregatik bakarrik. Nafarroaren eta Iparraldearen harteko harreman natural hori mantentzen eta sakontzen dugulako baizik".
Bidegainek ez du jende aldetik behintzat aldaketa handirik ikusi epaile diharduen hiru urteetan. Haren iritziz, finalak, gehiago edo gutxiago, beti betetzen du aretoa eta jenderik gehien mugitzen du, eta finalerdietan entzule gutxiago izaten da. Hala ere, Bertso Liga antolatzeak, batez ere, Iparraldean entzule gehiago izatea bultzatu omen du. Hiru urte hauetan mailan nabaritu ditu aldaketarik pozgarrienak: "Kalitatearen aldetik izan dira gauza onak eta ikusten da bertsolari batzuk maila igotzen ari direla".
Arozenak ostera, 11 urtean kantatu du Nafarroako Txapelketan. Bere berbek, baina, bat egiten dute epailearenekin zentzu batean. "Bertso Ligari esker, bestela iritsiko ez ginen herrietara heldu gara. Esate baterako, Garraldan kantatu genuenean jendeak ez zigun amaierara arte txalorik jo. Eurek aitortu zigutenez errespetoagatik, baina hori da jendeak ez dakielako benetan bertsolaritzak nola funtzionatzen duen. Zabaldu egin dugu geure esparrua eta herri asko geratu dira saioren bat hartzeko gogoarekin".
Bere funtzioa bete duen txapelketa.
Bertsolari eta bertsozaleen artean askotan sortu da txapelketen balioaren gaineko eztabaida. Lesakakoak argi dauka: "Nafarroako finala erakusleihoa baino ez da. Nafarroan urte osoan egiten den euskarazko ekitaldirik garrantzitsuenetarikoa izaten da; egun handia da. Bertso ligarekin leku askotara lehenengo aldiz joatea lortu dugu eta sorpresak hartu ditugu herri batzuetan". Finala hain egun garrantzitsua izatearen ondorioz, Arozenarentzat arrunta da urtean zehar bertsolaritza inguruko giroa hotzagoa izatea. Hala ere, erakusleihoa dagoenean, barruan ere zerbait mugitzen delako eta lana egiten delako egoten da.
Txapelketak bere funtzioa dauka, hala dio Bidegainek. Baina dena ez da horretara mugatu behar. "Nafarroako Txapelketak eragina badauka. Askorentzat Txapelketa da urtean zehar kantatzeko aukera bakarrenetarikoa. Alde horretatik badu bere funtzioa eta betetzen du. Gero, ez da dena hor zentratu behar. Bertsoaren funtsa ez da lehiaketa hutsa. Aparteko naturaltasunez jokatu behar da Txapelketatik kanpo, eta lehia kutsurik gabe. Hala ere, urtero antolatzen bada, beharra sentitzen delako antolatzen da".
Urtero antolatzen da bai, Nafarroako Txapelketa eta urte batetik hurrengora hainbeste nabaritu ez arren, azken urteetan belaunaldi aldaketa handia igarri da. Donezteben Bittor Elizagoien izan zen bertsolaririk zaharrena (hala esaterik badago), eta txapeldunari 20 bat urteko aldea aterako zion. "Belaunaldi aldaketa emanda dago. Gu ez gara hain gazteak ere dagoeneko: 27 urte eta 11 txapelketa daramatzagu bizkarrean. Gu zaharrenetakoak gara eta Amets, Sustrai... dira belaunaldi berria. Euskal Herri mailan ere gauza bera gertatzen da", dio Arozenak. Berak, baina, erreleboa egotea positiboa den aldetik, gauza horiek naturaltasunez hartu behar liratekeela uste du: "Behin adin batera helduta, bizitzan beste arazo batzuk sortzen dira eta saioetara joateko moduan egon arren, Txapelketarako beste lasaitasun bat behar da. Finalera joan eta jakitea 17 urteko bat dela faboritoa eta zuk harekin kantatu beharra...".
