Eusko Jaurlaritzak ONCE itsuen elkartearekin sinatu zuen hitzarmena abenduan. Hitzarmen honi esker euskal testuak ahots bilakatzen dituen bihurgailua eskuragarri izanen dute ikusmen arazoak dituzten euskaldunek. Helburua euskararen erabilpena areagotzea eta itsuei zerbitzu elebidunak eskaintzea da.
Bihurgailuari buruzko gorabeherak.
Jatorri escandinaviarra du bihurgailuak eta asmakizunaren jatorrizko izena JAWS da, hala deitzen diote haren erabiltzaileek. Gero eta hizkuntza gehiagotara egokitzen ari den lan tresna hau itsu ugarik erabiltzen du haien hizkuntzetan, mintzaira nagusi guztiek haien bertsioak baitituzte. Orain ordea, euskarari iritsi zaio txanda.
Sagua mugitzen doan tokitik irakurtzen du tresna honek. Adibidez, posta elektronikoa irakurtzeko mementoan, sagua posta berriaren gainetik mugitzen doan heinean, irakurriko du bihurgailuak mezu berria. Bertsio aurreratuenek aukera ugari dute gainera: irakurketa abiadura defini dezakezu, atsegin duzun ahotsa aukeratu eta horrez gain, hizkuntzaren tonuan mintzatzen da, programak hizkuntzaren arabera entonatzen baitu. Gainera, paragrafoka edo lerroz lerro geldiunea egin dezala agindu diezaiokete erabiltzaileek haien beharren arabera.
Hala ere, aurrerapauso garrantzitsua izanik, baditu akats eta muga batzuk ere. Irudi eta teknologia berrien garai hauetan, bihurgailu honek ezin du Internet sarean jasotzen den informazio kopuru guztia itzuli. Testua den heinean, ez du arazorik izaten baina grafiko eta irudiak ulergaitzak dira bihurgailuarentzat. Beraz, informazio honek guztiak ihes egiten du eta itsuak eta ikusmen arazoak dituenak, ezin du informazio hau guztia bereganatu. Moteltasuna da bihurgailu honek duen beste ezaugarri bat, informazio ugari barneratu behar baitu eta honen ondorioz ordenagailuak blokeatzeko joera du.
Erabiltzaile gazteak.
ONCE itsuen elkarteko bazkide gehienak adineko pertsonak dira, adin batetik aurrera ikusmena galtzen dutenak gehiago baitira. Itsu eta ikusmen arazo larriekin jaiotzen direnak gero eta gutxiago izanik, gaztetatik bihurgailu honen beharra izan dezaketen pertsona kopurua ez da handia izaten. Hala ere, ikusmen arazorik ez duten pertsona adintsuek teknologia berrien erabilpenean izaten dituzten zailtasun eta eragozpenak itsuek dituztenen antzekoak dira. Hots, ikusmen arazoak dituzten helduek ez dute teknologia berrien munduan murgiltzeko joerarik izaten eta programa eta ordenagailuen erabiltzaileak gazteak izaten dira gehienbat. Nagusiek ez dute normalean ordenagailurik erabiltzen nahiz eta salbuespenik ere baden.
Bihurgailuez gain, ordenagailuetarako egokituak dauden letra handitzaileak ere badira. Tresna hauek ikusmen arazo larriak dituzten pertsonek erabiltzen dituzte, ezer ikusten ez dutenentzat ez baitira erabilgarriak. Idatzia kolorez ere aldatzeko aukera dute erabiltzaileek eta handitzaile mota ezberdinak daude gabezi ezberdinetara egokitzen direnak. Beraz, ikusmen arazoak izan arren zerbait ikusten duten pertsonek handitzaileak erabiltzen dituzte bihurgailuen ordez eta azken hauek ikusmen arrastorik ez dutenentzat dira.
Ezin esan daiteke bihurgailu hau merkea denik 906,62 eurotako salneurria baitu. Erabiltzaile arruntarentzat garestia izan daitekeen arren, komunikazioaren ateak irekitzen dizkie pertsona hauei eta lan ugaritarako tresna egokia izan daiteke
![]() |
|
||||
1849 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa