HIZKUNTZ POLITIKAZ GOGOETA
Hizkuntz politikei buruzko munduko kongresua egin zen Bartzelonan joan den astean, Linguapax institutuaren eskutik. Mundu osoko adituek hartu dute parte kongresuan, tartean Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Saileko Gotzon Egia eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Paula Kasaresek.
EHUKO EUSKARAREN II. PLANA AURRERA
Juan Jose Larrea Euskara errektoreordeak adierazi duenez, Euskararen Normalizaziorako II. Plangintza bi urte barru bukatzen den arren, ezarritakoaren %90 inguru bete da. EHUk eskaintzen dituen titulazioen %70 euskaraz ikas daiteke eta 31 titulazioetako derrigorrezko ikasgai guztietan %100ean euskaraz ikasteko aukera dago, Larrearen arabera. Urtero 30 irakasle euskaldun kontratatu direla gaineratu zuen.
GIPUZKOAKO ALDUNDIAREN SARIA
Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, ARGIAk «Txt Denborapasak» liburuxka atera zuen pasa den abenduan, Aldundiaren «Opariak Euskaraz» kanpainaren baitan. Bertan bi pertsonentzako asteburu bateko egonaldia landetxe batean eta ARGIAren bost «Gure Mendea» mahai joko zozketatu ziren. Asteburu bateko egonaldiaren saria Mirari Azkarate urretxuarrak (erdian) jaso du Lore Leanizbarrutia Aldundiko Euskara zuzendariaren (ezkerrean) eta Ixabel Bereziartua ARGIAko kidearen (eskuinean) eskutik. Bestalde, Ainhoa Usandizaga, Aitziber Otegi, Arantxa Renom, Jokin Bildarraitz eta Tere Ariznabarretak jaso dute mahai joko bana.
EUSKAL PRODUKTUEN MERKATUA BAIGORRIN
Euskara erabiltzen duten produktuen merkatua antolatu du Euskal Herrian Euskarazek, Baigorrin, apirilaren 28rako. Etiketetan, iragarkietan eta bestelakoetan euskara erabiltzen duten saltzaileak izango dira Nafarroaren Eguneko merkatuan.
EGUNAK DAKARRENA
Egunak dira azkenaldian kulturako gai aipatuenak: Antzerkiaren Eguna, Dantzaren Eguna, Liburuaren Eguna... Aparteko berri gutxi ekarri ohi dute hauek.
Oraingoan Liburuaren Egunak Nafarroatik eman digu ustekabea. Izan ere, egun hori baliatu zuten liburutegiek Nafarroan lanuztea egiteko. Hainbat arrazoiren artean bi aipatuko ditugu: bertako liburutegi publikoak arautuko dituen legea eskatzen dute. Izan ere Francoren garaiko legea baliatzen dute oraindik. Giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak ere eskatzen dituzte. Orain gutxi Espainia mailan eginiko ikerketa batek gainera, Nafarroa zerrenda baten azkeneko lekuetan kokatzen zuen, liburutegiei dagokionean.
EUSKARAZKO LIBURUEN FUNTSA
EUSKO Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak akordio bat sinatu berri dute. Horren arabera, Legebiltzarrak bere liburutegietan dauden euskarazko lanen kopia digitalizatuak emango dizkio Euskaltzaindiari. Guztira, 250 liburuz osatutako funts bibliografikoa 30 CD-tan gorde dute eta ondare hori Azkue Bibliotekan egongo da akordio honen ondorioz.