Eneko Bidegainen aulkitik ere, nabaritzen da belaunaldi aldaketa. "Belaunaldi aldaketa badela egia da. Orain 20 urte gehiago dituztenak ere, gazterik hasi ziren, beraz, ez da oraingoa. Bertso eskolek bertsolari gazte asko ekoizten dute (hitz hori erabiltzea zilegi bada behinzat), eta horientzat lehen plaza eta ezagutarazteko bidea Txapelketa da. Horrek adierazten du hainbeste gazte egotea Txapelketan". Berak azaldu duenez, Amets Arzallus eta Sustrai Colina ere ez ziren aterako plazara Nafarroako Txapelketan sartu ez balira. Ildo horretan "Txapelketak bertsolariak promozionatzeko balio du", epaileak azaldu duenez. "Beharbada, bere bidea eginda daukan bertsolari batek behar hori gutxiago sentituko du".
Aurrera begira.
Aurrerantzean antzerako eskemak jarraituko ditu Nafarroako Txapelketak. Arozenak esandakoaren arabera, datorrenean ere Bertso Liga egingo dute. "Agian, aurten baino saio bat gehiago egingo dugu, baina sistema bera izanen da". Eta gainera, azken aldian lan asko egin da etorkizunera begira: materiala prestatu, bertso eskolak indartu... "Etorkizuna bermatzeko tresnak hor daude, baina badira mila faktore gure esku ez daudenak".
Bidegainen iritziz, Iparraldean osasuntsu dago bertsolaritza aurrera begira, eta ba omen dira urte biren buruan ateratzeko moduan egonen diren bertsolariak ere. "Hala ere bertsolariak ez dira nahikoa, bertsozaleak ere behar dira, eta ez dakit Iparraldea oso bertsozalea den. Bada bertsozale talde bat aspaldian bertsozale dena, baina ez dira asko. Gero eta hiztun gutxiago dago eta kulturara hurbiltzen direnak gutxi dira. Egin behar dugun lana bertsozaleak, saio antolatzaileak... aurkitzea da. Euskal Herriko Txapelketak eta Ligak sortu duten giroa baliatu behar dugu, baina lan egin behar dugu jendeari bertsolaritza helarazteko".
Edozelan ere, bertsozale kopurua behar bezainbat igotzen ez den arren, bertso eskolek lan handia egin dute Iparraldean azken hamar urteetan: "Eskolen lana, zinez funtsezkoa da. Bestela gaur egun ez litzateke bertsolaririk izango iparraldean 50 urtetik behera".
Txapelketa guztietatik gelditzen zaizkigu bertso batzuk buruan. Epaile izanik denak entzun behar izan ditu arretaz Bidegainek eta gogoan du Sarako kanporaketan Haritz Saragetaren bakarreko lana. "Umorez hartu zuen eta hori eskertzekoa da. Finalean ere bertso onak atera ziren: Estitxu Arozenaren bakarkako lana, æAizak hi mutil mainontziÆ doinuan Xabier Legarreta eta Xabier Silveirak egin zutena ere polita izan zen eta Amets Arzallusen gartzelakoa ere bai. Bertso antologikoak deitzen diren horiek ez dira Anoetako finalean bakarrik izaten. Nik Nafarroako Txapelketan urtero entzun ditut gogoan atxiki ditudan bertso onak". Estitxu Arozenak ostera, beste bertso batzuk hartu zituen gogoan: "Silveiraren finaleko saioa oso ona izan zen. Orokorrean taldearen indarra egon da, baina bertso bikainik izan da eta nik uste Silveirak batzuk bota dituela. Xabier Legarretak finalerdian bakarreko gaia emanda baserritarraren paperean botatako bigarren bertsoa ere asko gustatu zitzaidan".
Eneko Bidegain Euskal Herriko Txapelketa hasi zenetik Nafarroakoa amaitu arte egon da astebururo puntuak ematen, eta ezin izan dugu Nafarroako Txapelketa puntuatu gabe solte utzi: "Ez nuke puntuaziorik emanen. Aski egin dut puntuatzerik. Nafarroako Txapelketa oro har, gorabehera guztien gainetik, txapelketa ona izan da"
Pilar Iparragirre
Ondo, gaizki nahiz erdipurdi, aurrera zihoan gure arbasoen lurraldean bizi ziren guztien historia 1972ko udaberri hartan ere. Jakina, beste edozein garaietan bezala, ez zen inguruan kezkabiderik falta, ezta ZERUKO ARGIAn lanean ari zirenentzat ere, Amatiñok bere "Zenbat gara 72" sailean agertzen zuenagatik.
