artikulu nagusira itzuli
Baliatu al zuten kontu sekretua, Hego Amerikako politikoak erosteko?
Isil-gordeko kontua 1987an ireki zuten. Pedro Toledok, Banco de Vizcayako lehendakariak, elkarte bat sortu zuen Jersey uharteetan, hainbat erakunderi kredituak eskatzeko, Vizcayaren akzioak erosteko eta garai hartan, Javier de la Rosaren laguntzaz, Torras-KIO euskal bankuaren kontra prestatzen ari zen OPAri aurre egiteko. Operazioa baztertu eta gero, saldu egin zituzten tituluak, eta haien plusbalioak paradisu fiskalean geratu ziren. Gure iturriek esan digutenez, Banco de Vizcaya (BV) eta Banco de Bilbao (BB) BBV bankuan elkartu zirenean, Toledok eman omen zien kontuaren berri Sanchez Asiaini eta Ybarrari, eta haiek ez omen zioten galarazi irekita edukitzea.
Behin Francisco Gonzalezek, oraingo BBVAko lehendakariak, Argentariako lehendakari kargua hartu eta gero, BBVk Argentariako akzio sorta handi samarra erosi zuen (batzuek diotenez, kapitalaren %3 inguru), luze gabeko fusio prozesuan indartsu azaltzeko. 1997 eta 1998 artean saldu zuten sorta hori irabazi ederrarekin (225 milioi euro). 1999an, BBV eta Argentaria elkartuta, BBVA sortu zuten, eta urtebete geroago, 2000an, jarri zuen Ybarrak Francisco Gonzalez bere ondorengoa kontu sekretuaren jakinaren gainean. Orduan, berehala jakinarazi zuten Espainiako Gobernuan eta Espainiako Bankuan, eta, hala ere, ondo dakigun bezala, finantzetako agintaritzak duela bi aste eman dio hasiera BBVAren espedienteari; hau da, Jerseyko kontu sekretuaren berri izan eta 15 hilabetera eta prentsan zabaldu ondoren.
Eta, BBVAk zergatik eduki du paradisu fiskaleko kontu sekretu hori hamahiru urtez? Aktibitaterik gabe eduki dute ala kontuaren arduradunen helburu jakin batzuetarako aktibatu dute? Espainiako tribuna batzuetan, besteak beste, ETAri "zerga iraultzailea" ordaintzeko eta «terrorismoaren aurkako borroka» laguntzeko baliatu zela esan dute behin eta berriro. Gure informatzaileek diotenez, ordea, kontu horretako altxorra Hego Amerikako politikoak erosteko, agintean jartzeko eta "sustatzeko" erabiltzen zen, haiek BBVA munduaren parte horretan kokatzen lagun zezaten, baina bereziki Argentinako eta Mexikoko ateak ireki zitzaten, eta, jakina denez, azpiegitura aski handia dauka BBVAk Hego Amerikan. Azkenik, gure iturriek baieztatu digutenez, Ybarra familiako Luis Maria Ybarra eta Zubiria jaunak, BBVAren administrazio kontseiluko eta ordezkaritza batzorde iraunkorreko kidea denak, erabili du gehien kontu hori: kargudun ibili izan omen da etengabe joan-etorrian. Testuinguru horretan, gogora dezagun berriro ere, BBV Privanza bankuaren gaineko ikerketa dela kausa, Garzonek oraintsu Puerto Ricora egindako bidaia, zeren, besteak beste, ustez diru zuritzetik ateratako zenbait funts Hego Amerikako politiko zenbait erosteko baliatu ote ziren izan baitu aztergai.
Gure informatzaileek ziurtatu digute, gainera, kontu sekretu horrek balio izan duela, halaber, BBVAko administrazio kontseiluko "familien arteko ustelkeria batzuk gauzatzeko". BBVAko zuzendaritzak erantzun gabe utzi du azkenean adierazi ditugun datuak kontrastatzeko behin eta berriz egin diogun eskabidea, baina, Espainiako Bankuaren espedientearen berri eman zueneko komunikatu ofizialean jakinarazi zuenez, kontu horrek ez du kaltetu "erakundearen ondarea" eta kontuko dirua ez dute baliatu "legez kanpoko ordainketak egiteko"
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.