GAZTE KULTUR TOPAGUNEAK
MAIATZAREN 6tik 12ra I. Gazte Topagunea Euskal Kulturaren Alde antolatu dute Bilboko Kaskagorri Konpartsak eta Adaska gazte kultur elkarteak. Gure kultura eta hizkuntza zabaltzea eta gazteek kulturgintzan egiten duten lana plazaratzea dira Topagune honen xedeetako batzuk. Horretarako, lehen lau egunetan hitzaldiak antolatu dituzte. Bertsolaritzaren azken 20 urteetako balantzea egingo da batean, euskal kirolen inguruko hausnarketa bestean, gazteentzako kultur lokalei buruz hausnartuko da hirugarrenean, eta musikaren alorra jorratuko da azkenekoan. Maiatzaren 10etik 12ra berriz, Bilboko Arenalean hiru gune kokatuko dituzte: Kirol gunea, Kultur gunea eta Musika gunea. Bertan, ekitaldi ugari egingo da.
GALTZAGORRIREN WEB GUNEA
HAUR eta Gazte Literaturako Galtzagorri elkarteak web gune bat sortu du. Bertan, haur eta gazte literatarari buruzko bibliografia, albisteak, 2001etik kaleratu diren lanak, eta zenbait lotura ageri dira. Horrez gain, 37 idazle, 21 irudigile eta 9 ipuin kontalariren katalogoak jarri dituzte. Web gunearen helburu nagusia euskal haur eta gazte literaturaren arloan jarduten dutenak elkartzea eta zaleei informazioa eskaintzea da.
UEU-REN EGOITZA IRUÑEAN
UDAKO Euskal Unibertsitateak egoitza ireki du Iruñean. Orain arte, Bilbon, Baionan eta Eibarren zituen guneak, eta orain Nafarroara zabaldu du bere esparrua. Honela, udako ikastaroez gain, urte osoan zehar erakusketak eta ikastaroak antolatu ahal izango ditu bertan.
BESTA MUSIKALA MIARRITZEN
APIRILAREN 24an hasi eta 28a arte Miarritzen Besta Musikala burutuko da. Antolatuta dauden musika klasikoko kontzertuen artean, besteak beste, lehen egunean eskainiko den Igor Stravinskyren «Ezteiak» lana aipa daiteke. Tolosako (Okzitaniako) Les Elements abesbatzak eta orkestrak eskainiko du lan hau Bazet-Lawtonen zuzendaritzapean. Azken egunean berriz, Iruñeko Orfeoiak eta Murtziako orkestra sinfonikoak, Francis Polencen «Les Biches» eta Mendelssohnen 2. sinfonia eskainiko dute.
"BITARTE" ZENDU DA
JOXE Mari Etxabe "Bitarte" trikitilari zumaiarra hil da. Gaztetandik hasi zen eskusoinuarekin plazaz plaza, besteak beste, Patxi eta Miel Iturbide pandero jotzaileak lagun zituela. Itxarkundia bataloian izan zen Gerra Zibilean eta geroztik hainbat erromeria alaitu zuen duela 10 urte arte.
SANTA MARIAKO IBILBIDE BERRIA
GASTEIZKO Santa Maria Katedralaren lanak burutu arteko hirugarren bisita gidatuen programa jarri du abian Katedraleko Fundazioak. Aurreko biek arrakasta izan zutela-eta, jarri dute abian hirugarrena, abendura arte. Oraingoak badu berrikuntzik: esate batera, erdiko nabean plataforma bat jarri dute eta bertatik, lau metroko altueratik, zaharberritze, arkeologia eta indusketa lanen aurrerapausoak ikusi ahal izango dira.
- Juan Mari Beltranek honela zioen «Nabarra» aldizkarian: «Kultura unibertsala munduko kulturen batzarra da. Herri bakoitzak berea aportatu behar du, baina lehenengo aportatu behar du bere herrian».
- Amets Arzallusek zera adierazi zuen «Gara»n: «Nik ez nuen txapela jantzi zidatenean txisturik entzun. Beharbada Silveira hirugarren geratzen zela jakin zutenean entzun ziren txistuak, baina txistuak baino gehiago buila dela esango nuke».
- Juan Mari Lekuonak zera aitortu zuen «Euskaldunon Egunkaria»n: «Poesian, intuizioa beharrezkoa da, gaia nola eman erabakitzeko».