TXIRTXIL HITZAREN ESANAHIAK
"Aste mugitua izan dugu, irakurle, azken hau. Trikitixa dela eta ez dela, edo batek daki zergatik, æAmatiñoÆ izena dantzan ari da, saltoka, ipar haizeak orbelak dantzarazten dituen bezalaxe. Behar ez den tokietan aipua behin eta berriz (El Diario Vasco), bertan erantzuteko eskubidea galerazten digutela gainera. Baina badago gehiago ere. Aste honetan, lau irakurleren gutunak jaso ditugu, baita Debako berri-emaile den Idiakez adiskidearen bisita ere. Baina aipa ditzagun gaurkoz gutunak, eta utz ditzagun beste batetarako Idiakez jaunak proposatu zizkigunak".
Jasotako azken ezusteetatik aukera egiten zuen Luis Alberto Aranberrik, eta zilegi bekigu guri ere beste horrenbeste egitea, espazio kontua dela-eta. Beraz, Amatiñok kontuan hartzen zituen gutunetatik bi baino ez ditugu hemen jasoko. Hona hemen lehena:
«Orioko seme den L. E. jaunak idazten digu. Oroituko zarenez, irakurle, æGoiz ArgiÆ aldizkarian barrena Azkarraga-tar Peli izeneko idazle ezezagunak hauzitan jartzen zuen Euskaltzaindiaren jokaera. Zenbait argitasun eskatzen zioten Euskaltzaindiari, bai 'Goiz Argi'ko zuzendaritzak, baita Azkarragatar Peli delakoak ere. Guk ere, era berean, beste argitasun bat eskatzen genion æGoiz ArgiÆ aldizkariari, alegia nor txirtxil ote zen Azkarraga-tar Peli delako hori?».
Baina Amatiñorentzat «Goiz Argi»ko idazle horri deitzeko era egokia zena, iraintzat hartu zuenik ere bazen, itxura guztien arabera.
«Oriotorrak, gehiegi iritzita edo, honela idazten digu: «Zergatik ezezaguna diagun Azkarraga-tar Peli honi txirtxil itza leporatu? Txirtxil, zera duk nire ustez: Zarpail, purtzil, arlote, baldres, lotsagabe, nabarmen, alke-gabe, lotsagalduà».
Zer erantzun dezake batek horrelako salaketa baten aurrean? Amatiñok orduan behintzat, hauxe: «Gutiena litzake irakurle soil batek honelako zentzua ematea txirtxil hitzari. Baina, beldur naiz, oriotar batek horrela uste duelarik, ez ote duen berdin ulertuko beste zenbait giputzek, baita Peli berak ere. Eta honela gertatuko balitz, azalpenen bat eman beharrean aurkituko ginake, gure esangura guztiz bestelakorik bait zen. Irakurle espabilatua ohartuko zen, oraingoz, sail honetan darabilgun hiztegi murriztuaz. Ez dakigu, uste zuzenez ala okerrez, baina ez dugu nahi izaten hiztegitan hitz bila denbora alferrik galtzerik. Grafiazko hiztegiak darabilzkigu eskuartean, ez esanahiezkoak. Geure baitan sortzen zaizkigunak jartzen ditugu, ez besterik. Eta behar bada, zenbait zentzutan, txirtxil oriotarrak dioen esangura izan dezake; guretzat, ordea, askoz ere errazago, laburrago eta txiroago da».
