Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-04-14 -- 1849.zenb

EMOZIOEN KULISKA

Antton Kazabon
ELKAR

81 orrialde
6 euro


GAZTETXOENTZAT ESPRESKI IDATZITAKO POESIA

Oiartzuarrak egina da Elkar argitaletxeak gazteei zuzentzen dien Branka sailean kaleratu duen «Emozioen kuliska», gaztaroa estreinatu berria duten neska-mutilentzat espreski idatzitako poesia liburua. Izan ere, oiartzuarra da Antton Kazabon, olerki hauen sortzailea, eta halaber Jokin Mitxelena, poema liburua irudi hunkigarriz hornitu duen marrazkilaria. Eta oiartzuarra dugu, baita ere, Xabier Lete, «Emozioen kuliska»k daraman hitzaurrearen egilea. Xabier Leterentzat, espirituaren zaurietatik sortzen dira olerkiak, edo konfirmazio bila dabiltzan emozioetatik, edo sosegu handiaren ilunabar ubel urreztuetatik. Eta Antton Kazabonek liburu honetan egin duena, mundua mundu denez gero gizon zein emakumezkoen bihotzetan egon diren sentimenduak agertzea izan da. Maiteminaren ederra bezala, samina. Pozaren atsegina, eta tristurak eragin ohi digun goibela. Oinazea eta kulpa. Bestearen begirada baikor eta amultsuaren bitartez salbatuak izatearen esperantza. Emateko desioa eta hartzekoa... Hau da, edozein direla dauzkagun urteak, bakoitzak gure bakarrean sentitu ohi ditugun zirrara kontrajarri horiek guztiak.

BAINA BIHOTZAK DIO
Xabier Montoia
ELKAR
321 orrialde
17,50 euro


ARRASTO SAKONA UZTEN DUTEN IPUINAK

Hamairu narrazio labur sakonez osatu du Xabier Montoiak «Baina bihotzak dio», bere azkenengo ipuin bilduma. Narrazio horien protagonista nagusiak, zahar edo gazte izan, beti dira euskaldunak, baina munduko edozein bazterretan aurkituko ditu irakurleak, erbesterik latzenean, hau da, euskal lurraren hotzean ez daudenean bai, behintzat. Berdin izan daitezke Madrilera halabeharrez joandako gaztetxoa, Londresen lanean dabilen ezpeletarra, arazoei bizkar emanda Italiara doazen bizkaitarrak, Fleury-Merogisen preso dagoen saratar ama gaztea, neba drogazalearen bila Indiara doan bizkaitarra, K2-ko gailurrera ailegatu nahian dabiltzan nafarrak, Australiara emigratzen duten ezkondu berriak, Mexikora ihesean doan familia...


KOSMOGONIA
Xabier Galarreta
HIRIA
160 orrialde
13,52 euro

BERREHUN ETA SEI ZENBAKI SORGINDU

Hiria argitaletxearen eskutik Xabier Galarretak plazaratu duen liburu honen izenburu zehatza «Kosmogonia (Berrehunda sei zenbaki sorgindu)» da. Eta hain zuzen ere, tamaina ezberdinetako ipuin txiki horiek guztiak nolabait elkarri eratxekiz osatu duen mosaikoaren bidez saiatu da egilea unibertsoaren azalpen literarioa egiten, ahalegin hori absurdoa eta ezinezkoa iritzi badio ere. Xabier Galarretak dioenez, intimitatean irakurtzeko erretorika poetikoa da berea. Eta bere mikroipuin batean agertzen den irudiaz baliatuz, infinitoaren sentsazioa eragin nahian sortua dela esan daiteke, oinarri gisa hartu duen kosmos hori bezala, biribil eta amaigabea izateko.

MIKELA ETA ARTILEZKO BOLAK
Mercč Arąnega
IBAIZABAL
29 orrialde
4,75 euro


MIKELA IGELAREN ABENTURA BERRIAK

Mikela igel txiki eta lotsatiaren abenturak kontatzen dituen bilduma hau bitik sei urtera bitarteko haurrei eskaintzen die Ibaizabal argitaletxeak. Mercč Arąnegak idatzi du ipuina, eta berak eginak dira, baita ere, testu horren lagungarri agertzen diren koloretako margo politak. Euskarazko moldaketa, berriz, Patxi Zubizarretari zor zaio. «Mikela eta artilezko bolak»en, lagun berri bat egingo du Mikelak. Gure igeltxoa luzaroan egon ohi da zelaian tripaz gora etzan eta zeruari, txoriei edo denadelakoei begira. Baina halako batean, belar altuen artean datorren bola handi eta zuri bat ikusten du. Ez dakienez zer den, ikaratu egiten da, eta ihes egin nahian, jauzi handi bat egiten du... bola horrexen gainera erortzeko. Biguna da, behintzat!