-Javier Viar Bilboko Arte Ederretako Museoko zuzendari berriaren iritziz, «euskal artea hiru bidetatik sustatu behar da: kolekzioa, erakusketen bidezko sustapena eta ikerketa. Oraindik euskal artistei buruzko monografia asko egiteke dago». Adierazpen hauek «El Pais» egunkarian egin zituien.
-Jesús Mari Lazkanok «Deia»n: «Modu batean, pintatzea nolabaiteko atsekabea da».
Altzarigintzan jarduten duen Azpeitiko Danona enpresaren web gunean bistadizo bat eman dugu: www.danona.com. MCCren baitako enpresa honen produktuak ikusteko parada eskaintzen du: logelak, egongelak... Gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta portugesez dago web gunea; euskaraz ez.
Damian Muñozek, Virginia Garciak eta Jorge Jaureguik sortutako «79 pasos» koreografiak irabazi du Kanarietako Nazioarteko VII. Dantza Garaikideko Jaialdiko koreografien lehiaketa.
Joseba Sarrionandia eta Kirmen Uribe izan dira Espainiako Kritikaren sarien irabazle, euskal literaturaren alorrean. Horrez gain, Sarrionandiaren lau ipuin itzuliko ditu laster Soriako Itzulpen Eskolak.
Rafael Moneo arkitektoa New Yorkeko Filarmonikoaren egoitza berriztatzeko proiektura gonbidatu dute.
Javier Viar izendatu dute Bilboko Arte Ederretako Museoaren zuzendari.
Maria Bayok jaso du aurtengo Principe de Viana saria.
Asun Balzolak «Desde mis ruedas» izeneko ipuin liburua plazaratu du. Honekin, haur eta gazte literaturatik haratago, helduen literatura egin nahi du salto.
Joxean Muñozek honakoa zioen «El Diario Vasco»n:
« (...) Euskal Zinemaz mintzatu nahi nuen, baina beldur naiz ez ote duen burla mingotsa emango horrek ere. Ba al dago bada euskal zinemarik? Film laburrak sustatzeko Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen egitasmoari izena jarri zionak bete-betean asmatu zuen: Kimuak. (...)
Film laburrak euskal zinemaren kimuak direla esaten du egitasmoaren izenak. Ez du izenaren asmatzaileak hori gezur bilakatu izanaren errurik. Udarik gabeko udaberri laburrak bizi ditu euskal zinemagintzak. Kimuak ikus ditzaket aste honetan baina arbolarik ez dut aspaldi antzeman, eremua da orain hogeita piku urte berdetzen hasi zen alor hura. Zenbat film luze Euskal Herriko ikusi ahal izan genituen iaz? Zenbat ikusiko ditugu aurten? Ba ote da bizitzarik marrazki bizidunen lantegietatik landa? Pena da. Euskal zinea desagertzear dago, eta ez dio inori axola handirik, itxuraz. Pena da, euskal zinegileak badaude, eta Madrilen daude gehienak, hemen lanik ez da sortzen eta. Pena da, badugu zer kontatua eta zer filmatua, gizarte interesgarria bizi dugu, heroiak daude, anonimoak, asko, psikokillerrak ere badaude, gehiegi, ugari dira estolda zikinak, bai eta diruaren kontrabandoa egiten duten banka-gizon txit agurgarriak ere, ezkutuko dirua erabiltzeko estola txukunen zaleak. Pena da, serie beltzeko euskal filmak egiteko aukerarik batere gabeko geratuko gara».
Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak lan jardunaldiak egin zituen hamabigarren aldiz, Gasteizko Europa biltzar etxean, joan den asteburuan. Hamazazpi hizlarik hartu zuten parte eta saio guztiak euskarazkoak izan ziren. Eskertzekoa da halako ahalegina lan munduan euskara apal dabilen garaiotan.