Zein ote Amatiñok txirtxil hitzari ematen zion esanahia? «Umeak ginela, Arrate hegalean ihardun ohi genduen, zulorik zulo txirtxil bila. Txirtxila, udaberrian ugaldu ohi zen (eta den) mamorro txiki bat zen. æKri-kri-kriÆ egiten zuena. Zelaietan barrena zulo txikietan ezkutatzen zen, eta ziritxo batez atera ohi genduen kanpora (sarri zulora txisa eginez ere bai). Beraz, txirtxilari hitz garbia deritzagu. Hots, ezkutu lekutik ækri-kri-kriÆ egiten duena eta ziri batez irtenarazi behar dioguna. Ez ahal da halakoren bat gure Azkarraga-tar Peli?».
Kilker deitzeagatik inor haserratuko ez zitzaiolakoan zegoen Amatiño, antza. Eta, bestela bazen ere, enbido: «Txarrenean ere, barkatuko ahal gaituzte gure gipuzkoar garbiok bizkaierazko hitz bat erabili dugulako? Ez digu behintzat orain inork ukatuko, batasun beharrik dugunik. Ala bai?».
BEHOBIA PAUSOA OTE?
Beste gutuna Donostiatik iritsi omen zitzaion. Hamaika kontu aipatzen zituen Amatiñok bere sailean, eta haietako batean, halako polemika kutsuko gorabehera bat jasoa zuen nonbait, hots, ea Behobia euskal izena zen ala Pausoa deitu behar ote zitzaion "oraintsu euskal idazle batek esan digunez". Bada, auzi hartaz, bazuen zer esana Amatiñori idatzi zion donostiarrak:
"Azkenekoan Behobiaz jardun zara. Ba-dakakiza h euskerak frantsesetik hartua zuela bota zigutela behin. D. Manuel'n etimolojiarekin (Beko-ibia) ere enago konforme. Enetzat Behobia behor-ibia da, hots, vado de las yeguas, zeren behor-ek konposiziñoan azken r galtzen baitu maiz. Honela, Behobide, Behotegi, Behogain (Aralar'ko tontor bat)à behor-bide, behor-tegi, behor-gain dira"
Pilar Iparragirre
Maurice Harriet (1814-1904) dugu 3.500 orriko hiztegiaren egilea. Lapurdiko Haltsun sortu zen apaiz honek bere bizitzako azken hogeita hamar urteak euskara-frantsesa hiztegia osatuz eman zituen, eta 3.500 orrialde dituen eskuizkribua utzi zigun ondare gisa. Ehun bat urte beranduago beste lapurtar batek, Arantxa Hirigoienek, Euskal Filologian doktore izateko Baionako Fakultatean aurkeztutako tesian ikertu du lana.
GIZON IKASI ETA JAKINTSUA.
Maurice Harriet apaiz egin, eta berehala Madrilera bidali zuten. Han 30 urte igaro zituen, institutu bateko zuzendari gisa. Eta jakina, bitarte horretan ondo baino hobeto ikasi zuen gaztelera. "Hirueledun perfektua zen. Eta esaten dutenez, biziki pertsona seriosa, XVII. mendeko estilo horretako gizon ikasi eta jakintsua", azaldu digu Arantxa Hirigoienek.
Bere bizitzako epealdi luze hori Madrilen pasa eta gero, Maurice Harriet berriz itzuli zen Haltsura, eta han ekin zion beste 30 urte eramango zizkion lanari, hau da, euskara-frantsesa hiztegia osatzeari. "Berant hasi zen hiztegia egiten, baina batzuek ezeztatzen badute ere, hiztegia oso-osorik egin zuen. Hala ere, ez zuen nahi izan bere hiztegi hori argitaratua izaterik. Bizpahiru proposamen izan omen zituen, baina beti uko egin bide zion".
Arantxa Hirigoienek dioenez, Maurice Harrietek liburutegi oso aberatsa zuen etxean, lau mendetako liburuak biltzen zituena: literatura, historia, erlijioa... denetarik zeukan; eskuizkribu anitz, gaur egun galduak direnak. Berrehun eta hogeita bost liburuen zerrenda atzeman du Hirigoienek Baionako Apezetxean. Eta liburutegi horretaz baliatu zen, besteak beste, bere euskara-frantsesa hiztegia osatzerakoan. A letratik Z letrara doa hiztegia. Hitzak euskaraz agertzen dira, eta azalpenak frantsesez. Gaur egun Baionako Apezetxean dago, hango apaiz batek du bere logelan. «Ez da oso ongi gordea. Dena den, mikrofilmatua izan da, eta ni mikrofilmaz baliatu naiz nire lanerako. Oso hiztegi aberatsa da. Euskalki guziak hartzen ditu kontuan, eta alde horretatik euskararen altxor handi bat gordetzen du hiztegi horrek. Entziklopedia kutsua ere badu, Harriet ez baitzen hizkuntzari buruzko xehetasun hutsean gelditu" dio filologoak.
Dirudienez, Maurice Harriet ez zen berrizalea. Larramendi eta beste hiztegigile batzuen hitzak ere sartu zituen. «Larramendirenak, kasu, berak ez zituen sobera onartzen. Ze sobera, batere ez! Hitz horien ondoan beti ematen du ohar bat, 'kasu egin nola erabili'. Baina nahiz berak ez ontzat eman, sartu egin zituen, eta horrek erakusten du Harrietek euskararen ikuspegi ahal bezain zabala eskaini nahi izan ziola irakurleari".
Zergatik uko egin ote zion lan eskerga hori argitaratzeari? Arantxa Hirigoienek ez dauka horren erantzun garbirik. "Beharbada den bezala ezin zelako argitaratu XIX. mende bukaeran, ez eta gaur egun ere, aurretik zuzenketa eta egokitze lan handia eskatzen duelako. Bestalde, pentsatu behar da Harriet hiztegia bukatzen ari zenean hasiko zela Azkue berea egiten, eta agian horrek beldurtu zuenà"
Nolanahi ere, Maurice Harrieten hiztegiaz baliatu izan dira hiztegigileak. Lhande zuberotarra, bereziki, eta horrela aitortu zuen 1926an euskara-frantsesa hiztegia argitaratu zuenean.
TESIAN AZTERTUTAKOAK.
Arantxa Hirigoienek Harrieten hiztegiko hiru letra aztertu ditu bere tesian. Aurrena, doktoretza prestatzeko urtean, erakusgai gisa T letra hautatu zuen, kontsonantea zelako eta ez zuelako orri gehiegirik (112). Eta jada tesirako, beste bi hautatu zituen: A letra, bokal lehena delako, eta Harrietek horren oso corpus handia eskaintzen duelako (kasik 200 orri), eta K letra, bereziki ortografia mailan Harrietek K aspiratua erabiltzen zuelako (K h-rekin).
Hiru letra horiek, hiztegi osoaren bilakaera aztertzeko aukera eman diote filologo lapurtarrari. Honen iritziz, Maurice Harrietek garai bertsuko eredu bat zuen, Littrè frantses hiztegigilea: "Hastapenean ez zen haren lanaz asko baliatu, baina K-tik aurrera bai".
Pasa den otsailean aurkeztu zuen Arantxa Hirigoienek honen guztiaren inguruko tesia Baionako fakultatean. Zuzendari Charles Bidegain izan zuen, eta epaimahaian, Andolin Eguzkitza, Gotzon Larrekoetxea eta Txomin Peillen. Denak interesatu ziren bere lanaz, baina mementoz behintzat tesia ez da argitaratuko.
"Nik hiru letra bakarrik landu ditut, eta hiztegi osoa aztertzeak lan handia eskatzen du. Urte asko eta sosa anitz. Nik nahiko nuke segitu ikerketa horrekin, baina bakarrik ezingo nuke hiztegi osoa landu. Hiztegiak merezi du, baina egitekotan orain egin beharko litzateke, ze orriak horituz doaz, eta interesgarria da euskararentzat hori lehenbailehen argitaratzea"
Mikel Asurmendi
Ikas-Bi Ipar Euskal Herri osoan ari den elkartea izanagatik, bere zabalkundea hiru «eskualdetan» bereizi daiteke. Lehen eskualdea, Urdazubi ibaiaren ingurumarietan koka daiteke. Elkartea Sara herrian sortu zen 1983an eta Donibane Lohizune, Ziburu, Azkaine, Urruña eta Hendaia herrietan zabaldu da gehienbat gaur egun arte. Bertan bizi da ikasle kopuru handiena, baita -herri handiak izan arren- euskaldunena ere. Bigarren eskualdea, Iparraldeko «barnealdea» deitua da: Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Eremu zabal horretan, Ikas-Bik zabalkunde zaila izan zuen hastapenean. Bertako gurasoek ez zuten beren seme-alabak eskola elebidunetan aritzerik nahi, ez baitzuten ulertzen, konparazione, matematikak euskaraz eman zitezkeenik. Kostata baina, emeki-emeki, gela elebidunak zabalduz joan ziren. Azken bost urteotan, berriz, «aurreiritzi» hura nolabait gainditu da eta poliki garatu da irakaskuntza elebiduna. Familiako euskararen transmisioa galtzen zela oharturik, kontzientziatze gisako bat eman bide da bertako herritarren artean. Donibane Garazi eta Bidarraiko eskolak, kasu, elebidunak dira. Hirugarren «eskualdea», garrantzi handikoa, BAM (Baiona-Angelu-Miarritze) hiri barrutia da. Bertako populazioa arrunt hirikoa da, hiritarrek herritar kontzientzia galdua dute, eta -batzuren iritziz- eskola publikoetako irakasleek -zuzendariek bereziki- elebitasunaren garapena lagundu baino oztopatu egiten dute.
HIRU SAREEN ARTEKO ELKARLANA. Ikas-Bi sortu zenean, Seaskari lehia egiteko sortua zela zabaldu zen gizartean; Seaskaren tokia hartzeko, hots. Mixel Estebanek, Ikas-Bi Gurasoen elkartearen lehendakariak, argitu digu alderdi hau:«Gaur egun, begi bistan dago hori ez dela horrela. Hiru sareak garatzen diren eskualdeetan eskola osagarriak direla ageri da. Seaska ikastola, Euskal Haziak -eskola katolikoak- eta eskola publikoetako euskarazko irakaskuntza goiti ari da».
Ikas-Biko ordezkari honen ustez, azken urteotan azpimarratzeko fenomeno sozial gisako bat garatu da lehen «eskualdean»: eskolatik kanpo garatzen diren kirol, musika edota antzerki aktibitatetan elkarrekin eta euskaraz aritu ohi dira hiru eskoletako ikasleak. Hendaia eta Donibane Lohizune herrietan, kasu, ikasle aktiboen herenak euskaraz ikasten baitu. Egoera soziala aldatuz joan da eskualde honetan, eta, inoiz baino indar gehiagoz, egungo euskararen iraupenak hiru sareen arteko elkarlana eskatzen du.
Sare bakoitzak bere pedagogia eta nortasuna atxikitzen ditu, lehiarik ez dago eta garai batean elkarri zioten mesfidantza gainditu dute, antza. Alabaina, eskolen arteko harremanak gehiago sakondu behar direla aitortzen dute hiru eskoletako ordezkariek. BAM distrituan, halabeharrez eta ezinbestean, harremanak landuagoak dira nolabait. Garapen Kontseiluarekin harreman sendoa lortu dute eta horren ondorioz burutu zen irakaskuntzari buruzko inkesta BAMen. Inkestaren datuen arabera, haur ttipiak dituzten familien %56k euskarazko irakaskuntza eskatzen du.
Ikas-Bi elkarteko kideen esanetan, oso datu baikorra da hau, alabaina, Seaska, Euskal Haziak eta Ikas-Bi elkarteen arteko elkarlana inoiz baino sendotasun gehiagoz finkatu beharra ikusten dute. Jakinik ere, elkarte honetako sektore batek -Josiane Libier buru duena- ez duela elkarlan hori begi onez ikusten. Baiki, Seaskak garatzen duen irakaskuntza ez du gogoko sektore horrek.