HIK HASI
Batzuen artean
HIK HASI
80 orrialde
3 euro


KOHLBERGEN INGURUKO MONOGRAFIKOA

Iazko uztailean egin ziren bigarren Hik Hasi Udako Topaketetan jorratutako gai eta arloen artean, Lawrence Kohlbergen ekarriaren ingurukoa zegoen. Eta hain zuzen ikastaro hartan parte hartu zuten hizlarien jarduna da «Hik Hasi» honek jasotzen duena. Besteak beste, honako lanak aurkituko dituzue bertan: Fausti Azazetaren «Balioetan hezi: Kohlbergen ekarria», Conchi Medranoren «Piagetengandik Kohlbergenganaino. Psikologia genetikoa garapen moralaren kasuan», Lontxo Oihartzabalen «Kohlbergen proposamen psikopedagogikoaren oinarriak eta deskribapena», Oskar Viguera eta Gemma del Rioren «Garapen morala neurtzeko tresna bat», eta Juan Luis Urmenetaren «Hezkuntza morala planteatzen eta urratsak ematen».

ERRIMA ERREBELDEAK
Roald Dahl/
Quentin Blake
ZUBIA/ALFAGUARA
30 orrialde
6,61 euro


SEI IPUIN KLASIKOREN BERTSIO HEAVYA

Joseba Santxok euskaratu ditu «Errima errebeldeak» izenburuarekin Zubia/Alfaguara argitaletxeak kaleratu dituen Roald Dahl galestarraren «Revolting rhymes» hauek. Liburuko irudiak, berriz, Quentin Blakek eginak dira. Roald Dahlek aipatu lan horretan egin zuena zera izan zen, ia guztiok ezagutzen ditugun sei ipuin klasiko hartu eta haien «benetako» bertsioa eskaini. Izan ere, idazle galestar honen iritziz, ipuin horiek, kontatu zizkiguten bezala, nahikoa deskafeinatuta daude, eta haien bertsio ona heavyagoa da. Adibidez, Mari Errauskinek jauregiko dantzalekuan bazterrak harrotu zituela, Edurnezuri auto-stopez ibiltzen zela, Hiru Txerritxoek Txanogorritxori laguntza eskatu ziotela, Txanogorritxok otsoari egundokoak egin zizkiola...

ORDENACION Y GESTION DEL TERRITORIO DE EUSKAL HERRIA.
Batzuen artean
EUSKO IKASKUNTZA
313 orrialde
14 euro


EUSKO IKASKUNTZAREN LIBURUKIA

Eusko Ikaskuntzak duela gutxi plazaratutako liburuki honen izenburu zehatza honakoa duzue: «Trabajos sobre Ordenación y Gestión del Territorio de Euskal Herria. I», eta hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko zein Nafarroako Foru Erkidegoko lurraldearen antolamendu eta kudeaketari dagozkion hainbat arazori buruz diharduten lanak biltzen ditu. Besteak beste, Marisol Estebanen sarrera, Alberto Agirre Gaiteroren «Ordenación de los recursos hķdricos en la CAV», Juan Cruz Alli Turrillasen «El dilema de Pamplona: reurbanizar su casco urbano o urbanizar su cuenca» eta Imanole I. Eizmendiren «Monumentu multzoen babesa lurralde antolaketaren ikuspegitik EAEn».

SALATZEN DUT
Ekon
GOR

10 kanta
15 euro

Ekon talde arrasatearrak «Salatzen dut» izeneko lan berria aurkeztu du. Hirugarrena dute honakoa. Eduki sozialez beteriko diskoan hamar kanta indartsu ditugu entzungai: «Hipokresiaren maskarada», «Arimaren alde iluna», «Inperialismoak darrai», «Sustraia», «Birus S.A», «Aukera bidea», «Ezarpenaren alaba», «Zuentzat» eta «Eguzkia ezkutatzen denean». Ekonen ohiko zortzi taldekideez gain, oraingo honetan Kashbadeko Sorkunen eta Selectah Kolektiboko Zigorren kolaborazioak izan dituzte, besteak beste. Diskoa amaitzeko Sorkunek eta PiLTko Aitorrek ukitu exotikoa ematen diote azken kantuari. CD honetan ere energia eta indarra dira nagusi, hurbileko gaiak jorratzen dituzte kantuetan, klonazioa, globalizazioa, inmigrazioa eta manipulazioa, adibidez.

hemeroteka

1848. zenbakia | 2002-03-31
1847. zenbakia | 2002-03-24
1846. zenbakia | 2002-03-17
1845. zenbakia | 2002-03-10
1844. zenbakia | 2002-03-03

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan