- Mixel Intxauspe, RPRko diputatua: «Lionel Jospinen agintaldian Euskal Departamendua sortzeko aukera galdu da».
- Carlos Iturgaitz EAEko PPko lehendakariak ETAren Getxoko atentatuaz: «Batasuna legez kanpo utz ez dadin, gizartea kikildu nahi izan du ETAk».
- Sabin Intxaurraga, EAko buruzagia eta Eusko Jaurlaritzako Sailburuak æGaraÆn: «Autodeterminazio eskubidea onartua dago nazioartean baina ez Estatu espainiarraren ordenamendu juridikoan. Eta kontsulta mota hori beharrezkoa da. Azkenean, beste aukerarik ez badugu, Eusko Legebiltzarrak autodeterminazio eskubidea bereganatzeko ahalmen erabakia du horretarako lege bat eginez».
Xabier Arzalluz, EAJko EBBko lehendakariak Proyección.tv telebista digitalari esana autodeterminazioari buruzko herri kontsulta eta bere erretirada lotuz: «Autodeterminazioari buruzko kontsulta, legealdi honetan edo hurrengoa izan, ez da ni EAJko lehendakaritzatik erretiratu aurretik agingo».
Etxerat erakundeak gogor salatu du 125 euskal presok espetxe zigorraren hiru laurdenak beteta dituela eta, beraz, aske beharko lukeela. Gizartea arazo latz honetaz kontzientziatzeko kanpainari ekingo dio berriz euskal presoen eskubideen defentsarako eratutako senideen elkarteak.
Gazte Abertzaleek (EA) maiatzaren 4an eta 5ean egingo dute beren VI. Kongresua Iruñean, "Alternatiba Eraikiz" lelopean. Martin Aranburuk idazkari nagusiaren kargua utziko du eta seguruenik Andoni Iturzaetak hartuko du haren lekua.
Joseba Sarrionandiak "Lagun izoztua" liburuarekin Espainiako literatura kritika saria jaso izanak hautsak harrotu ditu Espainiako ohiko gunetan. Espainiako Kultura ministroak balorazio guneetan eskua sartuko duela iragarri du; saritu dutenen esanetan, balio literarioak izan dituzte izpide.
Jakoba Errekondo
Izen alemaniarreko bermuta gero eta maizago ikusten dut ene ingurukoen edalontzi eta potoetan. Gozo punttudun edari mikatza edo mikatz punttudun edari gozoa, inoiz ez gara bat etorriko. Gozoa ez dakigu, mikaztasuna ordea, asentxio-bedarra, erle-bedarra edo xixari-bedarrak eransten diola, bai.
Artemisia absinthium dugu bedar hau. Garai bateko grekoek xahutasunaren edo kastitatearen jainkosatzat zuten Artemisen ohorezko izena du eta garai biblikoetan kalamitatea, zorigaitza eta damuaren ikurra zen. Egipton duela lau mila urte baino gehiago sendagai gisa erabiltzen omen zen. Bedar honek beste osagai askoren artean tuyonak, alkohol tuyolikoa eta absintiina mikatzetan mikatza ditu. Bera lehengai, alkohola latz zuen absenta, edari mitikoa, prestatu izan ohi da. Edari hau izan omen zen azken bi mendeetako poeta hoberenak ondu zituena. Gero epilepsia tankerako nobedadeak eta garunaren ahalmenetan eragin larriak zituela eta toki askotan galarazia izan zen. Poetak, beno bertsogile eta poeta onak alferrik nonbait... Ordezko alua, baina, zorigaitza eta damuaren bermuta hartu behar ba ordainetan
Jabier Agirre
Gaur egun gizartean nagusi den bizi estiloaren eraginez (bizimodu sedentarioa egiten dugu batez ere), eta giza espezieak bere-berea duen aurrezki energetikorako aurrejoera bereziak bultzatuta (gizakiak sekula ez du behar-beharrezko zuen indarrik alferrik galdu), pisu-gehiegikeria ikaragarri ugaldu da aberastasun-maila altuetan mugitzen diren herrialdeetan.
Madrileko Ramón y Cajal ospitaleko Nutrizio Zerbitzuan diharduen Clotilde Vázquez doktorearen iritzian, gaur egungo bizi estiloan bada akats bat, oso zabaldua, gantz gehiegikeria errazten duena, eta beraz, gantz hori pilatu egiten da. Eta egia bada ere gizakiak oso ongi prestatuak daudela gabezi egoeratan energia aurrezteko, eta bizimodu normaleko mekanismoak huts egiten dutenean beste batzuk martxan jartzen diren arren, ez da ahaztu behar txanponaren beste aldea ere: gantz gehiegi pilatzen denean, gizakiak ez dauka ia berezko mekanismorik, soberan pilatu zaigun gantza ezabatzeko.
Gaur egungo bizi estiloak eragindako giro morboso horri aurre egiteko Vázquez doktoreak bizimodu osasuntsuagoa egitea gomendatzen du, dentsitate kaloriko gutxiago eta nutrizio indar gehiago duten janariak hartzea, ariketa fisikoa egunero egitea, eta gehiago jatera bultzatzen gaituen estresaren kontrako neurri pertsonalak hartzea. Pisu galera ekarriko duen tratamendua hasi aurretik, gaitza kronikoa dela ohartu eta onartu beharko dugu: mentalitatea aldatu, alegia. Aipatutako aholkuak jarraituz, eta behar izanez gero tratamendu farmakologikoarekin (medikuak kontrolatuta betiere), arazoa kontrolatuko dugu
JOSPINEN EZUSTEKO PORROTA, LE PENEN GARAIPENA
INKESTEK erabateko hutsa egin zuten Jacques Chirac eta Lionel Jospinen lasterketak parean jarriz. Hirugarren lasterkariak -Jean Mari Le Pen ultraeskuindarra- eman du ezustekoa eta Frantziako lehendakaritzarako lasterketaren igandeko bigarren itzulian bera lehiatuko zaio Chiraci. Lehenbiziko ondorio argia Jospinen dimisioa izan da; ikusi behar orain aurrera begira porrot honek nola eragiten dien askotariko ezkerraren gobernua sostengatzen duten indarrei. Jospinen porrot honek biziki piztuko du lehia datorren ekaineko legebiltzarrerako hauteskundeei begira. PSren buruzagitzan nor arituko den izango da datozen egunotako zalantzarik handiena.
ETA-REN LEHERGAILUAK GETXON ETA MADRILEN
SU-ETENA hautsi zuenetik ETAk lau lehergailu zartatu ditu Getxon, hiri hau bere erasoetarako gune preziatuena dela erakutsiz. Lau erasoetan, kalte material handiak eragin ditu eta, orain arte behintzat, «euskal oligarkiaren aurkako eraso gisa» azaldu izan ditu bere komunikatuetan. Madrileko lehergailuari dagokionez, Repsoleko egoitzaren aurrean jarri zuen, eraikuntza horretan eta ingurunean kalte material handiak eraginez.
NAFAR GOBERNUA GORENAREN DATORREN EBAZPENAREN ZAIN
ITOIZKO urtegia betetzen hasteko ia dena prest dagoenean etorri da Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpena, 1997an Entzutegi Nazionalak emandako epaia berretsiz: Itoizko urtegia ezingo da 510 metroko kotaren gainetik bete. Honek esan nahiko luke Nafarroako Ubidea ez litzatekeela bideragarria, nahiz eta honen eraikuntza lanak hasiak diren, aurrerago beste epairik aterako ez balitz. Nafarroako Gobernuaren, esanetan, ordea, Auzitegi Gorenak beste ebazpen batzuk egingo ditu, foru legebiltzarrak Naturguneen Legea aldatu aurreko egoeraren gainean aritu delako Gorena, eta orain Legea aldatu ondorengo egoeraz ebatzi beharko duelako. Nafar Gobernuak gogorarazi duenez, Auzitegi Konstituzionalak ontzat eman zuen Naturguneen Legearen aldaketa.
ESKUDUNTZEN NEGOZIAZIOA: HASIERA ETA AMAIERA
JESUS POSADA Espainiako Administrazio Publikoetarako Ministroak eta Idoia Zenarruzabeitia Jaurlaritzako lehendakariordearen bilera ugari egin beharko dituzte Eusko Jaurlaritzak nahi dituen hogeitamarretik gora transferentzia eskuratzeko. Bilera kopuruan eta negoziaziorako ahalmenean ez bide dago arazoa, ordea, batez ere Madrilgo gobernuak zazpi transferentzia gehiagorekin Gernikako Estatutoa bere ahalmen gorenean jartzen duenean. Jose Maria Aznarrek iaz iragarri zuen jada: autonomien Espainia amaitutzat dago ia. Hautsitako negoziazio baten hasiera irudikatu nahi izan da Posada-Zenarruzabeitia bilerarekin, baina amaiera ere irudikatu dela dirudi.
EUROPAKO BATASUNEKO ENERGIA GOIBILERA IRUÑEAN
APIRILAREN 26an Europako Batasuneko (EB) Energia Ministroen kontseilua egingo da Iruñean. EBren globalizazio moldearen aurkako agerpenak prest dira, nahiz eta aurreikusten den polizi jarduerak oso gertutik jarraituko dituen mobilizazio agerpen guztiak. Baimentzen baditu behinik-behin.
ILEGALIZAZIO BATEN LASTERKETA
Espainiako Gobernuak alderdien lege aurreproiektua onartu ondoren, maiatzean zehar Kongresuaren esku izango da eta ekainaren bukaerarako dena prest izan daiteke Batasuna legez kanpo uzteko. Erantzun hotsak entzuten hasi dira pixkanaka euskal gizartean, baina ezin uka azken 25 urteetan Espainiako Gobernutik ehundutako egoera larrienetakoaren aurrean, euskal aktore politiko eta gizarte eragile gehienen errakzioa epela izaten ari dela. EAJk eta Ezker Batuak Kongresuan erantzungo diote lege aurreproiektuari eta EAk manifestazio erraldoi bat antolatu beharko litzatekeela uste du.