Ikas-Bi elkartearen zuzendaritzak eta Ikas-Bi Gurasoak ordezkatzen dutenek berebizikotzat jotzen dituzte hala Iparraldeko beste elkarteekiko harremanak nola Hegoaldeko eskola publikoekikoak. Halaber, eskola elebidunetan murgiltze-programa bultzatu nahi dute eta laikotasun eta euskalduntasuna uztartu. Haatik, asmo eta desio hauek gauzatzea bidegabekotzat jotzen duen ildo bat agertu da elkartean:«Edonola ere, guk eskola gizartearen sektore guztiekin egin nahi dugu, joera guztietako jendearekin moldatu behar dugu, pentsamolde guztiak kontuan hartu behar dira. Ikas-Bik abertzaleak, frantses ezkerrekoak, eskuinekoak, zentristak nahiz edozein ideologiakoak kontuan hartu behar ditu. Laikotasuna eta euskarazko irakaskuntza doakoa lortzea da gure xedea», adierazi digu Ikas Bi Gurasoen elkarteko lehendakariak.
Ikas-Biko arduradunentzat, gogorrena eta tamalgarriena, afera hau komunikabideetara eta auzitegira eramateko moldea izan da. Finean, beren ustez, eskola publikoan garatzen ari den euskarazko irakaskuntzaren kalterako izan da. Haurrak hezitzeko adinean dauden gurasoak holako tirabirak sumatzen dituztenean euskararen mundutik aldentzen baitira.
3.350 IKASLE ETA 80 IRAKASLE inguru.
Irakaskuntzan diharduen %25ak euskaraz ikasten du Iparraldean, hauetako erdiak eskola publikoan ikasten duelarik: 3.000 Ama Eskola eta Lehen Mailan, eta 350 ikasle inguru Bigarren Mailan. Konparazione, Hendaiako Irandatz ikastetxean 100 ikasle ari dira, Donibane Lohizuneko Ravel ikastetxean -euskaraz ikasten den Kolegioa eta Lizeo bakarrak, uneon- berriz, 150 ikasle.
Duela bost urte 50 irakasle ziren eta egun 80 irakasle dira. Datorren urtean zazpi lanpostu berri -14 irakasle- izanen dira. Lau gela berri-berriak zabalduko dituzte Ortzaitze, Heleta, Ainhoa eta Hendaian. Azken herri honetan, bost eskola publikoetatik lauetan euskaraz erakusten da, ikasleen %50 gela elebidunetan ari da, eta bost urteren buruan %80 euskaraz ikastea igurikatzen dute.
Nolanahi den ere, Iparraldeko eskola publikoetan Hegoaldeko B eredua lantzen da mementoz. Ama Eskolan ez da murgiltze-programa lantzen orainokoan. Ikasgaien erdia frantsesez lantzen da eta beste erdia euskaraz. Alta, bada, gero eta guraso gehiago daude beren haurrak euskara hutsezko irakaskuntzan murgiltzearen alde. Lehen Mailan, berriz, zientzia ikasgaiak euskaraz irakasten dituzte eta gainontzekoak frantsesez. Kolegioan ez da B eredua lantzen, denboraren herena euskaraz egiten dute, aurrerantzean B eredua indartu nahi dute, ordea. Oraingoz, euskara gaiaz gain, historia eta geografia lantzen dute euskaraz. Hurrengo urteetan, matematika edo zientziari buruzko gairen bat landuko dutelakoan daude.
Eskoletatik landa, Nafarroa Behereko Azkarate herriko zentroa da Ikas-Bi elkartearen ekimen garrantzitsuetako bat. Bertan, eskola publikoan ari diren ikasleek kanpoko ekimenak edo klase berdeak deritzanak burutzen dituzte. Aste batez, hiritik kanpo aritzen dira murgiltze-programan. Ikasleak eta irakasleak elkarrekin joaten dira beren klaseak burutzera; oporraldiko aktibitateak bestalde. Argitaletxe baten lana egiten du ere Ikas-Bik. Euskarazko liburuak urri izanik, azken hamabi urteetan matematika, zientzia, geografia eta historiazko hainbat bilduma argitara eman dute. Halaber, «Nanai» aldizkaria egiten dute haurrak euskaraz irakurtzen treba daitezen